Eurostatek emandako datuen arabera, Europar Batasunean langabeziak gora egin du eta eurogunearen kasuan, 2018ko azarotik ikusten ez ziren zenbakietara itzuli da. Espainiako Estatua eta Grezia dira estatistiketan okerren agertzen diren bi estatuak.
Joan den uztailean, Europar Batasunean (EB) 15,18 milioi pertsonak ez zuten enplegurik eta horietatik 12,79 milioi eurogunean zeuden; hau da, 336.000 langabe gehiago zeuden EBn eta 344.000 gehiago eurogunean aurreko hilabetearekin alderatuta. 2019ko uztailarekin alderatuta ere, langabeen kopuruak gora egin du: 494.000 langabe gehiago daude eurogunean eta 927.000 gehiago EBn.
2018ko azarotik, EBn 15 milioiko langabetuen kopurua gainditzen den lehen aldia da, eta uztailean eurogunean erregistratutako langabetuen kopurua 2018ko abendutik izandako altuena da.
27 herrialdeen artean, langabezia handiena duten estatuak honakoak dira: Grezia (%17 maiatzean), Espainiako Estatua (%15,8) eta Italia (%9,7). Aldiz, ekainean indize txikiena lortu zutenak hauek izan ziren: Txekiar Errepublika (% 2,7), Polonia (% 3,2) eta Malta (% 4,1).
Bestalde, emakumeen langabezia-tasa %7,5era igo da EBn ekaineko %7,3tik; eurogunean, berriz, %8,3ra iritsi da, ekainean baino hiru hamarren gehiago. Gizonen artean, langabezia %7ra igo da EBn, aurreko hileko %6,8tik, eta %7,6ra eurogunean, ekainean baino hamarren bat gehiago.
25 urtetik beherakoen artean, langabezia-tasa %17koa zen EBn eta %17,3koa eurogunean, ekainean erregistratutako %16,9aren eta %17,2aren gainetik, hurrenez hurren. Kopuru absolutuetan, EBn 2,9 milioi langabe zeuden, eta horietatik 2,3 milioi euroguneari zegozkion. Horrek esan nahi du 37.000 gazte gehiago daudela lanik gabe EBn eta 29.000 gehiago eurogunean, aurreko hilabetearekin alderatuta.
Nabarmentzekoa da Espainiako Estatuak Europako daturik txarrenetakoak dituela aldagai batzuetan, adibidez, gazteen langabezia-tasan: %41,7koa izan da uztailean, aurreko hilean baino hamarren bat gutxiago; EB osoko tasa altuena da, Grezia gaindituz (%37,5). Kopuru absolutuetan, Espainiako Estatuan 516.000 gazte zeuden lanik gabe uztailean, aurreko hilabetean baino 4.000 gutxiago, baina 7.000 gehiago urtebetean.