Martxa ere borroka da

  • Frankismoaren ondoren, auzo elkarteen eskutik, jai herrikoiek eztanda egin zuten Euskal Herrian. Hortik garatu da txosna gunea oinarri duen eredua, herri mugimendu eta ezker abertzaleko antolakundeek sustatuta. 40 urtetan asko aldatu da egoera politiko eta soziala, baina hein berean aldatu al dira jai gune alternatiboak? Aro politiko berrian, aurreko garaietatik datozen inertziak ezbaian jartzen hasi dira eta jaiak ere ez dira salbu.


2018ko uztailaren 27an - 00:00

Nork ez dio harrotasunez erakutsi kanpotik datorren bisitariari uda garaiko gure herrietako jai gune “alternatiboa”ren giroa? Jaia, herritarren parte-hartzea eta politikaren arteko lotura mintzagai izanik, nork ez du aipatu Bilboko Aste Nagusia? Eta nola konpartsek eta herri mugimenduek okupatzen duten bederatzi egunez hiri eskuindarraren erdigunea, autogestionatutako eremu koloretsu, politizatu eta jendetsu sortzeko? Euskal Herriko jai herrikoiak rara avis izan dira Europan, eta neurri batean, gaur egun ere hala dira. Hiririk jendetsuenetik mendi aldeko auzo txikienera arte aurkituko duzu txosnaren bat eta haren bueltako egitaraua.

Frankismoaren azal aldaketan, Trantsizioa delakoan, parte-hartzea oinarri duen jai eredua piztu zen auzo elkarteen loraldiarekin batera. Koadrilak, konpartsak, jai batzordeak eta abarrak ziztu bizian barreiatu ziren gure geografia osoan, frankismoaren debeku grisen itolarritik herriko kaleak hartzeko egarriz zegoen jendetzaren eskutik. Urteen poderioz eta auzo elkarteek indarra galdu ahala, kolektibo eta talde politikoek hartu zuten egitarau ofizialetik kanpoko jaiak antolatzeko ardura. Ezker abertzalearen “Martxa eta borroka” eta “Jaiak bai, borroka ere bai” ereduen bidetik, hainbat borroka bisibilizatzeko oso baliagarriak izan ziren 80ko hamarkadako jaiak. Euskal musikarentzat zutabe nagusi bilakatu ziren txosna guneetako bozgorailu eta eszenatokiak, gaztetxeekin batera. Konpartsa eta koadrilen bidez, herritarrak herri mugimenduetara hurbiltzeko gune paregabea izan dira jaiak eta talde askoren diru iturri nagusi izan dira txosnen mozkinak.

Ez dira gutxi 40 urteko ibilbidean jai eremu autogestionatuek eragindako onurak. Baina… beti dago baina bat. Azken urteotan gero eta herri gehiagotan azalarazten ari dira gaua-alkohola-parranda-kontzertuak oinarri dituen ereduaren keriak. Jendartea eta mugimenduak asko aldatu dira, baina iraganean funtzionatzen zuen eredua ia bere horretan heldu zaigu; eta hala eusten zaio herri gehienetan, inertziek eragindako kontraesanak nola edo hala kudeatuz.

Argazkia: Txeng Meng

Arlo askotatik agorpen zantzuak antzematen zaizkio jaien ereduari. Zaharretik zer gorde eta berriari zer gehitu argitzeko hausnarketak loratzen ari dira han-hemenka. Horretan ari diren hiru lagunekin hitz egin dugu: Donostiako Piratetan aritutako Markel Ormazabal Gaztañaga, Lekeitioko Txosna Batzordeko kide Ander Plaza Txopitea eta Festak, genero-harremanak eta feminismoa. Begirada teoriko eta antropologikoak, praktika sortzaileak eta plazeraren kudeaketa kolektiboak liburua koordinatu duen Miren Guilló Arakistain antropologoarekin.

