Nork egin behar ditu euskararen politika publikoak?

  • Euskararen normalizazio prozesua ez da beti krisian egongo. Bukatzeko bidean doa, adibidez, Egian, Agurainen, Lasarte-Orian, Hernanin eta Astigarragan. Norabidea markatzen ari diren herri-bideetako seinaleak dira. Autopistetako peajeek ilarak sortzen dituzte oraindik, ordea. Nor ari da aurrera begirako lanean? Eta nor dago, begirada tolerante eta kontsentsuzale barkaberaz, atzeguardiatik begira?


2017ko martxoaren 02an - 07:00
Ilustrazioa: Joseba Larratxe.

Euskararen normalizazio prozesua krisian sartu zen orain urte batzuk, nagusiki, eragileok zer egin ez genekielako. Baina baita nork egin behar zuen ados jartzen ez ginelako ere. Oraindik, ez zaigu harrigarri egiten nonbait “euskalgintza vs. erakunde publikoak” titularra ikusten dugunean. Eta ados, bi dimentsioek izan duten bilakaera historikoa korapilatsua izan da. Euskararen berreskurapen-prozesuaren errelatoa egin nahi duenak aipa ditzala Xiberta, edo Lizarra-Garazi. Harremanak, urtetan zehar, zerbaitek mikaztu baditu, gizarteko gainontzeko sektore guztietan eragin duen horrek mikaztu ditu. Horri, noski, eraldaketa-erritmo eta herrigintza-eredu ezberdinen konfrontazioa gehitu behar zaio. Euskalgintzak akuilu lana egin behar izan dio gobernuari, eta ez du beti ituan jo, estrategia desegokien erruz. Dena dela, atzetik zirika jardun beharrak, itzaletako lidergoaren lan astunak, indarrez hustutzea ere ekarri du. Eta, gainera, zer diren gauzak. Gizarte-mugimenduen aldarrikapenei erantzuteko, eta instituzioek akuilu lan hori neutralizatzeko modurik onena asmatu dute: teknifikazioa. Euskara teknikari bat ez dagoen lekuan euskara teknikari bat eskatzea nahitaezko aldarrikapen justua da, baina espero ez den efektua ekar dezake, administrazioaren jarduteko era geldoaren erruz.

Baina, gaur egun, hiper-ideologizazioaren eta politizazioaren errua baino gehiago, bi dimentsioen arteko talka irudikatzen badugu, gizartearen antolamendu ereduaren krisi bat bizi dugulako da. Zein da erakunde publikoei egozten diegun papera? Eta zer dira gizarte-mugimenduak? Bien artean versus bat txertatzea ez al da kapitalismoaren beste aurpegi bat gehiago, eremu publikoaren eta pribatuaren arteko arrakalaren sinbolo dena?

Euskararen normalizazio prozesua krisian sartu zen orain urte batzuk, nagusiki, eragileok zer egin ez genekielako. Baina baita nork egin behar zuen ados jartzen ez ginelako ere

Euskalgintzaren eta erakundeen arteko harremanak nahitaezkoak dira, horretan ez dute lekurik bai/ez motako zalantzek. Harremanik gabe, ez dago zereginik. Dena den, “elkarlana”, beste asko bezala, hustutako hitza da, eta esanahiz bete beharra dago. Eta horretarako, egitasmo zehatzak jarri behar dira martxan. Politika publikoak dira egitasmo zehatz horiek.

Ekintza sorta batek bakarrik jaso dezake “politika publiko” izena: gizartearen antolamenduan eragin bat (inpaktu bat) duenak. Hizkuntza-normalizazioan lanean ari garenok gizartearen antolamenduan eragiten dugu: hizkuntza normalizatzen ari garen heinean, hiztunen (pertsonen) arteko harremanak aldatzen ditugu. Eta, bistan da, hala hobe dela uste dugulako egiten dugu lan hori. Hizkuntza normalizazioa ez da gizarte normalago bat lortzeko bidea, gizarte hobe bat lortzekoa baizik.

Gizartea eraldatzeko nahia gizartetik bertatik irten behar da, baina eraldaketaren erritmoa (eta, batzuetan, norabidea) markatzeko eragileak behar dira. Izan gizarteak aukeratu dituen horiek, izan gizartetik ekimen propioz burua altxa duten horiek. Adibidez, gobernu batek, ezin du bere politiken nolabaiteko arrakasta falta zuritu, gizarteari ekimen falta egotzita; besteak beste, hori eginda, gizartean lanean ari diren antolamendu-egiturak egon badaudela (nahita) ahaztu dituela erakusten baitu.

Eremu publikoa-pribatua banaketan oinarritutako politika publikoak falazia bat dira. Eremu publikoa esklusiboki erakunde publikoekin identifikatzen duenak gezur hori puzten du. Eta, bestalde, bere burua eremu pribatura mugatzen duen gizarte-mugimendu batek (izan helburu ekonomikoak lehenesten dituelako, izan gizartean eragin bat izateko borondaterik ez duelako) politika publikoen diseinuan duen pisua nabarmen gutxitu beharko litzateke.

Beraz, nork eta nola erabaki behar ditu euskararen politika publikoak? “Herriarena da hitza!” oihuak egin du oihartzun, hamarkadaz hamarkada. Azkenaldian boladan daude instituzioetan herritarrek parte hartzeko proposamen eta sistema berriak. Proposamen horiek egiten ari direnek bazka ederra dute euskalgintzaren eta herri-erakundeen arteko harremanen historian, kontrako eztarritik joaten ez bazaie behintzat.

Euskararen politika publikoak ez dira erabakitzen batek diru-laguntzak eskatu eta besteak emanda. Ezta hitzarmenak sinatuta ere (diru-laguntza sistematik aurrerapauso bat erakusten duen arren). Elkarren arteko harremana (batez ere, zoritxarrez, ekonomikoa) saneatu beharra dago. Eta, horretarako, oinarrizko aldaketa batek izan behar du abiapuntu: Egitura bakoitzari bere lekua eta egitekoa aitortu behar zaio. Horretan, zoritxarrez, lan gehiago dute herri-erakundeek gizarte-mugimenduek baino. Izan ere, hesiaren bestaldean dagoena leziatzeko ohitura gehiegitxo egon da bazterrotan.

Soziologoentzako lan polita izan daiteke  “Euskaraz bizi nahi dut” kanpainak eta txantxangorriarenak hiztunen aktibazioan izan duten eragina alderatzea

Erakunde publikoek (tokikoek, erkidego mailakoek, denek) kontuan hartu behar dute, gaur egun, euskalgintza dela euskaldunak mobilizatzeko gaitasun handiena duen erakunde-multzoa. “Akatsa” (hala dei diezaiokegu?) koiunturala da: herri-erakundeek ez dute jendearen emozioetara iristeko gizarte-mugimenduek besteko gaitasunik. Eta hemen, aktibazioaz ari bagara, barruak mugitzeaz ari gara. Soziologoentzako lan polita izan daiteke  “Euskaraz bizi nahi dut” kanpainak eta txantxangorriarenak hiztunen aktibazioan izan duten eragina alderatzea.

Dena dela, ez zaigu uztarripeko idiarena egitea komeni. Hobe begirada zabaltzea. Erakunde publikoek gizartean duten irismena eta euskararen gizarte-mugimenduena oso ezberdina da tamainan. Euskal hiztuna (ez) den jende gehiegitxo dago euskara elkarteak edo Kontseilua badirenik ere ez dakiena. Inpresioa dut, jakin bai eta ez erabiltzearen mantrarekin gehitxo zigortu dugula gure burua euskaldunok, eta ahaztu egin ditugula ez dakitenak (pila bat dira oraindik, Artze). Euskalgintzak, euskaltegiek salbu, xede-taldetzat euskaldunak bakarrik hartuta bere burua lartxo mugatu ez ote duen. Ezin da erdaldunentzako (eta erdaldunekin) euskalgintzarik egin?

Gaur egun, “denonak” direla ulertzen dugun heinean, instituzioak dira erdaldun askorengana normalizazioaren mezua hedatzeko dugun bide bakarra, hedabideekin batera. Beste gauza bat da instituzioek, mezu hori ematerakoan, benetan asmatzen duten. Orokorkeriaz eta xalotasunaz asper-asper eginda gaude asko.

Egitura bakoitzak du bere lekua, eta egin behar du bere ekarpena. Donostia 2016aren barruan hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloan zer landu duten bezain inportantea da nork landu duen. Lidergo partekatuak irabaziak besterik ez dakartza, protokoloaren balizko hartzaileen aurreko zilegitasunean.

Beraz, orain, aurrera begira: Testuaren hasieran aipagai izan diren, eta normalizazio-prozesuaren krisi ditxosozkoari amaiera-turuta jo dioten herri-mugimendu horien bidetik, kapaz izango gara ganorazko politika publiko bat egiteko? Eta, egiten badugu, nork egingo dugu?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017
Begira al dezakegu etorkizunera itxaropenez?

Joseba Azkarragak uste du badirela arrazoiak 2017a konponbidearen urtea izango dela pentsatzeko. Besteak beste, gehiengo berriak ikusten ditu Gasteizen, Iruñean eta Madrilgo legebiltzarretan eta hori baliatu behar dela dio.


Ildo politikoa bideratu presoak noraezean utzita

Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.


Alderdi politikoak
EAJ-PSE: egonkortasuna ardatz, ezer alda ez dadin

EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote... [+]


2017-03-09 | Andeka Larrea
Titaniozko burbuila. Guggenheim Bilbao: 20 urte

Museoaren irekiera ikusgarritik hogei urte pasa direnean, planeta-estaldura mediatiko eta guzti, denborak ematen digun distantzia kritikoari esker bere kultura eginkizun eta esanahiaz hausnartzeko aukera paregabea irekitzen zaigu.


Aldaketak babes sistema sozialean

EAEn, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua.


Eguneraketa berriak daude