TTIP, CETA... 2017: Merkataritza Askeko Akordioak geldiarazteko urte erabakigarria

  • Merkataritza eta inbertsio itun handiek, uneon, gero eta garrantzi handiagoa dute debate politiko eta sozialean. Baina makro-hitzarmen horiek izozmendi eskerga baten tontorra baino ez dira.


2017ko otsailaren 24an - 07:10
(Irudia: Joseba Larratxe)

Merkataritza eta inbertsio itunek, uneon, gero eta garrantzi handiagoa dute debate politiko eta sozialean. Arreta horren erantzule nagusietako bat da AEBek eta Europar Batasunak azken urteotan bultzatutako belaunaldi berriko akordioen inguruko eztabaida. Mota horretako akordioek sinatzaileen sistema juridiko eta ekonomikoei eta, bereziki, herritarren bizitze ona-ri ekar diezazkiekeen ondorioei buruzko debatea biziberritu egin da, hainbat faktore direla eta: gero eta garrantzi handiagoko lurraldeak izatea tartean; sortu nahi diren merkataritza askeko eskualdeak bolumen ekonomiko eta komertzial oso handikoak izatea; herrialdeen barne-araudiei, oraingoei zein etorkizunekoei, zuzenean eragiten dieten edukiak gehitzea; eta atzerriko inbertsioak babesteko mekanismoen zabalkundea arintzea.      

Belaunaldi berriko itun horien negoziazioak gero eta mobilizazio handiagoa eragin du Europar Batasunean; hala, etengabeko kritika jaso dute TTIP (AEB-EB akordioa), CETA (EB-Kanada akordioa) eta TiSA (Zerbitzu Akordio Multilaterala) hitzarmenek, besteak beste. Aldi berean, TPP (Akordio Transpazifikoa) eztabaida pizten ari da Latinoamerika eta Asiako hainbat herrialdetan. Baina makro-hitzarmen horiek izozmendi eskerga baten tontorra baino ez dira, indarrean edo negoziazio bidean dauden aldebiko merkataritza akordio eta inbertsio itun sare gero eta zabalago eta gero eta konplexuago batek osatutako izozmendia. Azken hamarkadetan Ipar-Hego global noranzkoan ehundu den itun multzo batez ari gara; orain, itun horiek berraztertzen eta zabaltzen hasiak dira, merkataritza erregulatzeko tresna modura ez ezik, Europar Batasunak garatzen duen kutsu neoinperialistako kanpo politikaren elementu nahitaezko modura ere, AEBek irekitako bidetik.  

Hitzarmenak egoera zailean, baina…

2016an TTIP eta CETAren aurkako mobilizazioa sendotu egin da EBn. Protesta luzeek emaitzak lortu dituzte, eta aldi berean, alde negoziatzaileek liskarrak izan dituzte funtsezko gaiei dagokienez. EBko erakundeen artean ere izan dira ika-mikak, eta bazirudien horren ondorioz sortutako oztopoek kolokan jarriko zutela bi hitzarmenen geroa. Haatik, ezin dira lurperatutzat eman. 2017 urte erabakigarria izango da zalantzarik gabe.

Ukaezina da TTIPentzat egoera zail bihurtu dela, hainbat arrazoirengatik: ituna gogor kritikatu dute europar sozialdemokraziako zenbait pertsonaia esanguratsuk; Europako Batzordeak epeak moteldu behar izan zituen, eta onartu behar izan zuen TTIP Obamaren agintepeko sasoian onartzeko asmoa ez zegoela betetzerik; eta AEBetako gaur egungo presidenteak bere hauteskunde kanpainaren zati handi bat eman zuen hitzarmenaren aurka hitz egiten. Hala ere, CETArekin gertatutakoak erakutsi digu Europar Batasunak (bai Kontseiluak eta bai, batez ere, Batzordeak) asmo tinkoa duela itunokin aurrera jarraitzeko, eta oso gai dela oztopoak saihestu edo minimizatzeko. 