Norentzat egiten dugu jaia?

Parte-hartzea izan da jai herrikoien arrakasta. Gune irekia izateak eta berau antolatzeko hitza eta erabakia jai batzordeko kideek edukitzeak herritar asko jai-eremura gerturatzeko aukera bermatu du. Baina, denok al dugu jaietan berdintasunez parte hartzeko aukera? Uste bezain irekiak al dira jai-eremuak eta jai batzordeak? Zein unetan jaia antolatzea bilakatu da gainkarga eta ez gozagarri?

Gainbehera herri mugimenduen ahultzearekin lotzen du Ander Plaza lekeitiarrak. Indartsu zeudenean sortu zen jai eredua, eta arazoa da, egun, taldeak ahulago egonik ere jai gunea bere horretan mantendu dela, ia aldatu barik. “Eutsi diogu askotan gehiegizko saiakera ez-osasuntsuak eginez eta indar erdiarekin gauza bera egiteak desgaste handia dakar. Komunitatea sortzeko aukera ematen du jaiak, baina, askotan, sentsazioa daukat beste batzuentzat antolatzen ari garela jaiak, gure burua auto-esplotatzen gainera”.

Miren Guillók ere beraiek sarri sentsazio bera izan dutela aitortu du. “Jaietan topera lanean ari zarenean, txandak egiten edo eraso sexistak kudeatzen, kezka agertu zaigu: Norentzat ari gara lanean? Jaiak bizigarria izan behar du. Bizitza politikaren erdigunean jarri behar dugula aldarrikatzen ari bagara, gure festa-politiketan ere hori aintzat hartu beharko dugu. Gugandik hasita”.

Horrek agerian uzten du inertziak praktika desegoki bilaka daitezkeela, Ormazabalen ustez. Txosna guneak instituzio bilakatu direla dio, “instituzionalizatu egin ditugu”, eta kosta ahala kosta mantentzearren sarri “kostu handia” eragiten duela eurengan, “festa ezin dugulako irudikatu guk geuk sortutako gune hori gabe”.

Garrantzitsuena kontu honetan subjektua dela dio donostiarrak. Askotan jai-komisioa eta txosna-komisioa talde bera dira, baina jaien subjektu nagusia beste bat izaten da. Iruñeko adibideari heldu dio: “Barcinaren aurreko garaiko txosna gunea izugarria zen. Botereak hori txikitu zuen, baina festak jarraitu egin du. Zergatik? Jaiaren muinean beste subjektu batzuk zeudelako. Sanferminen kasuan peñak dira. Sinetsi nahi dut, inoiz, txosna gunerik ez balego Donostian, jai herrikoi bera mantenduko dela kofradien eskutik”.

Parte-hartzearekin lotuta, datu esanguratsua azpimarratu du Ormazabalek: Bilbon belaunaldi arteko erreleboa bermatzeko arazo handienak izaten ari diren konpartsak dira mugimendu sozialekin lotutakoak, eta, aldiz, gero eta parte-hartzea handiagoa dute auzo edo komunitateren batean txertatuta daudenek, Otxarkoagako Pa…Ya kasu. Donostian, beste horrenbeste gertatu da, parte-hartzeak leku gehienetan, oro har, behera egin duen bitartean, gurean, bat-batean, Piraten kofradien bitartez, parte-hartzea biderkatu egin da. Funtsezkoa da herritarrak jaietako protagonista izateko subjektuak edukitzea”.

Guillóren ustez, parte-hartzea maizdago presente sloganetan, baina uste baino konplexuagoa da hori bermatzea, jaien antolaketa batzordeetatik hasita. “Gune irekitzat har ditzakegu, baina askotan ez da horren erraza izaten hor sartzea. Eta egitaraua pentsatzen dugunean, zer dugu buruan? Zer ordutegi? Zer ekintza mota? Zertara bideratzen dugu dirua gehien bat? Zer eta nor jartzen dugu plaza erdian edo eszenatokian eta zer edo nor ez? Hor gizartean dauden desberdinkeria sozial guztiak islatzen dira. Ez naiz generoaz bakarrik ari”.

Zalantzarik ez dago jai herrikoien egitarauen pisu nagusia gaueko eskaintzari begirakoa dela. Gaua, parranda, kontzertuak, bolumen altua, alkohola, drogak… Baina jai inklusiboak nahi baditugu, zeintzuk egon daitezke ordu txikitan, kalean, txosnetan kontsumitzeko behar beste diru poltsikoan eta bestondoagatik kezkatu gabe?

Argazkia: Donostiako Piratak

Jaiak gazte eta ‘betigazte’-entzat

Kapitalismoaren inertzia orokorra da festa, parranda, gaua eta gaztea pack banaezin gisa aurkeztea, astebururo ikus dezakegunez. Jai herrikoien eremua ez da joera horretatik salbu eta, ikuspegi horretatik, adin eta klase sozial jakin bateko jendeak baino ez du aukera jaietan parte hartzeko.

“Festa eredua baldin bada gau eta egun topera aguantatzea, kontsumitzea eta hiper-harremantzea orduan hori egiteko aukera eta baliabideak dituztenentzat baino ez dira izango jaiak”, dio Guillók. Plazaren ustez finantzaketa helburu zentraltzat hartzea arazo iturri da. “Dirua ematen duena da alkohola saltzea gauez, eta eguneko egitarauak ez duenez dirurik ematen, hortxe duzu jaietako zentralitatea non dagoen ulertzeko ekuazioa”. Etekin ekonomikoa jaien erdigunean egoteak galarazten du bestelako aldaketak planteatzea, Plazaren ustez.

Txin-txin txosnaren hotsa

Alkohol salmenta diru iturri garrantzitsua duen taldeari nola esan txosnan mozkin handiena ematen duten lehengaiak ez saltzeko? Independentzia edo autogestioa dioen pankarta zintzilik duen barran multinazionalen produktuak sartzea ohitura zabaldua da Euskal Herrian. Jendea –dirua– erakartzeko asmoz musika komertziala pintxatzea ere gero eta normalagoa da. Nola ulertu, bada, gizartea ezkerretik eraldatu nahi duten eragileak beraiek izatea dependentzia saltzen dutenak? Eta zergatik da hain zaila aldaketak egitea hain eremu politizatuetan?

Ander Plaza: "Egun, jaiak zenbateraino dira langile klasearen frustrazioak kanporatzeko leku hutsak? Merkantilizazioa, gure osasun eta inguruari kalteak, ajearen osteko pasibitatea, drogen erabilera demasekoa eta gatazka/indarkeria iturri izanik, zer egin?”

Sarri, inertzien ondorioz, guk geuk estutzen dugu gure burua, Guillók dioenez. “Batzuetan diruaren helburuak oso argiak izan daitezke. Beste batzuetan, ordea, helburua da jaiak beraiek antolatzea, eta batzuetan zirkulu batean sartu gaitezke: talde handia jendetza erakartzeko behar da, eta jendetza behar da, era berean, talde handi horri ordaindu ahal izateko. Aukera desberdinak baliagarri dira, baina ongi hausnartu behar da zeintzuk diren helburuak eta nola lortu nahi ditugun”. Plazak interes asko ikusten du jaien atzean. Negozio eta industria handiak, gehienetan enpresa multinazionalak. “Lekeition askotan aipatu dugu: multinazionalik barik, txosnetan bertoko produktuak lehenetsi eta iturriko ura erabiliko dugu, baina gero beti agertu da dirua galduko dugunaren mamua”.

Ormazabalen ustez, jaietan bertoko produktu justuak salduta, ez da dirua galtzen, aldea da ez dela multinazionalen produktuekin irabazten den kopuru bera irabazten, baina dirua galdu, ez da galtzen. Hor ikusten du gakoa; zer galdu eta zer irabazi? “Ura da adibiderik argiena. Plastikozko ur-botilen atzean Coca-Cola dago, munduko ura pribatizatzen ari dena. Berarekin kontratua eginez gero, ur-botilak ia-ia oparitzen dizkizu. Haientzat publizitatea delako. Berdin garagardoekin, enpresa batzuek haien kañeroak erabiliz gero debekatzen dizute beste inoren garagardoa eskaintzea. Jai gune batzuetan bost urtetako kontratuak sinatuta dituzte multinazionalekin. Bide horretatik ekonomia espekulatiboan sartuta gaude”.

Herri mugimenduek eremu asko kudeatzen dute Euskal Herrian. Eta seguruena, jaiei dagokienez, ez dago hain modu autonomo eta autogestionatuan, hainbesteko dirua kudeatzen den beste esparrurik. Baina, halere, Ormazabalek azpimarratzen duenez, ez gara jabetzen horien indar eraldatzaileaz, “irabazi ekonomikoaren logikak itsutzen gaituelako”. “Posible dugu dirutza beste era justuago eta ez-esplotatzaile batean kudeatzea. Jaietako diru horrek guztiak eragin positibo handia izan lezake herrian, baita festak amaitu ondoren ere”. Ekonomia sozial eta eraldatzailetik jotzea izan liteke aukera bat. Produktua zaintzeaz gain, langilea –pertsona– ere kontuan hartzen duelako. Ormazabalen galdera da ea zergatik ez dugun lan egiten horiekin, jaien bueltan dagoen prekarietatea saihesteko. Plazak aitortu du hitz egin zutela Lekeition txosnak kentzeaz, baina..

Donostiako Kofradiak: Subjektuak biderkatu, parte-hartzea eta aniztasuna handitzeko
Donostiako jai herrikoietan mugarri izan zen Kofradien sorrera, Ormazabalen hitzetan, parte-hartzea handitu eta antolatzaile zein festagileen aniztasuna zabaltzeko –2017ko Aste Nagusian 12 Kofradia zeuden–. Piratak indartzearekin batera, “10 urteren ostean konturatu ginen, bat-batean, aurrean genituela 500 pertsona jaietan lan egiteko prest, baina, erabakigunea oso lagun gutxik osatutakoa izaten jarraitzen zuela. Udalaren aurrean piratok parte-hartzea aldarrikatu eta gero, etxe barruan, kontrakoa egin? Hori ez zen posible”. Orduan ahalik eta egitarau zabalena osatzearen aldeko apustua egin zuten, “sortzeko jai bat zeinak barruan beste hamaika jai bilduko zuen”. Horretarako dira kofradiak, “inork ez dakielako norberak baino hobeto zer nahi duen egin jaietan”. Kofradia bat sortzeko lehen baldintza egitarau propioa sortzea da. Eta bigarrena da egitarau horrek irekia egon behar duela gainerako kofradien egitauetara. Kofradietako kide guztiek ekimen guztietan parte-hartzeko aukera izan dezaten. Hau da, “ardura, lana eta konpromisoaz aparte, jaietan norberak ere disfrutatzeko tarteak bermatzeko”. Ormazabalek azpimarratzen duenez, horri esker eguneko egitarauak indar handiagoa hartzen ari dira urtetik urtera eta, edade, genero eta jatorri aldetik festak aberasten ari dira.
Argazkia: Pirata Bihurriak

Txosnak portura bota ala barrutik eraldatu?

“Errotik aldatu eta txosnak portura botako al ditugu?, baina segituan kezka agertu zaigu: geuk ez baditugu ipintzen, beste batzuek egingo dute”. Jaietako espazio hori “urtetako lan eta borrokaz” lortutakoa izanik, hutsik utziz gero sistemak hutsune hori beteko duela uste du Plazak, “Udalak edo enpresaren batek, jaiak are gehiago merkantilizatzeko”. Horregatik, kontraesan guztiekin bada ere, txosna-gunea kudeatzen jarraitzearen alde agertu dira, barrutik alda daitekeelako, “autogestionatukoa dena gure esku dago eraldatzea”.

Guilló eta Ormazabal bat datoz. Guillóren ustez, festen kohesiorako gaitasuna herritarrok baliatzen dugu, baina baita instituzioek eta enpresek ere. “Zeintzuk dira musika festibalen antolatzaileak? EHZ eta beste bakan batzuk salbu, Hego Euskal Herrian banketxeak edo alkoholaren industriako multinazionalak dira festibalen atzean daudenak. Festa bera, kultura moduan, merkantilizatzen da eta praktika ekonomiko garrantzitsua da”.

Abordatzearen inguruan Piratek kezka bera izan dutela dio Ormazablek. Protesta ekimen gisa sortu zena egun Aste Nagusiaren ikurra da. Abordatzea masifikatuta dagoenez, arazo eta kontraesan batzuk eragiten dituela dio eta, batzuen ustez, ekimenak funtzioa betetzeari utzi dionez Piratek antolatzeari ere utzi beharko lioketela. Baina, Plazak esan bezala, Ormazabal ere ziur da banku edo multinazionalen bat agertuko litzatekeela abordatzea antolatzeko beren interes partikularren onerako.

Alkohola gure lubrifikatzaile soziala

Markel Ormazabal: “Poz kolektibo batek edozein diskurtso politikok baino ehun bider gehiago kohesionatzen du komunitatea”

Eskutik doazen bikotea osatzen dute jaiek eta alkoholak. Areago, alkoholaren bueltan eta haren eraginpean ez bada, gure artean harremantzea arraro bilakatzeraino. “Gure eremuetan hori erreproduzitzen ari gara, badirudi ez garela ligatzeko gai drogen eraginpean ez bada”, ohartarazten du Plazak. Drogen erabilera kontu kolektiboa dela iritzita, azken urteotan hartu diren zenbait neurri aipatu du; graduazio altuko edariak ez saltzea edo txosnen ordutegia murriztea, kasu. Baina zalantzak ditu zenbateraino baliagarriak diren errotiko arazoari heltzeko. Drogez behin baino gehiagotan eztabaidatu dute Lekeition eta “ondorio potenteak” atera dituztela dio Plazak. Gauzatzeko orduan, ordea, ezina. “Praktikan sentsazioa izan da, ez garela drogen kontsumoa neurtzeaz ari, baizik eta jai-gunean droga-saltzaile bakarra gu geu izatea barraren bitartez!”.

Guillóren ustez gutxi eztabaidatzen da drogen gaiaz eta egiten denean legez kanpoko drogei buruz bakarrik egiten da. Ongi edo gaizki dagoen horretatik harago planteatu beharra dagoela dio eta “ondorioztatzen badugu, desfasearen kulturarekin lotutako drogen erabilera masiboa traba dela gure jai guneak bilakatzeko atseginago, seguruago eta inklusiboago, pentsatu beharko dugu zer egin”.

Egitarauaren dibertsifikazioa bide ona iruditzen zaio Ormazabali jaia ateratzeko gaua-droga-parranda-kontzertuak zakutik. “Kofradien arteko harreman interesgarrienak egunez gertatzen dira, gaueko makro-txosna eta kontzertuen ereduaren barruan nekez sortuko dira kalitatezko harremanak”.

Guillóren ustez, gauaz pentsatzen dugunean ere aniztasun handia egon daiteke. “Adibidez, gauez, jaiguneak seguruak izateko lan egiten denean, espazio horietan gertatzen diren harremanak, kontsumoa, eta elkar zaintzak bestelako moduetan gerta daitezke”. Bere ustez gakoa da jaietako espazioak osotasunean nolakoak diren pentsatzea.

Argazkia: Euskal Herria Zuzenean

Indarkeriarik gabeko jaiak?

Bada pentsatzen duenik egungo festa ereduaren barruan alferrikakoa dela eraso sexistak desagerrarazten saiatzea. Jaia ez denez gizartetik aparteko eremu isolatua, festek ezinbestean erreproduzituko dute gizartean dagoena. Halere, esan gabe doa, jai ereduetan azken urteetan gertatu diren aldaketa esanguratsu gehienak feminismotik etorritakoak dira.

Zalantzarik ez du Plazak jaietako “gure guneak” gainerakoak baino askoz seguruagoak direla. Lekeition, adibidez, gertatu izan zaie jaietan herriko beste leku batean erasoa gertatu eta biktima txosna-gunera etortzea babes bila. “Bizi gaituen festa eredu kapitalista honetan beti izango dira erasoak, baina gure guneetan, indarkeria desagerrarazteko bidean egindako guztia ez da alferrikakoa izan”.

“Indarkeria mota asko dago, gure jendartean agerikoenak erasoak, baboseoak eta bortxaketak dira”, baina, Guillóren esanetan, badira ikusezinagoak diren botere-harremanak: emakumeen parte-hartzea galarazten duen tradizioa ulertzeko modu zehatzak edo festa parte-hartzaileen artean gerta daitezkeen botere-harremanak, adibidez. Urte hauetan aldaketa asko izan direla dio, “protokoloak, dekalogoak, aldaketak egitarauetan, hausnarketak eta abarrak; horiek lortu dute gauza asko ez bilakatzea legitimo, eta horrek zenbait aurrerapauso ekarri du, baita aztertu beharreko zenbait egoera berri ere”.

Miren Guilló: “Festa eredua baldin bada gau eta egun topera aguantatzea, kontsumitzea eta hiper-harremantzea orduan hori egiteko aukera eta baliabideak dituztenentzat baino ez dira izango jaiak”

Feminismoaren ekarpena soilik indarkeria sexista eta protokoloekin lotzeko joera dagoela dio Guillók, baina harago doa. “Planteatzen ari dena da jaiak nola izan denontzat seguru eta justuagoak, nola bilakatu jaiak guztiontzat eraldaketarako eta ondo pasatzeko espazioa”. Donostiako jaietan egiten den sardiñerria festa jarri du adibidetzat. Portuan egin izan denean, leku zabala izanik, espazio seguru bilakatzea oso zaila izan zaienez, Guardetxean egitera pasa ziren. “Egia da espazio publikoa hartzea ere beste helburu garrantzitsu bat izaten dela, baina kasu honetan espazio seguru izateko baldintza hobeak dauzka Guardatxeak, hasteko, espazioa bera kudeatzen den moduagatik”. Hau da, batzuetan gauza batzuk irabazteko beste gauza batzuk bidean utzi behar direla argi du Guillók. “Espazio txikiagoak sortzea, txikira jokatzeak asko lagundu dezake kasu batzuetan”.

Eta orain zer?

Jaso dugun jai eremu alternatiboaren eredutik bada zer gorde, seguruena urtetako inertziek eragindako galdera berri eta kontraesanak beste. “Egun, jaiak zenbateraino dira langile klasearen frustrazioak kanporatzeko leku hutsak? Herri mugimendua indartzeko ala ahultzeko ez ote dira eraginkorragoak egun? Merkantilizazioa, gure osasun eta inguruari kalteak, ajearen osteko pasibitatea, drogen erabilera demasekoa eta gatazka/indarkeria iturri izanik, zer egin?”. Ez dira gutxi Ander Plazak azpimarratzen dituen galderak, baina argi du “eztabaida sakona” dagoela aurrean, eta momentuz jarraitu beharra dagoela honetaz guztiaz hausnartzen, “ikuspegi zaharretan ainguratuta egon gabe, jaiak gizartea eraldatzeko tresna izan dadin”.

