UDAL ORDEZKARIEI DEIALDIA

Hauxe da Euskal Herriko Udal Ordezkarien Biltzarreko Batzorde Iraunkorrak Euskal Herriko udal ordezkari guztiei igorri dien gonbidapena:

"Joan den otsailaren 6an, Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko alkate eta zinegotziok biltzarra egin genuen Iruñean gure herri eta hiriei horrenbesterainoko itxaropena ekarri duen etapa berri honetan. Biltzar horretan argi utzi genuen etapa honetan aktiboki lan egin behar dugula eta udal oinarria duen Euskal Nazio Erakundea sortzea nahi dugula.

Euskal Herria nazioa dela, eta bere lurraldetasuna duela aintzatetsita, euskal sei lurraldeetako udal hautetsien ekimen bateratua proposatzen dugu politika, kultur, soziologi eta ekonomi erkidego gisa definitzen gaituzten lan eta lankidetza esparru guztien inguruan lan egiteko. Elkarrekin lanean Euskal Herriaren geroko egituraketa politiko eta instituzionala aztertuz eta eztabaidatuz eta Euskal Herriari buruzko diagnostiko oinarrizkoa eginez, Euskal Herriari munduan dagokion proiekzio desberdindua eman eta nazio eraikuntzaren arazo eta erronka erkideei modu bateratuan egingo diegu aurre.

Biltzarra egin genuenetik zazpi hilabete igaro dira eta biltzar horretan hainbat helburu ezarri genuen. Iruñean hautatutako Batzorde Iraunkorrak hasierako lanak egin ditu Erakundea sortzeari, lan proposamenei eta Udal Hautetsien Biltzarraren onespenari dagokionez.

Batzorde Iraunkorrak irailaren 18an, goizeko 11.00etan Bilboko Euskalduna jauregian burutuko den Euskal Herriko Udal Ordezkarien Biltzarrerako deia luzatzen dizu, gainontzeko Euskal Herriko zinegotzi eta alkate guztiei egin zaien bezala. Elkarrekin izango garelakoan jaso ezazue agurrik beroena".