Konfrontazioak egingo gaitu berriro ere

  • Azken hamarkada honetan, proportzioan, Euskal Herriko jendartea zahartu dena baino askoz ere gehiago zahartu da ezker abertzalearen oinarri soziala. Ile urdina nagusitzen ari da antolatzen dituen ekitaldi eta mobilizazioetan. Hamarkadetan, beste espazio politikoak baino gazteagoa izateaz harro zegoen ezker abertzalea zahartu egin zaigu bat-batean. Hori guztia, borroka armatua alde batera utzi eta baldintzak hobetuko zitzaizkiola uste zenean gertatu da. Zergatik, baina?


2018ko uztailaren 27an - 00:00
Ilustrazioa: Xabier Sagasta

Identitate politikoak konfrontazioaren ondorioz sortu eta garatzen dira, eta gehienetan, zabaltzeko bokazioa izaten dute. Konfrontazioa leku egokian eginez gero identitate politikoak zabaldu egingo dira, leku desegokian eginda, berriz, murriztu. Identitate politikoak dinamikoak dira, beraz. Horregatik dira identitate politikoak estrategia politiko.

Ezker abertzaleak, hamarkadetan, konfrontazioa parametro gogorretan egin duenez, identitate oso markatua sortu du, pertenentzia sentimendu sakonekoa. Baina abantailak baino desabantaila gehiago sortzen zizkion konfrontatzeko modua desagertzearekin batera, identitate horrek garatzeari utzi dio; jendea erakartzeari utzi dio. Jarraitzen du identitate horrek existitzen baina, jada, ez estrategia politiko moduan, pertenentzia hutsa helburutzat hartuta baizik.

Ezker abertzalea, estrategia independentista moduan ulertuta, 2011ko urriaren 20an bukatu zen. Atzean utzitako konfrontatzeko modu batek sortutako subjektua izaki, modu hori atzean uztean amaitu zen. Ondorioz, Identitate estatikoa bihurtu eta momifikatu egin da. Jendea ezker abertzalekoa da, kasik, Athletikekoa edo Osasunakoa izan daitekeen moduan. Ezker abertzalea, gaur gaurkoz, konfrontatzeko modu bat bizi izan genuenok mantentzen dugun hilotz politikoa da, eta gerturatzen diren gazteak, iraganeko konfrontatzeko moduaren nostalgiagatik gerturatzen dira, batez ere. Orain arte esandakoetatik tiraka, konfrontatzen hasi aurretik ezker abertzalea indartu behar dela esateak ez dauka ez hanka eta ez bururik.

Arazoaz jakitun, artikulaziorako, hau da, gehiengoak sortzeko, konfrontazioaren balio eratzailea alboratu eta bidezidor bat hartu du ezker abertzaleak: independentismoaren artikulazioa Tetris baten moduan ulertzen duen alderdien arteko indar metaketa, EH Bildu sortuz lehenik eta EAJrekin akordioak bilatuz jarraian.

Jendea ezker abertzalekoa da, kasik, Athletikekoa edo Osasunakoa izan daitekeen moduan. Ezker abertzalea, gaur gaurkoz, konfrontatzeko modu bat bizi izan genuenok mantentzen dugun hilotz politikoa da.

Independentismoa saiatu da EH Bildurekin beste identitate zabalago bat sortzen. Hala ere, identitate berri hori sortu eta garatzeko eskaini den konfrontazioa, erakundeen markoan egiten dena izan da; kudeaketara mugatu dena alegia. Konfrontazio hori, jendartean garatu beharrean, erakundeetara soilik mugatzen denez, subjektu politiko pasiboa eratu du, ahula. Ez du polarizatzen, ezta jendea erakartzen ere. Denbora pasatu ahala, indarrean dagoen sistemaren markoa indartu eta espazio independentista ahuldu du.

Gehiengoak sortzeko beste bidea, lehenengoaren ondorio logikoa da: EAJrekin hitzarmenak bilatzea. EH Bildu nahikoa ez denez, EAJren beharra dago. Hitzarmen hori lortzeko Gure Esku Dago bezalako mugimendu bat alderdien agendaren menpe jarri dela uste dut, izan zezakeen potentzialtasunaren zati handiena kamustuz. Bide horrek, edozein aurrerabide egiteko giltza Sabin Etxean uzten du; bide itsua da, beraz.

Alderdien arteko metaketa ez da sekula askapen prozesuaren hasiera izango, gauzak ondo, konfrontazio herritarrak gainezka egin duelako gertatuko baita. Paralisiak jota gelditu nahi ez bada, alderdien hitzarmenak ez dira helburutzat jarri behar. Konfrontazio herritarrik sortu ezean, Tetriseko piezak bezala pilatuz sortutako subjektua, bata bestearen atzean jarritako dominoko piezak moduan eroriko da. Indar metaketak politikaren elitizazioa esan nahi du eta ondorioz, jendartearen desmobilizazioa. Hortxe gaude. Zer egin?

Espainiako Estatu barruan egin beharreko prozesu independentistak, indarrean dagoen legedia desobeditu beharko duenez, statu quo-a apurtzeko gaitasuna izango lukeen subjektu politikoa sortzera behartuta daude. Horregatik, gurean, prozesuaren iparrak jendartea erradikalizatzea izan behar du, ez Sabin Etxea mugiaraztea. Alderdi independentistek parametro horietan kokatu eta jokatu behar dute; jendartearen protagonismoa onartu eta berau erradikalizatzen lagundu behar dute. Bide horretan, udaletxeetan hasi daitezke herritarren gehiengo zabalaren begietara injustuak diren legeak ez betetzen; parlamentuetan posible ez den jendartearen eta erakundeen arteko elkarlan independentista udaletxe eta herri askotan izan baitaiteke gauzagarria. Munizipalismoak parlamentarismoari protagonismoa kendu beharko dio aurrerantzean.

Horrek guztiak, alderdi independentistei bere funtzioa eguneratzea eskatu behar die, bere buruaz galdetzea, alegia. Baina ez hori bakarrik, herri mugimenduek ere beren funtzionatzeko moduak aldatu beharko dituztela uste dut. Alderdiak interpelatzera mugatu beharrean, boteregune berriak sortzen hasi beharko dute. Konfrontazioak, gainera, folklorizazioan ez erortzen lagunduko die eta horrek indartu egingo ditu. Eta bukatzeko, agian, indar metaketaren logika antzua herri mugimenduei aplikatu beharrean, ad hoc sortutako mugimendu independentista herritarrean pentsatzen hasi beharko genuke.

Ezker abertzalearen 60 urtetako borrokari esker, erradikalizatu daitekeen jendartea eta militantzia politikoan ohitua dagoen pertsona asko ditugu. Hori da Euskal Herrian dugun altxorra. Baina paradoxikoa dirudien arren, eskema zaharretan kateatuta ibili nahi ez badugu, ezker abertzalea alde batera utzi beharko litzatekeela uste dut.

Parlamentuetatik prozesua martxan jartzea ezinezkoa denez, alderdien protagonismorik gabe, behetik eta konfrontazioa sortuz saiatu beharko du independentismoak Euskal Herrian errepublika eratzeko indarra izango duen subjektua sortzen. Konfrontazioak egingo gaitu berriro ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2018
Pobrezia 'trendy' bihurtu nahian

Zu zer zara, langile klasekoa? Prekarioa? Klase ertainekoa? Ertain-baxukoa agian? Gure baliabide ekonomikoak mailakatzeko erabiltzen diren kontzeptu horiek hedabide nagusietan agertzen dira oraindik tarteka, baina azken boladan sailkapen horien gainetik beste fenomeno batzuk... [+]


AHT: Amaiera gabeko trenbidea

Agintariek herritarrei “etorkizunaren” izenean hitz emandako Abiadura Handiko Trenbide sarearen hiru laurden amaitu gabe dago, lehen proiektuak hasi eta ia hiru hamarkada ondoren. Oraindik urteak beharko dituzte zati gehienak amaitzeko eta batzuk seguruenik ez dira... [+]


Langile borroka
Erresistentzia kutxan (derrigor) sartu beharreko bost gauza

Diru-ekarpenez, funtsez eta sosez harago, beste oinarrizko osagai batzuk ere behar dira sartu zorroan, greba baten bidaia luzerako prestatzeko.


Zer egingo dugu erasotzailearekin?

Eman dezagun zigor sistema ez zaigula baliagarria iruditzen, kartzelarik ez dugula nahi. Orduan, zein da alternatiba? Zer egingo dugu eraso matxista egin duen horrekin? Mugimendu feministek askoz gehiago landu dute erasoa jasan duenaren gaia, erasotzaileaz gutxiago gogoetatu da... [+]


Eguneraketa berriak daude