EAJ-PNVren III Batzar Nagusia."IZAN ERABAKITZEKO"

1.1. Euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea.

Euskal Herria da bere etorkizun politikoari buruz, hala nola, Estatu espainiar nahiz frantsesarekin izan beharreko harreman politikoei buruz har ditzakeen erabakien jabe.

Bere etorkizuna erabakitzea Euskal Herriari dagokiola dion printzipioa, kontutan izanik estatu espainiarraren ordenamendu juridikoak berak ere eskaintzen digun herri izaera ukaezina (nahiz eta lurralde-mugak eztabaidagarriak izan), pentsamendu eta aukera politikoaren askatasunetik ondoriozta daiteke, eta 1990eko otsailean Eusko Legebiltzarrean Autodeterminazio Eskubideari buruz plazaratu zuen agiriaren erdigunea dugu.

Beraz,

  • · Euskal Herriak izateko eta erabakitzeko duen ahalmenetik abiatuta, Euzkadiren onarpen nazionalaren helburua defendatzen dugu, Euskal Herriak, bere historiaren protagonista den neurrian, beharrezko eta egoki ikusten duen status politiko eta juridikoa ezarri ahal izan dezan.
  • · Autogobernu integral, oso eta berezkoaren garapen politiko eta sozialaren aldeko apustua egiten dugu, nazio ikuspegitik ekimen politiko, sozial eta instituzionalak bultzatuko ditugularik.
  • · Euskal Herriak bere status politiko propioa izateko duen legitimotasun historiko eta politikotik abiatuta, euskal gizartea bere erabakien protagonista delarik, bere barne egituraketa, hala nola kanpo harremanak zehaztuko dituen egitasmo politikoaren diseinuan eraginkorki parte har dezan baldintza egokiak sustatu behar ditugu, datozen hamarkadetarako Euskal Herriak behar duen status politikoa eta botere koadroa ezarriz, bizi dugun une historiko honetan.

EAJ -PNV, bere sorrerako printzipioekin, hala nola, giza eskubide indibidual eta kolektiboak defendatzen jorratu duen ibilbidearekin koherentea izanik, indarrean dauden errealitate politiko eta marko juridikoetatik abiatzen da eta, biak kontutan hartzen dituelarik - errealitatea eta markoak -, euskaldun guztiok barne bilduko dituen esparru juridiko politiko baten aldeko apustu garbia egiten du. Esparru honetan bere izaera nazionala, bere errealitate historikoa, kulturala eta linguistikoa errespetatuak izan beharko dute, eta baita ere bere etorkizuna finkatzeko eskubidea, eta neurri berean barne egituraketa eta kanpo harremanak zehazteko gaitasuna.

1.2. Elkarbizitza politikoaren behin betiko normalizaziora bideratua dagoen prozesu politikoa.

 

Aipatutako printzipioak praktika politikora eraman ahal izateko, bidezkoa da prozesu politiko bat hasi eta garatzea. Prozesu politiko honek bere oinarria Euskal Herriaren izatearen onarpenean izango du, alegia, izatearen onarpena, erabaki ahal izateko, eta bere helburua elkarbizitza politikoaren behin betiko normalizazioa lortzea izango da, behar bezainbesteko gizarte-kohesioaren bidez. Horregatik, prozesuaren giltzarria euskal gizartearen baitan kokatzen dugu, alegia, libreki osatu eta adierazitako bere borondatean.

Prozesu politiko modura, ezagutzen dugun egoera politikotik abiatuz, euskal gizarteak bere etorkizunerako ezarriko duen beste egoera politiko batera joango da. Eta kontutan izan behar dugu, une honetan daukagun egoera eta 70eko hamarkadaren amaierako trantsizioan izandakoa desberdinak direla guztiz. Garai hartan Euskal Herriaren esistentzia beraren ukapen borobila bizi genuen; diktaduraren ondorio ziren presio politiko, sozial, ekonomiko eta militarrak ere bizi-bizi ziren, erreferentzia instituzional propiorik ez genuela ahaztu gabe. Prozesu politiko hau lurralde mailan ezarpen desberdina duen, baina sustraitua dagoen nortasun politikoaren kontzientziatik abiatuta garatzen dugu; ekimen politikoa zuzenduko duten eta hiritarrengandik gertu dauden erakunde propioetatik, eta ekimen publikorako botere oinarri garrantzitsu batetik abiatuta, lurralde nahiz populazioaren zati nagusian.

Oinarri hauetatik abiaturik, abertzale modura zilegitasun osoz lortu nahi dugun Euzkadiren nortasun nazionalaren onarpena gure herriaren historian inoiz baino eskurago dago.

1.3. Abiapuntu modura daukagun egoera politikoa

Hauek dira egoera politikoaren ezaugarri nagusiak:

  • · Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan autogobernu ahalmen handiko marko instituzionalak egon badaude, Gernikako Estatutuaren eta Amejoramenduan jasotako autonomia sistemaren fruitu. Errealitate hauez gain, berezitasun politiko garrantzitsua osatzen duen ezaugarri bat dugu, alegia, 1978ko Espainiar Konstituzioa baino lehenagokoa den eskubide propio eta lehenagokoak dituen subjektu kolektiboaren onarpena, Xedapen Gehigarrien konbinazioaren eskutik datorrena.
  • EAJ-PNVk ez du errespetu hutsa mantentzen errealitate politiko horiekiko, oso bestalde, euren ezarpen eta garapenean paper nagusia izan du, euskal hiritar guztiei eskainiriko politika publiko aurreratuak bermatzen dituzten gobernu ardurak bereganatu dituelarik.
  • · Erakunde sarea eta autogobernu ahalmena egon badaudelarik, hauen garapena oso ezberdina da Euskal Herrian. Politika instituzionalaren eboluzioa eta autogobernuaren garapenaren maila desberdina da Euskal Erkidego Autonomoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan, Iparraldeko lurraldeetan (Baxe-Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako 159 udalerrietan) antzeko ordezkari instituzionalik ez dagoelarik.
  • · Euskal Herriko zazpi lurraldeetako hiritarren arteko euskal nazio kontzientziaren ezartzearen eta hedapenaren maila ezberdina da.

1.4. Prozesu politikoaren giltzarriak

Garatu beharreko prozesu politikoaren oinarrian dauden funtsezko kontzeptuak hauek dira:

  • · Subiranotasuna. Helburua marko politiko eta juridiko bat finkatzea da, non Euskal Herriaren subjektu kolektiboak bere osotasunean izango duen egiaztatua eta zehaztua bere etorkizun politikoa erabaki ahal izateko eskubide osoa: autodeterminazio eskubidearen onarpena eta beronen sendotzea, ondorioztatzen den ordenamendu juridikoaren gailurra osatzen duten oinarrizko testu politikoetan.
  • · Lurraldetasuna. Aniztasun instituzionalaz gain eta, era berean, espainiar eta frantziar sistema konstituzionalengandik ondorioztatzen diren zailtasunez gain, zalantzarik ez dago Euskal Herria, sustrai historiko, kultural, linguistiko eta sozial sakonak dituen komunitate ukaezin modura definitzen dela.
  • Lurraldetasunaren kontzeptua honela ulertzen dugu guk, alegia, zazpi lurraldeetan nazio kontzientziaren garapen neurri ezberdina, euren erabaki ahalmena eta atxikimendu askea errespetatuz, guztiok burutzeko konpromezua hartzen dugun prozesu politikoaren emaitzak ondoko hau suposatuko duela: guztiok, hiritar eta lurraldeok, Euskal Herriaren subjektu politikoaren partaide izateko aukera izango dutela, oztopoak mugitu eta gaindituz, eta eskubide hori bete ahal izateko baldintza juridiko - politikoak sortuz.
  • Prozesu politikoaren lurralde osagaia, horrela ulerturik, egun existitzen ez den, baina Euskal Herriaren Eskubide Historikoen onarpen eta bermearengandik zuzen zuzenean ondoriozta daitekeen aukera konstituzional bat sortzea litzateke. Aukera honen arabera, euskal komunitate sozio - kulturalaren partaide izateak, subjektu politiko bati dagozkion eskubide politiko kolektiboen onarpena ere ekar dezake berarekin, baldin eta hori baldin bada hiritarren borondatea.
  • · Gizartea. Herri bat eta nazio kontzientzia bat ez dira sortzen egitura instituzional bat ezartze soilaren bidez. Erakundeak, nazio izaera daukatenak barne, euskaldunen ordezkari gorenak direlarik, herriak heldutasun politikoa iritsi duenaren seinale dira, alegia, ingurukoengandik bereizia den nazio kontzientzia amankomunaren jabe dela. Beraz, oinarrizko osagaiak, nazio kontzientziaren hedapena eta baiezpena dira (izatearen aldeko apustua) Euskal Herri osoko hiritarrengan.

Horregatik, prozesu politiko honen ondorioz garatu behar den ekimen politikoa Euskal Herri osoan eztabaidatu behar da, nahiz eta onartuak izan behar diren, eta kontutan hartuak, berau osatzen duten lurralde ezberdinetako errealitate eta egoera politiko ezberdinak, zeren, hori egingo ez balitz, gure gizartearen egiazko ahotsa ukatua izango bailitzateke.

Prozesua, horrela, alde batetik, Euskal Herria Nazio bat dela, eta horregatik eskubide politikoen jabe dela baieztetik abiatzen da eta, bestetik, egungo errealitate instituzionalak ezberdinak direla baieztetik, euskal gizartean dauden nortasunen aniztasuna ahantzi gabe. Baiezpen nazionala, egituraketa instituzionalaren aniztasuna eta nortasunen aniztasuna bezain erreala da. Gure egitasmo politikoa printzipio horien bilkuran oinarritzen da, batzuek besteei aurre hartu gabe.

1.5. Prozesuaren zimenduak

Elkarbizitza politikoaren normalkuntza, gure ikuspegiaren arabera, zimendu edo aurresupostu hauetatik abiatu behar da:

  • · Bakea. Edozein ekimen politikoren aurretik, edozein aldeko bortizkeria eta bortxa edo mehatxu era guztiak desagertu egin behar dira behin betirako. Ezin zaio tamaina honetako prozesu politiko bati heldu, pertsona guztien giza eskubideen errespetu osoa mantendu gabe. Eta hori, bai bide politiko eta demokratikoen aldeko apustuaren eskutik doan ikuspegi etikoarengatik, eta baita prozesu beraren legitimotasunarengatik ere. Bakezko eszenategi oso baten eskutik soilik eraiki ahal izango dugu Euskal Herriaren etorkizuna, askatasun eta atxikipen askearen gain.
  • · Euskal Herriaren onarpen eta sendotzea, nortasun propioa duen eta bere etorkizun politikoa erabakitzeko gaitasuna duen subjektu modura.
  • · Euskal Herriaren lurralde osotasunaren onarpena, subjektu politikoaren oinarri fisiko modura, printzipio hau lehenago aztertu den erara ulertzen delarik, alegia, Euskal Herriko lurralde ezberdinek egun, bai gizarte mailan eta baita erakunde mailan bizi duten egoera anitza errespetatuz.

Lurralde osotasuna prozesuaren oinarri politiko bat izan behar da, eta abertzaleek sustatu behar duten politikak lurralde osotasunaren kontzientzia, berau ahulen dagoen tokian pizteko helburua izan behar du. Baina, dena dela, lurralde osotasun kontzientzia hori, lurralde arteko berdintasun politikoaren ikuspegitik aurkeztu eta ulertu behar da; borondatezko elkartzetik, eta ez absortziotik.

Eta, baldintza horiek sustatzeko, Euskal Herria osatzen duten lurraldeen arteko harreman politiko eta instituzionalen inguruko mailak ipintzeko ahalegina egingo da, Estatu espainiar nahiz frantsesean, hala nola, Estatutu eta Amejoramenduan indarrean dauden oztopo juridiko - politikoak gaindituz.

  • · Euskal gizartearen nortasunen aniztasunen onarpena, bertan oso kontzientzia nazional ezberdinak baitaude, lurraldez lurralde ezarpen oso ezberdinez gainera.
  • · Tresna demokratiko soilak erabiltzea, guztiok onartuko ditugularik (euskaldunek, espainiarrek, frantsesek, hala nola, bakoitzaren erakunde eta botereek), euskal gizarteak libreki eta demokratikoki ematen duen hitza.
  • · Elkarbizitza politikoaren hedapena euskaldunen atxikipen askearen bitartez.

 

-II.- Prozesu politikoa: Bere garapenerako prozedura
EAJ-PNVren ustetan, Prozesu politikoa garatzeko prozedura, gizartearen ordezkaritza eratzen duten Alderdi Politiko ezberdinek gizarte honentzat dituzten proiektu materialak bezain garrantzitsua da.

Horregatik, hasieratik prozedura eragile politiko eta sozial orori irekia behar du izan, partehartze aukera eta ideien elkar trukaketa askea bermatu ahal izateko.

Printzipio hauen arabera, prozeduraren oinarri gisa honako hauek aurkezten ditugu:

1.-Ekimena.

EAJ-PNV prozedura honen ekimena beregain hartzeko prest dago, martxan jartzea bultzatuaz eta bere proiektu politikoak gizarte eta politika esparru orori aurkeztuaz.

2.-Abertzaleen arteko elkar laguntza.

