Emakumeak borrokan

Elikadura: joerak arau bihurtzeko beharra

  • Elikagaien komertzializazio bide laburrak eta janari osasungarria joera bihurtu omen dira, baina baserritarrek zer diote horren inguruan?

Esti Redondo
2017ko martxoaren 03a
(Irudia: Joseba Larratxe)

Baserritarrez kalean dagoen pertzepzioaren ikuspegitik, gremioko batek esandakoa bururatzen zaigu. Orain dela hogei urte baserrian bizi nahi genuela esaten genuenean jendeak txoroak bagina bezala begiratzen zigun, arraroak ginen. Urte haietan ortuzaintza ekologiko ikastaroa egin eta agro-negozioak sortutako kalteak ikastea beldurgarria izan zen, kapitalismo basatiaren beste alde bat ezagutu genuen, eta gutxi batzuok egin genion kasu: transgenikoak, hormonak, animalien kontrako tratu txarrak... Ortuari buruz norbaitekin hitz egiten saiatu eta jendeak zeukan jakituri bakarra marihuana landaketari buruzkoa zen; horretan bai, hainbat aditu.

Hori guztia ikusita, esan genezake baietz, orain “tendentzia” garela, modan gaude, jendeak batzuetan inbidiaz ere begiratzen digu. Gaztetxeetan ortuak sortu dira, auzotarrak aitzurraz ikusten ditugu hirietan okupatu diren lurzoruetan, jende gehiagok dauka baratzea... Kaletik ortuari buruzko aholkuak ere eskatzen dizkigute, edo uztak komentatzen ditugu, irrati saioetan aritzen gara eta hitzaldietarako deitzen gaituzte. 

Aldea nabarmena da, orain ortua izatea balio erantsia da.

Elikagai ekoizpenaz dugun irudiaz batera, aldatu zaigu kontsumoa ere. Adibidez, barazki ekologikoz betetako poltsarekin ikusten dugu jendea poteoan, gero eta denda ekologiko gehiago hiri eta herrietan, haragi industrialari egindako kritikak entzungai... Aurrerapausoak, zalantza gabe. Beste lagun batzuk egiten ari diren ikerketa baten ondorioa da norbanakoen mailan ematen diren aldaketa horiek ez direla maila kolektibora heldu.

Zailtasunak zailtasun, bagabiltza hainbat hausnarketa eta urrats ematen: hainbat txosnak lehengaiak erostean duten ardura, antolatutako azokak, Frackanpada, herri bazkariak...

Kalitatez eta osasungarri jateak giza eskubidea izan behar luke; joera arau bihurtzeko pausoak, borrokak, behar ditugu. Modak eta tendentziak arriskutsuegiak dira eta ezin dugu haien esku utzi gure elikadura

Hortik orokortasunera oso tarte handia dugu, oraindik ere. Baserritarrek herriarentzat ekoiztea dute helburu, eta herriaren oso parte txiki batek jaten du gaur egun haiek ekoiztutakoa. Administrazioaren erosketa publikoei dagokienez eztabaida oso hastapenetan dago (eskolak, ospitaleak, eguneko zentroak, jantokiak...), baina behintzat heldu da. Ez da gutxi, ezta nahikoa ere. 

Eta kontsumismoak baditu aldaezinak ematen duten tendentziak, hona hemen hiru adibide: batetik, nola uztartu jendeak abuztuan oporretan joateko duen joera naturak abuztuan uzta eder eta bikainak emateko duenarekin? Baserritarrak hondartzara jaisten dira beraien produktuak eskainiz; aldiz, jendeak janari merkea erosten du supermerkatuetan, eta janari merke eta kalitate eskasekoa eskuratzen du txosna gehienetan. Izan ere, supermerkatu berriak zabaltzen dira eta jendea ilaran zain egoten da barrura sartzeko, janari merkea (okindegiak, fruta dendak...) barra-barra agertu zaizkigu. Gutxiengoaren joera dira komertzializazio bide laburrak.

Bigarrenik, kalitatezkoa eta osasungarria den kinoaren kontsumoa biderkatu zaigu. Andeetako herrialdeetako dietaren osagai oinarrizkoa izanik, esportaziorako produzitzen hasi eta prezioak igo dira, hangoari jateko eskubidea ukatuz. Kinoa kaloria asko behar den leku oso hotzetan kontsumitzen zen eta orain guk udan ere jaten dugu. Nola ekoizten den ez dakigu, zein baldintza ekologiko, politiko eta sozialetan; eta hala ere, jan egiten dugu. Zeri deitzen diogu beraz kalitatez eta osasungarri jatea? Bertakoa izatea, ekoizleen osasuna eta bizitza kalitatea ziurtatzea, kultura eta ohiturekin lotura izatea...

Hirugarrenik, Burger King eta McDonald's jatetxeak zabaldu dituzte eta jende ugari joaten da bertara. Janari txarra, arina, produkzio kostuak betetzeko ere ematen ez duen prezio merkea, lan baldintza eskasak, duintasunik ez, hemengo kulturarekin zerikusirik ez... Eta hala ere, modan daude. Gu ez gara tendentzia, ez gaitezen engainatu, jendartearen parte oso txiki eta pribilegiatua gara.

Lagun baserritar ezkorrago batek esaten du, funtsean eta finean, gauzak ez direla aldatu. Urte asko darama borroka honetan eta ez du ganorazko aurrerapausorik ikusi. Gazteak baserrian hasten direnean prekarietate handia pairatzen dute lehenengo urteetan, prekarietate ekonomikoa, baina baita bizi baldintza eta ilusioetan ere; oraindik ez dugu lortu trantsizioa leuntzea. Gainera, lanbide honetan denbora luzea daraman jendearentzat bizi baldintzak txarrak dira, zapaltzen gaituzten funtsezko legeek hor jarraitzen dute, espekulazioa ez da amaitu... Eta horrekin batera azpiegitura berriak, ama lurrak dituen mehatxuak, komunitatean bizitzeko eta antolatzeko ditugun zailtasunak...

Kalitatez eta osasungarri jateak giza eskubidea izan beharko luke; joera arau bihurtzeko pausoak, borrokak, behar ditugu. Modak eta tendentziak arriskutsuegiak dira eta ezin ditugu haien esku utzi gure elikadura eta lurraren gaineko erabakiak; badakigu merkatuek ezartzen dituztela tendentziak eta guk horri ere uko egin behar diogu.

Jendartea aldatu behar da, elikadura prozesua eta jateko eskubidea berriz ere herriaren esku egoteko, eta hori lortzeko borrokatzea tokatuko zaigu. Moda baino askoz gehiago gara, aukera politiko eraldatzaile eta iraultzailea da gurea. Ondo elikatzen diren herriak nahi ditugu. Elikaduraren gaineko erabakiak hartzen dituzten herriak; burujabetza ere elikaduran.  

Agian 2017. urteko uztailean Bizkaian egingo den La Vía Campesinaren zazpigarren konferentziak lagunduko digu eginkizun honetan. Mundu osoko nekazari aktibistak elkartuko dira, eta guztion artean joera hauek orokortzeko bideak aztertuko ditugu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Aktualitatearen Gakoak 2017 kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude