Herritarrek, herritik, herritarrentzat eta herriarentzat

  • Iragan da apirilaren 8a eta ETA armagabeturik da dagoeneko. Luhusoko ekimena eta gero bake artisauek marrazturikoa gauzatu dute. Geroari so, egunaren bukaeran irakurritako manifestuak finkatzen ditu bake iraunkor eta justu bat lortzeko nondik-norakoak. Izenpetzaileek islatu aniztasuna izanen dute aitzina egiteko indarra. Frantziako eta Espainiako gobernuen inplikazioa ezinbestekotzat joz, elkarrizketari lotzeko deia berresten du manifestuak.

Milaka pertsonak eman zioten babesa bakearen artisauek Baionan antolatutako ekitaldiari.

ETAren armagabetzearen eguna festa eguna ez zela jakin arren, festa giroaren osagaiak sentitu ziren apirilaren 8an Baiona Ttipian: poza, irria eta gozamena. Eguna aitzinatu arau, lasaitasunak hartzen zion tokia presioari bake artisauen aurpegietan. Gauean berriz, pozak lasaitasunari. Pausoa hastetik buru ongi iragan zelako. "Egunaren helburuak bete ditugu: batetik, armagabetzearen alde teknikoa eta praktikoa ontsa iragan da eta bestetik, gure mezua pasarazi dugu, errandakoa hitzez hitz hartuz, bakoitzak atzemanen du errespetua eta aitortza eta erran horietan guztiak partaide izateko daukagun nahia", zioen biharamunean Mixel Berhokoirigoin bake artisauak. Luhusoko atxiloketen biharamunetik apirilaren 8a arte behin eta berriz errana errepikatu zuen egun horretan ere: "Armagabetzeak bakea errazten du baina ez da oraindik bakea, anitz gelditzen da egiteko".

ETAk jendarte zibilari utzi zion armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa, Michel Tubiana, Mixel Berhokoirigoin eta Jean Noël Txetx Etxeberrik 2016ko urriaren 3an luzatu proposamena eta baldintzari baikorki erantzunez. 2017ko apirilaren 8 horretan ederki beteriko ardura. Hastetik buru, ausardiaz eta konpromisoz beteriko eguna izan zen. Egun horretan, aldebakartasunak ekar dezakeen segurtasun-ezaren sentsazioa baino azkarrago atera zen herriari emandako konfiantza.

Egunsentian hasi zuten hainbatek eguna. Egunsentian, oihan baterantz zeraman bidean. Hain zuzen, ETAren armagabetzean herritar gisa haien ekarpena egin nahian, arma gordelekuetan egon zirelako ikuskatzaile gisa. Entregatu beharreko armak frantziar autoritateen esku geldituko zirela segurtatzea eta baieztatzea zuten eginbeharra. Orotara 172 ziren, lapurtarrak, behenafarrak eta xiberotarrak. Emakume zein gizonak, hautetsiak ala herritar xumeak eta adin guztietakoak, gazteriaren presentzia nabarmentzekoa izanik ere. José Bové eurodiputatuaren gisa, euskal herritarrak ez ziren batzuk ere egon ziren bertan. Ikuskatzaileetan zen Sylviane Alaux, diputatu sozialista. "Ikuskatzaileak behar zituztela jakin nuenean, nire izena eman nien erranez 'nire diputatu posturak zerbait gehiago ekartzen ahal badizue, erabili nazazue, baliatu ezazue daukadan ardura'". Xina Dulong ezpeletarra ere egon zen armategiak zaintzen. Abendu bukaeran buruturiko Luhusoko ekimenak "pertsonalki hunkiturik", hark ere bake prozesuari bere ekarpena egin nahi ziolako: "erakutsi behar genuen blokeo egoera batean izanik ere egingarria zela".

Bereziki eskertu zituen Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko buruak 09:00etan egindako adierazpenean: "Beharrezko izan zaigu jendarte zibila ere, bake iraunkor batera iristeko gure herrian eta Europako mendebaldeko azken gatazka armatu honi amaiera emateko, hain zen blokeatzea handia bost urteko itxoite eta itxaropenaren ondoren". Ipar Euskal Herrikoaz gain, Eusko Gobernuaren eta Nafarroakoaren presentzia espero bazuten bake artisauek, azkenean Euskal Elkargoaren ordezkaria soilik agertu zen. Izan bake artisau ala Bake Bideako kide, guztiek zuten nabarmendu eta eskertu Etxegarairen presentzia. Luhusoko ekimenekoek goizeko prentsaurrekoan zehaztu zuten "rola oso baikorra" ukan zuela eta  armagabetzearen prozesua "erraztu" zuela Baionako auzapezak.

Egiaztatzaileei informazioa

Guneak babesten zeudela, Etxeberri eta Tubiana bake artisauak Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordearekin bildu ziren goizean goiz, ondoan zituztela Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea, Harold Good Ipar Irlandako artzain protestantea eta Matteo María Zuppi Bolognako artzapezpikua, baita ere urruntxoago Anaiz Funosas Bake Bideako presidentea. Arma-guneen zerrenda berehala utzi zion Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreari Ram Manikkalingam buru duen batzordeak. Guztira zortzi lekutan zeuden armak, hiru Ipar Euskal Herrian eta beste bostak kilometro batzuetara, Okzitanian. Orotara, 120 arma, hiru tona lehergai eta milaka munizio eta detonagailu. ETAk informazioa zuzenki poliziari eman ziolako zurrumurrua edota desinformazioa hedatzen hasirik, zuzenketa ekarri zuen laster Berhokoirigoinek: "Hedabide batzuk zabaltzen ari direna, ETAk armen lokalizazioa Frantziako Poliziari eman diola, intoxikazioa da. Ez da hala".

Bakearen Artesauek publikoki planteamentua azaldu duten unea. (Dani Blanco) Argazki oina

Zazpi lurraldeetarik

Bake artisauen gomitari erantzunez, zazpi lurraldeetarik etorri zen jendea. 20.000 lagunek erakutsi zioten babesa eta elkartasuna. Galdetuz gero bertan egoteko arrazoiak, "denak bezala... ez dakit zer berri gehitu..." izaten zen usu erantzuna. Horietarikoa zen Irundik etorritako Nestor: "Hemen nago nahi dudalako duinki bukatzea, bake justu bat lortu nahi dudalako. Hau zen eman beharreko pausoa, ondotik beste pausoak lortzeko". Arrosako Moniquek ere zion berdina: "Aldebakarreko urrats hau oso azkarra da eta pena da estatuek hori ez aitortzea. Baina aitortza beharko dugu, kartzela politiken aldaketaren bidez gauzatu beharko dutena". Zentzu berera zioan Uztaritzetik etorritako Battitt: "Gaur ez da bukaera bat, segidak beharko ditugu: presoen eta iheslarien etxeratzea, elkarbizitza...". Gasteiztik jindako Anak ere zuen gogoeta bertsua: "Min asko izan da eta guztiak sendatzeko asko daukagu egiteko, bai arduradunek, baina bai guk, bakoitzak, pertsona moduan". Juana zalgiztarrak zion berak Euskal Herriarentzat bezainbat jendartearentzat zuela armagabetzearen urratsa ezinbestekoa ikusten: "Hodei beltz baten gisara, buru gainean genuen pisu ikaragarri bat ziren armak. Sail guztietan, politikan, ekonomian, lurralde mailan baina ere jendeen arteko hartu-emanetan sentitzen genuena. Presio bat kenduko digu eta balioko du elkarrekin gauzak eraiki ahal izateko". Arma gordeleku bat zaintzen egona zen goizean zuberotar hau.

Pausoz pauso jaso zuten egunaren berri Baiona Ttipian bildutakoek. Horrez gain, izan hitzaldi, bideo emanaldi edota eztabaida, gatazkaren konponbidea eta bakea osatzen duten elementuez gogoetatzeko aukera eskaini zitzaien. Egitarau betea, 15:00etarako finkatu armagabetze eta bake prozesurako elkarretaratze handira arte. Lekutxoa ukan nahian, lehenagotik hasi zen plaza betetzen eta poliki-poliki, plazaz gain, inguruko karrika eta izkina guztiak ziren jendez mukuru bete. Funosas izan zen hitza hartu zuen lehena: "Hau guztia ez zen posible izanen oldar honetan ez bazenute sinistu, ez bazenute sinistu gauzak aldatzeko eta bake prozesuari bidea irekitzeko boterea genuela. Antolatzaile guztien partez milesker". Luzaturiko eskerrei txalo zaparradaz erantzun zion entzuleriak, ordainez, esker onez. Berhokoirigoin eta Tubiana hizlariez gain, Good ere egon zen oholtza gainean.

Manifestu indartsua

Ipar Euskal Herrian denborarekin sendotuz joan den eta Hego Euskal Herrian osatuz doan aniztasunaren erakusketa izan zen azken hitz-hartzea. Ehundik gora eragile oholtzara igo eta guztiek izenpeturiko manifestua irakurri zuten Estitxu Eizagirre ARGIAko zuzendariak, Louis Joinet magistratu ohi eta Nazio  Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko aditu ohiak, Fernando Armendariz Foro Sozialeko kideak eta Susan George idazleak. "Erreferentzia geldituko den testua da manifestu hau, armagabetzeak ahalbidetzen dituen gerorako beste urratsak testu honetan oinarritu beharko dira. Ondokorako beharko dugun dimentsio politikoa eta humanoa ematen digu", Berhokoirigoinek dionaz.

Etorkizunera begira adosturiko manifestua da. "Bakea ez delako bortizkeria eza eta beraz bortizkeria hor deino ez dela bakerik" erranik, bake justu eta iraunkorra lortzeko osagaiak kausitu daitezke. Baina geroari begira idatzia izan arren, ez diote oraina eta iraganari bizkar eman nahi: "Armagabetzea gibelean utzi dugu orain, (…), gibelean utzi nahi dugu, baina ez gibelera so egin gabe".

Ekitaldi amaieran Baionako manifestua irakurri dute lau hizkuntzatan.

Biktimak, "atzokoak, gaurkoak, ezagunak eta ezezagunak, armek jorik erori direnak, arma guztiek jorik eroritakoak" gogoan, "etorkizuna oroitzapenarena eta aitortzarena izateko lan egiteko konpromisoa" adierazten dute: "Ukatua izan zaien etorkizuna eraikitzera engaiatzen gara". Geroa "elkarbizitzaren" eta " konkordiaren" sinonimo izateko helburuz lan egiteko konpromisoa plazaratu dute. Presoak dira biktima horietarikoak. Eri direnak eta zigorra beterik dutenen askatzea eta guztien hurbiltzea galdetzen dute. Hori baino gehiago lortzea posible dela sinistuz: "Etxera itzuliko direla sinetsi nahi dugu, ahal bezain fite. Beharrezkoa baita eta hala izan behar duelako".

Bake prozesua bururaino eramateko engaiamenduaren inguruan osatuz doan aniztasunaren erakusleiho izan zen egunaren une hau. Pluraltasuna azpimarratzen du manifestuak berak: "Egia da ez dugula herria bere osotasunean ordezkatzen, baina ezingo du nehork ukatu, herri osotik jinik eta Baionan elkarturik, herri honen lurraldeak irudikatzen ditugula, honen jende eta sentsibilitate kontrakoenak barne". Hor egon ez direnak gogoan dituzte ere: izan armagabetzearen egun honen hausnarketan egonak baina oholtzara igo ez direnak, baita ere, gatazkak markatu eta kolpaturikoak: "Ez da erraza izan guretzat, honaino iristea, etsipenean erori gabe. Egia errateko ez dute denek hori egitea lortu". Hots, guztien errespetuan idatziriko manifestua da.

Baina, guztia ezin daitekeelako alde bakarretik egin,  Espainiako eta Frantziako gobernuei deia luzatuz bukatzen da manifestua: "mintzatzea onar dezaten, herentziaz utzi dizkiguten urte guzti horiek gogora ekartzeko gisan. Eta nola gertatu den jakin dezagun. Hori ere egingarri izan behar da, behar beharrezkoa baita". Egunari ez zioten trabarik jarri Frantziako agintariek eta Luhusoko ekimenaz geroztik izandako negoziaketei esker dela jakin izan da. Ez trabatzeaz gain, gerora Espainiako eta Frantziako gobernuen partetik elkarrizketarako jarrera egonen den ageriko da ondoko egunetan. Hala beharko da, elkarbizitza, aitortza eta erreparazioa aldebakarretik bakarrik ezin delako egin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETAren desarmatzea
'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


Luhusoko auziperatuen errugabetzea eskatzeko kanpaina aurkeztu dute

Apirilaren 2an eta 3an iraganen da Beatrice Molle-Haran eta Txetx Jean-Noël Etcheverryren aurkako auzia Parisen, 2016ko abenduaren 16an Luhuson buruturiko ETAren armagabetze zibilaren harira. Errugabetzea eskatzeko kanpainaren baitan izenpedura bilketa abiatu dute. Lehen... [+]


2021-01-07 | ARGIA
Mikel Barriosen aurkako 5 urteko kartzela zigorra berretsi du Parisek

Dei Auzitegiak bat egin du ekainean Parisko Zigor auzitegiak hartutako erabakiarekin eta kartzelara itzuli beharko du iruindarrak, baina oraingoz prokuradoreak ez du data jakin bat finkatu.


2020-10-20 | Euskal Irratiak
Egoitz Urrutikoetxea
"Badirudi Frantziako justiziarendako, negoziazio batzuetan parte hartzea, gaizkile elkarteko kide izatea eta ekintza terroristak prestatzea dela"

Josu Urrutikoetxearen aurka bi auzi iragan behar dira aste huntan Pariseko auzitegi korrekzionalean. Biak ere ETA talde armatuko kide izateagatik dira, baina mementu desberdinetan.


2020-06-24 | ARGIA
ETAren desarmatzea auzitan jartzen duten argudioekin, Frantziak bost urteko espetxe zigorra ezarri dio Mikel Barriosi

Bost urteko espetxe zigorra jarri dio astearte honetan Parisko Auzitegi Korrekzionalak Mikel Barrios Iruñeko preso ohiari. Datorren astelehenean sartu beharko da berriro kartzelan.


Eguneraketa berriak daude