Emakumeak borrokan

"2018: Utopia bat espazioan". Etorkizunari begira ospatuko du Hala Bedik 35. urteurrena

  • Ia 35 urte pasa dira Hala Bedi irrati libreak uhinetara salto egin zuen abuztuko egun hartatik. 1983an jaio zen helburu argi batekin: ahotsik ez zutenei ahotsa ematea. Asko aldatu da dena denbora honetan zehar, eta garai berrietara etengabe moldatu den proiektu komunikatibo erreferentziala da gaur egun Hala Bedi, irrati libre bat baino askoz gehiago.

Hala Bedi @halabedi
2018ko otsailaren 07a

Utopia txiki bat Arabako herri mugimenduarekin konpartitutako espazio anitz eta zabalean. Eta utopia hori posible izaten jarraitzeko, 2018. urtean 999 halabelarri lortzeko deia luzatu dute.

Irrati libre bat baino askoz gehiago

Herri mugimenduekin elkarlanean eta herri mugimenduaren tresna izanik, irrati libre, alternatibo eta komunitario bat baino askoz gehiago bihurtu da Hala Bedi. Kolektiboa bera espazio libre bat da, gero eta anitzagoa, aberatsagoa, aberasgarriagoa… irrati zein proiektu komunikatibotik haratago doan etxea bihurtu da Hala Bedi urteen poderioz. Gaur egun, borondatez aritzen diren 150 pertsona inguruk osatzen dute. Gainera, pasa den ikasturtean, datozen hilabeteotan itxiko duen hausnarketa prozesua martxan jarri zuen kolektiboak. Antzeko azken prozesua 2000. urtean burutu zen Barrian.

Oraingoan, azken hamarkadetako eraldaketei erantzutea, kolektiboa berrantolatzea eta proiektuaren zutabeak berdefinitzea izango dira helburu nagusiak, bloke ezberdinetan banatutako eztabaida prozesuan: Hala Bedi Bat, Hala Bedi Bi, multimedia, antolakuntza eta prozesu feminista. Azken honen erronka, feminismoa ardatz hartuta, Hala Bediren praktika komunikatiboak berrikusteaz gain, kolektibo beraren eraldaketa sakona gauzatzea izango da.

Horretaz gain, azken urteotan multimedia komunikazioaren eta teknologia berrien aldeko apustuarekin, Euskal Herriko hedabideen artean erreferentea izatea lortu du Hala Bedik, neurri batean: FM bidezko irratiko eguneroko milaka entzuleetaz gain, webgunean, Hala Bideoetan eta sare sozialetan lortutako hedapenari esker, egunero 10.000 pertsona baino gehiagorengana iristea lortu du. Beraz, Arabak behar-beharrezkoa duen herri komunikabide integrala bihurtuz doa Hala Bedi, herritarren bozgorailu gisa.

Laburbilduz, hauek dira Hala Bediren hedapen digitalari dagokionez batez besteko datu esanguratsuenak, 2016ko irailetik hamarkoiztu delarik:

  • Hilabetero: 100.000 bisita eta 20.000 erabiltzaile webgunean.
  • Egunero: 3.000 bisita eta 1.000 erabiltzaile baino gehiago webgunean.
  • Sare sozialak: 11.000 jarraitzaile baino gehiago Facebook eta Twitter-en. 1.800 Instagram-en.
  • Bideoak: 1.000 ikustaldi lortzen ditu gutxienez Hala Bideo bakoitzak, YouTube eta Facebooken.

Etorkizuna ospatzeko urtea

2018. urtean 35 urte beteko ditugu, eta urteurrena ospatzeko, iragana oroitu beharrean, inoiz baino indartsuago eta anitzago nahi dugu Hala Bedi, orain arte egindako bidean sakonduz. Etorkizunari begira. Herri mugimenduekin harremana sendotzen jarraitzea, 999 halabelarri lortzea eta proiektu komunikatiboa indartzea izango dira urtemuga borobil eta berezi honetako helburu nagusiak.

Eguneroko lanarekin Hala Bediren historia goraipatzen dugun bitartean, egutegian gorriz markatu beharreko hitzorduak ere izango dira 2018an, horietako asko beste eragileekin elkarlanean:

  • Apirilean | Gasteizko Gaztetxearen urtemugan parte hartuko du Hala Bedik, apirilaren 9tik 15era antolatuko den ‘Autogestioaren Astean’, okupazioa eta autogestioa lantzen duten beste eragileekin elkarlanean: Errekaleor Bizirik, SUmendi, GES, Arkillos, Auzolana Pilotalekua…
  • Maiatzean | Gala Bedi & Hala Bedi Sariak. Halabelarriekin zein herri mugimenduekin elkartzeko eta eskerrak emateko, jai giroan ospatuko dugu Hala Bedi Sarien banaketa, urteroko Hala Bediren ekitaldi publikoa izatea nahi dugun gala honetan.
  • Maiatzean | Hala Bedi Rock. Musika izango da protagonista urtero bezala Gasteizko Gaztetxean antolatutako jaialdian. Bertan, Gasteizko eta Arabako 6 musika talde eta bakarlarik parte hartuko dute. Talde beterano zein berriak ezagutzeko aukera bikaina. Urtean zehar, Gasteizko Gaztetxearekin elkarlanean antolatutako Muinoko Hotsak kontzertuek ere jarraituko dute muinoko etxean.
  • Ekainean | Hala Bedi Maratoia. Aurten ere, txosna jarriko du Hala Bedik Judimendi auzoko jaietan. Horretaz gain, egun osoko maratoia antolatuko du ekainaren 23an, Judimendiko Jaien egun handian. Bertan, irratsaio ezberdinek parte hartuko dute, eta egun osoan zehar halabelarri egiteko zein Hala Bediren materiala eskuratzeko postu bat ere egongo da.
  • Abuztuan | Gasteizko Jaiak. Abuztuaren 6an, lehen aldiz emititu zuen Hala Bedi irrati libreak 1983. urtean. Aurtengo jaietan, herri mugimenduarekin entxosnatzeaz gain, 35. urtemugaren ospakizun berezia egingo dugu: horretarako, Farolen Prozesioa egingo dugu. Uzten badigute, noski.
  • Urrian | OkupaTU Gasteiz Eguna. Aurten, urtemuga borobilak ospatzen ditugu Hala Bedik (35), Gasteizko Gaztetxeak (30), Auzolana Pilotalekuak (10) eta Errekaleor Bizirik-ek (5), eta duela 10 urte egin bezala Txorionak dinamikarekin edo Piztu Gasteiz mitikoarekin, elkarlanean ospatuko dugu. Urte osoan zehar egingo diren ekimenetaz gain, urriaren 6an izango da OkupaTU Gasteiz Eguna, urtemuga horiek guztiak ospatzeko egun handia.

999 halabelarri proiektua posible egiteko

Ehundaka pertsonen artean egiten dugu Hala Bedi astero, milaka gara entzule uhinetan edota jarraitzaile sareetan… Eta orain, denon ardura da irrati libre bat baino askoz gehiago den proiektu honen etorkizuna marraztea. Publizitatearekiko zein diru-laguntza publikoekiko menpekotasunik gabe, autogestioaren aldeko apustu garbia egiten dugu gaur egun ere. Handituz doan egitasmo komunikatibo libre hau posible egiten duena herritarren babesa da: HalaBelarriak dira, gure bazkideak, komunitate gisa sostengatu eta eraikitzen gaituztenak.

Apirilean, ‘Tortillari buelta ematera goaz’ lelopean, harreman bira bat eta bazkide kanpaina martxan jarri genituen, bi helburu nagusiekin: alde batetik, gure komunitatearekin, herri mugimendu zein elkarteekin, elkarlana sendotzea; bestalde, proiektu komunikatibo hau posible egiteko behar dugun babes ekonomikoa lortzea.

Emaitza eta esperientzia itzelak izan dira. Alde batetik, dozenaka kolektiboekin bildu gara, harreman iraunkorrak sortzeko eta etorkizuneko bidea elkarlanean ibiltzeko. Bestalde, 999 halabelarri izateko oraindik bide luzea falta zaigun arren, 666 halabelarrien langa historikoa gainditzea lortu dugu, behingoz.

Ez gaituzte isilaraziko

2017. urtean zehar, zailtasunak eta oztopoak ere izan ditugu bidean: abenduan, Eusko Jaurlaritzak Hala Bedi Irratia lizentziarik gabe utzi nahi zuela jakin genuen; otsailean, haize bolada batek Hala Bediren antena bota zuen Alde Zaharrean; maiatzean, Errekaleor auzoko argi mozketaren harira egindako lanagatik, Mozal Legea aplikatu zioten Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak Hala Bediko kazetari bati; gainera, azken hilabeteotan, mehatxu eta eraso faxista ezberdinak jasan behar izan ditugu, La Falangeren izenean.

Isilduko bagina erosoago sentituko lirateke batzuk, euren boterea eta zigorgabetasuna zalantzan ez jartzera ohituta daudelako. Baina oztopoak oztopo, gure lana egiten jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala eta etorkizunari begira eraikitzen ari garen proiektuaz harro.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du, eta CC-By-SL lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Hala Bedi

Hala Bedi kanaletik interesatuko zaizu...
2019-04-02 | Z. Oleaga
Mikel Saenz de Buruaga, Hala Bediko kazetaria, epaitegien aurrean
"Jokoan ez dago gure kasua, guztion eskubideak eta kazetarion lanerako eskubidea baizik"

Bi urte luzeren ostean, eta Hala Bedik ordaintzeari uko egin ostean, heldu da azkenik Mikel Saenz de Buruaga kazetariaren aurkako epaiketa. Jende andana bildu da astearte goizean Gasteizko epaitegietan, irrati libreak deituta, kazetariari eta bere jardunari babesa adierazteko. “Mozalik ez. Kazetaritza ez da delitua” zioen pankarta eraman dute elkarretaratzera.


2019-04-02 | Hala Bedi
Iritsi da Mozal Legea baliatuz Ertzaintzak zigortutako lehen kazetariaren kontrako epaiketa

Gertaeretatik ia bi urte pasa direnean eta bide administratibotik zigorra konfirmatu zenetik urtebete igaro denean, asteartean, apirilaren 2an, Mikel Sáenz de Buruaga Hala Bediko kazetariaren kontrako epaiketa burutuko da. 2017ko maiatzean Gasteizko Errekaleor auzoan jazotako polizia-operazioa grabatzeagatik Herritarren Segurtasunerako Legea aplikatu zioten Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak. Mozal Legea aplikatuta, Jaurlaritzak zigortutako lehen kazetaria da. Egun berean 11.30ean... [+]


2019-04-02 | ARGIA
"Kataluniako prozesua eta garaipenaren ikasbideak" hitzaldia apirilaren 5ean Gasteizen

La Directa hedabideko Jesús Rodríguez kazetari zailduak emango du, 18:30ean Hala Bediren lokalean. Hala Bedik eta ARGIAk elkarlanean antolatu dute eta ARGIAren mendeurrena ospatzeko ekitaldietako bat da.


2019-03-29 | ARGIA
Ertzaintzak Mozal Legeaz zigortutako lehen kazetariaren epaiketa apirilaren 2an izango da

Hala Bedi irratiko Mikel Saenz de Buruaga kazetariari "Herritarren Segurtasun Legea" (Mozal Legea izenez ezaguna) aplikatu zioten Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak, 2017ko maiatzean Errekaleorren polizia operazioa grabatu izanagatik. Alegazioetarako bide administratibo guztiak agortu ostean, Hala Bedik 2018ko apirilean iragarri zuen auzitegitara joko zuela, "informatzeko eskubideari eginiko erasoa delako". Apirilaren 2an izango da epaiketa, eta Hala Bedik elkarretaratzea... [+]


2018-10-05 | Topatu.eus
Ospatzeko eta aldarrikatzeko, OkupaTU Gasteiz
MULTIMEDIA - erreportajea

Aurten urteurren borobilak dituzte Hala Bedi irratiak, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana pilotalekuak eta Errekaleor auzo askeak. Urriaren 6an ospatuko dituzte OkupaTU Gasteiz egunean. Udalaren debekuen gainetik, ospakizun eta aldarrikapen egunera gonbidatu dute jendea, kalea denona baita.


2018-10-05 | Hala Bedi
OkupaTU Gasteiz Eguna: debekatu nahi izan duten egun baterako gida praktikoa

Nola izango da urriaren 6ko bazkaria? Zein izango da eguneko ekimen nagusia? Zenbat zutabe daude antolatuta? Zein da eguneko eskaintza kulturala? Galdera hauek eta askoz gehiago erantzun ditugu larunbateko OkupaTU Gasteiz Eguneko gida praktikoan.


Okupatu Gasteiz Egunaren antolatzaileek: "Ukatzeko arrazoi bakarra izena da".

Okupatu Gasteizeko kideek Okupatu Gasteiz Egunera gerturatzeko deia mantendu dute, debekua “zentsura politikotzat” jo eta Gasteizko Udalaren jarrera salatu dute.


2018-09-20 | ARGIA
Falangeak Hala Bediri egindako mehatxuak "adierazpen askatasun" ekintzatzat jo ditu auzitegi batek

Hilabeteetako jazarpenaren ostean, Falange Vasconavarraren sare sozialetako kontua salatu zuen Hala Bedik. Gasteizko laugarren instrukzio-epaitegiak emandako erantzunaren arabera, mehatxuok ez dituzte “adierazpen askatasunaren mugak gainditzen”.


Eusko Jaurlaritzak atzeratu egin du Mozal legearekin zigortutako Hala Bediko kazetariari jarritako isuna

Errekaleorren poliziaren esku-hartze bat grabatzeagatik Mozal legea ezarri zioten  Hala Bediko Mikel Saenz de Buruaga kazetariari eta urtebeteko prozesu administratiboa eta gero “kautelazko” neurriak hartu dituzte.

 

 


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude