The Cherry Boppers taldearen kontzertuaren kronika. Maiatzaren 4an, Bilboko Kafe Antzokian. For Dancers Only diskoaren aurkezpen emanaldia.
Publikoa dantzan jartzeko agindupean kaleratu berri du The Cherry Boppers talde bilbotarrak disko berria, For Dancers Only, eta iragarritakoa praktikan jartzeko eguna izan zen maiatzaren 4a, Bilboko Kafe Antzokian. Luzaroan zuzenean jo gabe egon eta gero, taldea berriro taula gainera igo zen. Zapore ipar-amerikarreko gaua izan zen, aurretik The Reverendos-ek jo baitzuen, Amerikako Estatu Batuetako hegoaldeko rock&roll oihartzuna duen taldeak. The Cherry Boppersen estiloa, ordea, funk eta groove-an oinarritzen da gehiago.
Musika beltza ez da euskal taldeen artean ohikoena, originaltasuna aitortu behar zaio taldeari. James Brown eta konpainiaren urrezko aroaren berreraikitze bat da The Cherry Boppers, doinuz eta jarreraz. Biniloan ere atera dute For Dancers Only, norbaitek nostalgiaren pack osoa nahi balu. Baina Bilbon erakutsi zutenez, publiko garaikidea kateatzeko gai dira.
Haien sekretua musika pasioz bizitzea da. Zortzikotea oholtzara igo zenean, publikoak Bilbon zegoela ahaztu zuen eta 1970eko hamarkadako dantzaleku batean agertu zen, tronpeta, saxofoi eta teklatuen nahasketa magikoari esker. Afro erako ilerik ez, baina alkandora koloretsuak eta azpialde zabaleko prakak zeramatzaten taldekideetako batzuek.
Talde instrumentala da The Cherry Boppers, noizean behin ingelesezko lelo itsaskor batzuk tartekatzen dituzten arren, baina abesti leun bat jo zutenean garbi asko esan zuten mikrofonotik, euskaraz, ondo uler zedin: “Ondokoa besarkatzeko azken aukera da hau”. Handik aurrera, gerria mugitzea beste aukerarik ez zieten utzi entzuleei. Hala ere, euskaldunen zurruntasun topikoa gorabehera, kosta zitzaien jendea konbentzitzea; azkenerako, ordea, inor ez zen geldi egon.
Deigarria izan zen, era berean, Kafe Antzokiko agertokia nola bete zuten, doinu itsaskorrez ez ezik, musikariz ere. Une oro, zortzi taldekide egon ziren elkarrekin jotzen, eta horri kolaboratzaileak gehitu zitzaizkion. Dudu Duchen izan zen horietako bat, taldearen nortasun instrumentala apurtzera etorritako abeslaria. Ahots iradokitzaile eta indartsuz, kontzertua soul eta jazzera hurbildu zuen une batez.
Ia hamabost urteko ibilbidea bete duen arren, The Cherry Boppers oraindik sasoiko dagoela frogatu ahal izan genuen Kafe Antzokiko kontzertuan, norbaitek zalantzarik bazuen. Freskotasunik galdu gabe, beren esentziari eutsi diote, eta hori ez da erraza Euskal Herrian ospe urria duen estiloa landuz gero. Lasai asko esan dezakegu entzuleen arima beltza biziberritu eta edozein areto dantzaleku bilakatzeko gai direla.
Lohi Ensemble
Non: Montehermoso Kulturunean
Noiz: Irailaren 28an
-------------------------------
Igande arrats goibel eta hotz batez izan nuen, lehen aldiz, Lohi Ensembleren berri. Arabako musika eszena autogestionatuaz hitz egiteko Larraitzek jende jator pila bat... [+]
Rodeo eta Dena
Non: Bilboko Kafe Antzokian
Noiz: irailaren 18an
--------------------------------------------
Bilbo, sargoria, udako azken ostegunez. Bihotz Sakratuaren plaza bete dute Palestinaren aldeko oihuek, enegarrenez. Kilometro pare bat harago, Mariaren... [+]
EMPTY FILES + MOXAL & MIREN NARBAIZA
Non: Bilboko Kafe Antzokian
Noiz: irailaren 12an.
-------------------------------------------------------
Aitortu behar dut nahi baino gutxiagotan joaten naizela Bilbora. Beti sortzen dit horrelako tristura moduko bat, orduko... [+]
'GUREA KULTURA' JAIALDIA
Taldea: Sal del Coche
Non: Zestoan
Noiz: Irailaren 7an
--------------------------------------------------------
Kronika hau egitera Donostiara joan behar nuen, baina sarrerak garestiegiak iruditu zitzaizkidan behinola zezenketak... [+]
Xak eta Ekiza
Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.
-------------------------------------------------------
Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]
Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]
Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa.
Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak
Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.
Data: abuztuaren 8a.
-------------------------
Biarritz Piano Festival... [+]
Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.
Iritsi da uda. Egunak argi, bero eta luze dira orain, eta kostaldea jendez, sonbrilaz, krema usainez eta doi-doi ulertzen ditugun hizkuntzez bete da. Zuzeneko musikan ere gauzak asko aldatzen dira: mailarik gorenean daudenek makrojaialdietako birari ekiten diote, poltsikoak... [+]
26 urtez euskal preso eta iheslariak etxeratzeko aldarria oholtza gainera eraman ondoren, Hatortxu Rock jaialdiak bere azken edizioa egingo du ostegunetik igandera bitartean, Lakuntzan (Nafarroa). Jaialdian bildutako dirua preso sein senideentzat dispertsioak zekarren zama... [+]
Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.
Bilboko Bilboko Kontseilu Sozialistaren Laneko Autodefentsa Sareak BBK Live jaialdiko lan-baldintza prekarioak argitara atera nahi ditu, baira horien erantzuleak seinalatu. Horretarako, solasaldia antolatu du uztailaren 2an.