Teknologia burujabetza: Menpekotasunaren kontzientziak astintzeko

  • Mundu digitalean enpresa batzuekiko sortu dugun menpekotasunak dimentsio izugarria hartu du: sare sozial nagusiak, mezuak elkartrukatzeko zerbitzuak, telefono mugikorrean dauzkagun tresna gehienak... Dependentzia horrek, noski, ondorio politikoak dauzka: zentsura, kontrola, bortxa edo negozioa, batzuk aipatzearren. Teknologia burujabetzaren esparruan ipurdia mugitzen hasteko garaia da, diote teknologiaren gaia kritikoki aztertzen urteak daramatzaten hacktibistek.

Instagramek zentsuratu egin zuen bi orritara ikusgai duzun Alaitz Gomezen lana, Instagrameko @kinkblackwolf bere kontuan. "Azken 7 urteetan emakumearen biluziaren inguruan aritu naiz lanean. Hasieran heriotza eta identitate gaiekin zuen zerikusiria, baina sare sozialeko arazoak direla-eta hartatik pixkat urrundu eta oraingo lanak diskurtso aktibista eta politiko-sozialarekin du harreman handiagoa". www.patreon.com/alaitzgomez orrian daude eskuragarri Gomezen lanak, zentsura gaindituta.

2021eko abuztuaren 02an - 12:31

Elkarrizketa egiteko geratu garen egunean Muy Bastas-eko kideei Instagrameko kontua blokeatu diete berriro –eta aldizkari honek paperean argia ikusi duenerako, ezabatu diete kontua–. Ez dakite zergatik, hainbeste dira fatxek desegokitzat markatzen dizkieten argitalpenak: gaur behintzat ezingo dute ezer ere argitaratu. Ohituta daudela atzematen zaie.

“Maita ezazu zeure burua, ez izan polizia” pintada baten argazkia; “Ez gara lagunak, elkarri tortoli jaten deutxegu” pankarta; “Kroketa kopuru bakoitia daukan errazioa mahai gainean jartzean, orduan ezagutzen dira ongi pertsonak” txioa; eskuin muturreko jendez osaturiko Desokupa enpresako kide gihartsu baten fotomuntaia Josu Erkorekaren aurpegiarekin... Sarean aurkitzen duten materialaren bilduma eskaintzen duen orri anonimoa da Muy Bastas –elkarrizketarako jarritako baldintza ere hori errespetatzea izan da–. Jendearen ateraldi irudimentsuekin tartekatzen dituzte salaketa politikoak eta herri mugimenduaren deialdiak, batez ere Arabakoak. Norbaitek esan izan balie urte gutxian beren argitalpenak bi milioi pertsonarengana helduko zirela, zorotzat hartuko zuten eta panda hartz baten gif batekin erantzungo zioketen.

Lagun talde arabar batek elkarri e-postaz bidaltzen zizkioten meme eta irudiak izan ziren proiektuaren ernamuina. Hain ongi pasatzen zuten, materiala ingurukoekin partekatzeko, blog batean zintzilikatzen hasi zirela –gaur egun muybastas.eus–. Hain txikitik hasitako proiektua, urteetan jarraikortasunez elikatu eta Facebooken atsegin dut-ak bilduz, komunikazioaren gizarte honetan eragiteko tresna oso indartsu izatera heldu da bere milaka eta milaka jarraitzaileekin.

La Manada auziari buruzko mezu batengatik lehen aldiz itxi zutenean, Muy Bastas orriak Facebooken ia 300.000 jarraitzaile zituen eta argitalpen batzuk bi milioi pertsonarengana heltzen ziren

Umorea eta ahoan bilorik gabeko kritika politikoa batzen dituen orriak, ordea, zentsuraren kolpea jasotzen du etengabe. “Zenbat aldiz ezabatu ote dizkigute argitalpenak? Eta kontua blokeatu? 24 orduz lehenik, 48 ondoren, 72... dozenaka eta dozenaka aldiz azken urteetan”. Sarea bizitzaren isla da: zenbat eta oihartzun handiagoa, orduan eta arazo gehiago inkisizioarekin. Adibide bat jartzearren, lehen aldiz itxi zutenean, Muy Bastas orriak Facebooken ia 300.000 jarraitzaileko komunitatea osatzen zuen eta eskuin-muturreko ziber-aktibistentzat jasanezina zen. Kopuru hau ez da oharkabean pasatzekoa, Euskal Herriko hedabide guztien Facebookeko orriak batuta baino askoz ere altuagoa baita. Sarean eragiteko gaitasun hori Irantzu Varelak La Manada talde bortxaketaren epaiari buruz Twitterren idatzitako txio baten kaptura argitaratzeagatik moztu zieten. Orria ezabatu zieten eta taldea gauetik goizera disolbatu.

Muy Bastas Euskal Herriko eragile ezkertiarrek sare sozialetan pairatzen duten zentsuraren adibide garbietako bat da eta hiru aldiz itxi eta ezabatu diete kontua kritika politiko hutsagatik, berriro zerotik abiatzera behartuz. Publikazio zehatz batzuk jende ugarik desegoki gisa markatuz gero, sare sozialetako algoritmoak detektatzen du publikazio hori "problematikoa" dela, eta automatikoki argitalpen hori edo orri osoa zirkulaziotik kentzen du. “Gure orria zentsuratzeko baliatzen duten aitzakia izan ohi da biluztasuna edo hizkuntza biolentoa... baina guk ez ditugu horrelakoak igotzen... Agian noizbait ipurdiren bat ikusi dela? Baina gehienez hori”. Ez dituzte isilarazi, ordea. Itxitako kontu bakoitza, beste bat sortuz ordezkatu dute: Estefania Bastas [Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako barne sailburu ohiari keinu eginez], Muy Bastas Returns... Gaur egun Instagramen daukaten profila elikatzen dute.

“Orria berreskuratu nahi bagenuen, gure izen-abizenak, NAN zenbakiak, telefonoak eta beste datu pertsonal ugari eskatzen zizkiguten, eta gu ez geunden ados. Publikatzen ari ginen, inongo araurik hautsi gabe, anonimotasunean, eta hala, pikutara botatzen zuten gure orria”. Norberaren burua defendatzeko aukerarik gabe orria kentzea gogorra dela diote, ez hainbeste galtzen den edukiagatik –sarean batean eta bestean topatutakoa izaki–, baizik eta orri horren inguruan bildutako milaka lagunen topagunea desagerrarazten dutelako inori abisatu gabe eta inpunitate osoz.

Menpekotasunaren ondorioak

“Ni margolaria eta argazkilaria naiz, Arte Ederretan lizentziatua. Duela 10 urtetik neure edota beste emakume batzuen biluziarekin egiten dut lan. Denbora honetan hamaika bat kontu ezabatu dizkidate Instagramen. Sare sozial horretan, baita Facebooken ere, artelanak behin eta berriro borratzen dizkidate, nahiz eta nik zentsuraturik igotzen ditudan”. Ageri du egoerarekiko atsekabea Alaitz Gómezek. Egoeraz oso kontziente, psikoterapeuta gisa lan egiten hasi aurretik, psikologiako gradu amaierako lanerako gai izan zuen: De la censura a la acción política: una análisis desde la mirada de mujeres artistas (Zentsuratik ekintza politikora: analisia artista emakumeen begiradatik).

“Emakumeoi ez zaigu gure gorputzak askatasunez erakusten uzten, erakusten dugun biluzia gizonek behatzeko eta erabiltzeko sortu ez bada”

Lan hori oso interesgarria da patriarkatuaren eta egungo komunikazio plataforma kapitalisten arteko loturak bistaratzeko. Biluziekin lan egiteagatik zentsura pairatu duten bost artista elkarrizketatu ditu Gomezek bertan. "Emakumeoi ez zaigu gure gorputzak askatasunez erakusten uzten, erakusten dugun biluzia gizonek behatzeko eta erabiltzeko sortu ez bada", dio elkarrizketatuetako batek bertan. Horrez gain, denek diote areagotu egiten direla erasoak biluzi ez-normatiboen edo emakumeen gorputzeko zenbait atalen kasuan, adibidez, titiburuen kasuan. Horrek eragin zuzena du artista horien lanean; izan ere, beren lanek jasotzen dituzten etengabeko salaketen eta zentsuraren ondorioz, ikusgarritasuna nabarmen murrizten zaie publiko zabaletara heltzeko bidean.

