258 egun antzu

  • Ekainaren hasierarako txilibitu hotsa ibiltzen da Irunen; irailaren erdialdera arte bizirik irudikatu behar da Hondarribian alardearen oihartzuna. Hilabete horiek ez dira akaso onenak oraindik gaiztotuta dagoen gatazka baten inguruan aritzeko, eta ulertzekoa litzateke horietan zuhurtasuna.


2018ko irailaren 10an - 11:44

Baina zer gertatzen da urtearen gainerako 258 egunetan? Zer ari dira egiten erakundeak orain dela 22 urte lehertu eta oraindik bizi-bizi dagoen gatazka hau bideratzeko? Nor da porrot honen erantzulea? Atzo Kale Nagusian ikusi ziren irudiek galdera horiek ozendu behar lituzkete. Izan ere, iraileko lehen astean egiten diren adierazpenek —ekainaren hondarrean, Irungo kasuan, aurretik lan trinkorik ez bada egin, ez dute deusetarako balio: lehendik nahasitako giroa oraindik ere gehiago korapilatzea dakarte. Plastiko beltzak kentzeko aspaldi eskatu behar zuten erakunde guztiek: zalantzarik txikiena egin gabe, salbuespenik gabe. Aurten azken orduan gai horren harira ohar bat ateratzeak hedabideetan goiburu asko eman dizkio seguruenera Denis Itxaso Kultura diputatuari, baina auziaren lanketa oso kamutsa da hori. Atzo ikusi zen.

Aurreko legealdian —EH Bildu foru gobernuan zela— ebatzi zen gatazka lantzeko erakunde arteko mahai bat eratzea. Egoeraren diagnosi bat egin, eta ekintza plan bat antolatu zuten: aurrera urratsak egiteko garaia zen hortik aurrera. Orduan ikusi ziren, halaber, lehen aldiz, foru agintariak desfile parekideei babesa ematen. EAJ eta PSE berriz foru gobernuan daudenetik, ordea, datu oso gutxi daude mahai horren funtzionamenduaren inguruan, eta lausoak. Erakunde gisara, halaber, alarde parekideen aldeko babes keinuak desagerrarazi egin dituzte. Hala ere, lan «iraunkorrean» ari direla esaten dute foru gobernuan: gaiari buruzko ikerketa bat ondu dutela, eta aurki «etorkizunerako ibilbide» bat hasi nahi dutela. Kontua da hiru urtean ez dela ia ezertxo ere mugitu. Eta atzo Kale Nagusian ikusi ziren irudiek gogora dakarte lan handia dagoela egiteko, eta ekintzen aroan irmo murgildu ezean auziak urteak egin ditzakeela oraino: gotortuta, gaiztotuta.

Etengabe PSEk eta EAJk «jaia ulertzeko bi moduei» buruz egiten dituzten erreferentziek, gainera, kezka besterik ezin dute sorrarazi. Tradizioaren defentsan ari omen direnek ukatu egiten dute alarde parekidearen existentzia bera, eta guztiz bidezkoa den zerbaiten ukazioan oinarritzen den ezerk ezin du izan «jai bat ulertzeko era bat». Eta hori esplikatu egin behar da, eta landu egin behar da: bizikidetzaren oinarrizko kontzeptu bat delako. Erakundeek argi izan behar lukete hori, eta gaiaren inguruko gogoeta sustatu behar lukete. Aldiz, horretarako ahaleginik ere ez dute egin urteotan guztiotan.

Tabua hitza edonon agertzen da Irunen eta Hondarribian alardeari buruz solastatzen hastean, eta gertuko erakundeek —udalek, foru aldundiak— ez dute inoiz egitasmorik sustatu edo bideratu esan ezin diren horiek lantzeko. Ezta babestu ere. Argigarria da zer jazo den eskualdeko eskoletara gaia eramateko ondu duten unitate didaktikoarekin —Irungo Berritzeguneak egin du—; klaustroetan aurkezten ere ez dira ausartu hainbat eskolatan, eta erabili dutenetan esperientzia onak izan badituzte ere, garesti pagatu dituzte. Gaia jorratzea erabaki duten zentroen kontrako arbuio mezuak eta kritikak gogor zabaldu dituzte hautu baztertzaileen aldekoek. Hezkuntza Sailak badaki zer jazo den; udalek ere izango dute, noski, sorturiko zurrunbiloaren berri. Aldiz, inortxok ere ez ditu babestu hezkuntzako profesional horiek.

Min ematen zuen atzo Kale Nagusiak. Espaloian, neska gazteak oihuka, plastiko beltzen atzean; kalean desfilatzen, neska gazte gehiago, begiak busti-busti asko, presioari aurre egin ezinik. Eta beste 258 egun antzu zenbatu beharko dira datorren urtean?

 

Albiste hau Berriak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondarribiko alardea
Jaizkibelek elkarrizketa mahai bat bideratzeko eskatu dio Hondarribiko alkateari

Konpainia parekideak 2023ko jaien eta irailaren 8ko alardearen balorazioa egin du, eta aurtengoa "urte pozgarria" izan dela azpimarratu. Nabarmendu du udalak egindako keinuek lagundu dutela elkarbizitza espazioak sortzen, baina alarde baztertzaileari ere harrera egitea... [+]


Jaizkibeli ere harrera egin dio lehen aldiz Hondarribiko alkateak

Arartekoak ostiralean jakinarazi du azkenean ez duela alarde baztertzailea agurtuko. Halere, Hondarribiko alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordeak emakumeak baztertzen dituen alardeari harrera egin diote.


"Nor dira haiek, guztiona den ondarearen inguruan herri osoaren izenean hitz egiteko?"

Hondarribiko alardearen bezperetan, alarde tradizionalaren baitatik sortutako proposamenez, udal aldaketak zabaldu ditzakeen ateez eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarritakoaz (alarde tradizionalari eta Jaizkibel konpainia parekideari egingo diela harrera) hitz egin dugu... [+]


Hondarribiko hurrengo alkatearentzako gutuna plazaratu du Guztion Alardeak

Hauteskundeen ondoren zabalduko den aro berri honetako alkatea "konponbidearen alkate bilakatzea" espero du Guztion Alardeak.


Guztion Alardeak egindako proposamenekiko desadostasuna agertu du Alarde Fundazioak

Bilera izan berri dute bi aldeek. Guztion Alardeak bere diagnostikoa eta zenbait gogoeta plazaratu zituen bilera horretan, eta fundazioak hauekiko desadostasuna agertu zuela esan dute.


Eguneraketa berriak daude