"Jendeak jakin behar du bizitza duina zer den, zer behar den eta zer ez"

  • Yayo Herrero (@yayo_herrero), ikerketa ekosozialez aritzen den FUHEM fundazioko zuzendaria da eta Ekologistak Martxaneko kidea. Madrilen egin digu harrera, bizitzaren iraunkortasunaz jarduteko. Haren esanetan, ekologismoa eta feminismoa jarri behar dira paradigmaren erdigunean, bizitza duinaren alde egin nahi badugu. Irailaren 24an Lanak eta eredu produktiboa krisi sistemikoan tailerra emango du Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistetan, Bilbon.

Argazkia: Argazki Press.

Zer da ekofeminismoa?

Mugimendu ekologista eta feministaren arteko elkarrizketa da. Gure iritziz nahitaezko elkarrizketa da, bizi dugun zibilizazio-krisiaren jatorria aztertzen badugu, patriarkatua eta krisi ekologikoa mantentzen dituen hori gauza bera dela konturatuko garelako. Horregatik, gizarte patriarkala alde batera uzteko proposamenek zerikusi handia dute krisi ekologikoa gainditzeko beharrezkoak diren neurriekin. Oso garrantzitsua da ondorengoa azpimarratzea: ekofeminismoa ez da pentsaera joera bat bakarrik, mugimendu soziala ere bada. Sarritan, adituen jakituria munduan esku-hartzetik banatzen da, eta hori arazo bat da. Ekofeminismoak munduan esku hartu nahi du, modu erradikalean hura aldatzeko.

Kontzeptua 1970eko hamarkadan erabili zen lehenengoz.

Françoise d’Eaubonne frantziarrak bereganatu zuen terminoa, baina garai hartan hainbat mugimendu ekofeminismo hitza erabiltzen hasia zen. Gerra Hotzaren testuinguruan sortu zen: garai hartako kulturak gizonen pribilegioak erdigunean jartzen zituen eta bizitza arriskuan jartzen zuten politika, ekonomia eta teknologia (armak) sortzen zituen. Orduan aldarrikatu zen ezin dela bidezkoa den mundu baterantz aurrerapausorik egin ez bada feminismoa erdigunean jartzen. Ekologismoak eta feminismoak bat egiten dute ekoizpenari egindako kritikan, hazkunde ekonomikoari egindakoan eta garapenari egindakoan, eta bat egiten dute eguneroko bizitza erdigunean jarriko duen gizarte eta ekonomiaren aldeko apustuan. Bizitza erdigunean jartzeak esan nahi du naturaren mende gaudela eta finitua den planetan bizi garela onartzea. Baita mugak dituen eta ahulak diren gorputzak ditugula onartzea ere. Alegia, onartu behar da ezinezkoa dela besteek eskainitako zaintza lanik gabe aurrera egitea. Historian eta ia lurralde guztietan horrela izan den arren, zaintza emakumeek soilik ez dutela egin behar azpimarratzen du ekofeminismoak.

Naturaren mende gaudela eta elkarren mendekoak garen izakiak garela azpimarratu duzu. “Bi mendekotasun saihestezin eta ohiko ekonomiaren eskema teorikoetan ikusezinak diren mendekotasunak” direla diozu Bizitzaren iraunkortasuna (REAS Euskadi) liburuan.

Ikusezinak direla azaltzeko mendebaldeko gizartean eta kapitalismoan elementu batzuk nola eraiki diren aztertu behar da: ekoizpena, esaterako. XVII. eta XVIII. mendeetan ekonomia, zientzia gisa, ekoizpena definitzen hasi zen. Naturak, gizakiaren laguntzarekin, bere onera ekarri zezakeen oro zen ekoizpena: nekazaritza, arrantza… Gizakiaren beharrak asetzen zituen ekoizpenak. Denborak aurrera egin ahala ekoizpenaren definizioa aldatu da: diruz neurtu daitekeen eta

“Zenbat balio du polinizazioak? Zenbat balio du erditzeak? Bizitzaren iraunkortasunerako guztiz beharrezko prozesuak dira eta ezin dira diruz neurtu, prezioa jarrita ere, prozesu horiek kaltetzen badira ez dagoelako atzera bueltarik”

ekonomia hazten duen oro da ekoizpena. Arazo bat dago hemen. Zein da, esaterako, galdera hauen erantzuna: Zenbat balio du polinizazioak? Zenbat balio du ozono geruzak? Zenbat balio du erditzeak? Bizitzaren iraunkortasunerako guztiz beharrezkoak diren prozesuak dira eta ezin dira diruz neurtu, prezioa jarrita ere, prozesu horiek kaltetzen badira ez dagoelako atzera bueltarik. Esaterako, ozono geruza mehetu eta eguzkiaren izpi kaltegarriak iristen bazaizkigu, ezin da atzera egin. Arazo bat dugu, diruz neurtu ezin dena existituko ez balitz bezala jokatzen duelako sistemak. Etxean lana egiten duten emakumeen adibidea jarriko dugu. Lan hori ez da lantzat jotzen inon eta ez du eskubide sozialik sortzen. Lurra ustiatzen da eta emakumeak lanean esplotatu, ekonomia kapitalista beraren iraunkortasunerako beharrezkoak direla antzeman gabe. Sistema kapitalistaren ekoizpena ez da posible sinesgaitza den abiaduran natura kaltetu gabe eta etxeko emakumeen lanordurik gabe, hau baita guztiz beharrezkoa duen merkaturako eskulana.

Kontraesankorra litzateke sistema kapitalistak lan horiek ordaintzea, funtsean bi mendekotasun horiek baliatuz bada iraunkorra.

Absolutuki. Sistema kapitalistak nahitaez natura suntsitzen du eta patriarkala da. Esparru ekologikoan iraunkorra izango den eta patriarkala ez den sistema baterantz egiten badugu aurrera, sistema hori ezin da kapitalista izan.

Naturarekiko mendekotasunari helduz, Bizitzaren iraunkortasuna liburuan diozu “gizateriak, nahitaez, gutxiagorekin bizitzera ohitu beharko” duela.

Egoera premiazkoa da plano ekologikoan. Azken hamarkadetan ekonomiak baliabide berriztagarrien eta ez berriztagarrien zati handi bat kontsumitu du eta haren zikloak aldatu ditu. Gizakiak nahitaez gutxiagorekin bizi beharko du, ez baitago lehen zegoen energia eta mineral kopuru bera. Gutxiagotze material hori zein bidetik egingo den da galdera: ea faszismoaren bidetik egingo den, esaterako. Hau da, botere ekonomiko, politiko eta militarra duten horiek euren bizitza eredu xahutzailearekin jarraituko duten ala ez, sistematik geroz eta jende gehiago kanporatzearen kontura. Egoera horren adierazlea da gaizki izendaturiko “errefuxiatuen krisia”. Migrazio ereduak errepikatu egiten dira: landa eremutik hirira doazen pertsonek klima aldaketak eragindako lehortzeengatik ihes egiten dute askotan, eta hirira ailegatutakoan gerrarekin egiten dute topo. Baliabideen kontrola helburu duten gerrak dira: energiaren eta mineralen norgehiagoka dago Siriako, Ekialde Hurbileko eta Afganistango gerretan. Euren herrialdetik kanporatutako pertsonak dira errefuxiatuok eta hainbeste gizabanakoren bizitzarekin amaitzen duten bidaia penagarriak gainditzen dituztenek hesia aurkitzen dute Europara iristen direnean. Bi motako diskurtsoa dago migrazioaren inguruan.

Azaldu iezazkiguzu bi diskurtsoak.

Lehena, esplizituki faszista da: “Hemen ez gara denok sartzen”. Bigarrena solidarioa da, migratzaileak sartzeko beharraz dihardu, baina aldi berean ez du zalantzan jartzen herrialde horietan arpilatutako baliabideei esker mantentzen den sistema ekonomikoa. Hau da, badaude gizartean pertsona errefuxiatuen egoera konpondu nahi duten pertsonak, baina aldi berean mendebaldeko herrialdeetan dugun eredu ekonomiko eta ekoizpen eredua mantendu nahi dute. Migratzaileak ez sartzeko hesia erabiliko bagenu energia ez sartzeko, materialak ez sartzeko edo hondakinak ez ateratzeko, ez genuke bi hilabete ere iraungo. Zaintzari erreparatuta, Espainiako Estatuan eta Europan, konturatuko gara kasu gehienetan arpilatutako herrialdeetatik datozen emakumeek egiten dutela lan adindunak, umeak eta elbarrituak zaintzen. Baina ez da Espainiako eta Europako kontua soilik, mundu osoko naturarekiko mendekotasunaz eta elkarren arteko mendekotasunaz ari gara, eta sostengaezina da.  

“Migratzaileak ez sartzeko hesia erabiliko bagenu energia ez sartzeko, materialak ez sartzeko edo hondakinak ez ateratzeko, ez genuke bi hilabete ere iraungo”

Gutxiagorekin bizitzea nahitaezkoa izango dela esaten dudanean kontuan izan behar da hasierako egoera ez dela berdina guztiontzat. Herri pobreenek seguruenik gehiagorekin bizi beharko dute, eta mendebaldeko herrialdeetan egoera prekarioan bizi direnek ere euren kontsumoa handitu beharko dute zenbait arlotan. Baina herrialde aberatsetako gehiengoa materia gutxiagorekin eta energia gutxiagorekin bizi ahal da. Gehiago behar duen jendea badago, asko dutenek gutxiagorekin bizitzearen kontura izan beharko du.

Herritar askok uste du egoera horretan luze jarrai dezakegula. Alderdi politiko eta instituzioek ere ekonomia “berpizteko” kontsumoa eta gastua bultzatu behar dela errepikatzen dute.

Badaude teoria oso interesgarriak krisi orokor batetik gizartearen krisian murgilduta gaudela esaten dutenak. Nahiz eta egoera larria izan eta klima aldaketa, energiaren krisia edo uraren pozoitzearen inguruko etengabeko informazioa jaso, ez da inongo erantzun politiko-sozialik sortzen. Bi alderdi azpimarratuko nituzke hori azaltzeko: alde batetik, esparru kulturala. Teknologian sinesten dugu, “hori konponduko duen zerbait sortuko dute” esaten dugu, eta ondorengo esaldian laburbiltzen da: “Joango gara beste planeta batera”. Errealitateari so egiteak ezinegona eta beldurra sortzen du. Beldurrak geldiarazi ahal gaitu arazoa nondik datorren ez dakigunean. Beldurra dugunean eta geldirik geratzen garenean gizakiok beste alde batera begiratzen dugu. Panorama mediatiko bat ere badago, adituen jakituria uneoro azaleratzen duena: “Ez larritu, adituen esku dago arazoa”. Horrek auzian lan egiteko beharra alde batera uzten du. Esparru politiko-instituzionalean lau urteko hauteskunde kanpainak ditugu. Aldaketa kultural garrantzitsuak beharrezkoak dira: jendeak jakin behar du ongizatea zer den, bizitza duina zer den, kontsumoa zer den, zer behar den eta zer ez, zer diren eskubideak eta zer pribilegioak… eta aldaketa hori gaurko kulturaren aurka doa. Hauteskunde kanpainan hautagaiek ez dute imajinario kolektiboaren aurka egiten. Nik uste dut modu sinesgarrian esan ahalko liratekeela gauza horiek guztiak; nola egin daitekeen aztertu eta alternatibak mahaigaineratu behar dira. Hala ere, gizartea aldatu nahi duenak ezintasuna aurkituko du aurrez aurre, ia ezinezkoa baita hastapeneko ekoizpenak zituen irizpideak berrezartzea.

Zein dira ekofeminismoaren proposamenak eredu jasangarria lortzeko?

Hiru hegemoniaren aurka borrokatu behar da: hegemonia ekonomikoa, politikoa eta kulturala. Zailena hegemonia ekonomikoa dela iruditu arren, nire iritziz ez da horrela. Aspalditik dago ekoizpen eredua aldatzeko proposamena eginda, hainbat esparrutan: nekazaritza, industria, hirigintza, garraioa… Sektore suntsitzaileak eta beharrezkoak ez direnak itxi behar dira eta garatu daitezkeen eta lanpostuak sortzen dituztenen aldeko apustua egin: eraikinen energia-birgaitzea, tokian tokiko elikagaien ekoizpena, taldean eta gertutasunean oinarritutako garraioa… Gizartean zaintza lanaren beharra sekulakoa da, esaterako. Hiru galdera erantzun behar dira: zein dira ditugun baliabideekin (eta ez ez ditugunekin) ase behar diren beharrak; zer ekoitzi behar dugu horiek asetzeko; eta azkenik, zein dira sozialki beharrezkoak diren lanak. Aberastasunaren birbanatze ikaragarria da hori, baina baita denborarena ere: antolatu egin behar da bizitzarako beharrezkoa den denbora eta banatu egin behar da, baita zaintzarena ere, emakume eta gizonen artean.


ASTEKARIA
2016ko irailaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Gorputz hotsak
"Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara"

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Erdi Aroan erditzea

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude