Elkarbizitza abiapuntu eta helburu, Ikasle Laguntzaileak proiektua jarri du martxan Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak, aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak. Jolastokian bakarrik egoten den ikasleari, garai txarra pasatzen ari denari edo bestelako arazoren bat duenari laguntzen diotenak dira ikasle laguntzaileak.
Berdinen arteko harremanak baliatuz, bizikidetza hobetzea da ekimenaren xedea. Dagoeneko sei urte daramatza Santurtziko ikastolak proiektua aurrera eramaten. Baina zer dela eta erabaki zuten martxan jartzea? Zergatik eta zertarako da garrantzitsua ikasle laguntzailearen figura?
Ikasleak protagonista
2011-2012 ikasturtean Ikastolen Elkarteak antolatutako jardunaldi pedagogiko batzuetan izan zuten proiektuaren berri, Gaztela Mantxako ikastetxe batzuetan martxan zutela jakin zutenean. Ainhoa Urzelai ikasketa buruak azaldu duenez, elkarbizitzarako tresna egokia dela uste dute ikastolan: “Bizikidetzan gatazkak daudenean arau-hausteak zigortzeko araudia badaukagu, baina protagonismoa eman nahi genien ikasleei, euren gatazkak kudeatu ahal izateko”. Izan ere, laguntza ikasleengandik datorrenean askoz eraginkorragoa dela dio Erika Gallego irakasleak, bai antzemateko bai konpontzeko, helduak baino lehenago konturatzen baitira ikasgelan dauden arazoez. Ikasleei behar dituzten tresnak eman eta lehenengo lerroan jarri dituzte, eurak izan daitezen beren gatazken kudeatzaile nagusiak. Ikasle laguntzaile izateko, hori bai, hainbat ezaugarri bete behar dituzte.
Nor izan daiteke ikasle laguntzaile?
Ikasle laguntzaile izateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) aritu behar dira. Lehen Hezkuntzako azken urtean daudenean aukeratu egiten dituzte hurrengo ikasturtean laguntzaile izango direnak. Hautaketa hori ikasleek beraiek egiten dute, irakasleek prestatutako galdetegi baten bidez. Bertan galdetzen zaie, esaterako, nori kontatuko lioketen sekretu bat. Urzelaik esandakoaren arabera, ezaugarri batzuk bilatzen dituzte dinamika horrekin: giza trebetasunak garatuta izatea, konfiantzazko pertsona izatea, eta abar.
Jarduera horretan hautatutakoak izango dira, ikaskideen arabera, ikasle laguntzailearen profilera ongien egokitzen direnak. Konpromisoa hartzeko prest dauden ala ez galdetzen zaie orduan, eta baieztatzen dutenekin osatzen dute taldea. Proiektua martxan jarri zutenetik inork ez duela ezezkorik eman esan du Gallegok: “Ikasteko eta besteak laguntzeko oso prest agertzen dira beti”.
Laguntzen dituzten ikasleei dagokienez, edozein adinekoak izan daitezke. Ohikoena da laguntzaileen adin ingurukoak izatea, horiek direlako gehien ezagutzen dituztenak, baina bestelako kasuak ere izan dira.
Zer motako prestakuntza jasotzen dute?
Ikasturte hasieran formazio saioak jasotzen dituzte ikasle eta irakasleek. Beraiekin batera beste ikastetxe batzuetako partaideak aritzen dira, esperientziak ezagutu eta elkartrukatzeko. Hainbat adituren laguntza baliatuz, ikaskideak laguntzeko teknikak praktikatzen dituzte saio horietan, zalantzak eta kezkak partekatzeaz gain.
Horren ostean, zentroko ikasle laguntzaileak taldeka antolatzen dituzte, eta talde bakoitzari irakasle tutore bat egokitzen diote. Berarekin bilduko dira hilabetean behin elkarbizitzan sortu diren balizko gatazkak kudeatzeko, zalantzak galdetzeko, ikusi eta sentitzen dutena partekatzeko... Dena den, beraiek horrela eskatuko balute, bestelako bilerak ere egin ditzakete tutorearekin.
Ikasturtean zehar, gainera, kanpoko erakundeen formazioa jasotzen dute ikasleek. 2018an adibidez, jolas kooperatiboen inguruko saioak egin dituzte DBH 3 eta 4. mailako laguntzaileek. Halaber, kanpainak antolatzen dituzte ikastolan, eskola-jazarpenaren kontrakoak, esaterako.
“Denok sentitu behar dugu taldearen parte”
“Gure ikaskideek hautatu gintuzten, arazo bat izatekotan gurekin kontatuko luketela esan zuten; beraz, konpromisoa hartu genuen”. Orain DBH 4. mailan dauden ikasle laguntzaileek baiezkoa eman zutenetik lau urte igaro dira, eta lortu dutenarekin oso pozik daudela azaldu digute: “Gure rola oso garrantzitsua da, baztertuta sentitzen dena taldean sartzeko. Azken batean, talde bat gara, eta denok sentitu behar dugu taldearen parte garela”.
Ikastolako giroa hobetzen lagundu dutela ere aipatu dute ikasleek, zenbait egoera salatuz, eta bolada txarra pasatzen ari den ikaskideari konfiantza emanez. Normalean, baztertuta sentitzen den jendea lagundu izan dutela diote, “bere gustuengatik edo izaeragatik taldetik aparte uzten dituzten pertsonak, gehienbat”. Kasu horietan, nahiko argi dute laguntzaileek zer egin behar duten: “Ezin gara denak aldi berean joan. Modu sotil batean hurbildu behar gara, bere modukoak garela erakutsi, eta noski, laguntzeko prest gaudela adierazi”.
Lortutako emaitzez gain, ikasi dutena ere azpimarratu digute: “Konponbide asko bilatu eta aurkitu ditugu, baina gu geu ere balore batzuetan hezi gara: enpatia garatu dugu, orain gehiago saiatzen gara besteen azalean jartzen eta sentitzen dutena ulertzen”.
Irakasleak ere oso pozik daude proiektuarekin. Ez dakite nolakoa izango litzatekeen egoera programa martxan izango ez balute, baina natural erabiltzen duten erreminta hau oso garrantzitsua dela ikusi dute: “Gela batean zer gertatzen ari den jakiteko ezinbestekoa iruditzen zaigu”.
Aurrera begira, guztiz barneratuta duten proiektuarekin jarraituko dutela argi dute, esperientzia oso positiboa izan dutelako. Dena den, hobetzeko bideak ere bilatuko dituzte. Urzelaik azaldutakoaren arabera, beti dabiltza gogoetan, eta ikasturte honetan esaterako, “Elkarbizitza Postontzia” jarri dute martxan. Ikasleek modu anonimoan idazten dute ikusten duten arazoren bat, eta hor sartzen dute papera. Bertan idatzitakoak ikasle laguntzaileek kudeatzen dituzte. “Oraindik ikasle askok ez dute erabiltzen, beraz, hurrengo urterako zerbait pentsatuko dugu. Azken batean, beharrizanen arabera, etengabe berritzen, indartzen eta garatzen ari den proiektua da Ikasle Laguntzaileena”.
Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]
Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.
Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere... [+]
Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]
“Lehenengo mailako ikasleek enpresetan egin dituzten praktikak existitu ez balira bezala jokatzeko eta notak aurreko sistemaren arabera jartzeko eskatu digute”, adierazi dio ARGIAri irakasle talde batek. Hori eta beste hainbat adibide eman dizkigute, azaltzeko modu... [+]
Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.
Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketari bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu-base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia 50.000... [+]
Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin... [+]
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri duelarik hainbat ikastetxe eta zonaldetan sukaldeak jarriko dituztela, EHIGE gurasoen federazioak dio gaur egun catering-enpresen esku dauden eskola-jantokietako eredua bera aztertzea eta bestelako kudeaketa bat bultzatzea dela... [+]
Ehunka pertsona joan dira jaialdira, haien artean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, 60 milioi euroko inbertsioa iragarri duena Eskola Txikientzat.
EAEko Hezkuntza Sailak egindako “balorazio oso positiboa” ezbaian jarri du Arartekoak ebazpen batean. Bere esanetan, “neurri irmoagoak” hartu ezean, Ordiziako eskoletan dauden zaurgarritasun eta hizkuntza desoreka arazoak konpontzetik “urrun”... [+]
Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.
Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?
Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]
Herri txikiak bizirik dauden eremuak direla eta bizirik jarraitzeko herriari begiratuko dion eskola gakoa dela aldarrikatuko dute, aurten ere, Gipuzkoako Eskola Txikien Festan. Ekainaren 8an ospatuko dute, igandean, Ezkio-Itsason, landa guneko herri txikiak hezkuntzarako zein... [+]