"Bilbo ez da inoiz bizi izan itsasadarrari bizkar emanda"

  • Ondarearen defendatzaile sutsu eta sarritan bakarkakoa dugu Iñaki Uriarte Palacios arkitektoa (Bartzelona, 1946). Bereziki Bilboko Portuko eta itsasadarraren inguruetako ondarea sakon ikertu du. Turistei kontatzen zaien bertsio ofizial azaleko eta onberaren oso bestelako kontaera kritikoa osatu du, azken 24 urteotan, itsasadarrean behera egiten dituen ibilbide gidatuetan transmititzen duena.


2018ko ekainaren 10an
Iñaki Uriarte Bilboko itsasadarreko bisita gidatuetako batean. (Arg.: Jabi Zabala)
Iñaki Uriarte Bilboko itsasadarreko bisita gidatuetako batean. (Arg.: Jabi Zabala)

Bartzelonatik ekarri zenuen ondarearekiko kezka?
Aita barakaldarra nuen, Francok hemendik egotzitakoa, Bartzelonan ama ezagutu zuen, bilbotarra bera, eta bertan jaio nintzen ni. Han arkitektura ikasteko aukera izan nuen oso garai nahasietan. 1979an, kultura katalanari buruzko bilkura batean entzun nuen kultura ondarea, arkitektura bereziki, herri baten identitate zeinu nagusia zela, hizkuntzaz beste, eta horrek kezka handia eragin zidan. Ideia horiekin iritsi nintzen Bilbora 1986an eta ondarearen arloan zeregin ugari zela iruditu zitzaidan, berehala hasi nintzen artikulu kritikoak idazten, Europarekiko eta Kataluniarekiko atzerapena sumatu nuen orduan, eta aldea ez da laburtu oraindik.

Zer atzerapen sumatu zenuen?
Kulturak ez zuen pisurik gizartean, ikuskizunez harago. Arkitektoen kolegioan ondarearen inguruko ekitaldiak antolatzen hasi nintzen. Gatazka gogorrak izan genituen orduan: Plaza Barriko estalkia kentzeko borroka, Excelsior hotela ez eraistekoa, bertan Batzar Nagusiak egiteko kristalezko eraikina egin nahi baitzuten, Gordailu Frankoarena, Alondegia… Gogor egin behar zen baina elkargo profesionalak ez ziren busti nahi. Orduan hasi nintzen jabetzen udal eta foru eremuetan zer nolako kultura arduradunak genituen. Orduan bezala, egun ere, pertsona kaskarren eskuetan gaude.

David sentitu zara maiz, Goliaten aurrean?
Bai, hedabideen aldetik arreta gutxi jaso dut, ageriko zentsura izan ez denean. Beti bakarrik sentitu naiz, inoiz arkitekto batzuek babesa eman didate kolegioan baina gutxiengoa izan gara beti. Gizartea bera hasi zen gai hauei garrantzia ematen, konturatuta hiri metropoli hau, indar figuratibo ikonografiko itzela duena, egunez egun desagertzen ari zela.

Kode deontologikoa behar du arkitekturak, erantzukizun soziala du?
Noski, arkitektura arte ederretan sozialena da, jendeari etxea ematea baitu helburu, urbanizatzea, bizimodua erraztea. Baina presio ekonomiko eta politiko handiak dituzte arkitektoek eta, gainera, sentsibilitatea ez da fakultatean irakasten.

Bisitari talde engaiatua bilatzen duzu beti. Turistak ez zaizkizu interesatzen?
Engaiatuak edo behintzat ikasteko gaitasuna duten taldeak eta hedabideetakoa ez den diskurtsoa jasotzeko gai direnak, argudioekin eta ezagutzatik eztabaidatzeko prest daudenak. Beti izan ohi dira auzo elkarteak, gizarte mugimenduak, lagun taldeak, elkargo profesionalak, unibertsitateak, Hungariako gobernuko talde bat edo paisajista frantziarrak… Turistak, aldiz, olgeta huts moduan hartuko du bidaia, argazki batzuk atera eta ez du sakonduko, ez du merezi.

Bilbo itsasadarrari bizkar emanda bizi izan denik ukatzen duzu?
Bai, lelokeria da hori, itsasadarrari bizkar emana denik. Esaldi topikoak dira, norbaiti bururatuko zitzaion lelokeria hura, ekarpen intelektuala egiten zuelakoan, eta besteek errepikatu egin dute. Areatza eta Campo Volantin beti itsasadarrera begira bizi izan dira eta, ezkerraldean, Martzana aldeko etxe handiak oso kalitate onekoak dira. Bestalde, portu aldea zena egun aisialdirako erabiltzen da, beste leku askotan bezalaxe.

Argazkia: Iñigo Azkona

Auzibidera jo duzu maiz ondarearen defentsan. Terrazekin izan dituzu azken auziak.
Terraza zer den definitu beharko litzateke, maiz tabernaren hedatze autonomoak izaten dira, argindarra dute, ura, harria, kafe makina... Horiek eremu publikoan ezartzeak gizartean matxinada eragin beharko luke. Hiru kasu salatu ditut: lehena Erriberako merkatu aurrean zegoena, ibar ertzetik hiru metrora, argi zegoen ilegala zela baina epaitegian salatu behar izan nuen eta azkenean kendu behar izan dute, Ura agentziak esku hartu ondoren. Bigarrena Astillero Euskalduna tabernak, itsasadar barruan, Olabeagako aintzinako zamatokiaren hondakinen gainean egindako taberna izan da, uraren gainean, inpunitate osoz, Bilboko Udaleko ikuskariek prebarikatzen dutelako. Hirugarrena, gizateriaren ondarea den Bizkaiko Zubian iaz jarritako taberna-edukiontzia izan zen. Salatu ondoren, Aldundiaren erantzuna lotsagarria izan zen. Jendeak jakin behar du noren eskuetan gauden. Ostalaritzak botere handia du, berriki rugby finalarekin ikusi denez. Eragin ekonomiko handiak aipatzen dira inongo daturik gabe, eta nazioarteko ekitaldiak Bilbora etortzea ez da Bilboren meritua, ekitaldi horiek erosi egiten dira nazioarteko merkatuan.

Turistifikazioak nola eragiten du ondarean?
Turismoak ondarea hiltzen du, tradizionalaren zentzua galtzen da tipikoa bilatzeko. Kanpotarrak irribarre egin eta argazkia egin dezan egiten dira gauzak, zorion iragankorra bilatzen zaio, eta herriek, horretan, berezko izaera galtzen dute.

Itsasadarreko sintesi paisaia

“Ikuspuntu askotatik aztertu daitekeen kultura paisaia da itsasadarra, osagai ekonomikoak, historikoak, politikoak eta artistikoak dituelako. Sintesi-paisaia da, eta horrek ahalbidetzen du bidaia bakoitzean kontaera moldatzea, entzule taldeen arabera. Elementu guztien nahasketa egiten dut, gai bakarrekoa ez izateko, baina kontaeraren %60 finkoa da, ezinbestekoa delako. Azken 24 urteotan 441 bisita gidatu antolatu ditut, horietatik 360 inguru itsasadarretik eta besteak lehorretik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hirigintza
2024-02-29 | Estitxu Eizagirre
Nola elikatu hiriak?
Hiriko parkeetan zergatik ez fruta arbolak eta barazkiak landu zuzenean biztanleentzat?

Hiriak nola elikatu? Horra Egonarria saioan Eli Pagolak Audrey Hoc laborariari luzatu dion galdera. Hoc-ek, bere lagun Aimar Rodriguezekin batera, fruitu arbolak ekoizten ditu, Etxalarren baso jangarria dauka eta Biriatuko udalarekin elikadura burujabetzaren estrategia martxan... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Chinatown: zokoratuak eta zukutuak

Txina, 1417 urte inguruan. Zheng He almiranteak, Ming dinastiako enperadoreen soldatapeko esploratzaileak esan zuen posible zela “mundu osoa ibiltzea Txinatik irten gabe”. Ordurako Indiako Ozeanoan, Itsaso Gorrian eta Asiako hego-ekialdean zabaltzen hasia zen kolonia... [+]


2024-01-04 | ARGIA
6.486 donostiarrek ezezko botoa eman diote Basque Culinary Center Gros eta Uliako parkeetan ezartzeari

Uliako auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa egin dute asteburuan. 6.948 lagunek hartu dute parte, eta 6.486 parkeak babestearen alde agertu dira.


2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


Eguneraketa berriak daude