"Ikastolak bere bideari eutsi behar dio Nafarroan, eta ahal dela berriak sortu"

  • Urte giltzarrietan Nafarroako Ikastolen Elkartearen zuzendari jardun zuen eta aldian aldiko batzordearen aginduei jarraiki gidatu zuen nafar ikastolen norabidea. Lan nekea beti, esker gaiztokoa maiz kara. Hamalau urte egin zituen lanean, uztea erabaki zuen arte. Kontatu berri du Bidea eginez liburu autoeditatuan. Ezinbestean, bere egia kontatuko bazuen.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Juan Luis Larraza Lakunza (Etxarri Aranatz, 1950)

Zangozako ikastolan erretiratu zen orain dela zortzi urte. Lehenago, hala ere, bizialdia markatu dioten hamalau urte bete zituen Nafarroako Ikastolen Elkartean lanean. Zuzendari zen, nafar ikastolen eta garaiko zuzendaritza batzordearen konfiantza erabatekoa zuen. Alabaina, dimisioa eman zuen 1991n. Erabaki traumatikoa, betiko sartua arantza, Bidea eginez liburua idatziz atera ahal izan duena. Hein batean, bederen.

Bidea eginez duzu liburua, 1969tik 1991ra bitartean Nafarroako Ikastolen ibilia kontatzen duena.

1991n utzi nuen Nafarroako Ikastolen Elkartea, bertako zuzendari nintzelarik. Ez nuen, dena den, lana besterik gabe utzi, bestek behartuta hartu nuen erabakia, gogorra izan zen, eta harrezkero neure baitara bildu, itxi, eta aldi batean ez nuen ikastolen gainean ezer jakin nahi izan. Elkartea utzi eta hiru urtera Zangozako ikastolan hasi nintzen, baina irakasle, zuzendaritza ardurarik batere gabe. Urte askoan harra ibili dut barruan, hortxe, harik eta orain, hogeita bost urte eta gero, harra kanporatu dudan arte. Bestalde, Nafarroako ikastolei buruzko zenbait lan argitaratu dira –Irene Lopezen doktore tesia edo Ikastolen Elkartearen Ametsa Egia, adibidez–, eta haietan parte ere hartu dut. Nire ustez, ordea, nik esandakoak ez dira behar bezala jaso lan horietan –guraizeak erabili dituzte–, eta neure bertsioa egin behar izan dut.

Zein da, beraz, zure bertsioa?

Uste dut mundu honetan errazegi goraipatzen ditugula izen batzuk, eta ahazten eta baztertzen, berriz, beste batzuk; lanean fin jardundako jende asko eta asko, esan nahi dut. Horixe gertatzen da herri txikietako kasuetan, inon ez baitira aipatzen. Nire nahia zen ikastola guztien historia biltzea, ikastolak abiarazteko lanean ibilitako pertsonen izenak jasotzea, kontu eta istorio bereziak ere idaztea. Garai zailean saiatu ziren guraso, irakasle eta laguntzaileak goratu nahi nituen, euskal herrietan Espainiako Ministerioaren ekimenari kontra egin ziotenak.

Zer da Espainiako Ministerioaren ekimen hori?

Euskal herri txiki askotan haurrek euskaraz besterik ez zekiten. 6 urteko eskola adinera iritsi eta ez zekiten gaztelaniaz. Eta orduko maisu-maistrak kexu ziren. Espainiako Ministerioak, orduan, haur eskola modukoak sortu zituen euskal herri horietan, haurrek 6 urte bete baino lehen gaztelaniaz ikas zezaten. Sunbillan, Leitzan eta bestetan ireki ziren haur eskola horiek. Hori iraultzen saiatu zirenak goratu nahi nituen nik liburu honetan, eta horiekin batera, erdal herrietan euskararen alde saiatu zirenak, hainbat mespretxu jaso baitzuten garai batean. Batzuen eta besteen bizi-esperientzia azaldu nahi nuen, eta haien guztien ahalegina eskertu. Desagertutako ikastola txiki askoren berri ematea zen nire asmoa, bizirik dauden ikastolak ere aipatuz, jakina.

Ez genukeen berehalakoan jakingo zenbait herri txikitan ikastolarik izan zela.

Orain dela 40 urteko agenda eta oharrak gordeak nituen, paperak gordetzeko zaletasuna aspaldikoa baitut. Hartu agenda, bilatu halako herriko halako pertsonaren telefonoa, dei egin eta: “Aspaldi hil zen”. Kasu batzuetan, orduko nire kontaktuak hilak dira, edo oso gaixorik daude. Inoiz, delako herrian ikastola izan zela esan eta ukatu egin didate. “Nola ez dela zuen herrian ikastolarik izan, ni hor izaten nintzen eta. Ikastola izan da hemen. Halako eta halako nituen interlokutore”. “A, hilak dira horiek, zuk esaten duzun ikastolaren konturik nik ez dakit”. Alde horretatik nekeza izan da ikastola askoren haria bilatzea, eta hari hartatik tiratzea.

Argazkia: Zaldi Ero.

Herri txikien garrantzia azpimarratu nahi duzu.

Sekulako garrantzia izan dutelako Nafarroako hezkuntza sistema euskalduntzeko prozesuan. 80ko hamarkadaren erdialdera jaiotze-tasak behea jo zuen Nafarroan, eta bertako herri txikietan ez zen aski haurrik ikastola osatzeko. Dirurik ere ez zen, jakina. Eta ikastola haien lokalak ere halamoduzkoak ziren. Herri txikiotan zerbait egin beharra zegoen, urrats batzuk egin. Euskal herri handietan, bestalde, maisu-maistren belaunaldia berritu egin zen: irakasle zaharrak erretiratu ziren, eta berriek bestelako espiritua ekarri zuten. Horri esker, ikastolak eta eskolak bat egin zuten, eta irakaskuntza euskara hutsean bideratu. Nafarroako Ikastolen Elkarteak laguntza eskaini zuen, beti, gisako proiektuak lagundu behar zirenean, Lontxo Oihartzabalek eta Mikel Lasak emandako aholkuak gogoan. Aldi berean, Espainiako Ministerioa ireki xamar jokatzen ari zen, eta bertako ikuskari Rafael Guimerak ikastolak eta eskolak bateratzeko erraztasunak eman zituen, ikastetxe horietan D eredua sortuko zela ziurtatuz. Ikastolaren batean traumatikoa izan zen bateratzea –Leitzan, kasurako–, baina gehienetan arazorik ez zen izan.

Ikastolak publikoa behar zuen, ala pribatua, eztabaida beroa izan zen.

Eztabaida antzua, nire ustez, ikastola mugimenduari eta, oro har, euskararen irakaskuntzari sekulako kaltea egin ziona. Iruñean, adibidez, udal ikastola sortu zen, titularitate publikokoa, nahiz eta gainerako ikastola publikoen modura funtzionatzen zuen. Hala ere, eskola transferitua baino askoz gauza publikoagoa iruditzen zait guraso kooperatiba batek bultzatutako ikastola. Publikotasuna esaten zen, baina doakotasuna esan nahi zen, eta horrek eztabaida handia eragin zuen ikastoletan. Gainera, publiko izateko bokazioa zuten ikastola bat baino gehiagok ateak itxi behar izan zituen, eta Iruñeko Herri Ikastola da lekuko. Diruaren zuloak jan zuen. Berdin gertatu zitzaion Hiruherriri ere, alegia, Burlata, Atarrabia eta Huarteko udal aurrerakoiek sortutako ikastolak ezin izan zuen iraun, udaletan eskuineko indarrak nagusitu zirenean. Proiektua finantzatzeko dirurik gabe geratu ziren eta itxi behar izan zuten ikastola. Publiko ala pribatu, alferrikako eztabaida izan zen, nire ustez.

Zer gertatu zen 1991n? “Urriaren 8an, hamalau urtez berak sortutako Nafarroako Ikastolen Elkartean lan egin eta gero, uztea erabaki zuen, isilik eta inongo azalpenik eman gabe, ordu arte zuzendari izan zen Juan Luis Larrazak”, liburuaren amaieran irakurri dugu.

27 urte igaro dira, eta oraindik ez dakit, zuzen, zer gertatu zen. Horixe liburuaren amaierako galdera. 1988az gero, Nafarroako Gobernuak akordio proposamena egin zuen, hiru urteko epea emanez ikastolen egoera Espainiako hezkuntza legearen arabera normalizatzeko. LODE zen lege hori, eta haur kopurua, egoitza, irakaskuntza mailak, zerbitzuak eta gainerakoak zehazten zituen. Herri txikietan ezin zuten legerik bete, ezinezko zitzaien. Jaiotze-tasa txikia, eta urtean-urtean bizpahiru ikastola itxi ziren aldi hartan. Nafar Gobernuak, bestalde, ikastolak zituzten herri txikietan –eta handietako batzuetan–, euskarazko irakaskuntza ezarriko zuela agindu zuen, eta irakasleei ere hiru urteko epea ematen zien oposizio bidez beren plazaz jabetzeko.

Orduko Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak besterik nahi zuen.

Bai, eta dokumentu alternatibo bat landu zuen, Nafarroako Euskararen Legea oinarri harturik, ikastetxe publiko zirela argudiatuz eta ikastolen instituzionalizatzea eskatuz. Herri txikietako egoera bideraezina zen, ordea, eta beraiek eskatuta, 1990eko uztailaren 4an, akordioa sinatu zuten Gobernuko presidente Gabriel Urralburuk eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko buru Txomin Izkok. Ondorioz, hamabi herritan ikastolak ikastola izateari utzi eta eskola transferituetan integratu ziren.

Argazkia: Zaldi Ero.

Ezinbestean, zure ustez.

Bai, ikastola txikiak itxi eta itxi ari zirelako. Zenbait herritako ikastolak, esate baterako, ezin izan ziren akordiora bildu, aurreko urteetan itxi zirelako. Kasu horietan, haurrak euskaraz ikasteko modurik gabe geratu ziren, eta irakasleak lanik gabe. Olagueko kasua izan zen, adibidez. Nafar Gobernuak bere sarean integratu nahi zituen herri euskaldunetako ikastola guztiak, hau da, Leitza, Bera, Lesaka, Etxarri Aranatz eta ahal zituen guztiak. Herriotan, ordea, ikastola sendoturik zegoen, eta Nafar Gobernuaren bideari uko egin zioten, Leitzak izan ezik.

Leitzako ikastolak ez.

Akordioa uztailaren 4an egin zen, eta abuztuan, Leitzak –ordu arte Nafar Gobernuaren sarean integratu nahi ez zuenak– batzarra egin eta akordiora biltzea erabaki zuen, zortzi botoren aldearekin. Horrek korapilo eta tentsio handiak ekarri zituen, eta egoera eraman ezinik Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidente Txomin Izkok dimisioa eman zuen, Itziar Mujikak ere lana utzi zuen, eta nik iraila arte iraun nuen.

Ikastola txikiek akordioa nahi zutela esan duzu.

Bai, akordioa behar zuten, urtean-urtean eta tantaka-tantaka ateak ixten ari baitziren. Ikastola txikien eskariz sinatu zen akordioa eta, orduan, Euskal Herriko Ikastolen Elkartetik etorri zitzaizkigun arazorik handienak. Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak ez zuen gure erabakia onartu.

Horixe zure egia, kontatu nahi zenuena.

Guraizerik gabe kontatu nahi nuena, eta liburu honetan kontatu dudana, neure kontura argitaratuz. Hala ere, nahiko goxo eta azaletik jardun dut, diplomaziaz. Baina egia esan, ez dakit zer izan zen tarteko, interes politikoak edo estrategikoak, ez dakit. Garai hartan ezin zitekeen besterik egin. Hara, herriz herri ibili naiz liburu hau osatu ahal izateko informazioa biltzen, jakinik orduko ikastolak aurrera ateratzen lanean ibilitako lagunartea oso indartsua zela. Bada, orain, lagunarte haietara itzuli naizenean sendotasun bera aurkitu dut, laguntasun eta konplizitate bera. Eta berdin esan nezake Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kideez. 

Zeure barruko arantza atera duzu liburua idatzirik.

Bai. Etxean nituen agenda eta ohar guztiak astintzeko gai izan nintzenean, idatzi behar nuela konturatu nintzen. Zuzendaritza uztera eraman ninduen kasu zehatza liburuan kontatzea ez du merezi, ez du liburua idazteko balio. Paper artean ustelduko da hori. Hala ere, esaten dizut, orduko dokumentazio, elkarrizketa eta artikuluetara itzultzeko gai izan nintzenean, ez nuen dudarik izan: “Juan Luis, oraintxe duk idazteko garaia!”. Eta uste dut ikastoletan horrenbeste lan egin duen jendeak merezi duela omenaldia. Jende horri eskaini diot nire lana. Zoritxarrez, batzuk gaixorik daude, beste batzuk hilda.

Nola ikusten duzu gaur egun euskararen egoera Nafarroako ikastetxeetan?

Hasteko, Nafarroan euskarak eskola transferituetan etorkizuna duela esatea arriskutsua iruditzen zait. Nork ziurtatzen du Gobernuak euskara laguntzeari eutsiko diola? Egunkaria hartu eta egunero da liskarren bat euskararen inguruan, bateko zerrendak eta besteko espedienteak. Politikan, batzuen eta besteen artean parekaturik daude indarrak. Hauteskunde emaitzen gorabeheran bizi gara. Horixe da Nafarroako errealitatea. Ikastola den bitartean, bidea egiten saiatzen den artean, Gobernua ere saiatuko da euskararen aldeko lehian. Ikastolaren lehiarik izango ez balu, ez dakit. Ikastolari esker egin du bidea euskarak Nafarroan.

Bidea egin du, beraz.

70eko hamarkadan, euskara galtzeko zorian zegoen hainbat herritan. Etxarri Aranatzen, kasurako. Gaur egun, neska-mutilek –haur eta gazteek–, euskaraz egiten dute. Hori ikastolak egin du. Eskola transferituak egin du horrelakorik?... Ikastolak bereari eutsi behar dio, indartu, eta ahal dela berriak sortu herri erdaldunetan. Defentsan jokatzeari utzi behar dio, erasoari ekin.

Birplanteatu

“Gozatzen ari naiz. Gozatu dut liburua osatzeko informazio biltzen, eta gozatzen ari naiz orain herriz herri nabilela, liburua aurkezten. Batetik, garai bateko jendearekin elkartzeko aukera dut, eta bestetik, hezkuntzari buruzko gogoeta partekatzeko.
Teknologia nagusi den garaian –tableta eta sakelakoa darabiltzate, oroz gain, gure ikasleek–, euskara bidegurutzean dago berriz”
 

Kate etena

“Frankismo amaierako garaian borrokatzea gertatu zitzaigun, eta hein batean erraza izan zen hura, guztiz motibaturik baikeunden. Oraingo gazteek ez dute motibaziorik eta gu, aldiz, lekuz kanpo gaude. Liburua aurkezten Igantzin, Altsasun, Etxarri Aranatzen, Beran eta bestetan izan naizelarik horixe esan didate, katea eten egin dela, belaunaldi berriak ez duela garai batekoarekin kontatzen”

Belaunaldia

“Ez dakit borroka egiten asmatu genuen. Egin zitekeena egin genuen. Gehiago egin zitekeela dudarik ez, baina ez genuen baliabiderik ez oraingo ikuspegirik ere. Hemendik aurrerakoa belaunaldi berriei dagokie, helburuak pentsatu eta haietara iristeko urratsak eman”

Azken hitza: Guraizeak

“Ez du merezi den-dena kontatzea, izen guztiak-eta. Klabe diren izenak agertzen dira, hala ere, ulertu nahi duenak ulertuko du. Ulertu nahi ez duenak, berriz, esango du: ‘Ez du ezer esaten!’. Baina hor daude izenak. Batzuk, denak ez”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikastolak
2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


2024-03-16 | Leire Artola Arin
Oihana Larrandaburu, Xiberoko ikastola:
“Pentsatuko ez genituen elkarte eta herriek hartu dituzte kilometroak Xiberoan”

Ostiral goizaldean igaro zen Korrika Zuberoatik, eta denbora tarte txikia egin bazuen ere, balio izan du erakusteko euskararen aldeko atxikimendua handituz doala, eta gazteak indartsu datozela. “Ikastolatik kanpo euskarazko aktibitateak egitea konplikatua da, baina... [+]


Zortzi ikastolari aitortza egin diete euskal kultura muga inguruetan bultzatzeko egindako lanarengatik

Ikastolen Elkarteak Beskoitzen egin du ekitaldia, bertako Ikastolaren etorkizuna jokoan baitago.


Eguneraketa berriak daude