Teresa Castro Gutiérrez

"Komikiaren helburua ez da bakarrik lesbianak ikusgarri egitea, modu positiboan ikusaraztea baizik"

  • Eguneroko buruhausteei umore onez egiten die aurre Anak, L.S.B., Ana Lesbikomikia! argitalpeneko protagonistak. Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartearen aldizkarian urteak daramatza agertzen, eta liburura egin du orain jauzi. 5.000 ale atera dituzte, sexu aniztasunari buruzko tailerretan erabiltzeko eta nahi duenak liburutegietan, Gehituren egoitzan edo interneten doan eskuratzeko, besteak beste. Teresa Castro Gutiérrez komikiaren egilearekin hitz egin dugu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2018ko ekainaren 03a
"Nire sexu orientazioarekin sartzea baino gogorragoa egin zitzaidan nire marrazteko moduarekin sartzea". Argazkia: Dani Blanco

Nor da Ana?
Asko irakurtzen dut eta faltan botatzen nuen ordezkatuta sentituaraziko ninduten istorioak irakurtzea, emakume lesbiana gisa ez nituelako halako erreferentziak aurkitzen. Eta erabaki nuen nire historia, beste askoren historia ere izan daitekeena, kontatzea. Horrela jaio zen Ana. Anak bere egunerokoa kontatzen du, batzuetan pasarte dramatikoak, baina umore handiz, hain juxtu esperientzia horiek desdramatizatzeko eta irakurtzen duten lesbianek ikusi dezaten bizitza betea eta zoriontsua izan dezaketela.

Umoreak rol inportantea du, beraz.
Hainbat gauzaren aurrean bizirauteko modu bakarra da, ez bakarrik komikian, baita bizitzan ere. Eguneroko eragozpenetan trabatuta geratzen bagara, ez dugu aurrera egingo.

Zenbat du Anak Teresatik?
Kontatzen den istorioaren arabera. Batzuk oso pertsonalak dira, eta beste batzuetan gaia da abiapuntua (adibidez, aldizkariak hiesari edo bullyingari dedikatu badio zenbakia, horri buruzko komikia egingo dut), eta gai horren inguruan izan dezakedan esperientziatik hitz egingo dut. Armairutik ateratzeko unea, maitasuna, kirola, gorputzarekiko obsesioa, erlijioa… bezalako gaiak landu ditut, eguneroko gaiak, Anaren ikuspegitik. Ana munduan bizi da eta edozein pertsonari gertatzen zaizkion gauzak gertatzen zaizkio. Zer pasatzen da? Batzuetan lesbiana izateagatik arazo gehigarriak ditugula, eta horiei umoretik eta aldarritik aurre egiten saiatzen da Ana.

“Lesbianak protagonista dituzten nik aurkitutako komikiak beste gizarte batzuetan zeuden kokatuta, zaila egiten zitzaidan nire burua haiekin identifikatzea”

Arazo gehigarria diozu. LGBTI eta emakume izateagatik, zama bikoitza du Anak?
Bai, eta uste dut gizartea oraindik ez dela kontziente, zein arreta gutxi jartzen digun emakume gisa eta lesbiana gisa. Emakumeak bigarren mailan gaude, eta lesbianak duela gutxi arte ez ginen existitu ere egiten, emakumeen sexualitatea, hasteko, ez zelako aintzat hartzen edo bi emakumeren arteko sexualitatea bigarren mailakotzat hartzen zelako.

Jorratzen dituzun gai batzuk, gainera, tabu ere izango dira batzuentzat.
Emakumeen arteko sexu harremanak, adibidez. Baina horri buruz ere hitz egin daiteke eta inor ez litzateke horregatik eskandalizatu behar.

Nola ulertzen duzu komiki hau: zure barrenak husteko behar bat, aldarrikapen bat, besteak laguntzeko erreminta?...
Hasieran nire behar batetik jaio zen, eta gaur egun diozun guztia uztartzen duela esango nuke. Nire aktibismoaren zati garrantzitsua da eta besteei laguntzeko tresna izatea ere nahiko nuke, beste batzuk ez daitezen sentitu ni sentitu izan naizen bezain gaizki, lesbiana izateagatik.

