EAJ-PSE: egonkortasuna ardatz, ezer alda ez dadin

  • EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote historikoa. PPk, gainera, indartu egin dezake  egonkortasun hori. Eta tentsiorik gabeko giro horretan, jeltzaleek estatutu berri bat bideratu nahi dute.


2017ko martxoaren 29an - 11:01
Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Idoia Mendia koalizio akordioa sinatu ondoren. (Arg.: EAJ)

Eusko Legebiltzarreko iazko iraileko hauteskundeek aldaketa esanguratsuak zekartzaten beren baitan 2012koekin alderatuta. Aurreikusitako moduan, EAJ izan zen nagusi; Ahal Dugu lehenbiziz egongo zen Eusko Legebiltzarrean, oraingoan Elkarrekin Podemos formularekin, Ezker Batua eta Ahal Duguren indarrak bilduz; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bien artean zenbat eserleku bilduko zituzten ere ikusgai zen.

Azkenean, gauza gutxi aldatu da oro har, eta denak segitzen du berdintsu; edo aldaketarik izan bada, gobernu eraketaren inguruan izan da: EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernua egin zuten eta formula honek bi hamarkada atzera eraman gaitu: 1987tik 1998ra ere EAJk eta PSEk koalizio gobernuak eratu zituzten.

Hori bai, oso indar harreman desberdinarekin, orduan lehiakide ziren eta ohikoa zen PSOEk Espainiako hauteskunde orokorrak irabaztea euskal lurretan eta EAJk Eusko Legebiltzarrekoak. Iragan irailekoetan PSEk azken 36 urteko emaitzarik txarrenak lortu zituen autonomikoetan: 1980an 151.000 boto eta 2016an 126.000. Hauteskundeetako emaitza kaskarrenek eta laugarren alderdia bihurtzeak hiru sail eman dizkiote egoera berriari eusteko hamabi sailera handitu den Eusko Jaurlaritzaren banaketa berrian. Gutxik lortzen dute hainbeste hain gutxirekin.

Bestelakoa izango da ea horrek zer emaitza ekartzen dion bere etorkizun politikoan, baina “hori hurrengo hauteskundeetako kontua da”, pentsatuko dute PSEko buruzagiek: hobe epelean oposizioko eserleku hotzetan baino. Ez da egiten ari azken ia lau hamarkadatan egin ez duenik; baina, agian, egia izan liteke ere bere egungo egoera hamarkada horien ondorio zuzena dela. Igelaren goxotasun hilkorrarekin adi ibili beharko du: uretan da igela, ura gero eta beroago jartzen diote, epel jarraitzen du, goxo, baina gero eta beroago eta ohartu orduko hil egiten da, beroegi da hura beretzat.

EAEko unionismo klasikoaren krisia begi-bistakoa da, PSOE eta PP EAEn gainbehera datoz azken bosturtekoan, edo hori da behintzat haien hauteskundeetako emaitzek diotena. Azken urte hauetan indar biek euren historiako emaitzik txarrenak izaten ari dira erkidego autonomikoan. PSEren porrota oso argi gelditu zen eta alderdiak hala onartu zuen burumakur, baina PPrena ez horrenbeste, batez ere inkesten iragarpena askoz txarragoa zelako. Beraz, bere 26 urteko historiako laugarren emaitzarik txarrena erdiestea ez zen inongo hondamendirik izan popularrentzat: 83.000 boto lortu zituen sortu zenean, 1990ean; 326.000ko gailurra jo zuen 2001ean eta 107.000 boto patrikaratu zituen 2016an. Zenbakiak berez mintzo dira.

Hauteskundeen biharamunean EAJ botoen aparretan zebilen enegarrenez garaipen handia lortu ondoren: 29 eserleku erdietsi zituen lehen kontaketaren arabera, PSErekin zein PPrekin gehiengo osoa ematen zion emaitzak. Kontaketa berri batek, alabaina, 29. parlamentarioa EH Bilduren lerroetara eraman zuen. Berez, eskainu bakar horrek ez du aldaketa handirik ekarriko legealdiari begira, baina ateak irekitzen ditu hainbatetan bestelako gehiengo bat osa dadin, esaterako EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSErena. Dena den, legealdian zehar ez dugu argazki hori ikusiko, koalizio gobernuak osorik jarraitzen duen bitartean.

2013ko irailetik landutako koalizioa

Diputazioetan eta udaletan EAJk eta PSEk aldez aurretik dituzte akordioak, eta aurreko legealdian ere sozialistek sostengua eman zieten jeltzaleei; horrek guztiak errun den akordioa iragartzen zuen, formatu batean ala bestean. Berez, 2013ko iraileko EAJ-PSE akordio politiko sakona da oraingo akordioaren oinarrian, harrez geroztik joan da zabaltzen ituna gainerako instituzioetara.

Patxi Lopez, Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar EAJk eta PSE-EEk 2013an sinatutako akordioa ospatzen. 

Formatu batean edo bestean, zerbait argi badago EAJren nagusitasuna da, esparru instituzional eta politikoan 90eko hamarkadakoa baino handiagoa gainera. Orduan ere nagusi zen, baina PSEk beste indar bat zuen eta PP ere indartzen ari zen. Horrez gain, ETAk ere joko instituzionaletik kanpo indar handiz baldintzatzen zuen euskal politika. Alde horretatik, zorionez, ez da zalantzarik orain orduan baino hobeto gaudela euskal gizartean: oposizioa Legebiltzarrean da, armarik gabe, edo bestela kalean, lantegietan edo gizarteko hainbat zirrikitutan, Urkulluk berak oso gustuko ez duen gizarte mugimenduan antolatuta.

Berrikuntzarik ez aurrera begira

Krisia? Krisia 2008ko kontua zen, EAEn jadanik gainditua dago, edo gutxienez hala dirudi Iñigo Urkullu eta Idoia Mendiaren arteko ituna irakurrita. Hor ez da krisi larririk, ez prekarietaterik, gazteen langabezia latzik, krisi sistemikorik… Hori guztia paperetik ezabatzea da akordioan idatzi gabe dagoen klabeetakoa, eta halako mezua gizarteratzea: “Hemen ondo kudeatu da krisia, Espainian baino hobeto, eta hala jarraituko dugu, enplegua sortzen eta…”. Paper horietan ez, baina errealitatean hemen dago krisia gaur egun ere.

Ez du esan nahi horiei guztiei aurre egiteko printzipio idatzirik ez dagoenik akordioan. Areago, bere espirituan bereziki zaindu nahi da izaera soziala, baina akordioa jarraipenekoa da, printzipio eta asmoetan ez delako jauzirik ikusten: Aznarren Espainia beti ondo bizi zen gisan, Urkulluren Euskadi ere ondo doa, eta batez ere, Espainia baino hobeto. Mezu hori euskal herritarrei behin eta berriz saltzea izan da EAJren azken urteetako lorpen komunikatibo handienetakoa. Baina euskal politikara aldaketa sakonak ekartzeko borondate maila handiagoa, autogobernu maila sakonagoa eta diru gehiago behar dira.

Enplegua handitzea da koalizio akordioaren funtsa, diru gehiago biltzeko Mendebaldeko ongizate sistemak erabili ohi duen formula, tarta handitzea ondoren gehiago banatu ahal izateko. Baina helburu klasiko horrek zailtasun handiak ditu egungo Europako eredu sozialean, azken hamarkadetan eta batez ere 2008tik gaurdaino, neoliberalismoak egin dion erasoarekin jota gelditu da. Zeresanik ez, egungo enplegu hazkundearen ezaugarri nagusienak, soldata txikia eta prekarietate handia dira. Gero eta gehiago ikusten ari den gisan, gaur egun lana izateak ez du langilea pobreziatik ateratzea bermatzen.

Desarrollismoaren baitan bada ere, azken bizpahiru urteetan hazkunde ekonomikoa ematen ari da berriz mendebaldeko herrialde askotan, eta baita Euskal Herrian ere. Oraingoan, ostera, datu guztiek diote aberastasunaren banaketa gero eta desberdinago egiten ari dela eta gehien dutenek gero eta gehiago pilatzen dutela; eta gutxiago dutenen multzoa gero eta sendoagoa dela, besteak beste klase ertaineko multzo zabala harmailak jaisten ari delako bere kokapen sozio-ekonomikoan.

Zerga politika da aberastasuna banatzeko beste tresna eraginkorra eta, gaur egun, bide hori da segurtasunez sos gehiago biltzeko molde bakarra. Esparru horretan, baina, ez da aldaketarik espero. Oro har, jarraipeneko politikak egingo ditu Urkulluren gobernuak, kudeaketa onean jarriko du indarra eta hori salduko du, orain arte ere eraginkorra izan zaio eta.

Erabaki eskubiderik gabeko autogobernua

Esparru hauetan ere ez da jauzi handirik espero, baina batek daki, Kataluniakoa prozesua intxaurrondoa astintzen ari baita eta jeltzaleak trebetasun historikoa erakutsi ohi dute intxaurrak jasotzen. Horrez gain, berandu baino lehen Espainiako Konstituzioaren meloi ospetsua ere irekiko da eta hortik ere atera liteke egoera berririk. Kontua da, ordea, egoera horietatik urrats burujabe garrantzitsuak egiteko komeni ohi dela ideia soberanistaren aldekoen adostasun eta presioa. Bistan da ez dela hori egoera euskal gizartean.

EAJk eta PSEk sinatutako akordioan, herri honi “nazio” aitortza ematea urratsa litzateke baldin eta Estatutu berrian islatuko balitz. Aipatzen da baita ere “erabaki eskubidearen aldekoa” dela ituna, baina beti ere egungo markoaren arauak errespetatzen badira. Tira, badakigula zer dioen Espainiako Konstituzioak erabakitze eskubideari buruz. Oraingoz, nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea autogobernu batzordean mintzagai izatea adostu dela, ez besterik. Hori bera ere bada neurgailu bat, Gernikako Estatutua onartu eta ia 40 urtera nola gauden erakusten duena.

1979an onartu zen Gernikako Estatutua EAEn erreferendumez.

Gasteizko Legebiltzarrean kontzeptu horiez hitz egingo da, zalantzarik gabe, bere sorreratik gaurdaino hitz egin den bezala, baina ez dira sartuko onartu beharreko estatutu berrian, ez behintzat hitzez hitz, eta bereziki erabakitzeko eskubidea. PSEren logikan herritarrak etengabe ari dira erabakitzen beren etorkizunaz, eta ez zaio arrazoirik falta, gertatzen dena da ezin dutela nahi duten guztiaz erabaki. Estatuaren amarruak duela 36 urteko leku berean darrai, demokrazia defizitak ere bai: soberania Espainiaren eskuetan da eta kito, eta badaezpada Estatuaren biolentzia monopolioak ondo zainduta.

Gernikako Estatutuaren 35 bat eskumen falta dira transferitzeko Espainiako Gobernuaren aldetik. Abertzaletasunak, eta EAJk bereziki, aspertzeraino errepikatu dute Gernikako Estatutua lege bat bada, berau bete egin behar dela eta kito. Unionismoak aldian aldiko erantzun du Espainiaren batasunarekiko leialtasunik gabe, aldarrikapen horiek hutsalak direla. Funtsean haiek markatzen dute legea noiz aplikatzen den eta noiz ez, legea nola interpretatu behar den eta nola ez, eta horren arabera, noiz zigortu eta noiz ez. EAJren ustez PPk eta PSOEk ia adostasun bakarra izan dute beren politiketan: transferentzia berririk ez egitea. Orduan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren zortzi urteko agintaldian edota Patxi Lopez lehendakari izan zenean transferentzia horien erdia, herena edo laurdena egin ez bazen, zergatik egin behar dira orain? Azken bi hamarkadatan Estatua ondo arduratu da birzentralizazio prozesua bideratzen, Kataluniakoak behartuta egoera aldatzen ez bada, ez da faktorerik Estatua kontrako norabidean jartzeko.

