Arcelorrek labea itzali eta sua piztu du

  • Euskal Herrian altzairua ekonomiaren motorretako bat izan da Trianoko mineralarekin egindako totxoak esportatzen zituzten garaitik. Egun, altzairugintzaren pisua ez da hainbestekoa, baina bai sinbolikoa. Arcelor Mittalek Zumarragan eta Sestaon dituen lantegien itxierak azken urteetako krisiak indar produktiboan utzitako zaurietan sakondu du eta eztabaida piztu du administrazio autonomikoek eraman beharreko  industria politikaz.


2017ko otsailaren 28an - 07:00

“Nola izena du joan behar dugun tokiak?” –galdetu dio gizonak–, “Avilés” –erantzun du neskatilak–, “Eta zuk zer nahiago duzu?”, “Nik hemen gelditu nahi dut”. Aita-alabaren arteko elkarrizketak ederki asko islatzen du Arcelor Mittal enpresak bere planta erraldoiak ixteko hartutako erabakiak langileen eta euren familien artean sortutako drama. Zu Zeu agerkariak Youtuben zintzilikaturiko bideoan ikus daiteke testigantza osoa, baita beste asko ere, 2016ko urtarriletik honako hemerotekak astintzen hasiz gero.

Euskal Herriko eta orobat Europako altzairugintzak azken urteetan izan dituen zailtasunak buruhauste handiak eman dizkie agintari, sindikatu, patronal eta, batez ere, langileei. Testuinguruak ere ez du asko lagundu. 2007an higiezinen burbuila lehertu  zenetik kolpatu gaituen krisiak eragin nabarmena izan du bigarren sektorean: ehunka lantegi itxi dira, horietako asko oso garrantzitsuak –Fagor Etxetresna Elektrikoak, Inasa, Corrugados Azpeitia…–, eta urteotan 75.000 lanpostu galdu ditu industriaren alorrak Hego Euskal Herrian. EAEn bigarren sektoreak BPGan duen pisua duela zortzi urte baino 4,4 puntu arinagoa da, %21,2 hain justu. Nafarroan ez da beherakada hori nabaritu Volkswagenek eutsi diolako, baina multinazionalarekiko menpekotasuna handiagoa da orain.

Argi gorria lehendik ere piztuta zegoen altzairugintzan, hainbat enpresatan kaleratze mehatxuak eta lan baldintza prekarioak nagusitu baitira krisia aitzakia hartuta. Laminaciones Arregiko langileen borroka hor dago, edo Gerdau-Sinedorren izandako kaleratzeak: “Enpresaren etorkizunaren inguruan espekulatzeko eta langileen artean beldurra zabaltzeko baino ez du balio izan”, zioen LABeko delegatuak Basauriko fabrika aurrean egindako batzarrean.

Instituzioek Txina jarri dute Sestaoko desgraziaren petxero ofizial, Arcelor Mittalen China Oriental filialaren egoitza, egiaz, Bermuda irletan dagoen arren

Baina alarmak 2016ko urtarrilaren 21ean jo zuen, Sestaoko ACBko zuzendaritzak hartutako erabakia jakin zenean: “Txinako kostu azpiko inportazioek ACB itxi dute, eperik gabe”, “Sestaoko ACBk itxi egingo du urte amaiera arte altzairuaren merkatuak hondoa jo duelako”, “ACBren labea itzali egin da”. Egunkarietako lerroburuek ezin hobeto adierazten zuten Arcelor Mittalen esku zegoen Ezkerraldeko lantegi mitikoaren itxierak sortutako urduritasuna. Altzairutegiko 335 langileri Enplegu Erregulazio Espedientea ireki eta kalean geratu ziren ia egun batetik bestera –zeharkakoak kontuan edukita ia 600 lanpostu–, hitzarmen kolektiboa sinatu berria zutela gainera.

ACBko arduradunen esanetan, Europako merkatu eskaeraren gainbeherak eta Txinako altzairuaren lehiak eraginda “behin-behinean” itxi behar izan zuten Labe Garaien oinordeko zena. Kezka are larriagoa zen epe motz edo ertainera konponbiderik ikusten ez zelako: “Txinatarrak %30 prezio baxuagoan ari dira jartzen bobinak Europan”. Aldiz, ELAren esanetan enpresa bere interes estrategikoen arabera ari zen soilik, hasiera batean aginduta bezala Sestaon ekoitzi behar ziren 350.000 tonako lan-karga Avilésen eta Marsellan dituen plantetara bideratu baitzuen.

Sestao, krisiak guztiz jotako herria. 80ko hamarkadako industria birmoldaketa jasan eta gero, azken urteetako atzeraldi handiak ere odola egin du Ibaizabal bazter horretan. Hego Euskal Herriko langabezia tasa handiena duen udalerria da –%23,2, EAEko batez bestekoa baino bederatzi puntu gehiago– eta despopulazioa ere itzela izan da –1978an 42.905 biztanle zituen, orain apenas ditu 27.000–. Aurrekari horiekin, ez da harritzekoa ACBko langileak ez ezik herri osoa kalera irten izana; altzairutegiaren itxierak aiztoa zintzurrean jarri dio Sestaori. 2016ko urtarrilaren 26an milaka lagun bildu zituen “enpleguaren alde” herriko kaleetan egindako manifestazioak.

Dumpinga: argudioa ala aitzakia?

Europako hainbat industria ministrok 2016ko urte hasieran Europako Batzordeari bidalitako gutun batek mugiarazi zuen altzairua. Txina produkzio kostuen balioaren azpitik ari omen da sartzen gaia kontinente txiki honetan, hitz bakarrean: dumpinga. Alemaniak, Belgikak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Luxenburgok eta Poloniak eskatu diote Bruselari ikertzeko lehia desleiala, milaka lanpostu galdu daitezkeela-eta. Haien artean ez dago Espainiako ministroa. Eusko Jaurlaritza kexu, inplikazio falta dela-eta.

Larrialdiaren tamaina ondo uler daiteke norberak bertatik bertara ikusten duenean Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria Bruselako Nazioarteko aireportuan, auto ofizialak pistaraino sartu eta hegazkinean enbarkatzeko zubian kieto formaturik, euskal altzairutegietako handi-mandiei ongi etorria eginez. 2016ko urtarrilaren 27a da eta Urkullurekin batera daude Arantza Tapia  Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburua eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburua. Helburua Bruselan: Miguel Arias Cañete Europako Energia komisarioarekin bildu eta konbentzitzea krisian esku hartu dezan dumping txinatarraren aurkako plan bat martxan jartzeko.

 

2016ko urtarrilaren 27an Iñigo Urkullu Bruselan bildu zen Miguel Arias Cañete Europako Energia komisarioarekin. Sindikatu eta oposizioko alderdien kritiken aurrean, Eusko Jaurlaritzak argudiatu du Europara eraman duela bertako industriaren defentsa. (Arg: Eusko Jaurlaritza)

 

Energia ei da Hego Euskal Herrian siderurgiaren jarduna zuritzeko erabili den gakoetako bat. Argindarra erruz erabiltzen dute fabrikotan –industriak petrolioan, gasean eta ikatzean gastatzen duena baino gehiago– eta labe elektrikoen kontsumoa garestiegi ordaindu behar dutela auhena egin du Siderex euskal enpresa siderurgikoen preklusterrak, Europako beste herrialdeekin konparatuta: “Gure enpresek bere egin behar duten kostua, Alemania eta Frantziarena baino %30 eta %20 garestiagoa da, hurrenez hurren”, azaldu dio El Diario Vascori Asier Millan Siderexeko zuzendari orokorrak.

Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak azken hamabost urteetan aztertu du energiaren prezioaren eta industriaren lehiakortasunaren bilakaera. Txosten mardul batean (pdf) publikatu ditu emaitzak eta bere esanetan tarifaren gorakadak eragin handia dauka energia intentsiboa erabiltzen duten sektoreetan (siderurgia, beira, papergintza, kautxua, industria kimikoa…), eta beste herrialdeetan baino merkatu-baldintza okerragoak ekarri ditu horrek. Hala, EAEn energiaren prezioa produktuena baino %19 gehiago igo da 2000tik 2015era arteko epean, Alemanian aldiz %3 baino ez da alde hori: “Egoera are larriagoa da estatu batzuek energiaren prezioaren gorakada gerarazten dutelako salbuespenez baliatuz”.

Horixe da, hain justu altzairuaren lobbyak eskatzen duena: argindarraren tarifa jaitsiz edo salbuespenezko hobariez baliatuta, energia merkeago ustiatzea etekinak handitzeko eta Europako beste herrialdeekin, eta batez ere prezioak hondoratu dituen Txinarekin, lehiatu ahal izateko.

