Legearen mugetatik askatu nahian

  • Ari dira bazterrak mugitzen. Chrysallis Euskal Herria elkartea sortuta, ume transexualak lehen lerrora ekarri dituzte. 2016an ikastetxeetarako material didaktikoa prestatu dute. Nafarroako prozedurek transexuala patologizatzen segitzen dute, baina bestalde, haur transexualak dauden eskoletarako plan integrala prestatu dute. Espainiako Estatuko lehen adibidea da. EAEn berriz, hezkuntza eta familia arreta espezializatuan asko dagoela egiteko uste du Chrysallis elkarteak.


2017ko martxoaren 03an - 09:44
Izaro Antxia, Portugaleteko kirolaria, izan da areto futboleko partida ofizial bat jokatuko duen Espainiako Estatuko lehenbiziko jokalari transexuala. Leioa Maia taldean aritzen da, emakumezko Lurralde Mailan. Argazkia: Iñigo Azkona.

Neska, mutila, alua, zakila. Nork esango du zerk joan behar duen norekin. Badaude zakila duten neskak eta bulba duten mutilak.

2016. urtean behin baino gehiagotan izan dugu hizpide gaia. Identitateen gaineko eztabaida gero eta gehiago ari da plaza publikora irteten, eta aldi berean, baita komunikabideetara ere. Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan, 2016an, transexualitatearen errealitateak utzitako hainbat gako bildu ditugu.

Ekainaren 9an, Zortzi Produkzioak-ek transexualitatearen inguruan hitz egiten duen ikus-entzunezkoa argitaratu zuen. Izaro Antxia eta Ares Piñeiro transexualak eta Josebe Iturrioz aditua ageri dira. EHUko zortzi ikaslek egindako lana izan zen, eta Ane Murua Zortzi Produkzioak-eko kideak azaldu zuenez, oraindik, tabu diren gaiei heltzea zuen helburu Metamorphosis dokumentalak.

Sare sozialetan aise zabaldu zen bideoa; komunikabide batek baino gehiagok bere egin zuen ikus-entzunezkoa. Bazegoen gaiari heltzeko gogoa.

“Metamorfosia” hitzaren definizioarekin hasten da dokumentala: Izaki batek bere jaiotzatik heldutasunera jasaten duen eraldaketa prozesu estruktural eta fisiologikoa da. Ondoko lerroetan eraldaketa hori hiru arlotan, hezkuntzan, kirolean eta legedian, nola agertzen den kontatuko dugu.

2016ko apirilean, eskoletan gaia behar bezala lantzeko material didaktiko edo gidaliburu moduko bat atera zuen Chrysallis transexual adingabeen familien Euskal Herriko elkarteak.
Identitatearen auzia hezkuntzan

Izaro Antxia, Metamorphosis bideoko protagonistetako batek honela dio: “Ez nuen ikastolara joan nahi, iraindu egiten ninduten, eta aurka eginez gero jo ere bai”. Bide beretik hitz egiten du Piñeirok, “Hamasei urterekin ikasketak utzi nituen, transexualen artean eskola porrota handia da”.

Lucas Platerok Pikara Magazine aldizkarian idatzitako artikulu batean lantzen du gaia, eta besteak beste, irakasleen rola azpimarratzen du: “Ohikoa da haurrek genero rolak apurtzen dituztenean, irakasleek diziplina falta gisa interpretatu eta errua ikasleei botatzea” .

2016ko apirilean, eskoletan gaia behar bezala lantzeko material didaktiko edo gidaliburu moduko bat atera zuen Chrysallis transexual adingabeen familien Euskal Herriko elkarteak; euskaraz eta gaztelaniaz.

Identitatearen eta gorputzaren jakintza oinarrizkoak lantzea du helburu materialak: “Umeekin transexualitatea lantzeko oinarrizko materiala da, baina atzean lanketa handia du”. Neska-alua / mutila-zakila dikotomia hautsi eta haustura hori behar bezala ulertu ahal izateko irakasleei oinarrizko ezagutza eskaini nahi die.

Transexualitateari eskoletan aurre egiteko dagoen formakuntza faltaren aurrean atera zuten material didaktikoa, Aingeru Mayor sexologoaren laguntzarekin. Nabaria da behar batetik sortu zela, izan ere, Facebooken gidaliburua argitaratu eta bi egunean 140.000 pertsonek ikusi eta 10.000 erabiltzailek elkarbanatu zuten.

Izan ere, hezkuntza sistema sozializatzeko lehenengo guneetarikoa den heinean, genero rolak berrezartzeko tresna da: “Sozializatzen zarenean ohartzen zara gizarteak multzo batean edo bestean sartu nahi zaituela” dio Izaro Antxiak.

