"Luhusoko ekintza egitea eta eragile politikoak ez zatitzea izan da lorpen handiena"

  • 1952, Gamarte; Baxenabarre. Laboraria da. Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) presidente ohia. Baserri lanen erretretara pasa da, alta, Ainhize-Monjoloseko laborarien egoitzan segitzen du lanean. Iragan abenduan, “ETAren armagabetzearen aldeko”  ekimenean parte hartu zuen Luhuso herrian, Michel Tubina, Jean Noël Etxeberri Txetx, Mixel Bergouignan, Béatrice Molle-Haran eta Stéphane Etxegarairekin batera. Bake prozesuaz eta Ipar Euskal Herriko egoera politikoaz mintzatu gara, Laborantza Ganbaraz, baita sortu berria den Euskal Elkargoaz ere, Ganbaran.

Mixel Berhokoirigoin EHLGko kidea eta preisidente ohia, laborarien ganbaran, Ainhize-Monjolose herrian (Argazkia: Dani Blanco).

Mixel Berhokoirigoinen hitzetan, politikagintza zeregin arrunt konplikatua da. Horregatik, politikak lan kolektiboa izan behar duela dio. Luhusoko ekimena, ETAren desarmatze lanean engaiatu izana, Laborantza Ganbaran eraman duen lanarekin parekatu du: “Ganbara sortzeagatik auzipetua izan nintzelarik, fokua ene buruaren gainean ezarri zuten. Lan kolektiboa pertsonalizatzeko joera izaten da. Alta, zeregin hori ez dela lider batena soilik pentsatu dut beti”.

Laborantza Ganbararen presidentea izan zen hamar urtez: “Postua onartu nuen, baina ene buruan baino taldeko lanean konfiantza nuelako. Eta hau ez da diskurtso teorikoa edo slogan bat. Ganbaran ageri denez, helburuak lortzen ari gara denon artean, ‘arrakasta’ lanak partekatuz erdiesten da”.

Hamar urteren ondoren, kontrol judizialpean dago berriz ere, Luhusoko beste lau ekintzaileekin batera. Frantziako epaitegietan auzipetuta daude. Bostek elkar ikusteko debekua dute eta ezin dute estatutik irten. Poliziak Luhuson atxilotu zituen bost pertsonak oso ezagunak dira Iparraldean, nor bere eremuan militante historikoa. Tokiko hedabideek Bakearen artisauak izendatu dituzte: “Guk ez dugu izendapen hori bilatu, bakearen gogo gartsua dugu, baina ez dugu bakearen bandera eraman nahi. Baina, egia da, libre atera ondoren horrela deitu gaituzte”, erran digu apalki Berhokoirigoinek.

Hala ere, beren ekintzaren ondorioz sortu den bat-bateko mugimenduari horrela deitzea onetsi du: “Gauza ederra da, ederra denez, baina nork bere gain hartzea nekeza da. Gainera, zehaztu behar da, bakearen artisau lanetan jende asko ari izan da. Baina, denak ez dira publikoki agertu baitezpada”.  

Bake prozesuan engaiatzea

Bere engaiamenduaren nondik norakoa prozesu bat izan dela dio. Ez zela egun batean jaiki eta “gai horretan engaiatu behar dugu” pentsatu. Euskal Herriko bake prozesua blokeatua ikusirik, zenbait bake konferentziatan parte hartu du, Baiona eta Pariskoetan, besteak beste. Bi estatuek prozesuari ezezko borobila ematen diotelako modu are interesatuagoaz arduratu da gaiaz: “Gatazka armatuetan inplikatua dagoen alde batek –Espainiako eta Frantziako estatuak, kasu honetan– hasieran ezetza eman arren, une batean prozesua finkatzeko tenorea iritsi behar dela sinesten dut. Alta bada, gaian inplikatzea `pertsona enblematiko’-en gain al dago?’, galdetu diot usu ene buruari”.

“Luhusoko ekintzaren efektua baliatu behar dugu saio berri bat egiteko. Oraingo Gobernuak hiru hilabeteko bizitza dauka, eta azkeneko zatia, hauteskunde kanpaina dela eta, pozoitua
izanen da”

Laborantza Ganbarako presidente ohiak zalantzak ditu norbanakoen engaiamendu soilen lorpenez. Bere ustez, edozein ekimen aitzina eramateko prozedura tentu handiz landu behar da. Bere buruan galdera hauxe izan du luzaz: “Beste gatazkak elkarrizketaren bidez irtenbide batera arribatu badira –eta hori ere ez da guztiz ziurtatua–, hemen zergatik ez?”.

Borroka armatua geldituta ere, prozesua ontzea ez dela kontu mekanikoa, denbora beharko zela jakitun da: “Agian batzuek pentsatzen zuten, borroka armatua gelditurik, hurrengo urratsak modu automatikoetan emango zirela”.  Halarik ere, bera ere denbora joan ahala, gatazkaren konponbidea trabatua ikusteak zeharo harritu du. Denbora behar zela pentsatzen zuen, bere erritmoa...: “Baina momentu batetik aitzina, denbora bereziki gure kontra doala ohartu naiz. Bi dira arrisku nagusiak, gizarteak arazoarekiko distantzia hartzea, eta ororen buru, denok konforme gelditzea. Hau da, borroka armaturik ez dagoela, bortizkeriarik ere ez, beraz egoera normalizatua dela pentsatzea”.  

Euskal kausaren aldeko militante hau prozesuaren geldotasunaz beldur da. Gatazkak sorrarazi dituen biktimak, presoak eta guztion sufrimenduak lehentasuna ez ukaitea jendartean, gizartearen problema ez izatea. Konpondu gabe dagoen arazo handi hau “normalizatzea” edota ezereztatzea: “Frustrazioa handituz joan daiteke. Errespetu gutxieneko batez bukatzen ez den konfliktoak haziak uzten ditu iraganeko gatazka moldea ernaltzeko berriz ere”.

"Bakearen alde!" lelopean jende andana bildu zen Baionan, atxilotuak askatzeko eskatuz. (Argazkia: Lander Arbelaitz)

Solaskidearen aburuz, jendarte zibilaren inplikazioa baitezpadakoa da. Arazoak ez badu behar bezalako interesa pizten jendearengan, ez da aski indar izanen instituzioak prozesuan inplikatzeko, eta instituzioak ere ezinbestez engaiatu behar dira: “Gakoa jendartean dago, jendeak ez badu gaia biziarazten beste inor ez da arazoan inplikatuko”. Laborari baxenafar hau ez da inoiz borroka armatuaren ildoan ibili, ezta hurbilean ere. Orain baina, ETA desarmatzen laguntzeko inplikatu da: “Segurki, batzuek pentsatu dute: zertan sartu dira horiek? Borroka armatuaren estrategiarekiko gure distantziak ezagunak dira, baina horren ondorioekin bukatzen laguntzea guztion zeregina da. Ez gara zeruak argieginak, baina gure gaia dela pentsatzen dugu. ETArekin eskutitzak trukatu ditugun hiru kideez ari naiz bereziki [Tubina, Txetx eta bera], baina ez gara bakarrak, badago jende gehiago gure gibelean. Euskal Herriko pertsona batzuekin eta besteekin hitz egin genuen. Ekintza, talde zabalago batean gogoetatu dugu, askotariko jendea gara, gainera, bederazka, gatazkari buruzko ikusmolde ezberdinak ditugu”.

Talde horretako beste partaidez galdetu diogu solaskideari: “Nor diren jakin nahi duzu, baina ez dizut izenik emanen”. Bakearen aldeko ekintzaile hauek hainbat jende esanguratsuren “tenperatura” hartu nahi izan dutela esan digu. Inplikazio maila ezberdinak izan dira. Batzuk jakinaren gainean zeuden doi-doia, beste batzuek ekintzaren arrazoia ongi ezagutzen zuten: “Eta kontent gaude. Egin duguna, ez ulertua bakarrik, onartua izan baita oro har. Ekintza prozesuaren dinamikari berriz ere lotzeko baliagarria izan da. Kontuz aritu gara. Jende batzuk ez ditugu izan erabat gurekin, eta hurbil direnei ‘opari pozoitsuak’ ez emateaz arduratu gara”. ETAren armagabetzea gauzatu ezin izanak bake prozesua trabatzen du, prozesuaren zati oso korapilatsua da  : “Jende asko diskrezioz aritu izan da eta ari da. Baina kasu, pertsona bat lagun edo traba bilaka daiteke. Nahiz eta gure ekintza borobiltzeko interesgarria izango zen pertsona horien izenak ezagutaraztea, pertsona horiei ez zaie lagungarri izaten geroan. Areago, egunen batean erraten badute ekintzaren berri zutela, arazoak sortzen ahal zaizkie. Duten ardurarengatik, instituzioetan edota beste zereginetan, hobe nor diren jakin ez izatea”. Ez da erraza bake bidea urratzea.

Haatik, Luhosoko ekintzaren berri Hegoalderaino iritsi da. Aspaldiko partez, PP eta PSE-EE ez beste alderdiek bake prozesua bizkortu beharra adierazi dute prentsaren aurrean Bilbon. Frantziako goi-mailako estamentu batzuetara ere iritsi da ekintzaren oihartzuna. Paristik itzultzean, atxilotuek zer harrera izan duten ikusita, jende askoren ihardukitzea karrikaraino heldu da: “Hautetsien kezkek eta gure ekintzak topo egin dute. Hori espontaneoki gertatu da, ez da preparatua izan. Ikusten delarik hainbat jenderen aurpegiak eta beren keinuak, zerbait mugitu dela ohartzen zara. Hobekiago egiten al zen? Noski, ez dugu nahi genuena lortu, baina egin duguna beharrezkoa zenez jabetu gara”.

Luhusoko ekimena emeki-emeki  prestatu zuten. “Bakegileak” deituek ekintza handi bat egitea xede zuten, armagabetzearen afera politikaren agendako lehen orrialdean jartzeko: “Lehenago ETAren desarme sinboliko gisako bat izan baitzen, eta guk ez genuen hura errepikatzea nahi. Nahiz eta poliziak gure ekintza geldiarazi zuen, prozesua zabaldu nahi ez dutenek gure parte-hartzea beste gisa batez baloratu dute”.

Mixel Berhokoirigoinek hauxe errepikatu digu: “Ekintzaren baitan gogoeta kolektibo bat dago. Gure kezka ekintzaren ‘muga’ zen. Ez genuen nahi onartua izango ez zen ekintza bat. Ez genuen orain arte egin dena hautsi nahi ere. Nazioarteko Begiraleen lana, konparazione. Inor kaltetu gabe, jendartea eta eragile politikoak inarrosi nahi izan ditugu”.

Estatuen blokeoa

ETA desarmatzeko prest dela aspalditik dio solaskideak, armen inbentarioak eginak dituela. Estatuek desarmatzeko aukera blokeatu dute ordea: “Eta guk urrats hori eman dugu. Bagenekien eta badakigu ETArekin harremanetan sartzea arriskutsua dela. Aurkariek, ‘hara, zuek ETArekin inplikatuta zaudete’, erran dute berehala”. ETAk baina, arazoak ditu armak bere gainetik kentzeko. “Hau da, arazoak segitzen du dagoen bezala edo arriskuak hartzen dira”. Berhokoirigoinen iritziz, prozesuan aitzina egiteko emandako urratsa baitezpadakoa izan da. Izan ere, haiek baldintza hau jarri diote ETAri: “Zuen armen kudeaketa politikoa gizarteari utzi behar diozue”. ETAk hori onartu izana oso inportantea, bere ustez.

