Pobrezia 'trendy' bihurtu nahian

  • Zu zer zara, langile klasekoa? Prekarioa? Klase ertainekoa? Ertain-baxukoa agian? Gure baliabide ekonomikoak mailakatzeko erabiltzen diren kontzeptu horiek hedabide nagusietan agertzen dira oraindik tarteka, baina azken boladan sailkapen horien gainetik beste fenomeno batzuk azaltzen hasi dira: pobreziaren erromantizazioa eta prekarietatea cool bihurtzeko ahaleginak, esate baterako.

Ilustrazioa: Xabier Sagasta.

Izan ere, pertsona baten bizi-baldintzak edozein direla ere, pertsona horrek bere egoeraz daukan auto-pertzepzioak ere garrantzia dauka bizi dugun eredu ekonomikoak protesta handirik gabe funtzionatzen jarrai dezan –herritar gehienak okerrago bizitzera eramaten baditu ere–. Gakoa? Beti ezagutu ditugun gauzei izena aldatzea, soinu hobea duten beste izen batzuk jarriz eta modu horretan, konnotazio “freskoago” batez identifikatzen saiatuz: ongi etorri prekarietatea eta esplotazioa zuritzeko komunikazio-estrategien mundu miresgarrira.

Arwa Mahdawik The Guardian egunkarian idatzitako artikulu batean esplikatu du fenomenoa denok ulertzeko moduan: “Nola lortu pobreziak itxura hobea edukitzea? Aldatu izena!”. Adibide ugari eman du Mahdawik: berbarako, lehen “tarteka lanen bat daukat” esaten zuenak orain freelance dela esan dezake eta horri esker, magia eginez bezala, nork bere eltzetik babak ateraz egiten duen biziraupen sufritua “askatasuna” eta “autogestioa” bezalako ideiekin lotzea lortzen da.

Eta eragina duela dirudi: Erresuma Batuan autonomoen kopurua nabarmen hazi da azken urteetan Mahdawiren arabera. 2001ean 3,3 miloi herritar ziren eta gaur egun ia 5 milioi dira. Datu horiek beste zerbait ere ezkutatzen dute: euren kabuz lan egiten duten pertsonek egun libre gutxiago hartzen dituzte eta gaixotasun-bajak ere jaitsi egiten dira –ondoezik egon arren lan egiten dutelako, ez gaixotzen ez direlako–. “Merkatuarentzat albiste ona da”, dio Mahdawik, “produktibitatean eten gutxiago baitaude”.

Mundu guztiari “enpresarioa” dela sinetsaraztea da komunikazio-estrategia horien beste adarretako bat eta nerabeak ere joera berri honen jomugan daude. Bauer Mediak 8 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendutako aldizkari bat argitaratu zuen iaz. Teen Boss du izena eta ekintzailetza bultzatzea du xede. Interneten dirua eskuratzeko aholkuak ematen dizkie gazteei, baita enpresa propioa izateko gogoa sustatu ere. Baina XXI. mendean umeek lan egitea ez al zegoen debekatuta?

Espainiako Estatuko zenbait hedabidetan ere ohikoak bihurtzen ari dira mota honetako edukiak. Esaterako, nesting izena jarri zion El Paísek asteburu osoan etxean geratzeko “tendentzia”-ri. Osasunarentzat onuragarria izan daitekeela argudiatuta, 48 orduz kalea zapaldu gabe egotea proposatzen zuen 2018 hasieran publikatutako artikulu batean, prekarietatearen ondorioz geroz eta aisialdi-aukera gutxiago dauzkaten herritarrei soluzio bat eskainiko balie bezala.

Kontzeptu gehiago nahi? Orain ez duzu lana konpartitzen diruz zu bezain juxtu dabilen norbaitekin. Orain jobsharing egiten duzu: ez al dirudi askoz hobea? Eta ez, ez zara sardina-lata bat dirudien pisu konpartitu batean bizi: coliving egiten duzu, askoz guaiagoa den zerbait. Zure lanpostua kaka zaharra dela? Bai zera, minijob bat daukazu.

Behin tendentzia sortuta, zaila da mota honetako kontzeptuak zirkulazioan jarri nahi dituztenak geldiaraztea eta, batzuetan, pasa egiten dira. Adibidez, El Economista egunkari espainiarrak titular hau zeukan artikulua argitaratu zuen iaz: “Dena ez da dirua: soldata emozionalaren gakoak”. Bai, “soldata emozionala”. Alegia, egiten duzun lanagatik dirutan nahikoa kobratzen ez duzunez, lankideekin eta bereziki nagusiekin giro ona edukitzea zein inportantea den azpimarratzen du kontzeptu honek. Irribarreak ere nominan sartu dizkizutela, alegia.

Baina horrelako zenbait asmakizunek bide laburra izan arren –edozer gauza ere ez baitugu sinesten–, deigarria da beste batzuk nola sartu diren eguneroko hizkeran, begi-bistako kontraesanak dauzkaten arren. “Ekonomia kolaboratiboa” kontzeptua da horietako bat: izen hori hartu dute Uber edo Deliveroo bezalako enpresek, zeinetan langileak puntualki kontratatzen diren bezeroen eskarien arabera, autonomo faltsuen kopurua ugarituz. “Kolaboratu” hitzak lehen beste zerbait esan nahi zuen: zerbait egiteko beste pertsonekin lan egitea, nolabaiteko berdintasun-baldintzetan. Orain, “ekonomia kolaboratiboa” deitzen zaio lan eskasenak eskaintzen dituzten plataformei.

2007ko krisi ekonomikoaz geroztik herritar askoren bizi-maila gutxitu da, baita horren ondorioz jendeak bere etorkizunaz zeuzkan aurreikuspenak kolokan jarri ere. Horrek eragiten duen ezinegon soziala kulturalki bideratzea da mota honetako operazio komunikatiboen helburua. Zorionez, mezu mediatiko horien aurrean, herritarrok badauzkagu defentsarako tresnak. Kasu honetan, gure hitzak: azken finean, ikusten ditugun harreman ekonomikoak nola izendatzen ditugun gure erabakia da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2018
AHT: Amaiera gabeko trenbidea

Agintariek herritarrei “etorkizunaren” izenean hitz emandako Abiadura Handiko Trenbide sarearen hiru laurden amaitu gabe dago, lehen proiektuak hasi eta ia hiru hamarkada ondoren. Oraindik urteak beharko dituzte zati gehienak amaitzeko eta batzuk seguruenik ez dira... [+]


Langile borroka
Erresistentzia kutxan (derrigor) sartu beharreko bost gauza

Diru-ekarpenez, funtsez eta sosez harago, beste oinarrizko osagai batzuk ere behar dira sartu zorroan, greba baten bidaia luzerako prestatzeko.


Zer egingo dugu erasotzailearekin?

Eman dezagun zigor sistema ez zaigula baliagarria iruditzen, kartzelarik ez dugula nahi. Orduan, zein da alternatiba? Zer egingo dugu eraso matxista egin duen horrekin? Mugimendu feministek askoz gehiago landu dute erasoa jasan duenaren gaia, erasotzaileaz gutxiago gogoetatu da... [+]


2018-07-27 | Ivan Miró
Burujabetza ekonomikorik gabe ez dago burujabetza politikorik

Apirilaren 14an egin zen Bartzelonan lehen Ekonomia Errepublikarreko Laborategia, Altxa Dezagun Errepublika prozesuaren baitan. La Lleialtat Santsenca kooperatiba obrero zaharrean, ehundik gora aktibista elkartu ziren, errepublika gauzatzeko 155 neurri ekonomiko proposatzeko.


Eguneraketa berriak daude