Europako erakundeak presiopean

Hala, alde batetik europar sozialdemokraziak, TTIP kritikatu arren, CETA babestea erabaki du, hau da, AEBekiko akordioaren atarikoa. Are gehiago:   eurolegebiltzarkide sozialdemokratek, kontserbadoreekin batera bozkatuz, eragotzi egin dute Europako Parlamentuak EBko Justizia Auzitegiari eskatzea Kanadarekiko akordioaren edukia azter dezala, Batasunaren zuzenbidearekin bateragarria ote den ebazteko. Bestetik, negoziazio gogor baten ostean Europako Batzordeak jakin izan du estatu kideak eta haien barruko eskualdeak konbentzitzen eta presionatzen (baita mehatxatzen ere) CETA bizirik mantendu eta haren sinatze-prozesua arintzeko. Gainera, Donald Trumpek, bere azken adierazpenetan, aldatu egin du TTIPen aurkako erabateko jarrera, eta besterik gabe agendan atzeratzera mugatu da.

Mota horretako akordio guztiak estrategia beraren barruan daude: 'Lex Mercatoria' sendotzea, alegia, multinazionalen interesen neurriko jantzi arau-emailea, merkataritza balore absolututzat eta atzerriko inbertsioaren babesa lehentasunezko helburutzat dituena.

Oraindik badira, zalantzarik gabe, oztopo garrantzitsuak, bereziki EBren esparruan berreste-prozesua oso aurreratua duen CETArentzat. Otsailean Europako Legebiltzarrean egingo den bozketa zalapartatsua izango dela aurreikusten da. Eurodiputatu sozialdemokrata batzuek jarrera errebeldea agertu dute argiro, eta ezkerraren eta berdeen arteko batasunak oldartze estrategiari eusten dio, argudio sendoak erabiliz eta herritarren eta gizarte mugimenduen kanpainekin koordinatuz. Behin bozketa hori eginda, seguruenik itunaren alde, estatu kide bakoitzean berresteko prozesua hasiko da, nahiz eta akordioa ia osorik indarrean izango den ordurako.   

Multinazionalen interesen neurriko jantzia

TTIP, CETA, TiSA eta TPPren eboluzioak berebiziko garrantzia izango du 2017an, baina itun horiek ez dira bakarrak. EB beste batzuk sustatzen ari da, haiek bezala ondorio sozial gogorrak dituztenak eta erabakimen demokratikoko prozedurei era bertsuan eraso egiten dietenak. Ildo horretan, ezin ahaztu Ekuadorrekiko Akordioa, zeinaren bidez herrialde hori dagoeneko Kolonbiarekin eta Perurekin egindako hitzarmenera batuko den;  Brasilen eta Argentinan izandako gobernu aldaketen ostean azkartzen ari den Mercosurrekiko Akordioaren negoziazioa; edota Marokorekin negoziatzen ari den “merkataritza askeko akordio sakon eta zabala”. Denak daude estrategia beraren barruan: Lex Mercatoria sendotzea, alegia, multinazionalen interesen neurriko jantzi arau-emailea, merkataritza balore absolututzat eta atzerriko inbertsioaren babesa lehentasunezko helburutzat dituena. CETA eta TTIPen aurka borrokatzeak EBren Hegoalde Globalarekiko ekinbidea errefusatzea eta gaur egungo dinamikari alternatibak mahai gainean jartzea ere badakar. Hori da, zalantzarik gabe, 2017rako beste erronka.   


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017
Begira al dezakegu etorkizunera itxaropenez?

Joseba Azkarragak uste du badirela arrazoiak 2017a konponbidearen urtea izango dela pentsatzeko. Besteak beste, gehiengo berriak ikusten ditu Gasteizen, Iruñean eta Madrilgo legebiltzarretan eta hori baliatu behar dela dio.


Ildo politikoa bideratu presoak noraezean utzita

Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.


Alderdi politikoak
EAJ-PSE: egonkortasuna ardatz, ezer alda ez dadin

EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote... [+]


2017-03-09 | Andeka Larrea
Titaniozko burbuila. Guggenheim Bilbao: 20 urte

Museoaren irekiera ikusgarritik hogei urte pasa direnean, planeta-estaldura mediatiko eta guzti, denborak ematen digun distantzia kritikoari esker bere kultura eginkizun eta esanahiaz hausnartzeko aukera paregabea irekitzen zaigu.


Aldaketak babes sistema sozialean

EAEn, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua.


Eguneraketa berriak daude