Poliziaren interbentzioa izan zitekeela kontziente ziren, prestatu zuten planak beste xede bat zuen: “Ez genuen B planik, bistan da. Ekintzaren desarmatze filmatua Frantziako Gobernuari helaraztea xede genuen. Nazioarteko eragileak informatuz eta hemengo eragile politiko eta sozialak ere kontuan hartuz”. Zer gertatu zen ordea, polizia Luhuson agertzeko?: “Ekimenaren berri ez genuen hirurok bakarrik, erran bezala, talde zabalago batek gure ekintzaren asmoa ezagutzen zuen. Ez dakit bakoitzak hurbileko bati erran ote zion eta hortik zaba

“Luhusoko ekintzaren efektua baliatu behar dugu saio berri bat egiteko. Oraingo Gobernuak hiru hilabeteko bizitza dauka, eta azkeneko zatia, hauteskunde kanpaina dela eta, pozoitua
izanen da”

lduz joan zen. Edo poliziek badituzte bitarteko teknologiak guztiok segitzeko eta dena kontrolatzeko. Ez dakit, ez dakit”, aitortu digu bakearen aldeko militanteak.  

Bere ustez, Parisko RAIDek, eliteko poliziak, ekintzaren berri izan zuen egun berean. Poliziek bazekiten zerbait, baina ez dena. Ororen buru, Luhusoko ekintza zapuztu izana euren aurka itzuli da: “Tronpatu dira. Operazioaren bilan politikoa egiten bada, Estatuak galdu du. Frantziako Gobernuaren ohiko bertsioa bertan behera erori da, ez du funtzionatu. Frantses hedabideek barne ministroaren bertsioari segitu diote, operazio antiterrorista zelakoan, gu ETAko zuzendaritzako kideak bezala ekarri gaituzte”.

Ekintzaegileek baina, ETArekin trukatutako eskutitzak argitaratu zituzten berehala, egitasmoaren zentzua eta argibideak zehatz emanez. Hala berean, manifestazio oldeek ito dute Barne Ministerioaren bertsioa. Gertatua misterioa izan dela dio solaskideak: “Alabaina, polizia operazio hori muntatzea ez da sinesgarria, gero, politikoki haien aurka itzultzen bada. Gau hartan beste zerbait aurkitzea espero zuten. Jakin izan balute Luhuson benetan zeudenak, ez zuten horrela jokatuko. Haiek pentsatu dute etakideak ari zirela armak suntsitzen, baina ez, gu ginen”.

Luhusoko ekintzaren ondorenean

Desarme ekintzaren ondoren ezer aldatu al da, bake prozesuari begira?: “Hasteko, Iparraldean orain arte mugitu ez den jendea ikusi da manifestazioetan. Familia osoak ziren, lehen ez zen halakorik ikusi. Beharbada, gu tartean izateak gure mezuari ate batzuk ireki dizkio. Hainbat jende hasi da gatazkaren egoeraz interesatzen, gu inplikatu garelako. Badakite gu ez garela edozein gauzatan sartzen eta arazoa ulertu nahian hurbildu dira. Guk ez dugu gertatua pertsonalizatu nahi, baina, naski, ekimenaren alde berri bat hori izan da. Gure jarduerak marra batzuk gainditzen lagundu du eta jendearen gogoeta sorrarazi. ‘Horiek horretan inplikatu badira, guk gertatzen dena behar dugu ulertu bederen’ pentsatu dute”.      

Politikariek ere orain arte erakutsitako inplikazioan beste urrats bat eman dute, inoiz baino ozenago mintzatu dira. Gobernuko kideak eta diputatuak mugitu dira, mugimendu eta sare sozial zabala aktibatu da: “Alain Roussetek [Erregioko Kontseiluaren presidentea] Luhusoko ekimenaren karietara sostengatu gaitu, Akitania berriko biltzarra bildu du eta bere mezua Parisera helarazi. Roussetek guk hala jokatzea ontzat eman du. PSren barruan jarrera ezberdinak daude ETAren arazoaren aurrean”. Paristik itzultzean, Berhokoirigoinek honela adierazi zuen prentsan: “Orain, gizarteak du ETAren armategiaren ardura politikoa”.
Berdin pentsatzen jarraitzen duela berretsi digu: “ETAren arrazoia herria baldin bada, ez du kontraesanik izan behar, herriari utzi behar dio kudeaketa politikoa. Noski, alde hori hobeki landu eta zehaztu behar da, baina argudio hori ez da txikia, hau da, guk estatuei ‘ez baduzue ETArekin hitz egin nahi, ez egin, baina gurekin hitz egin’ esaten diegu”.

“Ekintzaren desarmatze filmatua Frantziako Gobernuari helaraztea genuen xede”

Aspaldian hasitako lanaren emaitza da: “Ipar Euskal Herriak Euskal Herria osoari egiten ahal dion ekarpena da, bide luze horretan, pausoaz pauso eta marraz marra, hozka bat gorago eraman dugu gure nahikaria, eta segitu behar da. Ekintza hori egitea eta eragile politikoak ez zatitzea izan da lorpen handiena. Eta pretentsiorik gabe. Batzuetan ‘Iparraldea da gure iparra’ entzuten dut. Baina bi historia ezberdin ditugu, guk ez dugu instituziorik ukan, eta beharbada horrek lagundu digu politika beste gisa batez ulertzen. Guk instituzio propioa ez izateak lagundu du berau nahi dutenen arteko elkar ulertze bat sustatzen. Eskatzen duzularik zerbait, behar duzu zure argudioa eta bere funtsa elkarrekin landu besteekin”. Beste gisa batez errana: “Euskal instituzioaren eginbidean hamabost urte eman dugu, horren inguruan kultura politiko bat sendotzen joan da. Batera sortu zelarik ikusi genuen hori zela bidea. Horrek lagundu du aldi berean gure arteko gatazkak bideratzen, jendarteak nahi duena modu pluralean formalizatzen nolabait. Nolabaiteko boterea duzularik, Hegoaldean bezala, bestela jokatzen duzu”.

Bere ikuspuntutik, aukera berria izanen da bake prozesuan urratsak emateko: “Luhusoko ekintzaren efektua baliatu behar dugu saio berri bat egiteko. Oraingo Gobernuak hiru hilabeteko bizitza dauka, eta azkeneko zatia, hauteskunde kanpaina dela eta, pozoitua izanen da. Epea laburra da, baina anitzetan hiru hilabetean egiten da bost urtetan egiten ez dena. Aldi labur honetan beste urrats bat ematea posible da, baina diskretuki lan egin behar dugu”.

Zer iritzi duzu  Euskal Elkargoaz?  

Baikorra naiz. Bistan da, arrisku bide batean sartu garela ohartzen naiz, besteak beste, alderdi politikoek parte-hartze handiagoa izanen baitute. Hasieran gara, alde onak edo eskasak izanik ere, beharrekoa zen urratsa eman dugu. Nik egitasmoen dinamikan sinesten dut, ez bakarrik pertsonen dinamikan. Erakunde berria dugu, eremu politikoan dekorazio berria ezarri duen koadroa.

Jean-René Etchegaray da presidentea.

Lagunak bilakatu gara. Baterako kidea da. Laborantza Ganberako abokatua, ene kontrako auzien defendatzailea. Boterea kudeatzeko ariketaren tenorea heldu da, zailena beharbada. Jean-René bere hitzari fidela izan zaio, onest da. Ez da faltsukeriatan ari izan, konfiantza dut harengan. Euskal Elkargoaren lehen biltzarrean bere helburua Lurralde Kolektibitatea zela erran du. Hori aitortzea inportantea da. Hautetsi izan ez balitz, Bateran engaiatu eta hartu dituen karguak hartu izan ez balitu [Baionako auzapez eta Hautetsien Kontseiluko presidente karguak] gaur egun ez zen Euskal Elkargoa izango. Hautetsien Kontseiluko presidentetza hartu zuen Jean-Jacques Lasserreren ordez. Lasserre presidente izan zen artean, Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapenaren ondoren ibili zen, gero, Departamenduko presidente kargua berreskuratu zuelarik, ez dugu gehiago ikusi. Ez da Euskal Elkargoaren alde argi eta garbi agertu. Kargudunen batek heldu behar zion egitasmoari. Etchegaray izan ez balitz, Henri Etcheto izango zen [Baionako hautetsi sozialista], Elkargoaren aurkakoa. Etchegaray presidenteari errespetua zor zaio, 231 bozetatik 157 eskuratu ditu.  

Sorreraren egunean ageri zenez, Euskal Elkargoak hainbat aurkari baditu.

Horien aldetiko oldar handiena pasa da. Hasteko, beren artean ez dira ados. Gotaine-Irabarneko Bernard Lougarot auzapezak herri txipien aldeko diskurtso egin du, itoak izanen direla, boterea kostaldeko hirigunetan dela erranez. Jendearen bihotza hunkitzeko mintzatu da, herri txikietako ordezkari parrasta identifikatu da bere diskurtsoarekin, baina haien boza asegurantza bat hartzen den bezala eman dute. Hala ere, Lougarotek 51 boz ukaiteak badu esanahi bat. Laugarotek Euskal Elkargoaren aurka bozkatu du bere herrian, alta, elkargoaren kontrakoek boterea herri txipiek dutela diote. Alegia, dirua kostaldeko herriek emanen dutela eta herri txipiek baliatu. Denak daude elkargoaren aurka, baina kontraesanetan erortzen dira, ez dira akort jartzen. Angeluko hautetsi Jean-Jacques Doyhenart-en diskurtsoa katastrofikoa izan da. Ez dut ulertu hitza hartzea “Euskal Elkargoaren kapitala handia dela, austeritatea ekarriko duela eta abertzaleen nahia betetzeko egina dela” esateko. Zuberoak Olorenekin bat egin beharko lukeela dio, Hego Landak Lapurdirekin, Donapaleuk Biarnorekin. Noski, eta hau ez litzateke Euskal Herria izango. Betiko diskurtsoa. Bost boz bildu ditu. Ene ustez, lanaren dinamikak Elkargoaren barnera ekarriko ditu edo beren burua kanpoan ezarriko dute.

Abertzaleen artean ere badira zalantzak dituztenak.

Nik ere hasieran duda asko izan nuen. Baterako bileretan, bide berrian sartzean, “Lurralde Kolektibitatearen borroka sobera erraz eta fite abandonatu dugu” erran nuen. Erdietsia genuen indar metaketa izugarria zela argudiatu nuen: herritarrak, hautetsiak, Garapen Kontseilua... Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapenaren ildoan segitzeko konbikzioa nuen, Laborantza Ganbararen espirituaren lanaren ari izanez, aldarrikapen harekin segitzeko baldintzak bagenituela nioen. Baina ez dut ikusi aski indarrik edo girorik disidentzian sartzeko. Halaber, gero ohartu naiz ene azterketa ez zela arras zuzena, usu pentsatzen duguna eta posible dena nahasten ditugulako. Izan ere, NOTRe Legearen bidez erdietsi dugun Euskal Elkargoa ez da irabazia, aukera hau lantzen eta borrokatzen segitu behar dugu, bestela deus gabe gera gaitezke. Euskal instituzioa funtsean egitekoa baita, lortu duguna abiaburua da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETAren desarmatzea
Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


Luhusoko auziperatuen errugabetzea eskatzeko kanpaina aurkeztu dute

Apirilaren 2an eta 3an iraganen da Beatrice Molle-Haran eta Txetx Jean-Noël Etcheverryren aurkako auzia Parisen, 2016ko abenduaren 16an Luhuson buruturiko ETAren armagabetze zibilaren harira. Errugabetzea eskatzeko kanpainaren baitan izenpedura bilketa abiatu dute. Lehen... [+]


Eguneraketa berriak daude