ELA eta LABen AGIRIA SU-ETENA ALDARIKATU OSTEAN

1. ETAk erabateko eta mugarik gabeko su-etena aldarrikatu izanari albiste ezin hobea irizten diogu ELAk eta LABek; albistea pozarren eta itxaropenez hartu dugu.

2. Distentsiozko erabaki unilateral honek baldintza oso egokiak sortzen ditu gure gizarteko alde desberdinek, batik bat ordezkari eta arduradun politikoek, Euskal Herria bakerantz eraman dezaketen elkarrizketa eta negoziazio prozesuei ekin diezaieten.

3. Duela egun gutxi sinatu zen Lizarrako Akordioaren arabera, gogoratu nahi dugu Œeuskal auzia¹ deitu izan dena konpontzearren gatazka eragiten duten arazo politikoak ere konpondu beharrekoak direla. Honek izan behar du elkarrizketa eta negoziazio prozesuen helburu nagusi.

4. Ezinbestekoa da elkarrizketa eta negoziazio prozesu hauei irekitasun eta konponbiderako borondate osoz ekitea, inolako tabu eta inposiziorik gabe; halaber, Euskal Herriko gizon eta emakumeek adieraz dezaketen borondateari ez zaio mugarik ezarriko.

5. Hartara, kezkatuta gaude, prozesuari ekin aitzineko zenbait jarrerak gatazkaren izaera politikoa ukatzen eta erabakitzeko ahalmena duen subjektutzat Estatua ez den oro guztiz baztertzen duelako. Jarrera hau demokraziaren eta bakearen aurkakoa da, baina edonola ere Lizarrako Akordioarekin hasitako prozesuaren garapen betera iristeko lanean jarrai dezagun ez du oztoporik jarri behar.

6. Gure aburuz, garrantzi handia du prozesu horrek azkar eta sendotasunez aurrera egiteak, bi helbururekin: hasierako adostasuna zabalduz borondate gehiago erakartzea, eta urratsez urrats oinarrizko akordioak edukiz betetzen joatea. Hauxe da prozesua atzeraezineko moduan abiarazteko modua.

7. Ziur izan behar dugu asmo honen arrakasta geure esku dagoela, eta Euskal Herriko emakume eta gizonen babesa beharrezko zaigula. Ziur gaude, halaber, gizarte honek gure herriaren eskubideak ukatzen setatuta jarraitzen duen edonor babesik, zilegitasunik eta jokatzeko aukera demokratikorik gabe utziko duela.

8. Sortu diren baldintza berriek, bestalde, gure ekimen batasunaren egonkortasuna eta eduki estrategikoa sendotzeko aukera ematen digute. ELA eta LAB prest gaude, eraikuntza nazionalaren oinarritik abiatuta, lan harremanen euskal esparrua aro berri honen araberako helburu, bitarteko eta edukiz hornitzera bideratutako ekimenekin bat egiteko.

9. Halaber, ELA eta LABek lanean jarraituko dugu beste sindikatu eta talde sozialekiko elkartzea eta aliantzak subiranotasunaren eta bakearen aldeko apustu honen ardatz nagusi bilaka daitezen.