INDARKERIARI BURUZKO LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA

EHk, EAJk eta EAk indarkeriari buruzko PPren legez besteko proposamenari ondorengo osoko zuzenketa egin zioten. Legebiltzarrean aipatu hiru alderdien eta IUren babesarekin onartu zen.

1. Herritar eta alderdi politikoei deialdia egin, guztion artean Euskal Herria bake eta demokraziazko etorkizunera bideratuko dituzten baldintza objektiboak sor daitezen; eta klase politiko eta mediatikoan ezarri nahi den krispazio giroa salatu. Sortu nahi den giro hori pasa den irailean ETAk iragarritako mugagabeko treguak eragin zuen itzelezko itxaropenaren kontrakoa da guztiz.

2. Azken bost urteetan harturiko zenbait ebazpen parlamentariotan jasota geratu den espetxe politikari buruzko jarrera berretsi. Espainiar Gobernuak ondo baino hobeto daki ebazpen horietan jasotzen diren irizpideen arabera aplikaturiko espetxe politika batek guztion artean gainditu behar dugun gatazkaren ondorioetako bat bigunduko lukeela.

3. Hain konplexutasun handikoa den prozesu batean egoera perfekturik ez dagoela aldarrikatu. Baina egoera honi -izaera politikoa duen gatazka batean- erantzukizunez ekin behar diogunok negoziazio eta ebazpen prozesu hau indarkeria espresio guztien gabezia iraunkorrean gara dadin aldeko apustua egiten dugu.

4. Erakunde politiko, sozial eta sindikalen arteko lankidetzarako guneak finkatu, eta euskal herritar ororentzat elkarbizitza demokratikoaren sendotzea errealitatea izan dadin beharrezko diren ekimen, tresna eta eszenatokiak garatu; norbanakoen eta taldeen eskubideak urra dezakeen edozein jokabide (jarrerak, ekintzak) eta erreakzio ekiditeko ahaleginetan sakonduz, izaera demokratikozko metodo eta portaerekin ez baitatoz bat.

5. Euskal Herria bakea eta demokraziazko eszenatoki definitiboan kokatuko duen prozesuari bidea eman eta sendotu, gatazka politikoa gaindituz, euskal gizartean dagoen sofrimendua desagertarazteko helburuarekin. Legebiltzarrak honakoa eskatzen die gainontzeko erakundeei: Euskal Herrirako bakea eta demokraziazko etorkizuna eraikitzeko beharrezkoak diren ekimen guztiak garatzeko hartutako konpromisoetan ahalegin are handiagoak egin daitezela.