Magalek igotako mezu askotan aipatzen da jasandako zentsura.

Gorputzarekin lotuta, erditzea gisako prozesu naturalak zentsuratzea eguneroko ogi bilakatu dute Instagramek eta Facebookek, Magale gisako emagin taldeek beren publikazioetan askotan aipatzen dutenez .

“Niri familiako argazki bat ezabatu zidan Instagramek 6 urteko alabak bainujantzian zeudelako, beno, denok geunden bainujantzian baina hauek soilik beheko aldea zuten eta ez omen zen aproposa”, salatu du Igone Bastarrika Salegik; “Niri Don Mitxel VI izeneko kontua kendu zidaten, Voxekoen salaketen ondorioz askotan bertan behera utzia zidaten, eta azkenean, lagun bati txantxa bat egin nion eta hortik harrapatu ninduten”, penatu da @DonMitxel_I kontu berritik; “@bougipuzkoa kontua itxi zidaten, azalpen ez arrazoi medio”, kexu da Asier Mendi; “Niri birritan edo ezabatu dizkidate argazkiak Instagrametik, ispiluaren aurrean eginiko argazkiren batean ile pubikoa ikusten zen batean, hondartzan ateratakoa beste bat... baina nire inguruan jende gehiagori gertatu zaio”, kontatu du Eneko Anderrek. Zail da jakitea Euskal Herriko zenbat lagunek pairatu duten zentsura sare sozialetan, eraso hauen datuak jasotzen dituen behatoki bat beharko litzateke  horretarako. Hala ere, baiezta dezakegu dozenaka eta dozenaka direla zentsura  mota hau pairatu duten kasuak –eta kopuru horri gehitu behar zaio burujabetza politiko faltaren ondorioz Espainiako epaitegiek agindutako profilen, baita hedabide digitalen itxierak, Apurtu edo Ateak Ireki bezala–.

Hala Bediren bideoteka

“ADI: YouTubek Hala Bideo, gure bideo kanala itxi digu, ikus-entzunezko artxibo garrantzitsua da, Gasteizko Herri mugimenduaren oraintsuko historiaren zati handi bat biltzen da bertan. Zentsura hau gogor salatu nahi dugu. Zabaldu! Lagundu kanala berreskuratzen! #ZentsurarikEz”.

Alarma zabaldu dute 2021eko otsailaren 12an Hala Bedi irratitik. Ez da gutxiagorako. YouTubetik jaso duten mezua –euskaraz txukun idatzia– oso larria da: “Kontu hau betiko itxi da biluztasunarekin edo sexuarekin erlazionatutako edukiari buruzko YouTube-ren gidalerroak behin baino gehiagotan edo modu larrian urratu dituelako. Betiko kendu dizugu kanala YouTube-tik”.

2011ko martxoan igo zuten lehen bideoa plataforma horretara eta ordutik, Arabako hedabideen artean bideogintza gunerik arrakastatsuena bilakatu da 450 bideorekin, eta bertako materiala ia 600.000 aldiz ikusi dute milaka herritarrek. Arabako irratirik libreeneko kideek astero egiten duten bilera baliatuz, ARGIAren galderak modu kolektiboan erantzun dituzte.“Dena pikutara bidali nahi izan ziguten inongo abisurik gabe”.

Sare sozialen jaun eta jabe diren multinazionalek duten boterearen erakusgarri da norbait zentsuratzen dutenean eskaintzen dituzten azalpenen lausoa. Hala Bediko kideek ez dakite ziurtasunez zergatik gertatu zen erasoa, zein bideo zehatzengatik. Uste dute Ningra rap abeslariaren Hazia lehen bideoklipagatik izan zela. Hala Bideok ekoitzi zuen ikus-entzunezkoan, Uxue Iturrate Elorzak lirika zorrotzez egurra alde batera eta bestera banatu bitartean, segundo batzuetan jarrera probokatzailez, titiburuak esparatrapu batekin estalita, bularra erakusten zuelako. Hala ere, ez daude ziur hori izan zenik arrazoia.

Bulego fisikorik, leihatilarik edo telefonorik ez duen YouTuberekin harremanetan jartzeko bidea aurkitu behar izan zuten, eta e-posta trukea abiatu beren bideoak itzultzeko eskatuz, ez zutela inongo araurik hautsi konbentzitzeko. Azkenean, hiru bat eguneko soka-tiraren ostean, itzuli zieten beren materiala eta lasaitu ederra hartu zuten.

Zorigaitzeko gertaeraren harira jabetu dira ehunka eta ehunka ordutako materialaren segurtasun kopiarik ez daukatela, bideo guztien biltokia YouTube bera zeukatela. Herri mugimendu gehienen egoera horixe bera da. Bideo asko disko gogor batean eduki arren, beste asko Hala Bideoko kide ugariek norberak bere etxetik igoak dira. “Segurtasun kopia bat egin behar genuela erabaki genuen, nahiz eta lau hilabete igaro diren eta oraindik ez dugun egin. Hartu behar dugu tartea, agian gu geu ere ez gara guztiz jabetu gaiaren larritasunaz”, diote zintzo.

Esaiozu hori robot bati

“Erronka handia dugu, zentsuratzaileak ez baitira pertsonak, algoritmoak dira eta ez dute sentimendurik, ez dute kontrako argudioentzat biderik eskaintzen. Behin kanala kentzen badizute, ez daukazu eztabaidarako tarte handiegirik. Gehienez ere erreklamazio orria idatz diezaiekezu kanala itzultzeko eskatuz, baina beren eskuetan zaude. Besteen etxean jokatzearen ondorioak dira”.

ARGIAko irakurleak dagoeneko ezagutuko du Dabid Martinez hacktibista. Hack.in#Badakigu informatika elkarte askeko kideak burujabetza teknologikoa aspalditik ari dira lantzen, nahiz eta sentitzen duen gizarteko esparru zabaletara ez dutela lortzen zabaltzea hackmeeting eta antzeko batzarretan partekatzen dituzten gogoeta politikoak teknologiari buruz.

“Hala Bedirekin gertatu zena oso larria da”, dio bermeotarrak. “Imajinatu hori guztia galtzen dutela, Gasteizko eta Arabako mugimendu sozialen artxibo komunikatibo osoa egun batetik bestera desagerrarazteko zorian egon da. Arazoaz kontzientzia hartu behar dugu”.

Sare sozialek azken hamarkadan hartu duten garrantzia ikusita, negozio eta botere izugarria pilatu da oso esku gutxitan. Inoiz ez zuten hain jende gutxik hainbeste pertsonaren komunikazioak baldintzatzeko halako botererik izan. Aurretik aipatu dugun Alaitz Gomezen ikerketan elkarrizketatutako artista batek dio gero eta hipokritago sentitzen dela Instagramen hainbeste denbora igarotzeagatik, kontuan hartuta plataforma horien transfondo matxista. “Talde batzuen aurkako biolentzia eta berdintasun eza bere horretan mantentzeko kolaboratzen ari al naiz, irisgarritasun txikiagoa duten espazio birtualetara joatea ez zaidalako konpentsatzen edo esfortzu pertsonal handiegia eskatzen didalako?”. Bertan jarraitzeak barne-gatazka eragiten dio, hainbat kolektibok darabilten indarkeriaren jakitun baita, plataformen isiltasunarekin eta konplizitatearekin.

Liliana Zaragoza Cano eta Anna Akhmatovak Manifiesto por Algoritmias Hackfeministas-en salatu duten gisan, “azpiegitura matxistetan murgilduta jarraitzen dugu, diskriminazio eta biolentzia diskurtsoak mantenduz, eta geure gorputzen jabe egite hutsa eztabaidak eragiten dituen kontu bilakatzen dute”.

Menpekotasunetik burujabetzara

Facebook, Twitter, Instagram, Youtube... sare sozialetatik harago doa teknologia burujabetza falta eta horrek ondorioak ditu egunerokotasunean. Porru izeneko erabiltzaileak Mastodon.eus sare sozial librean argitaratutako mezu baten harira jarri gara berarekin harremanetan. Software librearen eta teknologia burujabetzaren aldeko ekintzailea da. Bide horretan egiteko dagoen lan eskergaren adibide gisa jarri du orain aste gutxi bizi izan duena.

Multinazionalek dute sareko plataforma gehienetan egiten denaren gaineko boterea eta azken erabakia

“Herriko jaiak antolatzeko kolektiboan azpiegitura informatiko guztia jartzeko nire burua eskaini nuen. Nextcloud plataforma librearekin fitxategiak igo, partekatu, lan egin, galdetegiak sortu eta abar egiteko aukera jarri nuen eta edozertarako laguntza eskaini. Lanean hasi ginenean, ordea, antolatzaileon taldeko kide bat ez zen gai edo ez zen gai sentitzen tresna hori erabiltzeko. Berak, bere erabakiz Googleko dokumentu bat sortu eta hori bidali zion antolakuntza kanpoko jendeari. Galdetegi hori erantzuteko Googleko kontua eduki behar zen, bestean ez zen behar, izen bat jarri eta kito. Pertsona horrek argi utzi zuen ez zuela gogorik teknologia burujabetzan pausoak emateko, eta horrez gain, jende askok tresna batzuekiko duen dependentzia oso handia dela. Eskolan soilik tresna bat erabiltzen irakatsi digute, eta asko ez daude prest beste gauzetara moldatzeko”.

“Lagun antiespezistei esaten diet imajinatzeko ni bilera batera agertzen naizela McDonaldseko janaria eskuetan, asanbladan eseri eta hanburgesa hori jaten dudala hor –dio Dabid Martinezek–. Nik hori sentitzen dut Google, Facebook, Microsoftekin zatoztenean... Urte asko daramatzagu teknologia burujabetzaz hitz egiten. Lan handia egin da... hackmeeting-ak, hitzaldiak, tailerrak, ekintzak... baina askotan ez dugu gaitasunik izan harago joateko, hacklab-en irismena zabaltzeko. Beraz, herri mugimenduetan, hausnarketa kolektibo hori falta zaigu teknologia burujabetzaz”.

Gasteizko Errekaleor auzo askean Hackmeetinga egin zuten 2019an, eta beste zenbait gairen artean, teknologia burujabetzaz mintzatu ziren. (Foku)

Martinez pozik da eragile politiko askok, azken urteetan, ez soilik hausnarketa egin, baizik eta proposamen politikoetan txertatu dutelako burujabetza teknologikoa. Hitz sinple horien atzean hamar urteko lana dagoela dio, eta pertsona eta talde batzuekiko jarrera ezkorra badu ere, fruitu txikiak ikusteko gai da. “Ikusi beharko da zelan gauzatu, baina duela hamar urte pentsaezina zen teknologia burujabetzari buruzko hausnarketa egitera joango ginenik Eusko Jaurlaritzara. Kontua da oso astiro doala eta frustrazioa handitzen doa, behintzat nirea”.

Eusko Jaurlaritza aipatua izan dela, Ziberburujabetzara bidean manifestua aurkeztu dute eragile anitzek ekainean, eta beste gauza askoren artean, salatu Lakuako gobernua teknologia burujabetza oztopatu eta kontrako bidea egiten ari dela, multinazionalei esparru guztietan negoziorako ateak irekiz.

Teknologia burujabetzan beste burujabetza esparruetan bezala da bidea. Egunerokoan erabiltzen ditugun tresnei buruz kontzientzia hartzea eta pixkanaka hauek burujabetzara mugitzea da. Jendearekin gai honen mami politikoaz hitz egitea, eragile sozialetan barne-tailer gisa lantzea, software librea erabiltzea –“software librea ziberespazioa askatzeko lehen bataila da”–... Bizi dugun panorama oso argia da: multinazionalek dute sareko plataforma gehienetan egiten denaren gaineko boterea eta azken erabakia, eta menpekotasun egoera hori murriztu nahi bada, neurriak hartu beharra dago. Hack.in#badakigu-ko kideek dioten bezala, sistemak eskainitakoari uko egin eta alternatiba kolektiboak sortzeko ordua da.

Nondik egin daiteke aurrera teknologia burujabetzan?

Plataforma bat beste batengatik aldatze hutsa baino, teknologiaren inguruan egiten den erabilera politikoa da gakoa, ekintzaileok diotenez. “Erabiltzen dugun erdia ez dugu behar eta desazkundea sustatu behar genuke teknologian ere”, dio Dabid Martinezek. “Kontraesankorra dirudi, baina galdetu behar genioke geure buruari ea zertarako erabiltzen dugun teknologia. Adibidez, bilera bat amaitzean, hurrengoa noiz eta non izango den adostu liteke, eta horrela momentuko mezularitza aplikaziorik ez erabili hori erabakitzeko", dio Porruk.

Erreportajea amaitzeko, tresna zehatzei buruz galdetu diegu, burujabetza teknologikoaren bidean urratsak eman nahi dituzten eragile eta herritarrek erreferentziak izan ditzaten:

E-posta: Gmail edo Hotmail gisako kontuak egin beharrean, Riseup.net, Autistici.org, Sindominio.net edo Disroot.org gisako plataformak gomendatzen dituzte, zerbitzari autonomoak dituztelako.

Bideoak: Youtube, Twitter, Facebook eta enparauetara igotzen den materialaren babes kopiak egin. Noizbait plataforma horietakoren bat itxi, edo baldintzak aldatuz gero, ez guztia galtzeko. Norabide horretan, zenbait harpidedunen proposamenari esker, ARGIAk orain gutxi PeerTube kontua ireki du.

Musika: Geroz eta gehiago dira Spotify gisako zerbitzuak baliatzen dituzten txozna eta tabernak. Eskaini nahi den musika norberaren disko gogorrean izatea ezinbestekoa da, norberaren kontrolpean izateko materiala. Horrez gain, horrelako plataformetan kultura asko falta da, eta askotan herri mugimenduek gustura zabalduko luketen musika ez mainstream-a hortik kanpo geratzen da, ikusgarritasuna galduz. Streaming bidezko zerbitzuak erabili nahi izanez gero, Funkwhale edo Baleafunk.eus ez dira negozioa egiteko enpresak, plataforma libreak baizik. Badok.eus plataforman milaka eta milaka kantu daude eskuragai.

Whatsapp eta Telegram: Whatsapp Facebookena da, eta Telegram magnate errusiar batena. Nahiz eta bere garaian Telegramek zioen zerbitzaria askatuko zutela, hori ez da gertatu ez gertatuko. Matrix tresna librearengatik aldatzea oso erraza da. Matrix.org-en erabiltzailea sortu, taldeak hizketarako erabiliko duen gela sortu, zerrendatik zerbitzari bat aukeratu, Element izeneko bezeroa (aplikazioa) deskargatu, bertan sartu erabiltzailea eta pasahitza. Signal bada beste aukera bat, nahiz eta telefono zenbakia eskatzen duen eta, horren ondorioz, pribatutasun aldetik zalantza handiagoak eragin. Horrez gain, nahiz eta zerbitzaria askatua izan Signalek, oso zail jartzen du horrelako zerbitzari bat arakatzea. “Ateak irekita dituen kartzela batera sartzea bezala da”.

Facebook eta Instagram: Argi eta garbi monopolioa sustatzen dute eta zentsuratzeko boterea dute. Oso hedatuta daude jai batzorde eta bestelako eragile sozialetan, baina badaude egitarauak iragartzeko eta argazkiak partekatzeko beste moduak. Profilak sortu eta material guztia leku berean egon ez dadin, blogak elikatzea garrantzitsua da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teknologia burujabetza
Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


AntennaPod: entzun podcast guztiak aplikazio bakarrean

Martxoaren 15ean RSSak (Really Simple Syndication) 25 urte bete ditu. Gehienek ez dakite zer den eta beste batzuk hiltzat jotzen dute, baina teknologia burujabetza ikuspuntutik oso interesgarria izaten jarraitzen du eta bizi-bizirik dago. Bitartekaririk gabe gure intereseko... [+]


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude