Bilboren arima beltza

  • The Cherry Boppers taldearen kontzertuaren kronika. Maiatzaren 4an, Bilboko Kafe Antzokian. For Dancers Only diskoaren aurkezpen emanaldia.


2018ko maiatzaren 20an

Publikoa dantzan jartzeko agindupean kaleratu berri du The Cherry Boppers talde bilbotarrak disko berria, For Dancers Only, eta iragarritakoa praktikan jartzeko eguna izan zen maiatzaren 4a, Bilboko Kafe Antzokian. Luzaroan zuzenean jo gabe egon eta gero, taldea berriro taula gainera igo zen. Zapore ipar-amerikarreko gaua izan zen, aurretik The Reverendos-ek jo baitzuen, Amerikako Estatu Batuetako hegoaldeko rock&roll oihartzuna duen taldeak. The Cherry Boppersen estiloa, ordea, funk eta groove-an oinarritzen da gehiago.

Musika beltza ez da euskal taldeen artean ohikoena, originaltasuna aitortu behar zaio taldeari. James Brown eta konpainiaren urrezko aroaren berreraikitze bat da The Cherry Boppers, doinuz eta jarreraz. Biniloan ere atera dute For Dancers Only, norbaitek nostalgiaren pack osoa nahi balu. Baina Bilbon erakutsi zutenez, publiko garaikidea kateatzeko gai dira.

Haien sekretua musika pasioz bizitzea da. Zortzikotea oholtzara igo zenean, publikoak Bilbon zegoela ahaztu zuen eta 1970eko hamarkadako dantzaleku batean agertu zen, tronpeta, saxofoi eta teklatuen nahasketa magikoari esker. Afro erako ilerik ez, baina alkandora koloretsuak eta azpialde zabaleko prakak zeramatzaten taldekideetako batzuek.

Talde instrumentala da The Cherry Boppers, noizean behin ingelesezko lelo itsaskor batzuk tartekatzen dituzten arren, baina abesti leun bat jo zutenean garbi asko esan zuten mikrofonotik, euskaraz, ondo uler zedin: “Ondokoa besarkatzeko azken aukera da hau”. Handik aurrera, gerria mugitzea beste aukerarik ez zieten utzi entzuleei. Hala ere, euskaldunen zurruntasun topikoa gorabehera, kosta zitzaien jendea konbentzitzea; azkenerako, ordea, inor ez zen geldi egon.

Deigarria izan zen, era berean, Kafe Antzokiko agertokia nola bete zuten, doinu itsaskorrez ez ezik, musikariz ere. Une oro, zortzi taldekide egon ziren elkarrekin jotzen, eta horri kolaboratzaileak gehitu zitzaizkion. Dudu Duchen izan zen horietako bat, taldearen nortasun instrumentala apurtzera etorritako abeslaria. Ahots iradokitzaile eta indartsuz, kontzertua soul eta jazzera hurbildu zuen une batez.

Ia hamabost urteko ibilbidea bete duen arren, The Cherry Boppers oraindik sasoiko dagoela frogatu ahal izan genuen Kafe Antzokiko kontzertuan, norbaitek zalantzarik bazuen. Freskotasunik galdu gabe, beren esentziari eutsi diote, eta hori ez da erraza Euskal Herrian ospe urria duen estiloa landuz gero. Lasai asko esan dezakegu entzuleen arima beltza biziberritu eta edozein areto dantzaleku bilakatzeko gai direla.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude