Emakumeak borrokan

Ildo politikoa bideratu presoak noraezean utzita

  • Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.

Carmen Gisasola Solozabal
2017ko martxoaren 30a
"Badira legedi berezia aldatuta presoak kalean diotenak. Ez da egia. Legedi arruntean ere presoaren jarrera baloratzen da onura penitentziarioak lortzeko".

Bost urte dira ETAk borroka armatua baztertu behar izan zuela. Derrigortuta, gizarteak behartuta, ezker abertzaleko oinarri sozialak behartuta, baina baita ere polizialki eta borroka armatuarekin jarraitzeko tematurik zirenen erruen eraginez behartuta. Erakunde armatu batentzat egoera ezin baldarragoan, ezer lortu ezinean eta presoak kartzelan utzita.

Badakigu Madrilen dagoen gobernuaren jarrera zein den. Izena besterik ez den ETAren bukaera nahi duten bezala kudeatzen ari dira. Orain dela bost urte Madriletik beste jarrera bat espero zela batzuei entzutea harrigarria da. Errealitatetik kanpo bizi ziren ala? Kartzeletan, bagenekien muturreraino eraman gintuzten porrotaren zuloan zer zegoen.

Kalean “amnistiaren norabidean…” diotenean, kartzeletan noraez luze baten aurkitzen dira, urteak luzeagoak egiten dira inolako perspektibarik ez dagoenean, apatia nagusitu da. Kalean aldiz, Ezker Abertzalearen ildo politikoa ETArik gabeko fase berrira berehala egokitu da, zarata handirik gabeko politika normalizatuan, Madrilen ere gustura murgildua, zeharo instituzionalizatua eta burgestua.

Izugarrizko desproportzioa dago kalean bizitzen dena eta presoak bizitzen ari diren egoeraren artean. Arazo larri honen aurrean ez da zilegi betiko leloak errepikatzen jarraitzea. Urteroko manifa sinbolikoak erritualak bihurtu dira, egun pasak, lagunekin elkartu, trago batzuk hartu… Alternatibarik gabeko hainbat bazkari eta festekin, presoak bizitzen ari diren egoeraren desproportzioa areagotzea besterik ez da lortzen. Ez da broma. Jarrera eroso horien kostua presoek eta haien senideek ordaintzen dutelako.

Beraz, ez du zentsurik ETAri bukaera itxurosoagoa emateko ahaleginetan denbora galtzea. Errealitatea asumitu behar da eta behingoz behar diren erabakiak hartu. Ildo politikoan egin zen bezala.

 

Armagabetzea. Munduan ez dela inoiz gertatu armagabetzea nahi eta Gobernuak paso egitea… Bai zera, munduko beste tokietan bezala, badakigu gure aurrekoek zer bizi behar izan zuten 36ko gerra galdu ondoren. Armak erabiliz irabazi edo negoziatzeko ahalmena galtzen bada badakigu zer datorren, ez gara inozoak. Are gehiago armak eta militanteak hein handi batean kontrol pean dituztenean. Nahi dutenean komunikabideetan titularrak ateratzeko erabiltzen dituztenean. Hobe da ETAk armak desegin eta erabileratik kanpo jartzea bere betirako desagerpena gizarteari adieraziz.

Oraindik badira esaten dutenak ETA ezin dela desagertu presoen egoera konpondu arte. Ez du zentsurik, begi-bistakoa denean bereziki presoentzat bihurtu dela sekulako zama ETAren garaiz kanpoko biziraupen nekosoa. Gainera, gaur egun ETAren izena erabiltzen dutenek ez dute ETAren izana ordezkatzen. Aldiz, presoen egoera kudeatzeko ETA erakunde armatuan ardura izan duten militante asko daude kalean, etxean. Horiek hobeto ordezkatuko dute desagertu behar den ETAren izana presoen gaiari aurre egiteko.

Badira legedi berezia aldatuta presoak kalean diotenak. Ez da egia. Legedi arruntean ere presoaren jarrera baloratzen da onura penitentziarioak lortzeko. Egindakoaz harro dagoela esaten jarraitzen duena zigor osoa bete arte nekez aterako da. Gainera, zaila izango da legedia aldatzea yihadismoaren eraginez Europako beste herrialdetan legedia gogortzen ari direnean. Hortaz jabeturik, badira presoen aldeko egituretan bizimodua egin eta presoak independentziaren bidean aterako direla esaten dutenak. Harrigarria.

Duela zazpi urte, borroka armatua uztea, egindako mina onartzea eta legediak ematen zituen aukerak duintasunez jorratzea izan ziren Langraiz bidearen oinarriak. Gero PPko gobernuak geldiarazi zuen. Egun, Langraiz bidearekin ezberdintzeko marra gorriak jartzen tematzen dira maltzurkeriaz batzuk. Madrilen muturreko sektore batzuen antzera, legediaren interpretaziorik partzialena eginez, damua eta salaketa mamuekin bueltaka ari dira presoek eman ditzaketen urratsak blokeatuz. Nahiz eta ondo jakin ez dela salaketarik eman eta legedian ez dela derrigorrezkoa. Ondo dakiten bezala damua termino politiko-juridikoetan edo irain gisa erabiltzea gauza bat dela eta beste kontu bat norberak edo erakunde batek egindakoaz egiten duen balorazioa, bizitzaren beste edozein arlotan egiten den bezala.

Presoen egoera konpontzen hasteko ETAren fasea itxi behar da. Presoak direlako ETAren desagertzea benetan behar dutenak. Desagertu, giza eskubide guztien urraketei buruzko hausnarketa kritikoa eginez. Besteek zer egingo zain egon gabe. Gure gizarteari zor diogulako, politika normalizatuan aurrerapausoak emateko beharrezkoa delako, bortizkeriaren eraginez gehien sufritu dutenen elkarbizitzan lagunduko duelako eta, bide batez, presoen egoera zaila bideratzen hasteko oinarria delako. Beste giro sozial eta politiko bat sortuz legedia malgutasunez aplikatzea ahalbideratuko duena. Eta horrek lagunduko die, parametro horietan kokatu nahi duten presoei, irtenbidea jorratzen. Independentzia edo amnistiaren zain egon nahi dutenek bide horretatik jarrai dezatela baina ez dezatela inoren askatasuna oztopatu.

Artikulu hau 'Aktualitatearen Gakoak' argitalpenean argitaratu da

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Aktualitatearen Gakoak 2017 kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude