Bi urte ondoren 1,7 milioi maskarak erabili gabe jarraitzen dute Iruñerriko biltegi batean

  • María Chivite lehendakariak azalpenak eman zituen maskaren auziaz Nafarroako Legebiltzarrean, eta adierazi zuen operazioa hobeto borobildu zitekeela, baina, oro har, ongi egin zela.


2022ko abenduaren 22an - 12:09
Azken eguneraketa: 14:29

Lehendakaria ez zen operazioaren xehetasunetan sartu eta Sodena egin zuen arduradun. Sodena, CEN enpresarien elkartea eta Albyn enpresaren artean sinatu zuten akordioa 2000. urtean, pandemia betean, Nafarroako enpresak COVID-19aren aurkako materialez hornitzeko, bereziki maskarez.

Osasunbidea ere akordioaren hastapenetan egon zen, baina azken fasean erretiratu zen, bere ustez akordioak hutsuneak zituelako. Orain arte, aldiz, ez du hutsune horiei buruz hitz egin. Navarra Sumak eta EH Bilduk Osasunbidearen jarrera horri buruzko azalpen gehiago eskatu zioten asteazkenean Chiviteri, baina hark ere ez zituen eman, argudiatuz berak ez dituela Nafarroako hitzarmen publiko guztiak gainbegiratzen. Horrez gain, gogorarazi zuen gaia ez zela gobernu batzordetik pasatu. Baita Nafarroako Kontuen Ganberak joan den astean gaiari buruzko txostena argitaratu zuela ere, eta han esaten dela operazioa gardentasunez eta legez egin zela.

Pilar Irigoienen kargugabetzea

Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialerako kontseilariak abuztuaren amaieran kargugabetu zuen Pilar Irigoien Sodenako zuzendari nagusia, eta asteazken honetan azaldu zuenez, Elma Saiz Ogasun kontseilariak ahoz egindako ohartarazpen batean oinarritu zen kargugabetzea egiteko. Saizek eta Ignacio Arrizabalaga kontu-hartzaileak ohartarazi ziotenez, sinatutako akordioaren operazioan arduragabekeria kontablea egon zitezkeen, eta balizko ondorio penalaz ere mintzatu zitzaizkion. Hori guztia kontuan hartuta, Irujok Irigoienen kargugabetzea bideratu zuen. Saizekin eta Arrizabalagarekin izandako bileran haiek jakinarazi zioten Kontu-hartze eta Kontabilitate zuzendaritzan bazutela gaiaz landutako txosten bat, baina Irujok legebiltzarrean aitortu zuenez, berak ez zuen hura eskuratu, eta ahoz jasotako azalpenetan oinarritu zen Irigoien kargugabetzeko.

Kontuen Ganberaren txostena

Joan den astean ezagutu zen Nafarroako Kontuen Ganberak maskaren aferaz egindako azterketa. Funtsean, operazioa legearen barruan egin zela ondorioztatzen du, baina dioenez, Sodenak gobernuari baimena eskatu behar zion akordioa egiteko. Aldi berean,aitortzen du Foru Gobernuaren 2020ko otsailaren 26ko akordioak babesten zuela operazioa, 10 milioi arteko maileguak emateko aukera eskaintzen baitzuen. Hiru aldeei egotzi dizkie akordioaren gabeziak, operazioa bere osotasunean ulertu beharko delako eta hiru aldeek sinatu zutelako. Horregatik, hiruei aholkatzen die akordiora heltzea gaia bide judizialera eraman gabe, bestela materiala iraungiko delako, eta bakoitzak bere galera zatia onar dezala.

Kontuen Ganberaren ustez hitzarmenak halako hutsuneak izan zituen: bat, enpresek ez zutela konpromiso irmorik hartu Albynek erositako maskarak erosteko. Gogoratzekoa da Albynen erosketa enpresen aurreikuspenetan oinarritu zela. Bi, hitzarmenaren ondorioz sor litezkeen arazoak nola konpondu ere ez zen aurreikusi. Eta hiru, hitzarmenak ez zuen behar bezala babesten bertan inplikaturik zegoen diru publikoa.

Horren ondorioz, hiru gomendio egiten ditu ganberak. Batetik, sinatzaileen arteko akordioa eskatzen du. Horretarako, norbaiten bitartekaritza izan liteke soluzioa. Biltegian dauden 1,7 milioi maskara ahalik eta azkarren ateratzeko ere eskatzen du, iraungitzea saihesteagatik. Material gehiena aurten iraungiko da. Eta, azkenik, dei egiten dio Sodenari, hemendik aurrerako ekimenetan diru publikoaren babesean ahalik eta zorrotzen joka dezan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Legebiltzarra
6.355 milioi euroko aurrekontua lantzen ari da Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu du 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua: 6.355 milioi euro. Horietatik 520 milioi finantza gastuetara bideratuko dira (%8,18). Orain arteko aurrekontu handienak dira.


Voxen diskurtso xenofoboa geldiarazteko protokolo bat sortu nahi du Nafarroako Parlamentuak

Eskuin muturraren “diskurtso guztiz arrazisten”arriskuaz ohartarazi du Unai Hualde presidenteak. Bere aburuz, erakundeak giza eskubideak urratzen dituzten jokaerak ekidin behar ditu.


Pablo González askatzeko mozioa bertan behera utzi dute UPNk, PPk, Voxek eta PSNk

Eskuineko hiru alderdiek aurka bozkatu dute eta Chiviterena abstenitu egin da; aldiz, EH Bilduk eta Geroa Baik Contigo-Zurekinen proposamena babestu dute. Gonzálezek 20 hilabete daramatza Poloniako espetxe batean, akusazioaren frogarik jakinarazi ez bada ere.


Nafarren laurdena pobrezian edo egoera horretan egoteko zorian dago

Populazioaren %10,9 bazterkeria egoeran dago, eta %14,5 arriskuan, biak Espainiako Estatuko daturik txikienak Arope tasaren arabera, Unai Hualde Foru Legebiltzarreko lehendakariak azpimarratu duenez.


2023-08-16 | ARGIA
María Chivite bigarrenez izendatu dute Nafarroako lehendakari

EH Bilduren abstentzioari esker, berriz ere izendatu dute PSNko hautagai María Chivite lehendakari, ezusterik gabeko saioan.


Eguneraketa berriak daude