EUSKAL DEMOKRAZIA OSATZEKO OINARRI ETA GARATZEBIDEAK

SARRERA

1.- EUSKAL HERRIA: GATAZKA HISTORIKOA - GATAZKA POLITIKOA

2.- PROPOSAMENAREN OINARRI ETA ARRAZOI POLITIKOAK

2.1.- Euskal Herriaren ezagutza politikoa bermatuko duen marko politikoaren sortze prozesua zehazteko premia

2.2.- Nazio mailako mugimendu anitza eta zabala artikulatu nahi duena

2.3.- Estaturik gabeko nazioen ernaltzea

2.4.- Europar berreraikuntza

2.5.- Ziklo historikoari amaiera emateko baldintzak garatu

3.- EUSKAL PROZESU DEMOKRATIKORAKO OINARRIAK

3.1.- Lurraldetasunaren printzipio demokratikoa. EUSKAL HERRI osoaren partehartzea

3.2.- Euskal herritar guztien partehartzea bermatzea. Denen artean egin beharreko prozesua

3.3.- Euskal agente sozial, sindikal zein politiko guztien partehartzea

4.- EUSKAL HERRIA SUBJEKTU POLITIKO GISA EGITURATZEA: INSTITUZIO NAZIONALEN BEHARRA

5.- EUSKAL DEMOKRAZIA GAUZABIDEAN: EUSKAL HERRIKO BATZAR ERATZAILEA OSATZEKO PROPOSAMENA

5.1.- Normalizazioa versus euskal demokrazia. Kontzeptu honen inguruko argipena

5.2.- Batzar nazional eratzailea eraikitzeko beharra

6.- EUSKAL HERRIKO HAUTESKUNDEAK BURUTZEKO HAUTUA ETA GAUZABIDEA

7.- HAUTESKUNDEETATIK BATZARRA OSATU

a) Euskal gizarteari proposatuko zaion marko politiko juridikoaren eskaintza gauzatzea

b) Euskal Herriaren ordezkaritza ofiziala gauzatzea

c) Prozesuaren demokratikotasuna bermatzea

Euskal Herritarrok-ek, begi bistan dugun aukeraren tamainaz jabeturik, omenaldirik sentikorrena eskaini nahi die egungo egoerara iristea posible egin duten euskaldun orori, mendeetan zehar eta paregabeko emankortasunaz lan eta borroka egin duten guztiei, alegia. Agur eta ohore guztioi.

 

SARRERA.

1999 urtea bukatzear dagoen honetan, argi dago Euskal Herriak egoera oso berezia bizi duela.

Herri honek, bere historian zehar ahalegin handiak eta etengabeko borrokak burutu behar izan ditu bere biziraupena bera ziurtatu ahal izateko. Une honetan eta handikerietan erori nahi gabe, historikotzat hartu daitekeen aukera baten aurrean gaude, Euskal Herria behin betiko Subiranotasunean, Demokrazia eta Bakearen eremuan finkatzeko garaian, alegia.

Izan ere, mende berriak ekarriko dituen erronkak eta mundializazio prozesuak eragindako aldaketa sakonak ikusita, gure herriarentzat euskal demokraziaren gutxiengoak eskuratzea guztiz ezinbestekoa da. Horrela ez bada, ezinezkoa suertatuko zaigu urte luzeetako ukazio eta zapalkuntzaren ondorio larriak gainditzea eta egungo euskal herritarrei zein ondorengo belaunaldiei etorkizun aske eta irekia eskaintzea.

Euskal demokraziaren oinarriak osatzea eta demokrazia horren gauzatzeko bideak zehaztea gerorako utzi ezin den erronka da. Urte luzeetako gatazka politiko sakonaren gainditzeak eskatzen duen oinarria dugu Euskal Herrian demokrazia eskuratzearena. Bakoitzak duen proiektu politikoaren garapenerako aukeren berdintasuna sortu eta bermatzea. Erabaki kolektiboak -inolako kanpo esku sartzerik gabe- herritarren borondate librean soilik oinarritu behar dira. Eta funtsean, horixe da une honetan dugun erronka historikoa: Euskal Herriaren hitza adierazi eta eraginkor bilakatu dezakeen eredu instituzional subirano nazionala sortzea.

1998ko irailaz geroztik ireki den fase politiko berriaren ezaugarriak aintzakotzat hartzen ez baditugu, ezin daiteke inolaz ere unearen garrantzia barneratu. Nazio eraikuntza sustatu eta euskal herritarren hitzaren adierazte askean oinarritutako marko politiko berri baten bila abiatua da euskal gizartearen multzo zabala. Egungo egoera edo markoan, Euskal Herriaren geroa ziurtatzeko aukera askirik ikusi ez eta urrats propioen baitan oinarrituko den bideari ekin zaio.

Euskal gizartean zehazturiko baldintza sozial eta politikoak kontuan hartuz, ETA erakundeak ekimen ausarta jarri zuen indarrean joan den urteko irailean gatazkaren gainditzea ekarriko duen euskal demokraziaren aitortzaren bila eta nazio eraikuntzaren aldeko indarren bizkortzea eragin asmoz: su eten mugagabea. Apustu honetan euskal gizartea bera da protagonista nagusia, gure burua euskal herritar gisa kokatzen dugunona, bereziki. Izan ere, Herriari zor zaion hitza berreskuratu eta hori errespetatua izatearen erronka gure eskuetan hartzea baitagokigu.

Bide horretan, Lizarra-Garazi Akordioak, Euskal Herrian demokraziaren aldeko apustu garbian artikulatu ditu hainbat eragile, egun gure herriaren gehiengo politiko, sozial eta sindikala osatuz eta helburu bakarra planteatuz: gure herriak Estatu espainiar zein frantziarrarekin bizi duen gatazkari irtenbide demokratikoa bilatzea. Horretarako mekanika eta irtenbide demokratikoa proposatu da, gatazka politikoaren muinari heltzea, alegia. "Euskal Herriak du hitza eta erabakia" esaldia aldarrikatu eta lortzea.

Oinarri horiekin, Euskal Herria eraikitzeko euskal demokraziaren eraikitze bidetik abiatu gara. Horretarako indar abertzaleen arteko kolaborazio praktikoa sustatu, egungo instituzioak prozesu horren zerbitzuan jarri eta bi estatuen ukazioari aurre egiteko konpromiso bateratua hartu dugu. Era berean, ireki den fase politiko berri honetan instituzio nazional berri bat osatu dugu, UDALBILTZA. Beraz, marko politiko berri baten beharra aldarrikatzetik hasi eta euskal herritarren adierazpide aske eta demokratikoaren emaitza izango den marko berri horren bila goaz, eta horretan ari gara.

Azken hilabeteotan asko hitz egin da euskal prozesu demokratikoaz eta euskal gizartean piztu den ilusioaz, baina begi bistakoa da ere prozesua oztopo handiak ezagutzen ari dela. Batetik, Estatu espainiar eta frantziarraren jarrera eta jokabideak daude, indarrez eskuratutakoa, indarkeriaz eta erabateko ukazioaz mantendu nahirik, horretarako toxikazioa, errepresioa, tortura eta preso politikoen giza eskubideen urraketa erabiltzen dutelarik. Bestetik, prozesuak berak ezagutu duen definizio ezak ere traba ukaezina suposatzen du. Zentzu honetan, UDALBILTZA osatzearen inguruan adostasuna egon badago, baina ez dugu jakin herritarren aurrean marko berriaren hurrengo urrats zehatzak zeintzuk diren azaltzen. Prozesu honetan partaide aktibo eta nagusi izan behar duten herritarrei eskaintzarik egin gabe jarraitzen dugu.

Horregatik diogu, berriro ere, hitzen eta ekintzen garaia iritsi dela. Subiranotasunean -hitz honen gauzatze praktikoan- oinarritzen den prozesu soziala da bideratu behar duguna. Gure ustez, euskal demokrazia eraikitzeak bere garapen praktikoan du oinarri eraginkor bakarra, are gehiago Estatu espainiar zein frantziarrak gure herri izaera bera ere ukatzen jarraitzeko erabateko borondatea erakusten ari direnean eta urrats txikienari ere aukera guztiak ukatzen dizkiotenean.

Beraz, gure buruari eta gure indarrei begira jartzeko garaia dugu, euskal demokrazia eskatu baino aldarrikatu eta eraikitzen hasteko garaia, alegia. Euskal demokrazia osatzen duten oinarriko gutxiengoak finkatu eta eskuratzeko unea iritsi da. Horixe da, hain zuzen ere, martxan jarri dugun prozesuaren muina: Euskal Herriak bere burua libreki eratzeko izan behar duen status politikoa lortzea.

Asmo eta zeregin honetan kokatzen da proposamen hau, prozesu demokratiko nazional hori argitasunez definitu eta urrats zehatzez hornitzean, hain zuzen ere. Horretarako, proposamen zehatzak aurkezteaz gain, ireki den prozesua bera bururaino eramateko borondate sendoa adierazten dugu. Piztu den ilusioa alferrik galdu ez dadin, zeregin eraginkorrak aktibatu eta prozesuaren jomugak errealitate bihurtzeko determinazioa dugu.

Zentzu honetan, proposamen hau oinarri demokratiko nazionalen ikuspegitik finkaturik dagoela ulertzeko, bi aurrekari teoriko kontuan hartu behar ditugu :

1. Euskal Herria nazio bat da eta baieztapen hau, gure historian, kulturan, hizkuntzan eta gehienbat herri izateko borondate etengabean kokatzen da.

2. Beraz, Euskal Herria munduko edozein nazio bezala eskubide politikoen subjektu da.

Eskubide hau euskaldun guztioi dagokigu, gure eredu instituzional demokratikoa eraikitzeko eta beste edozein erabaki kolektibo hartzeko eskubidea, hain zuzen ere.

Esandakoaren ondorioz, hona hemen gure hausnarketa eta proposamenak. Herri mugimendu, sindikatu zein sektore politiko guztiekin eztabaidatu eta zehaztu nahi ditugun hausnarketa eta proposamenak dira eta asmo horrekin aurkezten ditugunak.

1.- EUSKAL HERRIA: GATAZKA HISTORIKOA - GATAZKA POLITIKOA

Lizarra-Garazi Foroak bere adierazpenean, honoko hau biltzen du: "Euskal arazoa izenarekin ezagutzen duguna jatorri eta izaera politikoa duen gatazka historikoa da, bertan Estatu espainiarra eta frantsesa inplikaturik daudelarik".

Historiaren irakurketaren eztabaidan sartzeko asmorik gabe, hainbat gertaera oroitzea komenigarria dela uste dugu. Garrantzi berezia du, gainera, halakoak gogora ekartzea, are gehiago une hauetan, Euskal Herria herri bat izanik eta gure erabakitze ahalmena ukatzen dizkiguten bi estatuek eta hainbat euskal herritarren ordezkaritza politikoa duten alderdiek, gatazkarik dagoenik ere ukatu nahi dutenean.

Abiapuntu ezin argiagoa finkatzen du historiaren irakurketa xume batek: egungo Euskal Herria ez da bere biztanleek libreki erabakitakoaren emaitza, erabakitzeko ahalmenaren ukazio larri eta ezarketa ugari eta bortitz askoren ondorioa baizik. Egun badira herri honek pairatu beharreko hainbat errealitate sozial, kultural, ekonomiko eta politiko, aipaturiko egoera horien ondorio direnak.

Barne zatiketa bera ere herri borondatearen urraketa larria besterik ez da, bi estatuetako botereek eragindako indarraren erabilera eta mehatxuaren ondorioa. Oinarri horretan finkatu eta horretaz baliatu dira Estatu espainiarra zein frantziarra erabaki gune bezala hartzen duten botere eta alderdi horiek, Euskal Herria bera eskubide politikoen subjektua dela ukatzeko.

Estali nahi den errealitate hau gogoratzea ezinbestekoa da abiapuntu gisa. Izan ere, lorturiko demokraziaren kontrako abantaila politikoei esker eta ondorioz gorpuztu diren joera sozialak, berezko emaitza bailiran aurkezten dira. Gaur egun euskarak bizi duen minorizazio maila, gure sare industrialak ezagutu duen azken urteotako eraispena, edota OTAN erakundearen partaide izatea, berez etorritako ondorio gisa hartu nahi dira, Euskal Herritik kanpo hartutako erabaki politikoak inposatuz.

Horregatik, Euskal Herriak burujabetasun errealaren zein egituratze instituzional propio eta askearen aldeko borrokak aktibatu ditu etengabe azken mendean zehar bereziki. Finean, gaurko egoerak ere hori du helburu: Euskal Herria, bere osotasunaren kontzientzian oinarrituz, hitza adierazteko ezinbestekoa den egitura politiko instituzional propioaren bila ari da. Horretan gabiltza, herri sektore zabalaren babesaz, indar sozial, sindikal eta politiko abertzaleak nazio eraikuntzaren aldeko prozesu demokratikoa bultzatu nahirik.

Azken mendean eta nazio kontzientziaren eragin eta garapenaz, mugimendu, une eta ahalegin ezberdinak bizi izan ditugu, egungo egoeraren sustraietan aurkitu ditzakegunak.

Ezin ditzakegu ahaztu gure memoria historikoaren pasarterik garrantzitsuenak: Orreaga eta Amaiur-etik Gernikaraino, herri honek pairatu behar izan dituen okupazio frantses eta espainiar desberdinak; guda bitartez buruturiko lege arrotzen inposaketak (1789-ko frantsesa edo 1839, 1841, 1876-ko espainiarrak); herri honek mendeetan zehar izaniko askatasuna errotik kendu izana; eta egungo konstituzio inposatuak suposatzen duten traba eta muga. Guda, inposaketa eta sufrimendu ugari herri honen ukazioa etengabe mantentzeko.

Beraz euskal populuak ahalegin historikoa egin du gure herriaren egitura instituzional propioa defendatzeko eta garatzeko. Historiaren leihoak ireki eta aurreiritzirik gabe begiratzea nahikoa da horrela izan dela ikusteko.

Txosten hau, bide honen garapenari begira eginiko beste ekarpen bat izan nahi du; behin-behinekoa izango denez, denon artean osatu beharko da. Laburpen gisa zerbait aipatzekotan eta berezia egiten duena zera da: proposamena une oso berezi batean planteatzeaz gain, nazio mailako izaera duela. Hau da, ez dago Hego zein Iparraldeari zuzendua, Euskal Herri osoari baizik, behin betikoz aldarrikapen fasea gainditu eta subiranotasunaren ekinbide praktikoa planteatuz.

2.- PROPOSAMENAREN OINARRI ETA ARRAZOI POLITIKOAK

Arestian aipatu den bezala, arrazoi historikoak badira euskaldunok gure demokrazia eraiki eta geure burua gobernatzeko egin ditugun ahaleginak ulertzeko. Egun gainera, funtsezkoak diren bi arrazoi ditugu ziklo historiko bati amaiera emateko. Batetik - historiak erakutsitako esperientzia dugu - Estatu espainiar eta frantziarraren aldetik zer etorriko zain egon gabe, askatasuna eta demokrazia gure bide eta ahaleginen baitan daudela frogatzen zaigu; eta bestetik, ausardiaz eta borondatez hornituriko behar adina indar sozial, ekonomiko eta kulturalak garatu ditugula gure herrian, mendeetan zehar egindako ahaleginei esker pilatutakoak eta une honetan gorpuzten ari direnak.

Herrien historian tamaina honetako aldaketak eskuratzeko aukera eskaintzen duten uneak ez dira noiznahi agertzen. Gizon-emakume askoren ahalegin eta eskaintza aberrigile ugariren emaitza diren baldintza historiko, sozial eta politiko zehatzetan agertzen diren une erabakigarriak izan ohi dira, behin alferrik galtzen utzita berreskuratu ahal izateko neke eta sufrimenduz borrokatu behar izaten direnak. Azken urte luze eta gogor hauek eskarmentu nahikoa eskaini digute hitz hauek egi direla ohartzeko.

Urrats berri hau emateko oinarriak:

2,1.- Euskal Herriaren ezagutza politikoa bermatuko duen marko politikoaren sortze prozesua zehazteko premia.-

Egungo marko politikoen agorpena argitu eta politikoki barneratzea izan da lehenengo urratsa bide honetan. Gaurko egoera aztertzerakoan garbi dago Euskal Herrian indarrean dauden egituraketa juridiko-politikoak guztiz agorturik daudela. Nazio eraikuntzaren ikuspegitik, hain zuzen ere, bide horretan bere sinesmen edo konfidantza osoa jarri zuten hainbat sektore eta herritarren aldetik guztiz barneraturik dago baieztapen hau.

Euskaldunok hitza adierazi eta gure erabakiak gauzagarriak eta eraginkorrak izan daitezen aukera errealak ukatzen dituen marko honen muga ez da horretan geratzen. Euskal Herriaren erabateko ukazioa suposatzen du egun pairatzen duen errealitate juridiko politikoak. Euskal Herria ez da eskubideen subjektu gisa ezagutua eta ukazio honen tresna eraginkorrena inposaturiko zatikatze politikoa dugu.

Beraz, marko hauek gure herriaren arazoei aurre egiteko egiturazkoak diren ezintasun eta hutsune demokratikoak dituzte. Guztiz agorturik daudela diogunean, euren demokraziaren kontrako izaera hori gogoratzeaz gain (autodeterminazio eskubidearen ukapena edota Euskal Herriaren errekonozimendu eza.), berezko egiturazko ezintasunaz ari gara. Nahikoak ez diren tresnak baino, eragin ukatzaile eta zatikatzailea izan eta etengabe birsortzen duten tresneriaz ari gara. Horregatik, XXI. mendearen atarian egonik, euskal herritarrok ekonomian, kulturan edota lurralde antolamenduan ditugun premiei aurre egiteko ere, baliogabea da.

Gainera, kualitatiboa den faktore bat agerian dago: mende amaiera honetan, marko berrien bila ari diren indar sozial, sindikal eta politikoak ez dira Hego Euskal Herrian kokatzen, Euskal Herri osoan baizik. Beraz, herri sektoreak abian gaude euskal demokraziaren ezagutzan oinarrituko den marko berri baten alde, soilik horretan finkaturik izango da posible eguneroko arazoei eraginkortasun handiagorekin aurre egitea eta, aldi berean, euskal nazioaren normalkuntza politiko-instituzionala egonkortzea.

2,2.- Nazio mailako mugimendu anitza eta zabala artikulatu nahi duena.-

Marko politiko-instituzional berri honen aldeko apustuak, gure herriaren gehiengo politiko, sozial zein sindikalak gorpuzten duen herri indar oso zabalarekin kontatzen duela garbi geratu behar du.

Aspaldiko partez eta historian gure artean edukitako errezeloak zein mesfidantzak alboratuz, bateratua izan nahi duen estrategia herrigile baten aldeko apustua egiteko, eta horren gauzatze bidean urrats praktikoak abian jartzeko behar adina baldintza material eta borondate soziala badagoela uste dugu, gainera.

Zentzu honetan, gehiengo horren aktibazio politikoa guztiz beharrezkoa zaigu, benetan aurrean dugun erronka irabazi nahi badugu.

2,3.- Estaturik gabeko nazioen ernaltzea.-

Nazionalismo ororen aurkako diskurtso mediatikoa oso erasokorra den arren, egun, herri askoren aldetik norberaren autoafirmazio kultural, sozial eta politikoa indartzen eta hedatzen ari den fenomenoa ezin garrantzitsuagoaren aurrean gaude.

Estatu askoren krisia sakona da egungo mundializazio prozesuan, bere botere inposatuaren oinarri ez demokratikoa agerian geratzeaz gain, herrien eta herritarren premia kultural, sozial eta politikoei aurre egiteko ezintasuna nabaria baitzaie. Bereziki, bere barnean ukazioa, lege zein indar ezarpen sistemak direla medio, herrien borondatearen ezabaketa bideratu nahi izan dutenen kasuan...

Beraz, hainbat "adituen" tesiak apurtuz, azken hamarkada honetan estaturik gabeko hainbat nazioen ernaltze prozesu nabarmena bizi izan dugu eta globalizazioak ez ditu nahi adina errealitate nazional behin betiko lurperatu. Gero eta nabarmenagoa da uniformitate ekonomiko-kulturalaren inposaketaren aurrean, herriek bere autodefentsarako mekanismo guztiak aktibatu behar dituztela eta gaur arte, estatuen esku utzi diren funtzio erabakigarriak eskuratzea ezinbestekoa dela herrien geroa bermatu ahal izateko.

Bestalde, jadanik subiranotasunaren aldeko apustuak ez dira kokatzen hirugarren mundua deituriko eremuko hainbat herrietan; garatua deitzen den munduan ere horrelako fenomenoak ugaltzen ari dira.

Horra hor, adibidez, Quebecen edota Eskozian garatzen ari diren prozesuak. Hori guztia kontuan izanik, munduan eta Europan ematen ari den prozesu horrekin bat eginez, Euskal Herriari ere bere toki propioa edukitzeko garaia ailegatuko zaio.

2,4.- Europar berreraikuntza.-

Urtetan herrien eta erregioen Europa eraikitzera zihoazela saldu badigute ere, argi dago eraikitzen ari den Europaren helburuak zeintzuk diren. Europa horretan ez omen dago astirik karta sozialaz aritzeko eta gure kontinentean dauden pobrezia poltsa ikaragarriei aurre egiteko; aldiz, helburu ekonomiko oso zehatzak dituzten estatuen gaineko erabaki eta politikak dute lehentasuna. Globalizazio ekonomikoa, politikoa eta kulturalaren aldeko politikak bideratzen ari dira.

Globalizazioak "txikiaren edertasuna" dei dezakeguna berreskuratzea ere ekarri du. Lelo ezagunak dioen bezala, lokal mailan ekin eta maila globalean eta ikuspegi orokorrarekin pentsatu. Geroaren premiei egokitu ahal izateko, herrien auto-eratze eta erabakitze ahalmena eraikitzea eskatzen du ezinbestean. Baina egun, estatuek soilik parte hartzen dute Europako erabaki horietan. Estaturik gabeko nazio zein herrioi ezinezkoa zaigu erabaki-markoetan parte hartzea. Ondorioz eta gure kasuan, Madril eta Parisen eskutan gaude honetan ere.

Europa berria eraiki nahi dugu, herrien eta herritarron interesak defendatuko dituena eta horretarako ezinbestekoa egiten da gure partehartze zuzena. Herri honek, beraz, egun ez duen ordezkaritza politikoa eta instituzionala behar du.

2,5.- Ziklo historikoari amaiera emateko baldintzak garatu.-

Lurralde zatiketan zein demokrazia-subiranotasun ezagutza ezan oinarritutako azken mendeetako historiarekin bukatzeko premia du Euskal Herriak.

Aurreko ataletan aipatutako elementuak baikor izatera bultzatzen gaituzte. Horregatik, aukera historiko honen aurrean, ausardiaz jokatzera beharturik gaudela uste dugu. Historian hainbestetan ukatua izan zaiguna, XXI. mendearen atarian berreskuratzeko dauden aukera errealei atxikiz, gure herria behingoz bakean, askatasunean eta demokrazian eraiki behar dugu.

Horretarako ezinbestekotzat jotzen dugu euskal gizartean ilusioz eta itxaropenez beteriko indar guztiak, ekimen sozial praktikoetan buru belarri murgiltzea. Egin dugun apustua euskal herritarren borondatearen gainean finkatzen den prozesu herrigilea martxan jartzea da. Gure hitza adierazi eta hitz horren errekonozimendu politikoa irabazteko erantzukizuna gureganatu nahi dugu.

Euskal Herriaren demokraziaren ukapenean parte izan nahi ez duen orok badu saihestu ezina den konpromisoa, eta bereziki gure burua euskal herritartzat hartzen dugunok, euskal demokraziaren gauzatze bidea irekitzeko erronkari heldu behar baitiogu inolako aitzakia eta atzerapenik gabe.

3.- EUSKAL PROZESU DEMOKRATIKORAKO OINARRIAK

Aipatu diren funtsezko oinarriekin ados egonik, gure herriak prozesu demokratiko nazionala abian jarri behar du. Azken finean, prozesuaren oinarriak ongi definitu eta euskal boterea eraikitzeko metodoak zehaztu behar ditugu, hori baita prozesuaren helburua.

Zentzu horretan hauek dira, gure ustez, euskal prozesu demokratikorako oinarriak:

3,1.- Lurraldetasunaren printzipio demokratikoa. EUSKAL HERRI osoaren partehartzea.-

EUSKAL HERRIA bi Estatuen menpe dagoen Herria da, historiaren eraginez, zatikatua izan den herria da gurea. Historiaren dinamika zein arrazoi ezberdinak tarteko, baina gehienetan, kanpotik ezarritako erabaki edo baldintzatzeak direla medio, zatikatua eta subiranotasunik gabe garatu den herria dugu Euskal Herria.

Horregatik Euskal Herriaren arazoei aurre egiteko, aldarrikatzen ari garen egoera demokratiko berri batetik abiatu nahi badugu, ezinbestekoa da bizi dugun lurralde zatiketa, Euskal Herria subjektu politiko subirano gisa ukatzen duena, gainditzea.

Beste era batera esanda: Euskal Herrian ez dago prozesu demokratikorik euskal herritar guztiak kontuan hartu gabe. Beraz, argitu beharra dago ez dugula lurraldetasunaren kontzeptua ikuspegi abertzale batetik planteatzen, ikuspegi demokratiko batetik baizik. Izan ere, euskaldunon arteko komunikazio, eztabaida eta erabakiak hartzeko aukerak ukatzen diren egoera honetan ezin daiteke prozesu demokratikoa abian jarri.

Arestian esan bezala, inposatu nahi zaigun minorizazio prozesu batek ezin ditu eskubideak ezabatu. Euskaldun guztion eskubidea da gure hizkuntza ezagutu ahal izatea, nahiz eta euskarak pairatu behar izan duen minorizazio prozesuaren ondorioz, euskal hiztunen kopurua oso txikia izan. Era berean, nahiz eta euskal herritar askok bere burua euskalduntzat baino, frantziar edo espainiartzat hartu, horrek ezin du lurralde horretan bizi diren euskal herritar guztien eskubidea ukatu, euskal herritar gisa aritzeko eta euskal subjektu politiko bateratu horren partaide izateko eskubidea kendu, alegia.

Zentzu horretan, funtsezkoa iruditzen zaigu lurraldetasuna prozesu demokratikoaren oinarritzat hartzea. Prozesu demokratikoaren subjektua Euskal Herria da eta, beraz, berau osatzen duten lurralde guztiek prozesu horretan parte hartzeko eskubidea dute. Beste kontu bat izango da Lurralde Historikoek gure historian zehar izan duten eta egungo herrigintzan duten pisua. Herrialde bakoitzaren nortasunaren ekarpena eta errespetua funtsezkoa deritzogu, batez ere gure herriaren nazio eraikuntzari eta eredu instituzionalari begira.

Azken hau, aztertu beharreko planteamendua dugu. Halere prozesu demokratikoan kohesioa eta bateratasuna indartzeko herrialde desberdinetan gorpuztu diren identitate maila desberdinak kontuan hartzen jakiteak garrantzi berezia izango du. Horren arabera, proposamen honen eztabaida eta lantze prozesuan herrialdeen nortasuna eta parte hartzea bermatzeko bide propioak bideratuko luketen bitartekoak ipintzea ezinbestekotzat jotzen dugu.

 

3,2.- Euskal herritar guztien partehartzea bermatzea. Denen artean egin beharreko prozesua.-

Benetan prozesu demokratiko bat martxan jartzen ari bagara, prozesu horren baitan eta bere garapenean bermatu beharreko printzipioa definitzea funtsezkoa da: euskal herritar guztien partehartzea, hain zuzen ere.

Zentzu horretan, ongi zehaztu behar da zeintzuk osatzek duten euskal herritargoa, hots, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoan bizi eta lan egiten duten guztiak. Aniztasun ideologikoaren gainetik, DENOK dugu eskubidea prozesuaren protagonista aktibo bilakatzeko. Horretarako beharrezkoak diren partehartze mekanismo demokratiko guztiak eskura edukitzea bermatu beharra dago.

Testuinguru honetan erabat ulergarria da euskal errepresaliatu politiko guztien parte hartzeko aukera planteatzea prozesu demokratikoaren ezinbesteko osagai gisa; beste herritarren askatasun maila berean, euren iritziak azaldu, hedatu eta erabakiak hartzeko aukera izatea, alegia.

Puntu honetara helduta, aipamen berezia egin behar dela uste dugu, bi estatuek gure lurraldean dituzten aparatu behartzaileei buruzkoa, hain zuzen ere. Horiek osatzen dituzten gizon-emakumeak, Euskal Herriaren izatea bera ukatzeko aipatu estatuen tresnak diren heinean, ezin dira gure herriaren partaide izan. Horrenbestez, ez dira euskal herritarrak eta ez dute prozesuan parte hartzeko inongo eskubiderik.

3,3.- Euskal agente sozial, sindikal zein politiko guztien partehartzea.-

Euskal Herrian lanean dihardugun agente sozial, politiko zein sindikal guztiok erronka eta ardura berezia dugu prozesu demokratiko honen dinamizazio eta garapenean.

Argi utzi nahi dugu guretzat agente guztiek, euskal hiritar diren aldetik, prozesuan parte hartzeko eskubide osoa dutela nahiz eta beraien proiektu politikoak Euskal Herria egungo menpekotasun egoeran jarraitzearen aldekoak izan. Hots, demokratikoki jokatzeko prest dagoen euskal hiritar orok du prozesuan parte hartzeko eskubidea, baita espainiar edo frantziar zale den orok. Demokratikoki aritzeko konpromisoa bermatu beharko da norberak Euskal Herrian duen indarraren arabera soilik jokatuz, eta inolaz ere ez, Estatu espainiar eta frantziarrek eragin dezaketen indarraz baliatuz.

Euskal esparruan, euskal herritar gisa aritzeko printzipio demokratiko hau guztiontzat aldarrikatzen dugu.

4.- EUSKAL HERRIA SUBJEKTU POLITIKO GISA EGITURATZEA: INSTITUZIO NAZIONALEN BEHARRA

Orain artekoan zerbait garbi geratzen ari bada zera da: gure herria eraikitzeko bidean lurralde zatiketa dugula oztoporik nabarmenena.

Egun, instituzio ezberdinak ditugu gure herrian. Batzuk (Lapurdin, Nafarroa Beherean zein Zuberoan izan ezik), sustrai historikoak dituztenak (Foru Aldundiak, Nafar Parlamentua zein Udalak), herri honen historian bere artikulazio molde propioaren ondorioz gorpuzten joan direnak, eta gaur egun ere lurralde zatiketaren berma izateko jaio ez zirelako, gure herriaren artikulazio tresna ezinbestekotzat ikusten ditugunak.

Bada, aldiz, abiatze unetik bertatik, lurralde zatiketaren iturri izan dena, subiranotasun faltan oinarritu dena, itun estatutariotik sortu eta inongo sustrai historikorik ez duena: Gasteizko Legebiltzarra.

Zorionez, euskaldunok badugu duela hilabete batzuk sortu den lehenengo instituzio nazionala, Udalbiltza deiturikoa alegia; lurraldetasunaren printzipio demokratikoari atxikirik, euskaldun guztien parte hartzea bermatzen duen instituzioa.

Askotan aipatzen da Euskal Herriak beste marko bat behar duela eta euskal gizarteari (sei lurraldeetako herritarrei) eskaintza politiko bat egin behar zaiola. Hau guztia aipatzerakoan, gainera, nazioarte mailan izandako hainbat esperientzia jartzen dira mahai gainean (Eskoziarena edota Quebecekoa).

Esperientzia hauek guztiz aberasgarriak dira, nahiz gurearekin konparatuz, funtsezko ezberdintasun bat izan: herri hauetan ez dute lurraldetasunaren auzirik eta gobernu nazional zein parlamentu nazionala dute.

Euskal Herriak ez du, ez bata ezta bestea ere. Beraz, hori da urgentziz konpondu beharreko auzia, hots, euskal prozesu demokratikoa burutzeko oinarria, prozesua bera garatzeko, Euskal Herria subjektu eta eskubideen jabe gisa ukatzen duen zatiketa gainditzeko, euskal demokrazia bermatzeko, eta ezarritako inposaketa eta horren ondorioen gainetik abiapuntu demokratiko bat euskaldun guztiontzat eraikitzeko. Demokrazia ez baita soilik metodo bat, erabakitzailea den subjektu politiko kolektiboaren errespetua ere ezinbesteko osagaia bihurtzen da.

Hortxe dago gakoa eta horri irtenbidea eskaini diezaiokeen bide bakarra, prozesu demokratikoa ahalbideratu eta prozesuarekiko errespetuaren bermeari begira, solaskide politikoa izango den subjektu instituzional nazionala sortzea da.

Ezinbesteko baldintza dugu honoko hau. Azken finean, berriro diogu, Euskal Herri osoarentzat eta euskal herritar guztien partehartze zuzenari irekia izan eta ariketa demokratiko gorena (hauteskunde edo erreferendum sistemaz) eskuratuko duen proposamena luzatu behar dugu. Prozesu horren aitzindaritza lanak, subjektu instituzional nazional batetik soilik burutu daiteke.

Era berean esan beharra dago, prozesu demokratikoa gauzatu bitartean, egungo instituzio guztiek indarrean jarraituko dutela.

Goazen bada Euskal Herritarrok-en izenean, subjektu hori eraikitzeko egiten dugun proposamen zehatza garatzera.

5.- EUSKAL DEMOKRAZIA GAUZABIDEAN: EUSKAL HERRIKO BATZAR ERATZAILEA OSATZEKO PROPOSAMENA

5,1.- Normalizazioa versus euskal demokrazia. Kontzeptu honen inguruko argipena.-

Euskal Herria egoera guztiz ez normalizatu batean bizi da eta horrela diogu gu geuk ere: bi estatuen menpe zatituta, Hegoaldean ere bi administrazioetan zatituta, gure herria izendatzean hainbat ordezko murritzaile erabiltzera behartuak (CAV, Euskadi, Euzkadi, País Vasco, Iparralde...). Funtsezko ez normaltasuna zera da: gure etorkizuna erabakitzeko ahalmena ere ez dugula gure esku.

Horregatik gabiltza normalizazioaren bila, normaltasunez bizi nahi dugulako, herri libre guztiek bezala bizi nahi dugulako, gaurko erabakien zein etorkizunekoen jabe izanik, gure ekonomia planifikatuz, gure amalurra zainduz, gizarte justu bat eraikiz... Euskaldunok, bakean eta demokrazian bizi nahi dugu.

5,2.- Batzar nazional eratzailea eraikitzeko beharra.-

Arestian aipatu ditugun arrazoiengatik eta prozesuaren definizio mailak beharrezkoak izanik, Euskal Herritarrok-ek proposamen zehatz hau luzatzen dio euskal gizarteari eta bere baitan aritzen diren agente sozial, politiko zein sindikal guztiei: euskal prozesua demokratiko eta nazionala garatzeko beharrezkoa den prozesu eratzailea abian jartzea.

Emandako hainbat arrazoiekin bat gatozen euskaldun guztiok adostasunean definituriko jokabidea edo estrategia zehaztu eta horri ekin behar diogulakoan gaude, azken finean, euskal gizartearentzat onura ekarriko lukeen eskenatoki baten beharra denon helburutzat jotzen baitugu.

Gogo eta asmo horrekin, egungo markotik marko politiko berri batera joateko gure herriak burutu behar duen trantsizio politikoan aitzindaritza eramango lukeen subjektu instituzionala osatzea da gure proposamena.

Subjektu instituzional horrek bi baldintza bete beharko lituzke:

1- Euskal legitimitate demokratikoaren gorengo graduaren bermea izatea.

2- Euskal herritar guztiek hitza eman ahal izateko bitarteko demokratikoak eskuragarri izatea.

Zentzu horretan, Euskal Herritarrok-ek euskal herritarren legitimitatea eta babesa eduki behar duen subjektuaz hitz egiten du.

Horregatik, euskal herritarrak ezinbestekoa dugu gure arkitektura demokratikoa eraikitzeko inposatutako oztopo nagusiak gainditzea. Kontziente gara bi estatuek indarrean duten markoak errespetatuz eta bere legitimitatea onartuz, Euskal Herriak ez duela etorkizunik, ez bederen Herri ezberdindu bat bezala.

Azken 200 urte luze hauetan tresna ezberdinak baliatuz gure Herria zatikatu dutenek Euskal Herriaren asimilazioa bultzatzea izan dute helburu, gure herri kontzientzia desagertzearren herri egiten gaituzten elementu kultural, sinboliko eta materialen desegitea bilatuz. Une honetan hainbat eskualdetan dagoen egoera minorizatua eta indar korrelazioa abiapuntu demokratiko bezala onartzera kondenatu nahi gaituzte.

Aldiz, euskal herritar garen aldetik gure eskubide politikoak bere osotasunez gauzatu nahi ditugunok, ESKUBIDE GUZTIA dugu herri gisako egituratze instituzional propioaren alde aritzeko, eta inork ezin dezake eskubide hori ukatu.

Horrek ez du kentzen, gaur egun dauden euskal herritarren artean kontzientzi nazional desberdinak (nola ez, bi estatuen politikaren eraginez) hedapen eta garapen ezberdina izan, badutela, gure herrian euskal herritartasuna modu eta maila oso desberdinean ulertzen dutenak badirela, alegia.

Beraz, argi dago gure egituraketa demokratiko nazionala osatu behar duen bidea, egoera sozio-politiko kultural hori kontuan hartuaz eta herritarren atxikitze edo bat egite librean oinarriturik, identitate desberdin horiek dituzten herritar guztien eskubide linguistiko eta kulturalak bermatu beharko dituela.

Hori guztia garbi utzita, Euskal Batzar Eratzailea osatzeko, honako hau da Euskal Herritarrok-ek plazaratzen dituen urratsak:

6.- EUSKAL HERRIKO HAUTESKUNDEAK BURUTZEKO HAUTUA ETA GAUZABIDEA

Euskal Herritarrok-ek, euskal prozesu demokratikoa gidatuko duen subjektu nazional eratzailea osatzeko oinarri demokratiko elektorala praktikan jartzea, hau da, Euskal Herrian batzar eratzailea osatzeko hauteskundeak deitzea proposatzen du.

Fase historiko honetan, euskal demokrazia eskuratzeko bideak gure eskakizuna aldarrikatzetik edota Estatu espainiar eta frantziarrari eskakizun hori aurkeztetik haratago, bere gauzatze praktikoan izango du oinarria. Aipaturiko bi estatu hauei inposaketa eta sabotai aukera bere eskutan uztea nahi ez badugu, gureari ekitea ezinbestekoa da. Beraz, hauteskundeak burutzea, mekanismorik egokiena iruditzen zaigu, Herri honen prozesu eratzailea gidatu behar duen instituzioak, zilegitasun demokratikoaren maila gorena behar duelako eta gure gizartean, herritarren artean adostasun zabalena lortzen duen tresna politikoa, herritar bakoitzak hitza adierazi ahal izatea eta hitz horren balio politiko praktikoa bideratuko duten ordezkariak hautatzea delako.

Euskal Herriko hauteskundeak burutzea planteatzen dugu, batetik hainbat eta hainbat euskal herritarrek beren ordezkaritza politikoa beraiek planteatzen duten eremuan gauzatzerik izan ez eta behartuta daudelako inposatutako beste eremu arrotz batzuetako partaide izatera. Hori konpontzea premiazkoa da. Bestetik, euskal demokraziaren eta prozesu demokratikoaren oinarriak eskuratzeko bidea finkatu behar dugulako, Euskal Herria subjektu politiko gisa osatzeko herri eskubidea indarrean jarri nahi dugu.

Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten guztiek izango dute eskubidea hauteskunde horietan parte hartzeko.

Zentzu berean, aukera politiko ezberdinen berdintasunezko baldintzak bermatu beharko dira, denek eskubide berdinak edukiz, beraien kanpaina eta helburuak gizarteratzeko eta horretarako hartu behar diren neurri guztiak praktikan jarriz.

Hautu honekin bat datozen herritar eta eragile sozial guztien inplikazio zuzena eskatuko dugu. Izan ere, soilik herritarren partehartze zuzena, inplikazioa eta ardura, izango baita bide hau aurrera ateratzeko modua.

7.- HAUTESKUNDEETATIK BATZARRA OSATU.-

Berriro ere zera azpimarratu nahi dugu: planteatzen dugun Batzarrak gure Herriak burutu beharko duen trantsizio politikoaren gidaritza eraman beharko lukeela. Zentzu horretan, marko politiko berria indarrean sartu arteko trantsizio hori, egungo beste erakundeekin konpatibilizatu beharko litzateke.

Batzar honi buruz garbi eduki beharko dira honako bi faktoreok: batetik, Batzar eratzailea dela eta, beraz, ez dela administrazio zereginetan murgilduko. Bere eginbeharra Euskal Herriarentzat egitura juridiko-instituzionala eta Euskal Herriaren marko juridiko politikoa prestatzea da. Bestalde, herritarren oniritzia jaso eta horren arabera aurreikusitako hauteskunde prozesuak martxan jarri arteko prozesua burutu beharko duela.

Hitz bitan, Batzar horrek gure herriaren egituratze politiko propioa diseinatu eta gorpuzte bidea irekitzearen zeregina hartuko du bere gain.

Abiapuntu horretan oinarriturik hauek izango dira Batzar Eratzaiale Nazionalaren zereginak:

a) Euskal gizarteari proposatuko zaion marko politiko juridikoaren eskaintza gauzatzea.-

Euskal Herritarrok-en ustez, marko politikoaren eskaintzak, honako edukiak jaso beharko lituzke:

- Euskal Herriko marko politikoaren edukiak subiranotasunean oinarriturik atalez atal zeintzuk diren zehaztea, Euskal Herriaren botere mailak definitzea.

- Euskal Herriak beste herriekiko eta, bereziki, bi estatuekiko planteatzen dituen harremanen konfigurazioa.

- Euskal Herriko barne antolakuntza eta eredu instituzionalaren proposamen zehatza.

b) Euskal Herriaren ordezkaritza ofiziala gauzatzea.-

Batzarrak, Euskal Herriaren ordezkaritza ofiziala bere gain hartu eta bi motatako zereginak burutuko lituzkete:

- Nazioarte mailan, gure Herriak martxan jarriko duen prozesu demokratikoa ezagutaraztea eta horretarako behar diren baliabideak ziurtatzea. Nazioarte lan honetan Europar estatuekiko harremana lehentasunezkoa izango litzateke.

- Estatu espainiar zein frantziarraren aurrean, Euskal Herriaren ordezkaritza ofizial gisa aritzea, bi estatuei gure prozesuarekiko errespetua exijituz eta horretarako burutu behar den ezinbesteko akordioa landuz.

Norabide berean eta Batzar Eratzaile horri maila goreneko ordezkaritza aitorturik arituko litzateke eta gainontzeko instituzioak (udalak, foru aldundiak, Udalbiltza, Gasteizko Legebiltzarra...), prozesu demokratiko hau babestu eta bermatzeko ardura hartuko lukete.

c) Prozesuaren demokratikotasuna bermatzea.-

- Marko berria osatzeko agente sozial, sindikal eta politiko guztien partehartzea bermatzeko, martxan jarri behar diren mekanismo guztiak aktibatzea baita, horrela gertatuko balitz, hauteskundeetan abstentzioaren aukera egin dutenekin ere.

- Behin marko juridiko politikoa definitu ondoren, marko berri baterako proposamen hori herritarren aurrean jartzeko bitartekoak bermatzea, garbi baitago euskal hiritarrek dutela azken hitza.

Euskal Herria, 1.999ko azaroa