Izan ere, Ana umoretsua dela diozu, baina haurtzaroari eta nerabezaroari lotutako hainbat pasarte dramatiko aurki ditzakegu komikian. Egungo gazteek ere hala bizi dutela uste duzu?
Gustatuko litzaidake esatea gauzak asko aldatu direla, baina ez dakit hainbeste aldatu diren. Gutxienez orain sexu eta genero aniztasuna existitu existitzen da, duela 35 urte ni txikia nintzenean bazirudielako ez zela halakorik existitzen, eta beste abantaila bat ere badute: gutxi-gehiago, erreferentzia positiboak dituzte, lesbianak ez gaude beti gaizto paperean edo ez ditugu zuzenean zainak mozten izugarri zoritxarrekoak garelako. Eta hori oso inportantea da, nire komikiaren helburu nagusia delako ez bakarrik lesbianak ikusgarri egitea, baita modu positiboan ikusaraztea ere. Duela hogei urte lesbianak ikusgarri egitearekin konformatuko nintzen, baina gaur egun ez, ez da aski, bestela oso mezu negatiboa transmititzen ari garelako: emakume lesbianak ez direla emakume osoak, ez dutelako harreman afektibo-sexualik gizon batekin. Eta galderara bueltatuz, aniztasun batekin bizitzea lehen baino errazagoa ote den oraingo haur eta nerabeentzat? Zalantza handiak ditut, egia esan. Adin konplikatua da, eta horregatik gustatuko litzaidake batez ere horiei iristea komikia.

“Irudiari dagokionez, Anak ez ditu estereotipoak apurtzen, baina zergatik izan behar du negatiboa Anaren itxura maskulinoak? Zergatik ez aldarrikatu aukera hori?”

Oraindik ere horrelako komikiak beharrezkoak baitira…
Aspaldi honetan komikiek gai helduagoak jorratzen dituzte, super-heroietatik eta Zipi eta Zape estilotik bestelako lanetara egin dugu jauzi, eta emakume lesbianak ere barne hartu ditu komikigintza horrek, baina oso proportzio txikian. Lesbianak protagonista dituzten nik aurkitutako komikiak beste gizarte batzuetan zeuden kokatuta, AEBetan esaterako, edo Le bleu est une couleur chaude komikia Frantziako gizartean [La vie d’Adele filma inspiratu zuen komikia], eta inguru hori ez da gurea, zaila egiten zitzaidan nire burua haiekin identifikatzea. Ana gertukoagoa dela sentituko dute beharbada Euskal Herriko irakurleek.

Erreferentzia falta horrek ere eragingo du, jendeak lesbianismoari lotuta izan ditzakeen ezezagutzan eta topikoetan.
Eta hain juxtu estereotipo batzuk apurtzea gustatuko litzaidake. Irudiari dagokionez, Anak ez ditu estereotipoak apurtzen, nahiko itxura maskulinoari erantzuten diolako, baina beste itxura bat duten emakume lesbianak ere agertzen dira istorioetan, eta aldi berean, zergatik izan behar du negatiboa Anaren itxura maskulinoak? Zergatik ez aldarrikatu aukera hori?

Crowdfunding bidez bildu duzue dirua, komikia atera ahal izateko. Kanpaina martxan jarri eta eraso homofoboak jasaten hasi zinen.
Urteak daramatzat nire konfort gunetik gehiegi atera gabe, eroso sentitzen naizen espazioetan mugitzen. Eta bat-batean crowdfundingaren oihartzunagatik sare sozialetan anonimoen erasoak jasotzen hastea bortitza izan zen niretzat. Nire sexu orientazioarekin sartzea baino gogorragoa egin zitzaidan nire marrazteko moduarekin sartzea: “Iraintzen zaitut lesbiana zarelako, baina ez dizut lesbiana deituko, min egingo dizun zerbaitekin sartuko naiz”. Azkenean erabaki genuen ez erantzutea, elur-bola ez elikatzeko, baina publikoki salaketa egin genuen, hori ere beharrezkoa delako. Gertaera honek guztiak berretsi zidan horrelako komikiak beharrezkoak direla.

“Gure historien lekukotza ematea, eta sexu orientazioa pertsonaiaren ezaugarri bat gehiago baino ez izatea, biak dira inportanteak”. Arg: Dani Blanco

Zure helburuetarako, formatu egokia da komikia?
Irakurtzeko ohitura gutxi duten nerabeentzat, liburuaren aldean edo esku-orri baten aldean, lengoaia erakargarriagoa eta irisgarriagoa izan daiteke. Gutxienez begirada bat emango diozu, ziur, eta gainera, pertsonaiekin identifikatzeko aukera handiak ematen ditu komikiak.

Komiki zaletasun handia al dago?
Zaletasuna badela uste dut. Mangak adibidez jende asko du harrapatuta, baina kontua da irakurketa, oro har, gainbehera doala. Ez dakit gazteengana iristen garen, batzuek irakurtzeko ohitura lehenago galtzen dutelako. Bestetik, gu gure estereotipo eta motxilekin zamatzen garen bezala, komikiak ere bere zamak ditu, eta hainbatek oraindik uste du komikia umeen kontua dela, istorio hutsalak kontatzen dituela, entretenitzea beste helbururik ez duela… eta liburuak irakurtzen dituen jende askok ez ditu komikiak irakurtzen, pentsatzen duelako ez diola ezer berririk ekarriko. Zorionez, aurreiritzi horiek ere aldatzen ari dira.

Zein dira zure inspirazio iturriak?
Hainbeste da irakurri dudana, ez nukeela jakingo esaten, gauza pila bat gustatzen zaizkit. Uste dut komikian nabari dela oraindik nire estiloaren bila ari naizela. Hasierako istorioek, adibidez, ez dute berrienen antzik, ez trazuan, ez kontatzeko eran…

“Uste dut komikian nabari dela oraindik nire estiloaren bila ari naizela. Hasierako istorioek ez dute berrienen antzik, ez trazuan, ez kontatzeko eran....”

Zer gustatuko litzaizuke komiki honek lortzea?
Araua jarraitzen ez duen genero edo sexu aniztasun bat duelako, inor ez dadila gizarte honetan baztertua edo bakarrik sentitu.

Eta iritsiko da eguna, lesbiana izatea ez dena izango komikiko leit motiva, pertsonaiaren ezaugarri bat gehiago baizik?
Zentzu horretan, bi helburu ditugu kolektiboan: batetik, gutxiengo zapaldu bat izanik, gure historiak argitara ateratzea, lekukotza ematea; eta bigarrena, zuk zeuk diozun moduan, nire genero eta sexu identitatea ez izatea mugatzaile eta determinatzaile nire bizitzan, eta komiki batean, esaterako, abentura bat bizitzen ari den pertsonaiaren ezaugarri bat gehiago baino ez izatea lesbianismoa. Uneotan, bizi dugun errealitatean, biak dira oso inportanteak.

Komikia lotura honetan deskargatu dezakezu.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: LGBTI  |  Komikia

LGBTI kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-14 | Kate Davis
Stonewall-eko istiluak
MULTIMEDIA - dokumentala

Stonewall-eko istiluak 1969ko ekainean gertatu ziren New York hirian: LGTB mugimenduaren pizkunde politikoaren ikurretako bat dira. Harrotasunaren Eguna ospatzen da gaur egunean mundu guztian haren omenez. Dokumental honek lekukotasun eta garaiko irudiekin ilustratzen du gertatutakoa, eta orduan Estatu Batuetan bizi zen giroa. Gertakari haiei riots esan ohi zaie historian (istiluak), baina dokumentalak uprising edo altxamendu hitza hobesten du, eta ondo ulertzen da hori ikusten... [+]


Homosexualitatea despenalizatu du Indiako Auzitegi Gorenak

Lege koloniala bertan behera utzi dute ziurgabetasunezko hamarkadak eta gero.


2018-08-29 | ARGIA
Bederatzi urteko ume batek bere buruaz beste egin du AEBetan, eskolan homosexuala zela aitortu ostean

Bere semearen heriotzaren atzean eskolan jasaten zuen bullying homofoboa zegoela ziurtatu du mutikoaren amak, hainbat hedabide estatubatuarrek jaso dutenez. Polizia kasua ikertzen ari da.


"Euskal Herrian bakarra nintzela pentsatzea". Heterosexual ez direnen bizipenek hartu dute Twitter

“Gizonezko nire bikotekidea gaixo jartzea eta ospitalean ezin bisita egitea, bere familiak ez dakielako beste gizon batekin dagoela maiteminduta”, dio Álvaro Cuencak. “13 urterekin klaseko batek ‘zergatik hitz egiten duzu nesken moduan?’ galdetzea eta luma zer den ikastea (orduan izenik jartzen ez nion arren) eta nintzena ezkutatu behar nuela barneratzea” kontatu du Garu jat izena erabiltzaileak. #MeQueer traolapean, norbere bizipenak kontatzen ari da... [+]


Munillari eskainitako muxukada kolektiboa deitu dute Harrotasun Egunerako

LGBTI Harrotasun Egunaren harira, ostegun honetan manifestazioa antolatu du Donostiako TransMarikaBollo+ kolektiboak eta geldialdia iragarri du Artzai Onaren parean. “Ez dagoelako jainkorik gure plazera ospatzen ez duenik! Munilla, deabrua zure bila” lelopean, muxukadara animatu dute jendea.


2018-06-27 | Bizkaie
E28 koordinadorak beraien aldarrikapenen merkantilizazioa salatu eta mobilizatzera deitu du

Bi manifestu plazaratu ditu asteartean E28 koordinadorak. LGTB+ kolektiboko emakumeen borroka gogoratzen du lehenengoak; ekainaren 28ko ekitaldien merkantilizazioa salatzen dute bigarrenarekin.


2018-06-26 | Hala Bedi
Ekainaren 28a, 2019ra modu serioago batean begira

Stonewalleko istiluen 50.urteurrenerako urtebete falta denean, Ekainaren 28ko koordinadora sortu da Gasteizen eta asanblada ezberdinak egin dituzte azken hilabeteetan. Aurtengo manifestazioari “kutsu serioagoa” emango diote, baina jaiaz gozatzeko aukera egongo da.


Eduki homofobo eta matxistak Osakidetzako oposizioetan

Gehitu elkarteak salatu du eduki LGTBIfobiko eta matxistak dituen liburu bat dagoela Osakidetzak bere Enplegu Publikorako Eskaintzan proposatu duen bibliografian. Bertan adierazten da, adibidez, homosexualitatea ez dela zerbait aldaezina, erasoak jasan ditzakeen emakumeak jakin behar duela “bere gorputzaren bidez zein mezu helarazten dion bikotekideari”, edota “itxura fisikoarekiko kezka” dela “emakumeen ahulguneetako bat”.


'Lehen LGTBI+ harrotasun eguna matxinada bat izan zen' jardunaldiak, Iruñeko Maravillas gaztetxean

Zinema emanaldiak, autodefentsa eta LGTBI+fobiaren aurkako protokoloa, mugimenduaren ibilbide historikoari buruzko hitzaldia, tailerrak... Transmarikabollo asanbladak hainbat ekimen prestatu ditu 'Maravillas' gaztetxean.


Sexu bereko gurasoei buruzko dokumentala debekatu du Adingabeen Espainiako Fiskaltzak

Zur eta lur daude Lidia eta Montse, Madre no hay más que dos dokumentalaren egileak. Haien seme-alabek eskatuta ekin zioten proiektuari: euren egunerokoaz hitz egin nahi zuten haurrek dokumentalean, bi ama izatearen esperientziaz, baina “gai horiez hitz egiteak umeei kalte egin” diezaiekeela argudiatuta, dokumentala debekatu die Adin Txikikoen Espainiako Fiskaltzak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude