3.000 euroko zigorra jarri dio GKSko kide bati Paueko auzitegiak, margoketak egitea leporatuta

  • Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak salatu du horrelako isunek "militantzia politikoa isun bidez itotzeko xedea" dutela.

Epaiketaren aurka egindako elkarretaratzea, Baionan. (Argazkia: Kontseilu Sozialista Ipar EH)

2023ko otsailaren 09an - 09:55
Azken eguneraketa: 12:03
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

3.000 euroko isuna jarri diote Gabi Daraspe Ipar Euskal Herriko Gazte Koordinadora Sozialistako kideari, Ezpeizen (Zuberoa) margoketak egiteaz egotzita. Asteartean izan da epaiketa Paueko auzitegian, eta, zehazki, 2.700 euroko kalte ordainak eta 300 euroko isuna ordaintzera behartu dute. Zigorrari eta auziaren gastuei aurre egiteko, elkartasun diru-bilketa kanpaina abiatu dute Helloaso atariaren bidez.

Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideek salatu dute horrelako auziek "militantzia politikoa isun bidez itotzeko" xedea dutela, "bereziki erakundeetatik kanpo lan politikoa egitea galarazteko". Horren aurrean, eskubide politikoen defentsa egitea beharrezkoa dela adierazi dute.

Gabi Daraspe 2022ko maiatzean Ertzaintzak atxilotu zuen Itziarren, 2018ko ikasle greba bateko gertakariak zirela-eta. Horrez gain, beste auzi bat du irekita Leioako 5ak Aske auziarekin lotuta, beste lau kiderekin batera. 


Eguneraketa berriak daude