"Komikiaren helburua ez da bakarrik lesbianak ikusgarri egitea, modu positiboan ikusaraztea baizik"

  • Eguneroko buruhausteei umore onez egiten die aurre Anak, L.S.B., Ana Lesbikomikia! argitalpeneko protagonistak. Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartearen aldizkarian urteak daramatza agertzen, eta liburura egin du orain jauzi. 5.000 ale atera dituzte, sexu aniztasunari buruzko tailerretan erabiltzeko eta nahi duenak liburutegietan, Gehituren egoitzan edo interneten doan eskuratzeko, besteak beste. Teresa Castro Gutiérrez komikiaren egilearekin hitz egin dugu.

"Nire sexu orientazioarekin sartzea baino gogorragoa egin zitzaidan nire marrazteko moduarekin sartzea". Argazkia: Dani Blanco

Nor da Ana?
Asko irakurtzen dut eta faltan botatzen nuen ordezkatuta sentituaraziko ninduten istorioak irakurtzea, emakume lesbiana gisa ez nituelako halako erreferentziak aurkitzen. Eta erabaki nuen nire historia, beste askoren historia ere izan daitekeena, kontatzea. Horrela jaio zen Ana. Anak bere egunerokoa kontatzen du, batzuetan pasarte dramatikoak, baina umore handiz, hain juxtu esperientzia horiek desdramatizatzeko eta irakurtzen duten lesbianek ikusi dezaten bizitza betea eta zoriontsua izan dezaketela.

Umoreak rol inportantea du, beraz.
Hainbat gauzaren aurrean bizirauteko modu bakarra da, ez bakarrik komikian, baita bizitzan ere. Eguneroko eragozpenetan trabatuta geratzen bagara, ez dugu aurrera egingo.

Zenbat du Anak Teresatik?
Kontatzen den istorioaren arabera. Batzuk oso pertsonalak dira, eta beste batzuetan gaia da abiapuntua (adibidez, aldizkariak hiesari edo bullyingari dedikatu badio zenbakia, horri buruzko komikia egingo dut), eta gai horren inguruan izan dezakedan esperientziatik hitz egingo dut. Armairutik ateratzeko unea, maitasuna, kirola, gorputzarekiko obsesioa, erlijioa… bezalako gaiak landu ditut, eguneroko gaiak, Anaren ikuspegitik. Ana munduan bizi da eta edozein pertsonari gertatzen zaizkion gauzak gertatzen zaizkio. Zer pasatzen da? Batzuetan lesbiana izateagatik arazo gehigarriak ditugula, eta horiei umoretik eta aldarritik aurre egiten saiatzen da Ana.

“Lesbianak protagonista dituzten nik aurkitutako komikiak beste gizarte batzuetan zeuden kokatuta, zaila egiten zitzaidan nire burua haiekin identifikatzea”

Arazo gehigarria diozu. LGBTI eta emakume izateagatik, zama bikoitza du Anak?
Bai, eta uste dut gizartea oraindik ez dela kontziente, zein arreta gutxi jartzen digun emakume gisa eta lesbiana gisa. Emakumeak bigarren mailan gaude, eta lesbianak duela gutxi arte ez ginen existitu ere egiten, emakumeen sexualitatea, hasteko, ez zelako aintzat hartzen edo bi emakumeren arteko sexualitatea bigarren mailakotzat hartzen zelako.

Jorratzen dituzun gai batzuk, gainera, tabu ere izango dira batzuentzat.
Emakumeen arteko sexu harremanak, adibidez. Baina horri buruz ere hitz egin daiteke eta inor ez litzateke horregatik eskandalizatu behar.

Nola ulertzen duzu komiki hau: zure barrenak husteko behar bat, aldarrikapen bat, besteak laguntzeko erreminta?...
Hasieran nire behar batetik jaio zen, eta gaur egun diozun guztia uztartzen duela esango nuke. Nire aktibismoaren zati garrantzitsua da eta besteei laguntzeko tresna izatea ere nahiko nuke, beste batzuk ez daitezen sentitu ni sentitu izan naizen bezain gaizki, lesbiana izateagatik.

Izan ere, Ana umoretsua dela diozu, baina haurtzaroari eta nerabezaroari lotutako hainbat pasarte dramatiko aurki ditzakegu komikian. Egungo gazteek ere hala bizi dutela uste duzu?
Gustatuko litzaidake esatea gauzak asko aldatu direla, baina ez dakit hainbeste aldatu diren. Gutxienez orain sexu eta genero aniztasuna existitu existitzen da, duela 35 urte ni txikia nintzenean bazirudielako ez zela halakorik existitzen, eta beste abantaila bat ere badute: gutxi-gehiago, erreferentzia positiboak dituzte, lesbianak ez gaude beti gaizto paperean edo ez ditugu zuzenean zainak mozten izugarri zoritxarrekoak garelako. Eta hori oso inportantea da, nire komikiaren helburu nagusia delako ez bakarrik lesbianak ikusgarri egitea, baita modu positiboan ikusaraztea ere. Duela hogei urte lesbianak ikusgarri egitearekin konformatuko nintzen, baina gaur egun ez, ez da aski, bestela oso mezu negatiboa transmititzen ari garelako: emakume lesbianak ez direla emakume osoak, ez dutelako harreman afektibo-sexualik gizon batekin. Eta galderara bueltatuz, aniztasun batekin bizitzea lehen baino errazagoa ote den oraingo haur eta nerabeentzat? Zalantza handiak ditut, egia esan. Adin konplikatua da, eta horregatik gustatuko litzaidake batez ere horiei iristea komikia.

“Irudiari dagokionez, Anak ez ditu estereotipoak apurtzen, baina zergatik izan behar du negatiboa Anaren itxura maskulinoak? Zergatik ez aldarrikatu aukera hori?”

Oraindik ere horrelako komikiak beharrezkoak baitira…
Aspaldi honetan komikiek gai helduagoak jorratzen dituzte, super-heroietatik eta Zipi eta Zape estilotik bestelako lanetara egin dugu jauzi, eta emakume lesbianak ere barne hartu ditu komikigintza horrek, baina oso proportzio txikian. Lesbianak protagonista dituzten nik aurkitutako komikiak beste gizarte batzuetan zeuden kokatuta, AEBetan esaterako, edo Le bleu est une couleur chaude komikia Frantziako gizartean [La vie d’Adele filma inspiratu zuen komikia], eta inguru hori ez da gurea, zaila egiten zitzaidan nire burua haiekin identifikatzea. Ana gertukoagoa dela sentituko dute beharbada Euskal Herriko irakurleek.

Erreferentzia falta horrek ere eragingo du, jendeak lesbianismoari lotuta izan ditzakeen ezezagutzan eta topikoetan.
Eta hain juxtu estereotipo batzuk apurtzea gustatuko litzaidake. Irudiari dagokionez, Anak ez ditu estereotipoak apurtzen, nahiko itxura maskulinoari erantzuten diolako, baina beste itxura bat duten emakume lesbianak ere agertzen dira istorioetan, eta aldi berean, zergatik izan behar du negatiboa Anaren itxura maskulinoak? Zergatik ez aldarrikatu aukera hori?

Crowdfunding bidez bildu duzue dirua, komikia atera ahal izateko. Kanpaina martxan jarri eta eraso homofoboak jasaten hasi zinen.
Urteak daramatzat nire konfort gunetik gehiegi atera gabe, eroso sentitzen naizen espazioetan mugitzen. Eta bat-batean crowdfundingaren oihartzunagatik sare sozialetan anonimoen erasoak jasotzen hastea bortitza izan zen niretzat. Nire sexu orientazioarekin sartzea baino gogorragoa egin zitzaidan nire marrazteko moduarekin sartzea: “Iraintzen zaitut lesbiana zarelako, baina ez dizut lesbiana deituko, min egingo dizun zerbaitekin sartuko naiz”. Azkenean erabaki genuen ez erantzutea, elur-bola ez elikatzeko, baina publikoki salaketa egin genuen, hori ere beharrezkoa delako. Gertaera honek guztiak berretsi zidan horrelako komikiak beharrezkoak direla.

“Gure historien lekukotza ematea, eta sexu orientazioa pertsonaiaren ezaugarri bat gehiago baino ez izatea, biak dira inportanteak”. Arg: Dani Blanco

Zure helburuetarako, formatu egokia da komikia?
Irakurtzeko ohitura gutxi duten nerabeentzat, liburuaren aldean edo esku-orri baten aldean, lengoaia erakargarriagoa eta irisgarriagoa izan daiteke. Gutxienez begirada bat emango diozu, ziur, eta gainera, pertsonaiekin identifikatzeko aukera handiak ematen ditu komikiak.

Komiki zaletasun handia al dago?
Zaletasuna badela uste dut. Mangak adibidez jende asko du harrapatuta, baina kontua da irakurketa, oro har, gainbehera doala. Ez dakit gazteengana iristen garen, batzuek irakurtzeko ohitura lehenago galtzen dutelako. Bestetik, gu gure estereotipo eta motxilekin zamatzen garen bezala, komikiak ere bere zamak ditu, eta hainbatek oraindik uste du komikia umeen kontua dela, istorio hutsalak kontatzen dituela, entretenitzea beste helbururik ez duela… eta liburuak irakurtzen dituen jende askok ez ditu komikiak irakurtzen, pentsatzen duelako ez diola ezer berririk ekarriko. Zorionez, aurreiritzi horiek ere aldatzen ari dira.

Zein dira zure inspirazio iturriak?
Hainbeste da irakurri dudana, ez nukeela jakingo esaten, gauza pila bat gustatzen zaizkit. Uste dut komikian nabari dela oraindik nire estiloaren bila ari naizela. Hasierako istorioek, adibidez, ez dute berrienen antzik, ez trazuan, ez kontatzeko eran…

“Uste dut komikian nabari dela oraindik nire estiloaren bila ari naizela. Hasierako istorioek ez dute berrienen antzik, ez trazuan, ez kontatzeko eran....”

Zer gustatuko litzaizuke komiki honek lortzea?
Araua jarraitzen ez duen genero edo sexu aniztasun bat duelako, inor ez dadila gizarte honetan baztertua edo bakarrik sentitu.

Eta iritsiko da eguna, lesbiana izatea ez dena izango komikiko leit motiva, pertsonaiaren ezaugarri bat gehiago baizik?
Zentzu horretan, bi helburu ditugu kolektiboan: batetik, gutxiengo zapaldu bat izanik, gure historiak argitara ateratzea, lekukotza ematea; eta bigarrena, zuk zeuk diozun moduan, nire genero eta sexu identitatea ez izatea mugatzaile eta determinatzaile nire bizitzan, eta komiki batean, esaterako, abentura bat bizitzen ari den pertsonaiaren ezaugarri bat gehiago baino ez izatea lesbianismoa. Uneotan, bizi dugun errealitatean, biak dira oso inportanteak.

Komikia lotura honetan deskargatu dezakezu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Elena Guinea. Guztiontzako guneak sortzen
“Taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso”

Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


2024-01-08 | ARGIA
LGBT+ eragileek Baionako apezpikua salatu dute Aita Santuak bikote homosexualez esandakoa desitxuratzeagatik

Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko... [+]


Eguneraketa berriak daude