"Epaiketa erabiliko dugu presoen eta konponbidearen egoera zertan den azaltzeko"

  • Otsailaren 2an Baionako auzitegian epaituko dituzten hamaika bakegileen artean dago Haritz Agirre urruñarra. Iazko uztailaren 23an Ipar Euskal Herrian buruturiko blokeo egunean autobidea blokeatzeagatik deituak dira epailearen aitzinera. Elkartasunez elkarretaratzera deitzen du Bake Bideak, hitzordua 13:00etan jarriz.


2023ko otsailaren 02an - 08:13
Azken eguneraketa: 13:09

Epaiketa eguna duzu gaur. Zein mezu pasarazi nahi zenioke epaileari?

Tribuna gisa erabili nahi dugu epaiketa; testuingurua kokatu eta presoen eta konponbidearen egoera orduan zertan zen eta orain zertan den azaltzeko erabiliko dugu. Hau dugu lehentasuna, mezu politikoa eramatea. Epaileak testuingurua ulertzea nahi genuke, eta horren arabera, ikusirik [Jakes Esnal eta Ion Paroten] egoera zertan zen berak ere kontsideraraztea epaiketa hori zernahikeri bat dela. Espero dezagun isunaren aldetik ez deus edo ahal bezain guti izatea.

Hamaika zarete epaiturik. Akizen abenduaren 15ean epaiturikoen artean aniztasuna ageri zen. Zuen artean ere hori nabarituko dugu?

Beste aniztasun mota bat bada gure artean. Denak gazteak gara, baina bada bai: jatorri ezberdinak ditugu, pentsatzeko modu ezberdinak baita inplikazioari dagokionez zergati ezberdinak ere. Batzuk ez dute pertsonalki bizi izan gatazka, eta hala ere kontzientzia politikoa dute horri begira, eta beste batzuk bizi izan dugu, beharbada gehiago tripetatik hitz eginen dugu.

Elkarretaratzera ere deitu duzue. Horrek eragin dezake?

Ez dut uste deus eragingo duenik epaiari begira; epaileak ohituak dira, hemengoa horrela doa. Baina horrelakoetan beti entseatzen gara sostengua ematen, elkarrekin doaz: garrantzitsua da erakustea beti egonen dela jendea mobilizatzeko prest, presoen edota auziperatuen alde. Horrek horrela segitu behar du, ez dugu dinamika hori galdu behar, prozesua ez delako bukatu, bada oraindik bide anitz egiteko. Terrenoko mobilizazioa inportantea da.

2022ko uztailaren 23ko blokeoarekin, erakutsi diegu gure helburua lortzeko behar den maila emateko gai garela

Iazko uztailaren 23an Ipar Euskal Herria blokeatu zuten herritarrek, Ion Parot eta Jakes Esnalen askapena galdetzeko. Nola oroitzen duzu egun hori?

Niretzat egun zoragarria izan zen. Aurretik beste ekimen batzuk egin izan genituen, batzuk ongi pasa zirenak, beste batzuk ez nahi bezainbeste, kostatu zitzaigulako nahi genuen oihartzuna lortzea. Baina azkenean tenperatura igoarazteko prozesua izan da, eta uztailaren 23a biziki berezia izan zen, biziki baikorra, biziki polita. Antolakuntza mailan, jendea herrika inplikatu zen, bakoitzak berea eman zuen eguna lorpen bat izateko. Aurre-antolakuntzan zein egunean bertan parte hartze handia izan zen, espero genuena baino handiagoa. Nahi genituen puntu guztiak blokeatu genituen, baita nahi baino gehiago ere. Aireportua, autobidea eta geltokia ere blokeatu nahi genituen, parekoek erran ziguten zainduko zituztela eta ez gintuztela hori egiten utziko. Kristoren disposizioa eman zuten, Espainiatik etorri ziren poliziak ere, baina hala eta guztiz ere lortu genuen. Erakutsi diegu gure helburua lortzeko behar den maila emateko gai garela, eta azkenean ez direla horiek maisu gure herrialdean, herriak duela hemengo errealitatea egiten. Antolakuntzan ere lorpen handi bat izan zen, egunean bertan ez zelako inor kalean, herrialdeak barneratua zuen blokeo eguna zela eta araberan antolatu zen.

Hortik bi hilabetetara Jakes Esnal eta Ion Parot askatzen zituzten. 32 urteren buruan, azkenean etxera. Blokeo egunarekin hori zenuten aldarria.

Noski, ospakizun bat izan da ikustea eraman ditugun ekimenek oihartzuna izan dutela eta beraien heinean eragin dutela. Egoera biziki larria zen bi preso horientzat eta lortu dugu desblokeatzen. Argi eta garbi, merezi izan du mobilizazioak.

Zuk bi preso ohi horiek ezagutzen dituzu pertsonalki, edo zerk egin du desobedientzia ekintza hori egitera motibatu zinela?

Ez ditut batere ezagutzen, Jakesen [Esnal] semeetariko bat ezagutzen dut pixka bat, baina ez, ez dut hurbiltasunik. Beti sentsibilizatu izan naiz euskal preso politikoen egoerarekin, eta badakit ahal dugun guztia eman behar dugula beraiek askatzeko.

Jakes eta Ionen kasuan, eta orokorrean gatazka politikoari dagokionez, Frantziaren (baita Espainiaren) mespretxua eta immobilismoa salatu ohi izan du Bake Bideak. Nola aldatu daiteke hori?

Ene ustez behar dugu gogoeta sakon bat eraman, egoera konplexua delako. Noski aurrera egin nahi badugu, lehentasunetan da justizia trantsizionalean oinarritzea, gertatu den guztiari buruzko egia lortzea, biktima guziak ezagutuak izatea, alde guzietakoak (torturatuak, hildakoak, presoak...) eta noski, euskal preso guztiak etxeratu behar dira. Horiek dira pausu garrantzitsuak, lortzeko Euskal Herri bat non lasaitasuna izanen dugun, bortizkeria bazter batean utzirik.

Beraz epailea konbentzitzera sarri.

Ahal den heinean. Baionako epailea izanik espero testuingurua ezagutzen duela minimo bat... Guk gure ikuspuntua emanen diogu, baina frantses epaitegi bat izanik, ez dakigu inoiz zer atera daitekeen hortik.

Haritz Agirre, zutik, 2022ko uztailaren 23ko blokeo ekintzan (Argazkia: Bake Bidea)

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bakegintza
Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


2023-01-20 | ARGIA
Hamaika bakegile epaituko dituzte Baionan, eta beste bederatzi epaiaren zain daude

Joan den uztailean bake prozesua "desblokeatzeko", Ipar Euskal Herriko komunikazio sareak eten zituzten ehunka herritarrek. Horren harira, abenduan epaitu zituzten lehen bederatziak Akizen, eta otsailaren 2an beste 11 epaituko dituzte Baionan. Bakegileek eta Bake... [+]


2022-12-14 | Euskal Irratiak
Bake Bidea: Blokatze eguna zilegi zela erakutsiko dute Akizen

Orotara 20 ekintzaile epaituak izango dira uztailaren 23ko ekintzan hainbat garraio bide blokatzeagatik. Ostegun honetan, Akizeko auzitegian,  trenbidean beren burua lotu zuten bederatzi ekintzaile epaituko dituzte.


Thomas Lacoste, eraldaketa helburu
"Lehen aldia da herri bat eta erakunde politiko-armatu bat gatazka batetik berek bakarrik irten direna"

Uztailak azken egunak dituela bildu gara zinemagilearekin Getari Enea zinema ireki berrian, Getarian. Goxo hartu gaitu bertako arduradun Christelle Vessot-ek. Biharamunean, L’hypothèse démocratique: Une histoire Basque (Hipotesi demokratikoa: Euskal historia... [+]


Gernikako bonbardaketaren garrasiak, 85 urte eta gero bizirik

Gernikako Udalak eta herriko elkarteek, apirilaren 26tik hasi eta hainbat egunez ekitaldi ugari antolatu dituzte duela 85 urteko sarraskia gogoratzeko.


Eguneraketa berriak daude