Baina argudio horiek desmuntatu dituzte han-hemenka zabaldutako hainbat lanek. Artikulu zientifikoak biltzen dituen ResearchGate atarian ikerlana argitaratu du Gorka Bueno EHUko irakasleak; haren arabera Espainiako Estatuko argindarraren batez besteko prezioa Europako beste hainbat herrialdetakoa baino merkeagoa da, batez ere industria alorreko kontsumitzaile handientzat. Buenok ikerlanean erakutsi du Siderex enpresa-elkartearen datuak okerrak direla, ez baititu kontuan izan beste herrialdeetan argindarrari ezartzen zaizkion zergak: BEZa bereizita ordaintzen dute Europan orokorrean, Espainiako Estatuan aldiz tarifa barruan doa. Hala, Alemanian kilowatt bakoitzeko 0,1 euro ordaintzen du altzairu enpresa batek, Espainian 0,07 baino ez, %32,6 gutxiago: “Euskadin altzairuaren sektoreak aldarrikatzen duen ereduak enpresa handienetan handienei egiten die mesede soilik”, dio irakasleak.

Gorka Martija Latinoamerikan dauden multinazionalen behategiko (OMAL) kideak beste argudio bati heldu dio La Marea hilabetekari madrildarrean: Txinaren ustezko dumpinga eta Arcelor Mittalen botere korporatiboa. Martijak gogorarazi du Arcelor Mittalek hainbat filial dituela Txinan; horietako batek, hain justu, Sestaoko bobina laminatu berdinak egiten ditu, desarautze erabatekoaz eta “inpunitatearen arkitekturaz” baliaturik. Botere korporatiboaren tresna nagusia da botere politikoak oligopolioen alde egiten duela: “Ez dugu ikusiko Arcelor Mittal transnazionalen gaineko zerga-araudi eskasagatik kexaka, egoitza nagusia paradisu fiskal batean duelako: Luxenburgon”.

Luxenburgon zentralizaturiko buro finantzari batek mugitzen ditu, beraz, Euskal Herriko altzairuaren sektorean milaka lanposturen hariak. Igor Meltxor kazetariak El Periodista Canalla atarian transnazional erraldoia zein paradisu fiskaletan dagoen zerrendatu du: Luxenburgo, Dubai... Instituzioek Txina jarri dute Sestaoko desgraziaren petxero ofizial, Arcelor Mittalek bertan duen China Oriental filialaren egoitza, egiaz, Bermuda irletan duen arren izena emanda.

Larrialdi sirena bigarrenez: Zumarraga

2016an, bi hilabete eskasean bigarren kolpe latza jaso zuen altzairugintzak Euskal Herrian, enpresa beraren aldetik gainera: Arcelor Mittalek Zumarraga eta Urretxun duen lantegiko produkzioaren zati bat behin-behinean geldiarazi egingo zuela iragarri zuen urte horretako martxoaren 16an. Neurriak lantegiko 325 beharginei eragin die, baina horrez gain, azpikontrataturiko langileak eta enpresarentzat autonomo dabiltzan garraiolariak ere lanik gabe geratu dira, askoz kondizio okerragoan gainera, euren diruak kamioia erosteko erabili ondoren kale gorrian eta zorpetuta.

Zumarragako plantaren kili-koloak aspaldikoak dira, langileek berek ere sumatu dute azken urteetan enpresak ez duela batere inbertitu azpiegiturak modernizatzen. 2013an lantaldeak murrizketak onartu zituen soldatetan eta lan ordu gehiago egiteko konpromisoa hartu zuen. 2014an, Orbegozo lantegi historikoa zena –egun Arcelor Mittalen esku– ixteko aukera mahairatu zuen lehen aldiz enpresako zuzendaritzak, Europa osoan egiten ari zen berregituraketa barruan, baina azkenean sindikatuekin akordiora iritsi zen, lan-txandetan malgutasun handiagoa edukitzearen truke.

Oraingoan ordea alferrikakoak izan dira negoziaziorako deiak edo bideragarritasun plana egiteko eskaerak, 2016ko apirilaren 13an itzali zuten Arcelor Mittaleko Zumarragako lantegiaren labea. Etorkizun beltza jauzi da Urola Garaiko industriara. Enpresak Asturiasko Avilés eta Gijónera lekualdatzeko proposamena egin zien langileei: edo emigratu edo langabezian geratu. Non geratu da herrian lan eta bizi lelo aspaldikoa? 209 langilek kaleratzea sinatzea erabaki dute, beste 21ek erretiro aurreratua hartu dute eta 85ek onartu dute erbeste laborala.