Legezko kontu bat da, egin beharrekoa eta kito, Gernikako Estatutuak dioena. Baina, gainera, kontua ez da transferentzia horiek egitea edo ez; hori asko litzateke, zalantza barik, baina aferaren muina da Estatutua berritzea eta honek euskal gizartea beste posizio batean jartzea bere autogobernuari dagokionez. Ikuspegi demokratikotik, nola uler liteke gaur egun, adibidez, Estatutu berri bat onartzea eta honek ez jasotzea erabakitzeko eskubidea?

Bada, hori da EAJk eta PSEk bideratu nahi dutena, eta herritar asko jokaldia nola egiten den ikusteko grina biziz dago. Hau da, EAJk saltzen duen aldebikotasun politiko ospetsu hori zertan geratuko da? Edo, bestela esanda, Josu Jon Imazen “ez eragotzi, ez inposatu” aspaldiko hura nola itzultzen da egungo Espainiaren errealitate  politikoan? Hori guztia noiz eta Kataluniak Espainiaren lurraldetasuna kolokan jarri duenean, Espainia eta Kataluniaren arteko zilegitasun gatazka lehertzera doanean eta Espainiak arazoa bideratzeko errepresioa edo negoziazioaren hautua egin beharko duenean.

Erabaki eskubidea edo aldebikotasuna

Ikuspegi burujabezaletik badira hainbat arrazoi ezkor izateko: iragan hurbileko bazkide hauen jardunak hala diosku. Lekutan da 2003an Ibarretxe lehendakariak abiarazi zuen Estatutu Berriaren proposamen soberanista. Hamairu urte ondoren jeltzaleek ez diote alternatibarik marraztu hari, bere garaian “ETA zegoelako” eta ondoren nagusitasuna eskuratu duelako eta ez zaiolako beharrezko. Zer egoera beharko da Euskal Herrian CDCk Katalunian eman zuen urratsa jeltzaleek hemen eman dezaten? Inork ez daki oraindik, seguruenik EAJren baitan ere ez, eta erantzunak bilatzen hastekotan oso posible da iritzi aski desberdinetara iristea barne mailan ere. Jeltzaleek batasun trinkoa erakutsi dute iragan hamarkadako Imaz-Egibar lehia eta Ibarretxe planaren porrotaren ondoren, baina historiak erakusten digu lantzean behin bi arima jeltzaleen arteko lehia bizi-bizi azaleratzen dela.

Erabakitzeko eskubidearen alde Oarsoaldean egindako mobilizazioa. (Arg: Oarsoaldeko hitza)

Berez, EAJk sostengua ematen die Gure Esku Dagok bultzatutako kontsulta soberanistei, baina hori baino zerbait gehiago beharko da EAJk burujabetzan egiazko jausia eman dezan. Gerta liteke bide horretan gizarte zibil soberanista indartzea eta nortasun politikoa hartzea, baina hala izatekotan ere kontsulten kapitulua amaitu beharko da lehenik. 2016an egin zen kontsulten lehen olatua eta bigarrena eta hirugarrena egingo dira 2017an eta 2018an. Euskal mugimendu soberanistak baditu bi urte pentsatzen hasteko 2019an zer egingo duen, orain arteko uhin arrakastatsu horiek etsipenean lehorreratzea nahi ez bada.

Ez dago batere garbi nola ezkondu litekeen Gure Esku Dagoren kontsulten bidea eta EAJren aldebikotasunaren estrategia, behintzat erabaki eskubidea lotailu ez bada, eta ez dirudi hala denik. Kontua da jeltzaleek legealdi honetan PPrekin eta PSOErekin autogobernu langa berri bat negoziatuz gero, akaso autogobernuaren erronka lotua gera litekeela gutxienez beste hamarkada pare baterako. Edozein modutan, gaitza da halako aurreikuspenik egitea egungo mundu aldakorrean.

Egia esan, beharrak eta unean uneko abaguneak aginduko dute jeltzaleen bidea. Aurreko legealdian ere EAJk estatutu berri bat agindu zuen eta berau kontsultara eramango zuela 2015ean, baina joan zen uda eta negua heldu da. Ez dute azalpen handirik eman jeltzaleek eta eskatu ere ez zaie gehiegi eskatu. Jakina, promesak egin ziren 2012ko hartan, EH Bilduren udal eta foru hauteskundeetako arnas sendoa lepoan bertan sentitzen zuten jeltzaleek eta gaur egun ez.

PPren eta EAJren hurbilketa

PPk Espainiako hauteskunde orokorren ondoren Kongresuan duen egoera berriak ekar ditzake bestelako egoerak euskal politikara ere. Mariano Rajoyk ez du gehiengo osorik, ezta Ciudadanosekin ere eta horrek unean uneko akordioak bilatzera eramango du. Eta halakoetan, jeltzaleak beti erne izan dira. Printzipioz, 2017ko Espainiako aurrekontu orokorretarako PPk proposatutako diru sabaia onartu zuten jeltzaleek, eta horrek ere elikatu du bi indar politikoen arteko elkarrizketa giroa.

PPko Anton Danborenea eta Pedro Azpiazu sailburu jeltzalea aurrekontuen sinadura ekitaldian.

Abenduaren 20an, esaterako, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren Aldebiko Batzordea bildu zen Rajoyren gobernuak helegitea jarri dien sei auziri buruz jarduteko. Beste hamabost gai ere itxaron zerrendan dira batzorde honetan. Jeltzaleak ez ziren pozik atera bilera “tekniko” hartatik, baina ahots ugarik adierazten dute bi aldeen arteko harremanak garai emankorragoan sartuko direla legealdi honetan. Ahots horiek Vocento taldetik ateratzen ari dira batez ere. Talde mediatiko honek –Prisak bezala– pozik hartu zuen EAJren eta PSEren arteko koalizio gobernua, eta bista da pozarren hartuko lukeela bi gobernuen arteko harreman estuagoa: “EAJk eta PPk ekin diote elkar ulertzeari”, horixe zen aipatu bilera bezperako El Diario Vasco-ren titulu handia.  

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos

Azken urteotako Ahal Duguren indartzeak kezka sortu du ezkerreko independentista askorengan, haiek bezalako “ustezko” ezkerreko independentista askok botoa aldatu duelako. Ahal Dugu ezker abertzaletik eta ezker unionistatik elikatu da azken urteetan, baina sektore horietako milaka jendek askoz lehenago ere egina zuen topo krisiak kaleetan ekarri zuen erantzun zabalean. Ez oso modu sendoan, zalantza askorekin nahi bada, eta gero eta ahulago, baina aurretiko horiek elikatu zuten ondoko mezua: EH Bilduren eta Ahal Duguren aliantzak ekar dezake aldaketarik EAEko esparru instituzionalean ere, Nafarroan bezala.

Udalen batzuetan kenduta, ez da aurreikuspena bete ordea, bai bien artean indarrik ez dutelako eta, are okerrago, bai borondaterik ere erakutsi ez dutelako. Alde horretatik, esperantza batzuk bederen zapuztu dituzte bi indarrek. Legealdi oso bat dute aurrez aurre, sortutako hainbat etsipen bideratu gura badute behinikbehin. Oso izaera eta osaketa desberdina dute, baina esparru askotan bat datoz eta ulergaitza litzateke dinamika bateratuetan aurrera ez egitea, ez luke zentzu handirik gizartera begiratzearen diskurtsoarekin.

EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Duguko kideen bilera bat Eusko Legebiltzarrean. (Arg.: Juanan Ruiz / Argazki Press)

EH Bilduk 53.000 boto galdu zituen 2012ko hauteskundeekin alderatuta, baina 71.000 berreskuratu zituen Espainiako hauteskunde orokorretako bigarren txandatik. Eta gainera, Elkarrekin Podemos aise gainditu zuen eta bigarren postua lortu zuen hemezortzi parlamentarirekin. Ahal Duguk Espainiako hauteskundeetan EAEko lehen postua lortu zuen eta horrek beldur handia eragin zuen EH Bilduko lerroetan. Bere egoera, hala ere, ez da 2011koa eta ezin daiteke esan guztiz finkatu denik, baina airoso atera zen hauteskunde autonomikoetatik.

Elkarrekin Podemosi dagokionez, kolpe bakarrean Eusko Legebiltzarrera hamaika eserlekurekin sartzen denak aitortza politiko sendoena behar du. Hasieratik onartu beharreko lorpen itzela da hori. Baina hori esanda, aipatu behar da baita ere, aurreikuspenetatik urruti geratu zela eta hori bere zenbakietan ur izoztua botatzea izan zela: Espainiako hauteskunde orokorretan nagusitasuna lortu berri zuen EAEn, Ezker Batuarekin koalizioa lotu berria ere bat, eta gainera, bere arerio zuzena zen ezker abertzalea historian izandako boto galera handienetik zetorren. Bigarren postua izateko osagai guztiak zituen Pili Zabalak gidatutako indarrak, baina EH Bildutik zazpi parlamentari eta 68.000 botora geratu zen.

Presoak eta armak

Bakegintza da euskal politikan oraindik atzera aurrera dabilen beste esparru handietako bat. ETAk borroka armatua utzi zuenetik bost urte iragan dira jada eta irteera ordenatu ospetsuak jai du oraingoz, funtsean, Madrilek egoerari oraindik etekina ateratzen diolako eta euskal gizarteak ez duelako behar beste presio egiten gaia bideratzeko. Jakin beharrekoa da, alabaina, auzia ondo ez bideratzeak zauriak ondo ez ixtea ekarriko duela alor guztietan: giza eskubideen begirunean, biktimetan, memorian eta, oro har, bake prozesu batek dituen ohiko osagaietan. Gauzak egiten ari dira alor guztietan, baina ez behar bezalako indarrez, ez behar bezalako norabidean.

Euskal gizartean, dena den, gaiak bere garrantzia du: logikoa denez, ez gatazkaren garaian zuen bera, baina seguruenik bai hainbat ikerketa soziologikok agertzen dutena baino gehiago. Edozein kasutan, eragile politikoek eta instituzioek badute ardurarik gizarteko lehen lerroetan jartzen diren gai eta mezuetan. Bake prozesu bat ganoraz bideratzea ez ei da euskal gizartearen gai garrantzitsuenen podiumean, baina horrek ez du esan nahi garrantzirik ez duenik. Gizartearen ehuneko handi batek “hau da bakea” dioela azpimarratzen dute etengabe, baina gizartearen ehuneko handi horrek berak dio baita ere sakabanaketarekin amaitu beharko lukeela Madrilek. Zergatik kontrajarri nahi dira mezuok? Zergatik eramaten da bat titulura eta bestea lerro artean utzi?  

2016ko amaieran Bakearen artisauei Luhuson armak desegiteko atzemandako tresneria. (Arg.: Bakearen artisauak)

Presoen gaia eta ETAren armagabetzea dira bakegintzaren agendako gai nagusiak. Presoenak baditu bi adar: bata, presoek beraiek jorratu beharko dutena Espainiako legediak uzten dituen zirrikituak irekiz; arantzaz beteriko gaia da EPPKrentzat, presoen artean eztabaida sakona ekarri duena beti eta orain ere bai. Eztabaida prozesua amaitu du jada kolektiboak eta legezko bideen erabilpenean sakontzen jarraituko du, 2013an erabaki zuen legez. Gaia oso konplexua da presoen munduaren kohesiorako, horraino ulertzen da, baina kanpotik begiratuta bederen ez da samur ulertzen zergatik ez diren urrats gehiago hartzen legeak erabiltzearen bide horretan. Eta norbaitek gehiago azaltzen ez badu bederen, pentsatzekoa da ez direla urrats gehiago ematen hori oztopatzen duten hainbat ikuspegi direlako. Negoziazio eskema adostu batean armak eta presoak alor gaitzenetakoak badira, are eta korapilatsuagoak bihurtzen dira Estatuak konponbidea oztopatzeko erabiltzen dituenean.

Urtearen hondarrean Luhusoko gertakariek erakutsi duten moduan, gaiak jarraitzen du garrantzitsua izaten euskal gizartearentzat. Hango gertaerek erakutsi dute gizarte zibila ere garrantzitsua izan daitekeela arazoa bideratzeko, kasu honetan ETAren armagabetzea oinarri hartuta. Ezin du gaia konpondu, baina bai astindu, dagokionak bidera dezan. Ipar Euskal Herriko esparru politiko osoak –eskuin frantsesfilotik ezker abertzaleraino– inbidiagarria den kohesio maila erakutsi du bake prozesua eta armagabetzearekin. Mezu argi eta tinkoa bideratzen ari dira azken urteetan eta bereziki 2015ean Parisen egin zen Bake Konferentziaz geroztik: bultzatu irteera ordenatua, duina, denontzat onena izango da eta, bada ordua. Luhuson atxilotutako boskoteak eta haien inguruan eratutako sostengu uholdeak urrats txiki bat handia bilaka daitekeela erakutsi dute, militante batzuen adorea tartean, ondo ongarritutako lurrean hazia ereiten bada bederen.

Justizia, egia, erreparazioa, eta ez-errepikapena. Laukote horrek beharko luke apurka bide egiten ari den bizikidetza berriaren ipar, baina ez da hala, oraindik ere “irabazle eta galtzaileen” logika nagusi da euskal gatazkaren labirintoan. Aldebakartasuna da prozesu honen orain arteko ezaugarri nagusia, eta hala jarraitu beharko du izaten aurrera begira ere. Eta bide horretan, ezker abertzaleak izango du zirrikituak irekitzen jarraitzeko erantzukizunik handiena. Ez dirudi Estatuak ezertxo ere lagunduko dionik bide horretan, seguruenik guztiz kontrara. Bakeaz, giza eskubideen begiruneaz eta bizikidetzaz arduratua dagoen gizarte zibilean izango du laguntzarik horretarako.

Artikulu hau 2016ko 'Aktualitatearen Gakoak' argitalpenean argitaratu da


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017
Begira al dezakegu etorkizunera itxaropenez?

Joseba Azkarragak uste du badirela arrazoiak 2017a konponbidearen urtea izango dela pentsatzeko. Besteak beste, gehiengo berriak ikusten ditu Gasteizen, Iruñean eta Madrilgo legebiltzarretan eta hori baliatu behar dela dio.


Ildo politikoa bideratu presoak noraezean utzita

Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.


2017-03-09 | Andeka Larrea
Titaniozko burbuila. Guggenheim Bilbao: 20 urte

Museoaren irekiera ikusgarritik hogei urte pasa direnean, planeta-estaldura mediatiko eta guzti, denborak ematen digun distantzia kritikoari esker bere kultura eginkizun eta esanahiaz hausnartzeko aukera paregabea irekitzen zaigu.


Aldaketak babes sistema sozialean

EAEn, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua.


Asanblada eta kanpalekua. Politika, bestelako munduak sortzeko

Zergatik ez du Nuit Debout frantziarrak M15 espainiarraren irismenik izan? Elementu guztiak zeuden (eta daude) mahai gainean: alderdi sozialistaren beste eraso bat lan eskubideen aurka ("Loi travail"), egonezin sakona eta "zerbait gerta zedin" guraria giroan... [+]


Eguneraketa berriak daude