Lehen aldiz egin da transexualitatea lantzeko material didaktikoa. Gaia ikastetxeetan lantzea zen euren ekimenaren xedea. Zakila duten neskak, eta alua duten mutilak badaudela ikusarazi nahi diete gaztetxoenei.

Sei fitxen bitartez haurrak gogoeta egitera eraman nahi dituzte. Aingeru Mayor sexologoak eta Mattin Martiarena ilustratzaileak diseinatu eta prestatu zituzten material didaktikorako fitxak.

“Ni ez naiz neska edo mutil

Ile motza edo luzea izanagatik,

Panpinekin edo baloiarekin jolasteagatik,

Zakila edo bulba izateagatik.

Ni ez naiz neska edo mutil

Besteek esaten dutelako.

Neska edo mutila naiz

Nik badakidalako

Eta soilik nik esan dezaket zer naizen”.

Horrela dio sei fitxa horietatik batek. Hezkuntzan plan integralak gauzatzeko ezinbestekoa da irakasleen formazioa, baina baita gurasoentzako arreta espezializatua ere. Mayorrek uste du beharrezkoa dela bi adar horiek arlo instituzionalean ere lantzea.

Chrysallis transexual adingabeen familien Euskal Herriko elkartea sortzeak haur transexualak ikusgarri egin ditu. Argazkian, ‘Irunero’ aldizkariak ume transexualei buruz egindako erreportajean agertutako mutikoak.  Argazkia: Unai Oiartzun.
Kirolean neskekin edo mutilekin?

“Ez nuen ikastolara joan nahi, iraindu egiten ninduten; eta aurka eginez gero, jo ere bai”, esaldiaren ondoren honela gaineratzen du Antxiak dokumentalean: “Momentu horretan sortu zitzaidan kirola egiteko grina”.

Aretoko futbolean jokatzen du Antxiak, mutilen ligan jokatzen zuen lehen, eta 2016ko apirilean, emakumezkoen ligan jokatu zuen lehenengoz Leioa Maia taldearekin. Areto futboleko partida ofizial bat jokatu zuen Espainiako lehendabiziko jokalari transexuala da Antxia.

Identitate txartel berria egin zuenean utzi zioten gizonezkoen ligatik emakumezkoen ligara igarotzen, aurretik ez. Izan ere, transexualitateari buruzko Espainiako legediaren arabera, adinez nagusi diren herritarrek euren identitate txarteletan izena eta sexuaren aipamena alda dezakete ebakuntza egin behar izan gabe, baldin eta genero-disforia pairatzen dutela egiaztatzen badute, mediku baten diagnosiarekin, eta bi urte badaramatzate hormona-tratamendua jasotzen.

Aingeru Mayor: “Nafarroako legea aitzindaria izan zen, baina gaur egun osasungintzan ematen den arreta guztiz patologizatzailea da; Jaurlaritzak, aldiz, hainbat aldaketa egin ditu bide horretan baina hezkuntza eta familia arreta espezializatuan asko du oraindik egiteko”

Dena den, 2016an Nazioarteko Olinpiar Batzordeak egindako aldaketa tarteko, atleta transexualek aurrenekoz parte hartu ahal izan zuten Olinpiar Jokoetan, sexu aldaketa egiaztatuko lukeen ebakuntza egin behar izan gabe. Baldintza moduan, emakumezkoen probetan lehiatuko direnek, urtebete lehenago eman beharko dute euren asmoaren berri, eta denbora tarte horretan testosterona maila 10nmol/L azpitik mantendu beharko dute. Orain arte, berriz, operazioa egin ostean bi urtez itxaron behar zuten. Gizonezkoen ligan jokatu ahal izateko, aldiz, ez da halako baldintzarik bete behar.

Aurrerapausoren bat bai, baina oraindik hainbat traba dituzte kirolari transexualek.

Legean aldaketak

Urriaren 22an, urtero bezala, transexualitatea despatologizatzeko aldarria egiteko nazioarteko eguna izan zen. Nazioarteko sareak pertsona transexualen psikiatrizazioa eta intersexualen egoera salatu zituen. Kataluniara behintzat badirudi iritsi zela haren oihartzuna.

Handik egun gutxitara Kataluniak aurrerapauso handia egin zuen patologizazioaren aurka. Izan ere, pertsona transexualek behar dituzten tratamenduak jasotzeko ez da nahasmen psikologikoren bat duela ziurtatuko duen diagnostikorik beharko. Hala eskatzen du gaur egun Espainiako Estatuko 2007ko genero identitatearen inguruko legeak. Pozik hartu zuen berria Mayor sexologoak: “Aurrerapauso handia egin dute Katalunian eta legedi horrekin alderatuta atzean geratu da Euskal Autonomia Erkidegoan martxan jarri zuten gida”.

Bi marko legalen baitan egiten du lan Chrysallis Euskal Herria elkarteak: Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabari dagokiona bata, eta Nafarroakoa bestea. “Nafarroako legea aitzindaria izan zen, baina gaur egun osasungintzan ematen den arreta guztiz patologizatzailea da; Jaurlaritzak, aldiz, hainbat aldaketa egin ditu bide horretan baina hezkuntza eta familia arreta espezializatuan asko du oraindik egiteko”. Dena den, gaur egun bietan gabezia handiak daudela uste du Mayorrek.

Kataluniak iparra markatu duela dirudi. Hala ere, Mayorrek uste du urte emankorra izan dela 2016a: “Euskal Autonomia Erkidegoan gida integrala osatu da genero unitatearen jarduna arautzeko oso planteamendu aurrerakoiekin, pauso handia izan da. Baina despatologizatzeko asmoarekin kontraesan nabaria dauka; izan ere, psikiatraren figura mantenduko dute prozesu osoa ikuskatzeko”. Katalunian, aldiz, genero unitatea guztiz desegin dute, psikiatraren figura desagerraraziz, eta erabaki horren aurrean Jaurlaritzak hartutako neurriak nahikoak ez direla uste du sexologoak. Bestalde, familientzako arretarik ez eskaintzea leporatzen dio Mayorrek Jaurlaritzari: “Nafarroan oraintxe sortu berri dute familientzat arreta zerbitzu berezitu bat, baina Jaurlaritzak entzungor egiten die gure eskariei”. Elkartea sortu zutenetik ari dira gurasoentzat bidelagun izango den arreta zerbitzu bat eskatzen, baina ez dute erantzunik lortu.

2016an Nazioarteko Olinpiar Batzordeak egindako aldaketa tarteko, atleta transexualek aurrenekoz parte hartu ahal izan zuten Olinpiar Jokoetan, sexu aldaketa egiaztatuko lukeen ebakuntza egin behar
izan gabe

Nafarroan martxan dago haur transexualak dauden eskoletan formakuntza egiteko plan integrala, hezkuntza komunitate osoari zuzendua: irakasleei, gurasoei eta ikasleei. “Nafarroan hau lortzea itzela izan da; aitzindaria da Estatu osoan”. Bestalde, genero unitatea guztiz patologizatzailea dela uste du Mayorrek: “Nafarroan EAEn ez bezala ez dago genero unitatearen inguruko gidarik eta gaur egun, oraindik, gaixotasun moduan hartzen da transexualitatea”. Arlo horretan, Jaurlaritzak ateratako gida hobesten du sexologoak, nahiz eta, Katalunian egindakoa ikusi ondoren argi duen zein den bidea.

Hedabideetan geroz eta presentzia handiagoa du gaiak eta horrek aniztasunaren aldeko borrokan laguntzen duela uste du Mayorrek: “Modu egokian landu dute komunikabide askok gaia, eta beharrezkoa da errealitatea ikusarazi eta neurri berriak hartzeko”.

Katalunian, hemendik aurrera osasun etxeetan eskainiko diete beharrezko zerbitzua, arreta eta laguntza pertsona transexualei: “Behar dituzten profesionalak egongo dira, eta ez orain arte bezala psikiatra oro ahaldunak”.

Urte emankorra izan da 2016a. Hezkuntzan Nafarroa aitzindari da; despatologizazioan Kataluniak erakutsi du bidea; kirolean jada jolas dezake nork bere ligan. Alabaina, bidea luzea eta malkartsua da oraindik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017
Begira al dezakegu etorkizunera itxaropenez?

Joseba Azkarragak uste du badirela arrazoiak 2017a konponbidearen urtea izango dela pentsatzeko. Besteak beste, gehiengo berriak ikusten ditu Gasteizen, Iruñean eta Madrilgo legebiltzarretan eta hori baliatu behar dela dio.


Ildo politikoa bideratu presoak noraezean utzita

Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.


Alderdi politikoak
EAJ-PSE: egonkortasuna ardatz, ezer alda ez dadin

EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote... [+]


2017-03-09 | Andeka Larrea
Titaniozko burbuila. Guggenheim Bilbao: 20 urte

Museoaren irekiera ikusgarritik hogei urte pasa direnean, planeta-estaldura mediatiko eta guzti, denborak ematen digun distantzia kritikoari esker bere kultura eginkizun eta esanahiaz hausnartzeko aukera paregabea irekitzen zaigu.


Aldaketak babes sistema sozialean

EAEn, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua.


Eguneraketa berriak daude