Argazkia: Bilboko Konpartsak

Herri, auzo eta hiri bakoitzak estrategia propioak garatu behar ditu, copy-paste egin gabe. Miren Guillóren ustez, aldaketa eta erabaki gehienak poliki hartzen direla jakitun, garrantzitsua da kolektiboki hausnartu, landu eta adostea. Eta gauza batzuk ezin badira moldatu, “jai-eredutik kentzeko beldurra gainditu behar da”. Adibidez, “animalien erabilerarekin lotutako gauza asko birplanteatu behar da, eta hori bezalako gai guztietan oso garrantzitsua izango da prozesua bera nola egiten den”.

Galderak ere aldatu behar ditugula dio Guillók: “Zer dira jai arrakastatsuak? Jende pilo bat etortzea eta dirua ateratzea ala desio ditugun balioetan oinarrituz jai irekiak antolatu eta giro atsegin eta erosoa izatea?”. Garaiotan sormena erabiltzea besterik ez dugula dio Guillók, gauza berriak probatu eta trebatu, “lehenengo saiakeran ez baita dena bikain aterako”. Jai inklusiboagoak lortzeko bidean, norberaren pribilegioez hausnartzea ere botika ona dela azpimarratu du: “Aldaketaren aurrean erresistentzien arrazoiak identifikatzea eta elkar entzutea dagokigu.

“Poz kolektibo batek edozein diskurtso politikok baino ehun bider gehiago kohesionatzen du komunitatea”. Horregatik, jaiak eraldaketarako eremu ezin hobea direla argi dauka Ormazabalek. Krisian dagoena ez da hori, aurretik etorri zaigun eredua baizik: “1980ko hamarkadan, gehien bat ezker abertzaletik, apustua egin zen ‘Jaiak bai, borroka ere bai’ ereduaren alde. Jaia eta borroka bi gauza ezberdin balira bezala planteatuz. Hau da, jaia egingo dugu, bai, baina jai-eremuan pankartak jarri, manifak antolatuko ditugu eta abar. Eta hori dena finantzazioarekin oso lotuta, gainera”. 30 urtez iraun dugu horrela, kontua da “ea orain nola egiten dugun ‘jaiak ere borroka dira’ logikarantz joateko, jaiak balore eraldatzaileez josteko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2018
Pobrezia 'trendy' bihurtu nahian

Zu zer zara, langile klasekoa? Prekarioa? Klase ertainekoa? Ertain-baxukoa agian? Gure baliabide ekonomikoak mailakatzeko erabiltzen diren kontzeptu horiek hedabide nagusietan agertzen dira oraindik tarteka, baina azken boladan sailkapen horien gainetik beste fenomeno batzuk... [+]


AHT: Amaiera gabeko trenbidea

Agintariek herritarrei “etorkizunaren” izenean hitz emandako Abiadura Handiko Trenbide sarearen hiru laurden amaitu gabe dago, lehen proiektuak hasi eta ia hiru hamarkada ondoren. Oraindik urteak beharko dituzte zati gehienak amaitzeko eta batzuk seguruenik ez dira... [+]


Langile borroka
Erresistentzia kutxan (derrigor) sartu beharreko bost gauza

Diru-ekarpenez, funtsez eta sosez harago, beste oinarrizko osagai batzuk ere behar dira sartu zorroan, greba baten bidaia luzerako prestatzeko.


Zer egingo dugu erasotzailearekin?

Eman dezagun zigor sistema ez zaigula baliagarria iruditzen, kartzelarik ez dugula nahi. Orduan, zein da alternatiba? Zer egingo dugu eraso matxista egin duen horrekin? Mugimendu feministek askoz gehiago landu dute erasoa jasan duenaren gaia, erasotzaileaz gutxiago gogoetatu da... [+]


Eguneraketa berriak daude