Bakearen Aldeko Kanpamentuak bi aste egin ditu Bogotako Bolivar plazan

  • Bolívar plaza erdian, Bogotako plaza nagusian, Bakearen Aldeko Kanpamentua mantentzen dute hainbat pertsonak urriaren 5etik, plebiszituan ezezkoak irabazi ostean. Ez dituzte hala nolako bizilagunak aukeratu: Kolonbiako Kongresua, Bogotako alkatetza, Justizia Jauregia eta Kolonbiako artzapezpikutzaren egoitzek inguratuta daude. 300 lagun inguru daude egun bertan bilduta.

Bogotan Bakearen Aldeko Kanpaldia abiatu zuten erreferendumean ezezkoak irabazi eta bi egunera. (Argazkia: L. Barandiaran)

2016ko urriaren 21an - 11:27

Bakearen aldeko martxa Bolívarren amaitu ostean, plaza ez zen guztiz hustu, hiru denda bertan geratu ziren. “Lehenengo egunean hamasei pertsona geratu ginen, pare bat ogi eta kafe ontzi batekin, hotzez, logurez eta gosez beteta. Bagenekien hau erokeria bat zela, baina egin beharra genuen”, azaltzen du 37 urteko Argeh Capella kolonbiarrak. Kanpamendua hazten joan da, ordea, 75 denda eta 300 pertsona inguru daude bilduta egun, eta Bogotaz haratago zabaldu da. Cartagena eta Monterian –paramilitarismoaren sorlekua— ere ezarri dituzte kanpamenduak.

“Ezezkoaren garaipenaren ondoren, plebiszitu osteko aje betean geunden, eta pentsatu genuen, ez, honek ezin du horrela izan”, kontatzen du 37 urteko Capellak.

Plebiszituaren ostean, buru askotan errepikatu da ideia bera. Azken urteetan munduan zehar izandako protesta gune askotan bezala, ezin zuen falta kanpatzearen ideiak. Capellak, ordea, argudiatzen du ez direla ez M15, ez Occupy Wall Street, ez Gipuzkoa Zutiken inspiratu, Kolonbian bertan izan baitira antzeko esperientziak. 2013an, esaterako, Gustavo Petro alkate ohi ezkertiarraren kargugabetzeagatik protestatzeko, Bakata Bake Herrixka ezarri zuten bertan.

Bogotan azken urteetan izandako martxarik handiena izan zen urriaren 5ean, apoteosikotzat jo zuen Capellak. Bakearen aldeko dardara uhinen antzera hedatzen joan zen. Martxak herrialdeko hamaika txokotan errepikatu dira, baita nazioartean ere, Katalunia, Mexiko edo Kanadan, esaterako. Asanblada espontaneoak, herri mugimenduen artikulazioak, edozein formatok balio du bakearen aldeko deia egiteko.

Argazkia: L. Barandiaran.

Bertaratuta, deigarria da kanpamendu guztia hesiz inguratuta egotea. Sartzeko identifikazioren bat eman behar zaie sarrerako segurtasun arduradunei. Neurriok ez dira atseginak askorentzat, baina Bogota ez da hiri samurra eta kontatzen dutenez, birritan sartu dira materiala lapurtzera egunotan. “Hesiak Enrique Peñalosa alkatearen “iradokizun atsegin” bat izan ziren, baina bestalde beharrezkoak dira egoeraren kontrola eta ongizatea bermatzeko”, azaltzen du Capellak logistikako karpatik.

Giroak, ordea, ez du zerikusirik hesiekin. Uneoro, plazako kuriosoak hesietara gerturatzen dira eta bertakoekin hartu emana sortzen da. Michelle Cespedes plazan pasioan zebilen kanpamendura hurbildu eta begiratua bota duenean. Medioetatik baino, bertan eduki du ekimenaren berri, “ondo iruditzen zait egiten ari direna, akordioak gauzatu behar baitira”. Hala ere, bertan geratzeko gonbidapena jasota, aitortzen du ez lukeela bat egingo, akordioen arazoei irtenbidea emateko “bestelako bideak hobeak direla” argudiatuta.

Barnean ere giroa oso lagunkoia da, jendeak elkar agurtzen du aspaldiko lagunak bailiran. Helburu komun bat, bake nahia, konpartitzen dutenen komunitate txiki bezala definitzen dute beren burua. Elkarbizitza esperimentu bat, “jendeari hausnarrarazten dion berdintasun ariketa”, zehazten du Capellak. Esperimentua kudeatzeko, logistika komiteaz gain, komunikazio, hezkuntza, osasun eta segurtasun komiteak daude, boluntarioez osatuta. Horrez gain, gauero asanblada orokorra egiten dute kontsentsuak lortzeko.

Argazkia: L. Barandiaran.

Bogotako klimatik babesteko – 600 metrotan eguraldiak ez du barkatzen– estalkia eraikitzen ari direla, Eduardo Henaok azaltzen du bere ilobak deituta –horregatik “Osaba Montxo” ezizena jaso du– heldu zela horra: “Interesgarriena jendearen emozioa izan zen, elkar besarkatzen ginen, negar egin genuen, baina ez genekien zergatik. Bakea eskura eduki eta ihes egiteak sentimendu asko sorrarazi zizkigun”. Kanpamendua gidatzen duten printzipioez galdetuta, “senidetasuna, elkartasuna, maitasuna eta elkarrekiko estimua”, erantzun du Andresek, galdera entzun duenean. Hala ere, elkarbizitzaren ondorioz sortutako berezko arazoak ez dira falta.

Baina esperimentuetatik haratago, beren burua helburu zehatz batek –bakea lortzea—biltzen dituen gizarte zibileko norbanakoen bilkuratzat dute. Bertan ez dute onartzen ez alderdi politiko ez herri antolakunderik, ez inolako adierazpen politiko alderdikoirik. Aktore politiko independente bezala definitzen dira.

Argazkia: L. Barandiaran.
Abenturari amaiera jarri behar zaiola dio alkateak

Halaber, aipatutako bizilagunekin harreman ona dutela dio logistikako “jauntxoak”. Badakite gobernuaren sinpatia dutela, finean, azken helburu bera dutelako. Eta beste hainbeste gertatzen da FARC-EPrekin eta bestelako herri mugimenduekin. Ez da horrela, ordea, Peñalosa alkatearekin. Hasiera batean, eta baldintza zehatz batzuekin, bertan geratzeko baimena eman badie ere, egunak igaro ahala geroz eta ezkorrago agertzen da. Bizilagunen “kexak” jaso omen dituela, eta hiriko gune turistikoenetako baten erdian daudela argudiatuz, “abenturari” amaiera data jarri behar zaiola errepikatzen du.

Baina kanpamenduak ongi zehaztuta du zein den bere nahia. Baldintza zehatzak ezartzen dituzte kanpamenduari amaiera emateko: akordio konkretu, egiaztagarri eta gauzagarria lortzea eta bi aldeko su etena mugagabea izatea –egun urtarrilaren 1era bitartekoa da—.

Eta helburu horrekin, beren funtzioa presio egitea da. “Arazoa ez da Santos presidentea, arazoa ez da FARC ez ELN, horiek bakearen aldeko apostua egin dutelako. Arazoa ezezkoaren aldeko opositoreak dira, prozesua luzatu eta luzatu besterik ez dute nahi, 2018an boterea lortzeko [hauteskunde presidentzialak]. Gure presioa jende horrengana doa, gobernuarengana baino”, azaltzen du Capellak.

Argazkia: L. Barandiaran.

Hala ere, beren jarrera ez da ezezkoaren jarraitzaileen kontrakoa, kanpamendua elkarrizketa gune bezala defendatzen dute. Datorren urriaren 29an ezezkoaren aldekoen martxa plazan bertan amaituko da, eta bakearen martxekin egin duten antzera, kanpamenduan ongietorria egitea aurreikusten dute.

Izan ere, aniztasuna kanpamenduaren ikurtzat baitute. Euskal Herriko ohituraren kontra, kanpamendu honetan ez da ikusten gazteen gehiengorik, orotariko adinekoak dira bertan daudenak. Eta ez hori bakarrik, Bogota eta inguruko herrietako lagunez gain, bada 16 ordu gidatu duenik bertaratzeko, azaltzen du Jessenia Delgadok. Kolonbia ipar-ekialdean dagoen Cucutatik etorri dira hamar bat pertsona: “Habanako bake akordioak babestu eta gauzatu nahi ditugu, gure ingurunea gerrak kolpatuenetariko bat izan baita. Telebista bidez eduki genuen kanpamentuaren berri, eta jarduera ugari egin genituen dirua bildu eta etortzeko”.

Baina Kolonbiatik haratago, munduko hainbat zokotako jendea bildu da hemen, eta noski, ez da falta euskaldunik horien artean. Maitane Egido 20 urteko ermuarrak bertan igaro ditu azken egunak. “Facebook bidez izan nuen kanpamenduaren berri, bertaratu eta asko gustatu zitzaidan, batez ere, gure helburu diren akordioetatik haratago, hemen harreman autonomo eta horizontalak sortzen ditugulako”. Euskal Herrirako ikasgairik atera duen galdetuta, gehiago hitz egin behar dugula dio: “Nik uste dut Euskal Herrian oso itxiak garela, eta askotan besteen ikuspuntua kontuan hartu eta bertatik eraikitzea falta zaigu”.

Ez dute erronka samurra, herrialdearen etorkizuna jokoan baitago erraldoi politikoen arteko lehian. Dena den, Carmen Vargas gatazkaren biktimak berretsi duen antzera, “Asko ikasi dugu bertan, bakoitza bere lekutik abiatzen bada ere, denok helburu bera baitugu: bakea. Laguntza handia eman digute, eta hemen geratuko gara garaipena lortu arte”.

Argazkia: L. Barandiaran.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbia
Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


Kolonbiako presidenteordeari lehergailuak jarri dizkiote etxe alboan

Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.


2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


Eguneraketa berriak daude