"Disidentzia politikoa zigortzen duten lege batzuk daude, eta lege horiek sutsuki aplikatzen dituzten epaileak"

  • Urriaren 19an makroepaiketa bat hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Hiru egunez Causa Galiza eta Ceivar antolakundeetako hamabi militante independentista epaituko dituzte, terrorismo delituak egotzita, legezkoak eta publikoak izan diren jardueretan oinarrituz. 102 espetxe urtetako zigorra eskatzen du fiskaltzak auzipetuentzat, eta bi antolakundeen legez kanporatzea. Eskubide eta askatasunen defentsarako behatokia den Esculca antolakundeko Elvira Soutok prozesuaren ardatz nagusiak azaldu dizkigu, epaiketa testuinguru orokorrago batean kokatuz: Euskal Herrirako eraiki ziren salbuespenezko arma juridikoen erabilera ETA desagertu eta hamar urtera, eta disidentzia ororen kriminalizazioa.


2020ko urriaren 16an - 14:39
Ceivar antolakundeko militante auzipetuak. Ezkerretik eskuinera: Iria Calvelo Pumar, Afonso García Fuentes, Ugio Caamanho Santiso. Argazkia: Ceivar.

Astelehenean hasiko da epaiketa. Nola daude inputatuak?

Inputatuek esan berri dute urduri daudela, zama handia dutela bizkar gainean, baina espero zutena baino babes handiagoa jaso dutela, eta horregatik aldi berean oso animatuta daudela. Inputatuetako batzuek urteak daramatzate aktibismo politiko eta sozialean, eta horrek azala gogortzen du.

Zama aipatu duzu. Urteak dira prozesua abiatu zenetik, laburtu iezaguzu gertatutakoa.

2015ean inork espero ez zuen operazioa egin zuen poliziak, Jaro izenekoa. Causa Galiza alderdi politikoko bederatzi pertsona atxilotu zituzten, gaueko ordu txikietan. Harrigarria izan zen. Elkarte politiko legala zen, jarduera politiko legala zuena Espainiako Estatuko ordenamendu juridikoaren barnean. Etxeak eta lantokiak miatu zituzten, nahi izan zuten guztia eraman zuten: ordenagailuak, elkartearen dokumentazioa... Gauza zinez desatseginak ere egin zituzten. Atxilotuetako batek bihotzeko gaitza du, ebakuntza egin berri zegoen, eta bere anaia etxera ekarri zioten, atxilotua zegoena ere, ikusi zezan. Madrilera bidean burua estalita izan zituzten, mehatxuak edo biraoak jasan zituzten... Hain arraroak ez diren gauzak, tamalez.

Causa Galizaren jarduera debekatu zuen Auzitegi Nazionalak denbora batez, baina gero debekua altxatu eta ematen zuen dena ahaztuta geratuko zela. Orduan, 2018an, bigarren polizia operazioa heldu zen, Jaro 2. Horretan Ceivar antolakundeko militanteak atxilotu zituzten. Ceivar errepresioaren aurkako mugimendua da, presoak babesten zituen, atxilotuei abokatuak eskaini...

Sumarioan jarduera terroristen froga bezala aurkezten dira jarduera publikoak, autoritateen baimenaren burututakoak: Dia da patria Galega edo Dia da Galiza Combatente antolatzea, presoei elkartasuna adieraztea, presoak irtetean harrerak egitea...

Badago "froga" bat bereziki kuriosoa: Carraleko martirien eguna ospatzea. Egun historikoa da Galizian, oso ezaguna. 1846an altxamendu militar bat egon zen estatu osoan, porrot egin zuen baina Galizian hasieran ez. Gero Carral herrian hil zituzten matxinatutako militarrak. Eskoletan irakasten den gertaera da, ikasleek erredakzioak egiten dituzte... Hori ospatzea terrorismo zantzua da Auzitegi Nazionalaren arabera.

Zeintzuk dira zigor eskaerak?

Terrorismoari gorazarre egitea eta antolakunde kriminaleko kide izatea terrorismoari gorazarre egiteko helburuarekin leporatzen diete inputatuei. Batzuei sei espetxe urte eskatzen diete, beste batzuei lau... Orotara 102 urte hamabi pertsonentzat. Horrez gain, isun ekonomikoak, edozein enplegu publikorako inhabilitazio luzeak –inputatuetako batzuk funtzionarioak dira eta emplegua galduko lukete–, eta Causa Galiza eta Ceivar antolakundeen legez kanporatzea. Euskal Herrian hori antolakunde askorekin gertatu zen, baina Galizian lehenbiziko aldia litzateke.

Epaitegiaren kontakizunean, "jatorrizko pekatua", Resistenza Galegari egozten zaizkion ekintza biolentoak dira.

Hor asko ñabartu beharra dago. Ez dago argi Resistenza Galega talde antolatu bat izan zen edo antolatuta ez zeuden zenbait pertsonek egin zituzten ekintzez ari garen, lelo hori erabiltzen zutenak. “Resistenza galega” lelo orokortua baita, "viva galiza ceive" den bezala. Edozein modutan, biolentziaz ari garenean toki zehatz batzuetan leherkariekin egin ziren ekintza gutxi batzuez ari gara, ondoren ez zen beste ezer egon. Baina zenbait pertsona atxilotu eta espetxeratu zituzten, talde antolatu bezala, nahiz eta ondo frogatuta ez egon. Espetxetik irtetean pertsona horietako batzuei harrera ekitaldiak egin zitzaizkien, eta, esaterako, harrera horientzako Gobernu Ordezkaritzan baimena sinatu zuten pertsonetako batzuk dira egun inputatuak daudenak terrorismoari gorazarre egitea leporatuta.

Euskal Herriko politika antiterroristen logika, bete-betean.

Noski, arazoa atzetik baitator, Alderdien Lege izugarri hori onartu zenean. Terrorismoaren eta gorazarrearen definizio lausoak honen moduko operazioak posible egin zituen. Agian Galiziak ez du Euskal Herriak edo orain Herrialde Katalanek duten oihartzuna nazioartean, zorionez asko dena, baina hemen eskubide zibilen edo oinarrizko askatasunen alde militatzen dugunok, hasieratik konturatu ginen larritasunaz: lehenik eta behin kaltetutako euskal antolakundeengatik, baina bigarrenik olio orban baten antzera zabalduko zela ikusten genuelako. Errepresioa beti da horrelakoa, gaur zuri tokatzen zaizu eta bihar niri. Ziurrenik Euskal Herriko aletegia amaitu zitzaienean, pentsatu zuten, goazen Galiziatik osteratxoa egitera. Sinesgaitza baita pertsona eta elkarte hauek prozedura honetan inputatuta egotea. Hemen ez dago ezta jarduera biolentorik ere. Sinesgaitza.

Esculcako militantea zara, askatasunen eta eskubideen behatokia. Nola ikusten duzu ETAren aurkako borrokaren izenean altxatutako salbuespen arkitektura juridiko osoa indarrean egotean 2020an?

Logika horrek ez du etenik. Ez gara bakarrik galiziarrak, katalanak eta euskaldunak, anarkismoari loturiko espazio eta pertsonen aurkako bost bat operazio egin dituzte, raperoak, titiriteroak... Antza, Auzitegi Nazionalak bere existentzia justifikatu behar du. Disidentzia politikoa zigortzen duten lege batzuk daude, eta lege horiek sutsuki aplikatzen dituzten epaileak.

Ostegunean inputatuetako batzuk Espainiako Kongresuan prentsaurrekoa egin zuten hainbat alderdi politikorekin batera. Uste baino babes gehiago jaso dutela adierazi zuen inputatuen ordezkariak.

Galizian sindikatu, elkarte, alderdi politiko eta hainbat pertsona ezagunen elkartasuna jaso dute. Kanpoan ez, baina hemen gaiak presentzia handia izan du esparru publikoan. Euskal Herrian ez bezala, Galizian lehen aldia litzateke elkarteren bat bere ideiengatik legez kanpo jartzen dutena. Inputatuak beraiek diote urduri eta beldurtuta daudela, ez dela inoren gustukoa Auzitegi Nazionalean epaitua izatea, ez zutela horrelakorik espero inondik ere, baina oso babestuak sentitzen direla. Eta hori oso garrantzitsua da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galiziar independentismoa
Burujabetza aldarrikatu dute milaka lagunek Santiagon, Galiziako Aberri Egunean

BNG alderdiak deituta, Galiziako Aberri Egunean egin dute ekitaldia. Igandean, “mugarik gabeko” nazioaren aldeko deia zabaldu dute, “politika berde eta feminista” eraikitzeko asmoz.


2020-12-22 | ARGIA
Absolbitu egin dituzte terrorismoa leporatuta epaituriko 12 independentista galiziarrak

Causa Galiza eta Ceivar antolakundeetako hamabi militante independentista epaitu dituzte Madrilgo Auzitegi Nazionalean, legezkoak eta publikoak izan diren jardueretan oinarrituz terrorismo delituak egotzita. Fiskaltzak 102 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen denera, baita bi... [+]


102 urteko espetxe zigorra eskatu du Auzitegi Nazionalak hamabi independentista galiziarrentzat

Akusatuen zigorraz gain, bi plataformen disoluzioa eskatu du auzitegiak. Terrorismoaren goratze delituak egin dituzten erakundeetan parte hartzea leporatzen diete. Akusatu bakoitzarentzat lau eta hamabi urte arteko espete zigorrak eskatu du Fiskal Nagusiak.


2019-07-15 | ARGIA
Erakunde armatuko kidetza delitua kendu diete Causa Galizako bederatzi auzipeturi

Guardia Zibilak polizia operazio egin zuen 2015ean, Causa Galiza erakunde armatu baten “beso politikoa” zela argudiatuta. Espainiako Auzitegi Nazionalak akusazioa beheratu die orain, eta terrorismoa goratu izana leporatzen die militante independentistei. Causa... [+]


2019-06-11 | Z. Oleaga
Galiziako preso independentisten dispertsioa amaitu da

Espetxeetara Martxaren hamahirugarren edizioa berezia izan da Galizian. Lehendabiziko aldiz, partaideek ez dute urruneko espetxeetara bidaiatu beharrik izan preso galiziar independentistei berotasuna helarazteko. Borrokan jarraitzeko deia luzatzen dute presoen aldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude