Iņaki Uriarte. Arkitektoa

"Bilbo ez da inoiz bizi izan itsasadarrari bizkar emanda"

  • Ondarearen defendatzaile sutsu eta sarritan bakarkakoa dugu Iñaki Uriarte Palacios arkitektoa (Bartzelona, 1946). Bereziki Bilboko Portuko eta itsasadarraren inguruetako ondarea sakon ikertu du. Turistei kontatzen zaien bertsio ofizial azaleko eta onberaren oso bestelako kontaera kritikoa osatu du, azken 24 urteotan, itsasadarrean behera egiten dituen ibilbide gidatuetan transmititzen duena.

Jabi Zabala @sarean
2018ko ekainaren 10a
Iņaki Uriarte Bilboko itsasadarreko bisita gidatuetako batean. (Arg.: Jabi Zabala)
Iņaki Uriarte Bilboko itsasadarreko bisita gidatuetako batean. (Arg.: Jabi Zabala)

Bartzelonatik ekarri zenuen ondarearekiko kezka?
Aita barakaldarra nuen, Francok hemendik egotzitakoa, Bartzelonan ama ezagutu zuen, bilbotarra bera, eta bertan jaio nintzen ni. Han arkitektura ikasteko aukera izan nuen oso garai nahasietan. 1979an, kultura katalanari buruzko bilkura batean entzun nuen kultura ondarea, arkitektura bereziki, herri baten identitate zeinu nagusia zela, hizkuntzaz beste, eta horrek kezka handia eragin zidan. Ideia horiekin iritsi nintzen Bilbora 1986an eta ondarearen arloan zeregin ugari zela iruditu zitzaidan, berehala hasi nintzen artikulu kritikoak idazten, Europarekiko eta Kataluniarekiko atzerapena sumatu nuen orduan, eta aldea ez da laburtu oraindik.

Zer atzerapen sumatu zenuen?
Kulturak ez zuen pisurik gizartean, ikuskizunez harago. Arkitektoen kolegioan ondarearen inguruko ekitaldiak antolatzen hasi nintzen. Gatazka gogorrak izan genituen orduan: Plaza Barriko estalkia kentzeko borroka, Excelsior hotela ez eraistekoa, bertan Batzar Nagusiak egiteko kristalezko eraikina egin nahi baitzuten, Gordailu Frankoarena, Alondegia… Gogor egin behar zen baina elkargo profesionalak ez ziren busti nahi. Orduan hasi nintzen jabetzen udal eta foru eremuetan zer nolako kultura arduradunak genituen. Orduan bezala, egun ere, pertsona kaskarren eskuetan gaude.

David sentitu zara maiz, Goliaten aurrean?
Bai, hedabideen aldetik arreta gutxi jaso dut, ageriko zentsura izan ez denean. Beti bakarrik sentitu naiz, inoiz arkitekto batzuek babesa eman didate kolegioan baina gutxiengoa izan gara beti. Gizartea bera hasi zen gai hauei garrantzia ematen, konturatuta hiri metropoli hau, indar figuratibo ikonografiko itzela duena, egunez egun desagertzen ari zela.

Kode deontologikoa behar du arkitekturak, erantzukizun soziala du?
Noski, arkitektura arte ederretan sozialena da, jendeari etxea ematea baitu helburu, urbanizatzea, bizimodua erraztea. Baina presio ekonomiko eta politiko handiak dituzte arkitektoek eta, gainera, sentsibilitatea ez da fakultatean irakasten.

Bisitari talde engaiatua bilatzen duzu beti. Turistak ez zaizkizu interesatzen?
Engaiatuak edo behintzat ikasteko gaitasuna duten taldeak eta hedabideetakoa ez den diskurtsoa jasotzeko gai direnak, argudioekin eta ezagutzatik eztabaidatzeko prest daudenak. Beti izan ohi dira auzo elkarteak, gizarte mugimenduak, lagun taldeak, elkargo profesionalak, unibertsitateak, Hungariako gobernuko talde bat edo paisajista frantziarrak… Turistak, aldiz, olgeta huts moduan hartuko du bidaia, argazki batzuk atera eta ez du sakonduko, ez du merezi.

Bilbo itsasadarrari bizkar emanda bizi izan denik ukatzen duzu?
Bai, lelokeria da hori, itsasadarrari bizkar emana denik. Esaldi topikoak dira, norbaiti bururatuko zitzaion lelokeria hura, ekarpen intelektuala egiten zuelakoan, eta besteek errepikatu egin dute. Areatza eta Campo Volantin beti itsasadarrera begira bizi izan dira eta, ezkerraldean, Martzana aldeko etxe handiak oso kalitate onekoak dira. Bestalde, portu aldea zena egun aisialdirako erabiltzen da, beste leku askotan bezalaxe.

Argazkia: Iñigo Azkona

Auzibidera jo duzu maiz ondarearen defentsan. Terrazekin izan dituzu azken auziak.
Terraza zer den definitu beharko litzateke, maiz tabernaren hedatze autonomoak izaten dira, argindarra dute, ura, harria, kafe makina... Horiek eremu publikoan ezartzeak gizartean matxinada eragin beharko luke. Hiru kasu salatu ditut: lehena Erriberako merkatu aurrean zegoena, ibar ertzetik hiru metrora, argi zegoen ilegala zela baina epaitegian salatu behar izan nuen eta azkenean kendu behar izan dute, Ura agentziak esku hartu ondoren. Bigarrena Astillero Euskalduna tabernak, itsasadar barruan, Olabeagako aintzinako zamatokiaren hondakinen gainean egindako taberna izan da, uraren gainean, inpunitate osoz, Bilboko Udaleko ikuskariek prebarikatzen dutelako. Hirugarrena, gizateriaren ondarea den Bizkaiko Zubian iaz jarritako taberna-edukiontzia izan zen. Salatu ondoren, Aldundiaren erantzuna lotsagarria izan zen. Jendeak jakin behar du noren eskuetan gauden. Ostalaritzak botere handia du, berriki rugby finalarekin ikusi denez. Eragin ekonomiko handiak aipatzen dira inongo daturik gabe, eta nazioarteko ekitaldiak Bilbora etortzea ez da Bilboren meritua, ekitaldi horiek erosi egiten dira nazioarteko merkatuan.