Proiektu abertzale baten legitimotasunetik eta euskal gizartearen aurrerabiderako duen onuragarritasunetik abiaturik, gainontzeko alderdi abertzaleei eta demokraziaren eta euskal hiritarren borondatearen ildotik ekarpenak luzatu nahi dituzten guztiei, elkarren arteko adostasun eta errespetuarekin, eta bakoitzaren ezberdintasunekin, proiektu honen oinarriak, edukiak, moduak eta erritmoak eztabaidatzea eta adostea eskaintzen diegu.

3.-Aniztasun politikoa.

Euskal gizartea definitu dezakeen kontzepturik bada, hori aniztasuna da, bai nazio nortasunetan eta baita barne nahiz kanpo egituraketa proiektuetan ere.

Horregatik, euskal gizartearen aniztasunaren onarpen eta errespetua, bere horretan oinarrizko elementua da. Prozeduraren une guztietan eta edozein proiektu politikoren garapenean kontuan izan beharreko elementua delarik, ezin dugu ahantzi pluraltasunaren onarpenak aukera guztiak abiapuntu-baldintza juridiko berean ipini behar dituela, kanpo eraginek ez dezaten mugatu hiritarren hautapen ahalmena.

4.-Normalizazio politikoa.

Normalizazio politikoaren eta gizarte kohesioaren aldeko abertzaleen arteko ekimen eta elkarlana legitimoa izanik, hasieratik, ordezkaritza politikoaren osotasunari bere proiektu politiko ezberdinak garatzea eta aurrez aurre jartzea ahalbidetuko dion prozedurari buruzko gaien inguruko aurkezpen eta eztabaidari ekingo zaio. Honela, gai hauek aztertzeko eta Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren amaiera elkarrizketatuaren oinarri izan behar duen elkarrizketa politiko orokorra laguntzeko eratuko diren Foro edo Foroetan parte hartuaz.

5.-Gizartearen partehartzea.

Euskal gizarteak aspalditik erakutsi du bere heldutasun eta kohesio maila handia, alderdi politikoen arteko harremanetan ikusten dena baino dezente handiagoa. Honela, hasieratik eta eztabaida politikoarekin batera, beharrezkotzat jotzen dugu gizartearen partehartzea, bere agente, elkarte, entitate etab.-en bitartez, hauei ere prozedurei buruzko egiaztatze esparruak irekiaz eta proiektu politiko ezberdinen aurkezpen eta azterketa aukerak irekiaz. Puntu honetan komunikabideei deia luzatu nahi diegu (eta bereziki publikoei, edozein dela euren esparrua), aipaturikoei buruzko informazio egiazkoa ahalik eta era berdinenean bermatu diezaioten hiritarrei.

6.-Erakundeen papera.

Agente politiko eta sozialekin egiaztatzea eta eztabaida izan ondoren prozedura oso bat eratzen denean, egungo Erakundeak proiektu politikoen onarpen eraginkorrerako eta garapenerako oinarrizko erreferentzia eratzaile bilakatuko dira. Hala ere, sorrera berriko erakundeek eskain ditzakete ekarpen interesgarriak, betiere euren jatorri eta oinarria hiritarren borondatetik abiatzen baldin badira.

 

III.-EAJ-PNVren proiektuaren oinarriak

Proiektu politiko honen garapenean, EAJ-PNVk ekimenaren eta ideologia abertzalearen arteko bultzada legitimoaren eta gizarte kohesioaren babesaren arteko oinarrizko oreka mantentzeko konpromezua beregain hartzen du. Gizarte kohesioa, euskal gizarteari buruz beste pentsamendu eta proiektu batzuk ordezkatzen dituzten indar politikoren partehartze aukeran eta eztabaida gizarteari berari zabaltzen, bere eragile eta solaskideen bitartez, bermatzen da. Edozein kasutan, EAJ-PNVren ustez gizarte kohesioaren bermea, prozesuan izan beharreko portaera zuzenduko dion balioa zalantzarik gabe, ez dagokie indarrean dagoen eredu juridiko-politikoari alternatiba bat bilatu nahi diotenei soilik, oso bestalde, denoi dagokigun lana dela iruditzen zaio, eta indar politiko guztiei elkarrizketarako jarrera eta ikusmira zabala eskatzen diela.

1.-Subjektu politikoaren definizioa.

Euskal Herria edo Euzkadik, errealitate historiko, linguistiko eta kultural amankomun bat osatzen du, Araba, Baxe-Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoako hiritarrei dagokiena. Ondorioz, Euskal Herria eta berau osatzen duten Herrialdeek ordenamendu espainiar eta frantziarraren aurretik existitzen duen errealitate ezberdin bat osatzen dute, berezkoak diren pertsonalitate eta nortasunak dituelarik.

2.-Euzkadiren "izatearen" onarpena.

Euskal Erkidego Autonomoan eta Nafarroako Foru Erkidegoaren autonomi erregimenaren garapenak, eta era berean Iparraldean sor daitekeen Euskal Departamentuak, ez du Euskal Herriak dituen eta historia nahiz autogobernu borondatearen baitan dagozkion eskubideei uko egitea suposatzen. Eta bere eskubide politikoen artean, 1990ko Otsailean Eusko Legebiltzarrak adierazitako printzipioen arabera definitutako autodeterminazio eskubidea eta bere egikaritza kokatzen dira.

3.-Euzkadiren lurraldetasuna.

Euskal herrialdeek, beraien hiritarren borondatearen arabera, erakundeen arteko edozein harreman modu ezarri ahal izango dute, bere eskubide historikoen izenean, ordenamendu juridikoetan agertzen den edozein federazio galerazpen gaindituaz.

Zentzu honetan, lurralde arteko harreman, teilakatze eta elkarlan formula ezberdinen azterketa gauzatzeko gogoeta eta deliberazio foroak bultzatzea ezinbesteko suertatzen da.

4.-Udal Hautetsien iharduera bateratua: Udalbiltza

Euskal Herria Nazio gisa existitzen duela baieztatuaz, bere lurraldetasunaren testimonioa emanaz, euskal hiritarren partehartze eta erabaki askean oinarritutako prozesu dinamiko eta demokratikoa den aberri eraikuntza bultzatuaz, herrialde guztietako udalen arteko harreman eraikitzailean aurrera pausuak emanaz, UDALBILTZAREN bitartez Udal ordezkarien iharduera bateratuaren aldeko apustua egiten dugu.

5.-Egungo autogobernuaren eduki materiala.

Euskal nahiz Nafar Erkidegoek berehala eta orokorki Estatutu eta Amejoramenduaren arabera dagozkien eskumenen arloko edukiak bereganatu behar dituzte, definitu eta bereizten dituzten elementu singularrak, politiko nahiz finantzarioak, erabat errespetatuaz.

6.- Europar Batasunean eta nazioarteko foroetan presentzi eta partehartzea.

Lehen une batetan, egungo europar testuinguruan eskubide historikoak behar dute eguneratzeak, Euskal Erkidego Autonomoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren presentzi zuzena eskatzen dute, bai Europar Batasunaren aurrean eta baita bestelako nazioarteko foroen aurrean ere, bere identitate berezia eta bere eskuduntza nahiz politika publikoan ordezkatu eta defendatzeko.

Euzkadi-Euskal Herria subjektu politiko bezala onartzetik eratortzen da Europar Batasunaren aurrean onarpen hori eraginkor egingo duten mekanismo eta erabakien beharrezko artikulazioa, are gehiago, Europar Batasunaren prozesuan argi gelditu den bezala, maila internazionalean oztoporik jasotzen ez duten formulak baldin badaude horretarako.

7.- Proiektu Politikoaren artikulazioa.

Oinarri multzo honen garapena Proiektu Politiko batean gauzatuko da, eta berau eztabaida zabal baten emaitza izango da, euskal gizartearen osotasunean sustatua eta eragile politiko, ekonomiko, sindikal, sozial eta kulturalen partehartze gorenarekin.

Proiektu Politiko hau, Eusko eta Nafar Legebiltzarretan abian jarritako prozesu politikoaren ondoren zehaztu beharreko epean osatuko da.

Proiektu honek gutxienik eduki hauek izan behar lituzke: 1) Dokumentu honetan aipatzen diren oinarri, giltzarri eta zimenduen garapen artikulatua, 2) Euzkadi-Euskal Herriaren barne eta kanpo harremanen sistema artikulatua, edozein kasutan Europar Batasunaren ikuspegitik osatua, eta 3) Autogobernu politikoaren eduki materiala, bere botere oinarria eta berau bai barne egituraketa, bai kanpo harremanetan babestu ahal izateko berme sistema.

8.- Proiektuaren finkapen juridikoa.

Proiektu Politikoa burutu ondoren, indarrean dauden marko juridikoen erreforma prozesuari hasera emango zaio, edozein kasutan emaitza modura suertatzen den proiektu edo proiektuek, euskal hiritarren erabakia jasoko dutelarik kontsulta edo referendum bidez.

 

 

 

III Batzar Nagusia, 2000.eko urtarrilak 15