Sindikatuen kritika gai konkretu batean nabarmendu da: enpresetako erabakiguneak Euskal Herritik kanpora eramaten ari dira, multinazionalen
esku utzita

Zumarragako hondamendiak eragin du langileen ordezkarien kritikak askoz zorrotzagoak eta doiagoak izatea Eusko Jaurlaritzarekiko. Sestaoko ACBko krisiaren ondoren Arantza Tapiaren Industria sailak eratutako “altzairuaren mahaian” zegoen Arcelor Mittal, ez ordea sindikatuen gehiengoa osatzen duten ELA eta LAB: “Bi aukera daude –zioen ohar bidez LABek–: edo Jaurlaritzak bazekien zein zen Arcelor Mittalen asmoa, eta hortaz, planaren gauzapenean ezinbesteko laguntzailea izan da, edo Arcelor Mittalek barre egiten dio Eusko Jaurlaritzari eta hortaz, euskal gizarteari. Edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzak multinazionalarekiko duen morrontza agerian gelditu da”. ELAren iritziz arazoa estrukturalagoa da: “Tapia sailburuak sinetsarazi duenez, foro horren xedea euskal industriaren etorkizuna bermatzea omen zen. ELAren ustez, Lakuako gobernuaren politika industrialak hondoa jo du”. Eztabaidaren epizentroa altzairuaren sektore konkretutik are sakonago kokatu dute bi sindikatuok: instituzioen industria politikan.

Gure industriaren defentsan

Eltzean gero eta presio handiagoa. 2016ko udaberrian ez ohiko irudi batek erakutsi zuen langileen kezka norainokoa zen: ELA, LAB, CCOO eta UGTk euren arteko desadostasunak albo batera utzi eta apirilaren 23an Bilbon “benetako industria politika baten alde” egitekoa zen manifestazio deialdia sinatu zuten.

Mobilizazioak ESK, USO, Steilas eta Hiru sindikatuen babesa ere jaso zuen. Baina horrez gain, erregulazio espedienteak jasan dituzten lantegi esanguratsu zenbaitetako enpresa batzordeek ere langileei bertaratzeko deia egin zieten, tartean Arcelor Mittal bera, Tubos Reunidos, Eaton eta Aernnova. Krisialdiarekin gero eta maizago ikusi ditugu 70eko hamarkadan hain eraginkor eta indartsu izan ziren horrelako mugimenduak: enpresa askotako langileak bat eginda elkartasuna adierazteko.

Milaka lagun bildu ziren Bizkaiko hiriburuan egun hartan Gure industriaren defentsan. Industria politika erreala zioen pankartaren atzean. Agintean dauden politikariei nabardurarik gabeko mezu zuzena zen, eta paradoxikoki manifestazioan izan ziren EAJko ordezkariak, Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentearekin. Han ez baitzen inor falta: EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin-Podemos, ezta PPko politikariak ere.

Sindikatuen kritika gai konkretu batean nabarmendu da batez ere: enpresetako erabakiguneak Euskal Herritik kanpora eramaten ari dira, multinazionalen esku utzita. Administrazioek eta euren finantza tresnek enplegu sustatzaile diren enpresa-giltzarrietako partaidetzak saldu dizkiete transnazionalei edo atzerriko funtsei, eta ondorioz haien gaineko kontrola galdu dute. Horixe gertatu zen, adibidez, Sestaoko ACBrekin. Patxi Lopezen eskuetan zegoen Eusko Jaurlaritzak alde batetik, eta orain Kutxabanken parte den BBK-k bestetik, enpresa horretan zituzten akzioak (%20) saldu zizkioten Arcelor Mittali 2011n.

Administrazioek, bestalde, diruz lagundu izan dituzte multinazional ugari, lantegiak berritu edo lanpostuak sortze aldera. Baina zer bermerekin? Dirua jaso ondoren deslokalizazioari ekin diotenak ez dira gutxi, Gasteizko Daewoo kasu. Denboran hurbilago, Nafarroan TRWren adibidea daukagu: automozio enpresak 2016an Landabengo lantegiko 123 lagun kalean utzi ditu eta planta ixteko mehatxua egin du, baina aurreko urteetan ia milioi bat euro eman zion Nafarroako Gobernuak Alemaniako konpainia baten esku geratutako multinazionalari.

Energia eredua, Espainiako Estatuko lan erreformen aurrean babestu beharra, langileen prestakuntza planen benetako helburua zehaztea, fiskalitatea, berrikuntzarako inbertsioa... Industriari kateaturiko gaiak dira horiek guztiak eta eztabaida eragin dute. Ikerketa eta garapenaren arloan, adibidez, Gaindegiaren arabera azken urteetan izoztu egin da I+Gak Barne Produktu Gordinean duen pisua, 2008tik %0,03 baizik ez baita hazi; 2015eko EAEko Gaitek deialdiak ere dirulaguntzak murriztu zizkien enpresei arlo horretan. Nolanahi ere, CSICeko ikerlariek egindako azterketa baten arabera Euskal Herriak krisi garaian jarraitu du izaten Espainiako Estatuko beste industria-guneek baino bilakaera hobea berrikuntzari dagokionean.

 

Sestaoko Babcock & Wilcox fabrikaren hilotza. Desindustrializazioak behin baino gehiagotan kolpatu du eskualde honetako ekonomia. (Arg: Sergio Suhigarai)

 

Industria politikari buruzko eztabaida hori bete-betean sartu zen 2016ko uda amaieran Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan. EH Bilduk azken urteetan jarrera “pasiboa” izatea egotzi izan dio Eusko Jaurlaritzari; Iñigo Urkullu lehendakariak, aldiz, hitz eman du legegintzaldi honetan industriaren pisua Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian %25era igoko dela: “Euskal industria enplegu egonkor eta kalitatezkoaren sinonimoa da” esan zuen mitinetako batean EAJko hautagaiak. Internazionalizazioa, Europa iparraldearekin parekatzea, egonkortasuna, errealismoa… Jeltzaleek lortu dute euren marka identifikatzea  euskal industriaren defentsarekin, eta hori izan da Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako arrakastaren gakoetako bat.

Baina zer diote datuek? Artikulu hau idazterakoan eskura genuen Euskal Estatistika Erakundearen azkeneko buletinaren arabera 2016ko lehen hamar hilabeteetan Industri Produkzioaren Indizea %1,7 gehitu da. Zifrak xehe begiratuz gero, ordea, gorabeherak antzematen dira. Esaterako, ikus dezakegu indize horrek 2015ean zeraman martxa ona gelditu egin zela 2016 hasieran, eta maiatzean hondoa jo zuen %2,5 murriztuta, hain justu Arcelorren eta beste zenbait enpresaren aktibitatea oso eskasa zen unean. Hurrengo hiletan EAEko industria zertxobait berreskuratu zen arren, urrian %0,3koa baizik ez zen hazkundea. Produkzioaren kurbari erreparatuta ematen du sektorea nahi eta ezinean dabilela, beraz.

Ez da dudarik bigarren sektorea aldaketa fasean dagoela Euskal Herrian, krisiaren aurreko garaietara bueltatzea ezinezkoa dirudi, baina komeni da hausnarketa egitea: bueltatu nahi al dugu?

Ezintasun horren berri altzairuaren sektoreko langileek ederki asko dakite. Arcelor Mittalek Sestaoko planta irailaren 9an ireki zuen berriz, baina soilik 140 langilerentzat eta asteburuetan hamabi orduko txandak eginez, argindarra merkeagoa denean. Bidean, hainbat hilabeteko negoziazioa eta Eusko Jaurlaritzarekin desadostasun handiak: “Arcelorreko zuzendaritzarekin egindako lana nekeza eta zaila izan da” onartu zuen Tapia sailburuak berrirekiera baloratzeko unean. Berrikuntzarako diru-laguntza publikoak zeuden ezbaian eta denborak esango du I+G-an oinarritutako lantegi moderno bat ala zatikako itxiera bat ari ote garen finantzatzen denon artean.

Industriak, baina, beste zaplazteko bat jaso du 2016 urtea amaitu aurretik: Sidenorrek Euskal Herrian dituen lantegietako ehunka beharginei eragingo dien Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Txostena aurkeztu du. Berriz ere trumoi soinuak metalurgiako nabeen txapazko sabaia dardarazi du.

Ez da dudarik bigarren sektorea aldaketa fasean dagoela Euskal Herrian, krisiaren aurreko garaietara bueltatzea ezinezkoa dirudi, baina hausnarketa egitea komenigarria da eta erantzun beharko diegu Manu Ayerdi Nafarroako Garapen Ekonomiako kontseilariak eta Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak Hamaika telebistako Ertzak saioan egindako galdera hauei: bueltatu nahi al dugu krisiaren aurreko industriara? Komeni al zaigu? “Industria izango da bai –esan dio Esnaolak Hamaikari–, baina dena ezin da izan mozkin ekonomikoa, herri bat garelako, eta herri proiektua behar dugu”.

 


 

Altzairuzko emakumeak

 

Zumarragan Arcelor Mittalen lantegiaren itxieraren kontrako ikono bihurtu dira. Altzairutegiko langileen emazte, bikotekide, alaba eta amak dira. Askok ez zuten elkar ezagutu ere egiten, baina zailtasunei aurre egiteko beharrak batu ditu. Whatsap foro batetik abiatuta talde antolatu bihurtu dira, elkarretaratzeetan buru egin dute, odola ere eman dute behin baino gehiagotan, “kendu baino lehen nahiago dugu guk oparitzea”, diote.

Ez da mugimendu berria, lehenago ere emakumeak askotan antolatu izan dira langile borrokan zuzenean parte hartzeko. 1976ko Gasteizko greba gogorretan, adibidez: “Beldurra eta ulertezina zegoen –azaldu zigun garai hura bizi izan zuen Bego Oleagak, Trantsizioak 1976-2016 erakusketaren bisita gidatuan–: gizonak lanik gabe geratzeko, diru faltan izateko… Horrekin moztu behar zela-eta langileen emakumeak ere asanbladan biltzen hasi ziren”. Euskaldunako borroka mitikoan ere emakumeak etxetik kalera irten zirela erakutsi digu Larraitz Zuazo zinemagileak Nosotras, mujeres del Euskalduna dokumental ederrean.

Ia ikusezin izan diren edo bazterrekotzat hartu izan diren emakumeen antolakuntza horien garrantziaz orain ari gara jabetzen, haiek gabe ezinezko zatekeen langile grebalariek edo kaleratutakoek egunerokoan irautea. Zumarragan hainbat emakumeren testigantzak jaso ditu Kalaka komunikazio parekidearen agentziak Altzairuzko emakumeak dokumentalean:

“Taldean egoteak argi izpi bat ikusarazi dit. Konturatu naiz ez naizela ni horrela pentsatzen duen bakarra, jendea haserre dagoela. Nazkatuta gaude maila guztietako injustiziez: bai Arcelor multinazionalaren mailan, axola dion gauza bakarra dirua delako, bai maila politikoan… Herritar altxamendua izan da: herri honek zuhaitzetan ernetzen den indarra dauka”.

(Espe)

“Bertan gauden emakumeak gauza beragatik ari gara borrokan. Nik badakit haietako edozeini zerbait esatean ez dudala ezer gehiago azaldu behar, badakit beraiek zer sentitzen duten, nik ere sentitzen dudalako, oilo ipurdia jartzen zait”.

(Inma)

“Familia handia gara, batzuek elkar ezagutzen genuen, beste batzuek ez… Norbait elkarretaratzera joaten ez bada harengatik arduratzen gara. Eta oso polita da, zeren eta talde barruan askotan ez dugu bestearen senarraren berri, baturik gaude, baina zerbait independentea egin dugu. Whatsapp taldean 56 lagun gaude, baina altzairuzko emakumeak askoz gehiago gara”.

(Enkar)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017
Begira al dezakegu etorkizunera itxaropenez?

Joseba Azkarragak uste du badirela arrazoiak 2017a konponbidearen urtea izango dela pentsatzeko. Besteak beste, gehiengo berriak ikusten ditu Gasteizen, Iruñean eta Madrilgo legebiltzarretan eta hori baliatu behar dela dio.


Ildo politikoa bideratu presoak noraezean utzita

Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.


Alderdi politikoak
EAJ-PSE: egonkortasuna ardatz, ezer alda ez dadin

EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote... [+]


2017-03-09 | Andeka Larrea
Titaniozko burbuila. Guggenheim Bilbao: 20 urte

Museoaren irekiera ikusgarritik hogei urte pasa direnean, planeta-estaldura mediatiko eta guzti, denborak ematen digun distantzia kritikoari esker bere kultura eginkizun eta esanahiaz hausnartzeko aukera paregabea irekitzen zaigu.


Aldaketak babes sistema sozialean

EAEn, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua.


Eguneraketa berriak daude