Turistifikazioak nola eragiten du ondarean?
Turismoak ondarea hiltzen du, tradizionalaren zentzua galtzen da tipikoa bilatzeko. Kanpotarrak irribarre egin eta argazkia egin dezan egiten dira gauzak, zorion iragankorra bilatzen zaio, eta herriek, horretan, berezko izaera galtzen dute.

Itsasadarreko sintesi paisaia

“Ikuspuntu askotatik aztertu daitekeen kultura paisaia da itsasadarra, osagai ekonomikoak, historikoak, politikoak eta artistikoak dituelako. Sintesi-paisaia da, eta horrek ahalbidetzen du bidaia bakoitzean kontaera moldatzea, entzule taldeen arabera. Elementu guztien nahasketa egiten dut, gai bakarrekoa ez izateko, baina kontaeraren %60 finkoa da, ezinbestekoa delako. Azken 24 urteotan 441 bisita gidatu antolatu ditut, horietatik 360 inguru itsasadarretik eta besteak lehorretik”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Hirigintza  |  Bilbo

Hirigintza kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-24 | ARGIA
Local people find new uses for a train station in Bilbao

Atxuri train station in Bilbao (Basque Country) will stop receiving trains in 2019. Local people have reflected on the new uses for the space in a participative process initiated by the Lokomotorak (Locomotive) project.


2018-09-19 | ARGIA
Santa Anako haritzak: Lapurdiko kostaldeko hirigintza basatiari aurre egiteko ikur

Urruña eta Ziburu arteko hainbat auzo-bide handitzeko lanetan 24 haritz handi arriskuan daudela ohartarazi dute Santa Ana eta Penditxeneako bizilagunek. Arbolak salbatu eta ekosistema babesteko sinadura bilketa hasi dute eta jadanik 1.600 lagunen atxikimendua jaso dute.


2018-09-18 | Arabako Alea
FCCrekin duen kontratua eteteko prozesua abiatuko du Gasteizko Udalak

Garbiketa enpresarekin adostu nahi du Urtaranek kontratuaren etetea.


Iruņeko Alde Zaharra atseginago egiteko planak fruituak eman ditu martxan jarri eta urtebetera

Helburuak betetzen ari direla uste dute udal agintariek. Lehen abalgunean esaterako %90 egin du behera autoaren erabilerak; Alde Zaharrean txikiagoa da hori, baina %50 jaitsi da hor ere. Garraio publikoaren erabilerak %4,5 egin du gora.


2018-09-04 | Hiruka .eus
"Tosutik Uribe kostara" jardunaldiek eskualdera zabalduko dute hirigintzaren eztabaida

Tosu Betirako Asanbladak irailaren 10etik 22ra egingo den "Tosutik Uribe Kostara" ekimena iragarri du. "Herrien etorkizuna gutxi batzuek, herritarren iritzia kontuan hartu gabe" planifikatzen dutela salatu gura dute. Erandio eta Gorliz arteko martxa eginez amaituko dira jardunaldiak.

Ibarbengoako aparkalekuaren aurkako borroka "gure eskualdean dagoen problematikaren aurpegi nabari bat izan da", adierazi du kolektiboak. Uribe Kostako herrien diseinua gutxi batzuen... [+]


Altzako egoera urbanistikoa, eraikuntza berri bat

Azken hilabete honetan jakin dugu Donostiako Udalak Uliako Viveros-eko eremuan etxebizitzak eraikitzeari uko egin diola eta bizilagunen elkarteak hiri-parkea bezala sailkatua izan dadin eskatzen duela. Uliako herritarrak zoriondu besterik ezin dugu egin aipatu eremua babestea lortu dutelako. Eta guk inork baino hobeto dakigu zein zaila den hori, azken batean Altzan 18 urte daramatzagulako Auditz-Akular eremuan parkea egin dadin eskatzen eta oraindik ez dugu lortu.


Ustelkeriak Sabin Etxearen atea jo du

Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasu handienetakoa da De Miguel auzia. Besteak beste, dirua zuritu, legez kanpoko komisioak jaso eta hirigintza operazioekin iruzurra egitea egozten diete Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohiaz gain auzipetutako beste 25 laguni, horietako asko alderdi jeltzaleari oso lotuak. Ikusteke dago euskal Gürtelak zer faktura ekarriko duen, baina Sabin Etxean aspaldi ari dira altzariak estaltzen alderdia ahalik eta gutxien zipriztintzeko.


2018-06-10 | Amaia Lekunberri
Erakusleiho-hirian, distira propioari eusten

Apirilaren 26an Bilboko Etxebarrieta Anaien plazan egindako prentsaurrekoan aurkeztu zuen bere burua Piztu Bilbo, Itzali MTV plataformak. Hilabeteko tartearekin hitzartu garenerako, ostera, plataformak eragile izaera bereganatu duenez, aurrerakoan bere dinamika propioa eramango duela nabarmendu du bertako kide den Peio Ibañezek. Kolektibo ugaritako errepresentazioa duen taldea izanik, esan daiteke helburu berberarekin elkarlanean aritzeari neurria hartu diotela.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude