"Egitasmo honek gizartean ez ezik erakunde publiko guztietan izango du isla"

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Zergatik prestatu duzue halako egitasmoa?

Hainbat udalerritan gizarte aktibazioan oinarritutako ekintzak bideratzen ari dira: Lasarte-Orian, Agurainen, Arrigorriagan, Donostiako Egia auzoan… Uste genuen momentu egokia zela ekimen horiei guztiei proiekzio nazionala emateko, eta aldi berean, babes soziala eta ekonomikoa emateko.

Aipatu dituzunak ekimen egokiak iruditu zaizkizue.

Ezaugarri berritzaile bat daukate, euskararen aldekotasunetik harago doa, urrats praktiko batera doa, erabileran zuzenean eragiten du. Gizartea aktibatzen du, pertsonak eta erakundeak, helburu horretara begira.

Zein dira helburuak?

Helburu nagusia euskara gehiago erabiltzea da. Beste helburu bat da pertsonak eta erakundeak dinamika berri batera bultzatzea, gonbidatzea.

Bestalde, erabilera areagotzeaz gain, lankidetza berezi batean oinarritutako egitasmoa izatea nahi dugu. Hau da, erabileran eragin nahi badugu, ezinbestean lankidetza sendoa eraiki behar dugu eta lankidetza esaten dudanean hiru planotan ari naiz, batez ere: toki erakundeen eta nazio mailako erakundeen arteko elkarlana; gizarte eragileen eta erakunde publikoen arteko elkarlana; eta euskalgintzaren eta bestelako esparruetan dabiltzan eragileen arteko elkarlana. Beraz, proposatzen dugun egitasmoa berritzailea da, baina baita lana egiteko modua ere. Helburua euskara erabiltzea da, baina baita lankidetzari lotutako lan ildoa eraikitzea ere.

“Egitasmoan helburua euskara erabiltzea da, baina baita lankidetzari lotutako lan ildoa eraikitzea ere”

Euskararen aldeko jarreratik euskara erabiltzera eman nahi duzue urratsa. Zehaztu ezazu pixka bat.

Euskara erabiltzea esaten dugunean bi modu ditugu gogoan: batetik, hitz eginez, eta bestetik, hitz egiteko gaitasunik ez duenak dakiena berari euskaraz egitera gonbidatuta. Euskarazko komunikazioa bermatu nahi dugu, baina horrek ez du esan nahi elkarrizketa beti elebakarra izango denik, elkarrizketak elebidunak ere izan daitezke, ulermena bermatuta dagoen heinean. Ulermen aldetik, ezagutza aldetik, gaitasun handia dago, beraz, momentu egokia da horrelako egitasmo berritzailea martxan jartzeko.

Maiatzeko Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen topaketetan euskalgintzako eta erakundeetako eragileei egitasmoa aurkeztu zenieten. Ekarpenak eta sentsazioak jaso zenituzten. Zer azpimarratuko zenuke?

Emaitzak oso positiboak izan ziren, gure harridurarako. Balorazioa uste baino positiboagoa izan zen. Normalean Jaurlaritzak edo HPSk programa handi bat aurkezten dugunean beti egoten da eszeptizismoa, “betikoa, ez da ezer berria”, diote. Oraingoan ez nuen horrelakorik sumatu. Ikusten da itxaropena dagoela, gogoa dagoela, oso positiboa izan zen HPS eta Topagunea batera agertu izana Udaltopen. Udalak 2018ko aurrekontuak prestatzen ari dira eta denek nahi dute egitasmo horretan parte hartu.

Alabaina, egia da Udaltopen kezkak ere azaldu zituztela. Batez ere, beldurra edo beldurrarekin lotutako pertzepzio asko zeuden: “Bai, hau oso ondo dago, hau da bidea, baina nola egingo dugu?”.

Egitasmoa HPSren eta Topagunearen artean zergatik antolatu duzuen galdetu zuten askok.

Ez ginen propio haiengana joan eta haiek ere ez ziren zuzenean etorri. Topagunea gizarte aktibazioan oinarritutako ekintzak bideratzen ari zen Euskarak 365 egun ekimenaren bidez. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzan ikusten genuen, batez ere Lasarte-Oriako esperientziatik abiatuta, horrelako esperientziek eragin zuzena zutela euskararen erabileran.

Topaguneak euskararen elkarte gehienak ordezkatzen ditu, pentsatu genuen solaskide naturala zela eta elkarlanean abiatu gintezkeela. Helburu berdinak partekatzen ditugu eta aldi berean elkarren beharra dugu. Topaguneak sustapen eta lankidetza prozesu bat ireki zezakeen gizarte eragileen artean, eta aldi berean, guk instituzio bezala, erakunde publikoen artean egitasmo honen sustapen eta antolatze lanak egin genitzakeen.

Bestelako ekimenak antolatzeko ere elkarlanera joko duzue?

Udaltopen esan genuen hau egitasmo jakin bat dela, baina etorkizuneko egitasmoei begira badela arnas luzeko lan ildoa ere. Topagunearentzat eta HPSrentzat, bientzat, horrelako lankidetza berritzailea da. Konfiantza giro bat eraiki behar da eta ez du zertan bukatu erronka honekin. Eta ez du zertan Topagunea eta HPS izan, lehen esan bezala egitasmoak instituzio publikoak eta elkarteak lankidetzan jarriko ditu. Guk markoa emango dugu, babes orokorra, lantalde bat jarriko dugu martxan, komunikazio estrategia ere garatuko dugu, baina handik aurrera herri bakoitzak osatuko du koordinazio mahaia, eta egitasmoa bere egin behar du.

Herrietan nola gauzatuko da?

Gure proposamena bideratzaile nagusiak herriak izatea da. Hori gauzatu ahal izateko koordinazioa egon beharko du udaleko euskara zerbitzu eta bertako euskara elkarteen artean. Badakigu zenbait herritan hori ez dela posible izango eta ahaleginak egingo ditugu horrela izan dadin.

Argazkia: Dani Blanco.

Malgutasuna egongo da?

Gutxieneko baldintzak aurkeztu ditugu. Proposamena da 16 urtetik gorakoak izatea parte-hartzaileak, herritarrek kontziente izan behar dutelako euskara erabili (edo erabiltzeko aukera eman) behar dutela 11 egunetan. Dena den, 16 urtetik beherakoek ekimenean parte hartzeko bideak irekiko ditugu. Umeak haien gurasoen bideratzaileak izan daitezke. Haurrak gonbidatuko ditugu baina ez modu aktiboan. Bigarren baldintza Euskal Herrian bizi edo lan egitea da.

Hortik aurrera gutxieneko ulermen maila eduki beharko du erronkan parte hartuko duenak. Udaltopen galdetu zuten ea zer gertatuko den euskara ulertzen ez dutenekin. Helburua ez dugu ahaztu behar: euskarazko komunikazioa egotea. Ulertzen ez dutenei tresnak eskainiko dizkiegu gutxieneko ulermen maila izan dezaten eta “belarriprest” rolean [partaide horrek ez du euskaraz hitz egiten baina ulertu bai, eta parekoa gonbidatzen du berari euskaraz egitera] parte hartu dezaten.

Udazken honetan zer pauso emango dituzue?

Urriaren 7an mintegi bat antolatuko dugu euskara teknikariei eta elkarteei zuzendutakoa. Batetik, Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak aurreratu ditugun lanen berri emango dugu, eta bestetik, udalen eta elkarteen kezkak eta asmoak argitu nahiko genituzke.

Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, aurkezpen soziala egitea nahiko genuke, komunikazio estrategia behintzat landuta izango dugu ordurako. Herriz herri antolatuko diren ekitaldietan 2018ko erronkaren berri ematea nahiko genuke, egitasmoaren filosofiaren berri ematea.

Udazkenaz gain, 2018ko urtarriletik azarora bitarte sustatze lana egingo dugu. Egitasmoa antolatzeko denbora behar genuela pentsatzen genuen, baina era berean hilabete horietan guztietan tentsio puntua mantendu behar da.

“2019an erakunde publikoak gonbidatuko ditugu haien erakundeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko neurriak hartzera”

2018ko abenduaren 3a eta gero zer?

Erronka 11 egun horietan bisualizatuko da, baina egitasmoak bi zati ditu, jarraipena izatea nahi baitugu. Erakunde pribatu eta publikoek, 2018an, bertako langileak gonbidatuko dituzte erronkan parte hartzera, baina 2019an, erronkan parte hartutako erakunde guztiak gonbidatuko ditugu haien erakundeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko neurriak har ditzaten.

Euskalgintzako eragile batzuk beldur dira orain ere euskalduntzea herritarren ardura izango ote den.

Erakunde publikoek ere erronka handia daukagu erakundeei begira. HPS ez da bakarrik Jaurlaritza, hor dira osasun zerbitzuak, ikastetxeak, Emakunde, Ertzaintza... Egitasmo honek ez du isla izango gizartean bakarrik baizik eta erakunde publiko guztietan eta erakundeok ematen dituzten zerbitzu guztietan. Herritarrei babesa eskainiko zaie HPS eta Topagunearen eskutik, baliabide ekonomikoen bidez eta giza baliabideen bidez. Konpromisoa berriz, biena izango da, herritarrena eta erakunde publikoena.

Erakunde publikoek babesa eskaintzeaz gain eredu izan nahi al dute?

Bai, horixe.

Euskal Herri osoan egingo al da egitasmoa?

Hitzarmena Topagunearen eta Jaurlaritzaren artean egin da lurralde guztietan sustapen lanak egiteko, diputazioek ere jasoko dute diru partida bat, eta udalek ere bai. Nafarroako Gobernua, Euskarabidearen bidez, komunikazio estrategian sartu da. Hasieratik erakutsi zigun ez sustatzaile moduan soilik baizik eta antolatzaile moduan ere parte hartzeko gogoa. Beraz, antolatzaile moduan izango da. Iparraldekoekin (Euskal Elkargoarekin) formalki oraindik ez gara egon, baina badakigu interes handia dutela, lurralde osoan ez bada ere hainbat lekutan egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egia eredua
Ikasle gaztelania-hiztunak 48 orduz galegoz

Galiziako Oleiros udalerriko María Casares ikastetxe publikoko ikasleak dira. 12 eta 17 urte arteko 600 ikasletatik inork ez du eguneroko hizkuntza galegoa. Maiatzean erronka jo zuten hainbat irakaslek eta ikaslek: ea gai garen 48 orduz galizieraz aritzeko. 200 ikaslek... [+]


Hizkuntza ohiturak aldatzeko esperimentua

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte egingo da 11 egun euskaraz ekimena. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Elkargoa, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskaltzaleen Topagunea dira antolatzaile.  Beren datuen arabera,
60.000tik gora pertsonak eman du izena.


2018-10-28 | Igor Agirre
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena
800 hernaniarrek hartu dute parte euskarari eusteko erronkan

Ezohiko egitasmoa dute martxan Hernanin otsailetik: urte amaierara bitarte, orain arte dituzten hizkuntza ohiturak irauli eta harremanak euskarara ekartzeko ahaleginean ari dira ehunka herritar. Hilero, 100 norbanako gehitzen dira ekimenera eta dagoeneko 800 herritarrek baino... [+]


Nerea Redondo, euskaraz bizi den egiatarra
"Edonork ez dauka gaitasunik edo baliabiderik hizkuntza-gatazka bati aurre egiteko"

Nerea Redondo eta bere ahizparen asmoa triatloia probatzea zen. Hala gerturatu ziren ekainaren 23an Donostiako X. Emakumezkoen Triatloira. Epailearen hitzek harri eta zur utzi zituen: “Por mis cojones que vais a hablar en castellano”. Alegia, bi ahizpen artean... [+]


Ekimen aitzindaria
Hernaniarrek urte osoz eutsiko diote euskarari

Lehenengo ehun erronkalariak otsailaren 3an hasiko dira. Gaztelaniaz dituzten harremanak euskarara ekartzen saiatuko dira. Hilero ehun pertsona gehitzea da helburua. Hala, 2018an 1.100 hernaniarrek hartuko dute parte aurrekaririk ez duen erronkan.


Eguneraketa berriak daude