Ur nahasiak ikasgeletan

  • Hezkuntza arloan, Hego Euskal Herrian LOMCE legeak markatu du azken urteetako dinamika eta epe laburrean behintzat hala izaten jarraituko du. Hala, ikasturte honetan ere, Jaurlaritzaren Heziberri planak eta bestelako adabakiek puntu batzuen eragina arindu arren, Madrilen popularrek egositako legea aplikatuko da gure ikastetxeetan.


2017ko martxoaren 01an - 09:55
Ilustrazioa: Joseba Larratxe

Horren lekuko, besteak beste, Erlijioak hartu duen garrantzia, ikasgaietan emandako aldaketak (azkena, Filosofia, derrigorrezko izatetik aukerazko izatera degradatua) eta jakina, kanpo-proba polemikoak: dagoeneko ezagunak zaizkigun Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako kanpo-azterketei beste bi gehitu zaizkie ikasturte honetan: 2. Batxilergoan bata eta 4. DBHn bestea. Errebalida honek ondorio akademikoak ditu, eta gainditu egin beharra dago aurrera jarraitu ahal izateko, baina LOMCEren egutegiaren arabera 2017-2018an aplikatuko litzateke ondorio akademikoekin, eta beraz, ikasturte honetan ebaluazio-diagnostikoa egin ahalko dute Hego Euskal Herrian, espedientea baldintzatuko ez duen proba.

Izan ere, denbora irabaztea da Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren estrategia nagusietakoa: bai batak bai besteak Madrilera begira egin dute legegintzaldia, PPk 2015eko abenduan gehiengo absolutua galduko zuen esperantzan. Oposizioko alderdi guztiek arbuiatu dute lege atzerakoia eta beraz, PPren gehiengorik gabe, LOMCE indargabetzea edo gutxienez kanpo-azterketak bertan behera gelditzea izan da eta da Jaurlaritzaren eta Foru Gobernuaren itxaropena. Jar gaitezen, bada, gu ere Madrilera begira.

Zer espero dezakegu Madrilgo egoera berritik?

PPk ez du gehiengo absoluturik eta akordio bidez gobernatu beharko du Espainiako Estatuan. Panorama berri horren aurrean, LOMCE legearen hemendik aurrerako aginduak impassean utzi eta “itun nazionala” iragarri du Espainiako presidenteak. Beste era batera esanda, PP, Ciudadanos, PSOE eta ahal balitz beste alderdi txikiagoren baten babesa bilatuko duen hezkuntza lege berri bat: LOMCE urardotu/moldatu bat beharbada, bestelako proposamena agian. Komeni da gogoratzea, lehenengo hauteskundeen ostean, PSOE gobernua osatzen saiatu zenean eta Ciudadanosekin ituna egin zuenean, ez zuela LOMCE bertan behera uztea proposatu, kanpo-azterketak kentzea baizik. Horrek gutxienez, errebalidak bertan behera gelditzeko aukerak, gero eta eskuragarriagoa dirudi. Ez da nahikoa, curriculuma, planteamendua, eredua goitik behera baita gaitzesgarria LOMCEn, baina aldi berean albiste pozgarria da, proba horiek baitira legea betetzen dela ziurtatzeko kontrol sistema nagusia. Alegia, ikas-prozesuan zehar egin beharreko azterketa hauek alboratuta, aurreko LOE, LOGSE eta enparauekin gertatu moduan zirrikitu handiagoak izango genituzke geure curriculuma aplikatzeko eta ahal den heinean Espainiakoari muzin egiteko.

Sakoneko arazoa ez da LOMCE

LOMCE da orain, frankismoaz geroztik beste sei hezkuntza erreforma bizi izan ditugu aurretik, eta LOMCEren ondoren etorriko da proposamen berririk, Madrilen agintea duenaren interesetara diseinatua. Eta horra sakoneko arazoa, Madrilen egositako hezkuntza lege organikoak, dena delakoak, ez diola Euskal Herriko beharrei erantzungo, baina haren menera jarraituko dugula, LOMCEk horixe erakutsi baitigu: hezkuntzan (ere) handia dela Madrilekiko dugun menpekotasuna, bai behintzat hezkuntza tituluak Espainiako Estatuaren esku dauden bitartean. Madril da kristalezko sabaia, gure hezkuntza proiektua etengabe erasotzen eta baldintzatzen duen sabai zentralista, eta argi utzi dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: berme juridikoa da haien muga. Alegia, adabakiak adabaki eta saihesbideak saihesbide, legeak –Espainiako legeak– “hona arte” esaten duenean, atzera egingo dutela. Zoritxarrez, errealitateak erakutsi digu Eusko Jaurlaritzaren helegiteak –gehienbat Espainiako Gobernuak gure hezkuntza eskumenak zapaltzen dituela salatuz– atzera botatzen dituela auzitegiak.

Madrilen egositako hezkuntza lege organikoak, dena delakoak, ez dio Euskal Herriko beharrei erantzungo, baina haren menera jarraituko dugu, LOMCEk horixe erakutsi baitigu: hezkuntzan (ere) handia dela Madrilekiko dugun menpekotasuna, bai behintzat hezkuntza tituluak Espainiako Estatuaren esku dauden bitartean

Ez dirudienez independentzia berehalako gauza izango denik, burujabe izan arte besoak gurutzatuta geratzea ez da irtenbide aproposena. Batzuek, desobedientzia aldarrikatzen dute: LOMCEri egin zaizkion desobedientzia ekintzek gurasoen borondatea izan dute oinarri eta ikastetxe ugaritan planto egin diete kanpo-azterketei, gehienetan irakasle eta ikastetxeko zuzendaritzaren konplizitatearekin. Kanpo-azterketa horiek, baina, ebaluazio diagnostikoak izan dira, prest egongo dira urrutirago joateko eta akademikoki eragina izan dezaketen azterketen aurrean ere plantora jotzeko? Hala bada, eragile eta herritar ahalik eta gehienen babesa bermatu beharko da, kolektiboa izateak baino ez duelako desobedientzia eraginkor bihurtuko.

Eusko Jaurlaritzak desobedientzia ez, baina Madrilgo proposamena murriztea eta bertakoa indartzea helburu duen bide-orria markatu du eta Heziberriren hirugarren faseari ekitear da: EAErako Hezkuntza Lege berria egitea. Zenbat eta adostasun handiagoa izan, orduan eta indartsuagoa izango da legea, eta inportantea ere bada, egungo ereduaren hainbat puntu ukitu nahi dituelako, baina ez gaitezen engaina, honek ere Madril izango du sabaia. Nafarroan, bertako lege bat adostetik urruti daude oraindik, eta PAI edo Ingelesa Ikasteko Programarekin zer egin erabakitzea edota D eredua lurralde osoan behar bezala zabaltzea dituzte epe ertaineko erronkak, besteak beste.

EAErako Hezkuntza Legea, desadostasun iturri

Zalantzarik gabe, hezkuntza arloan legegintzaldi berriko gai nagusietakoa izango da lege hau aurrera ateratzea, baita gai beroenetakoa ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzarekin eragileek izan ditzaketen desadostasunetatik harago, eragileen beraien artean baitago gatazka. Legalki egonkortasuna emango dien araudia lehenbailehen egiteko irrikaz daude ikastolak eta kristau eskola; eskola publikoak aldiz, uste du lege proposamenak ez duela eskola publikoa erdigunean jartzen eta kontzertatuen mesederako izango dela. Behar bereziak dituzten ikasleak hartzeko garaian sareen artean dauden desorekak, ikastetxeen autonomia, hizkuntzaren trataera… izango dituzte eztabaidagai, baina abiapuntutik egiten dute talka: publikotasun kontzeptua berrikustea aldarrikatzen dute ikastolek, publikotasuna ez dadila titulartasunari lotuta egon, “ematen den zerbitzuari lotuta baizik, eta horrekin batera, finantzazio berri bat egin dadila”. Irmoa da eskola publikoko eragileen erantzuna: “Ez gaude prest eztabaidatzeko zer den publikoa eta zer ez, eta ez dugu uste denok barruan sartu ahal izateko publiko hitza txiklea bezala luzatzeak inongo onurarik ekarriko dionik gure hezkuntza sistemari”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017
Begira al dezakegu etorkizunera itxaropenez?

Joseba Azkarragak uste du badirela arrazoiak 2017a konponbidearen urtea izango dela pentsatzeko. Besteak beste, gehiengo berriak ikusten ditu Gasteizen, Iruñean eta Madrilgo legebiltzarretan eta hori baliatu behar dela dio.


Ildo politikoa bideratu presoak noraezean utzita

Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.


Alderdi politikoak
EAJ-PSE: egonkortasuna ardatz, ezer alda ez dadin

EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote... [+]


2017-03-09 | Andeka Larrea
Titaniozko burbuila. Guggenheim Bilbao: 20 urte

Museoaren irekiera ikusgarritik hogei urte pasa direnean, planeta-estaldura mediatiko eta guzti, denborak ematen digun distantzia kritikoari esker bere kultura eginkizun eta esanahiaz hausnartzeko aukera paregabea irekitzen zaigu.


Aldaketak babes sistema sozialean

EAEn, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua.


Eguneraketa berriak daude