GPSaren "demokratizazioak" abiarazi zuen mundu mailako altxor bilaketa jolasa


2016ko ekainaren 12an
'Cache' bat zuhaitz baten beheko aldeko zuloan. Luze irauteko modukoak izaten dira, ura iragazten ez dutenak. Edukiontziak aurkitutako leku berean utzi behar dira; barruko objektuak, berriz, trukatu egin daitezke.
'Cache' bat zuhaitz baten beheko aldeko zuloan. Luze irauteko modukoak izaten dira, ura iragazten ez dutenak. Edukiontziak aurkitutako leku berean utzi behar dira; barruko objektuak, berriz, trukatu egin daitezke. Pavel Ševela-CC BY SA

Labur esanda, geocachinga –uko egin diogu euskarazko hitz baliokide bat asmatzeari– ezkutatutako “altxor” edo cache-ak aurkitzeko helburua duen jarduera da, GPS teknologia baliatuta. Parte hartzeko, www.geocaching.com webgunean sartu eta kontu bat sortu beharra dago; behin hori eginda, mundu osoko ezkutalekuen koordenatuak izango dituzu eskura.
    

Ez duzu urrun joan beharko, ia europar guztiok bizi omen baikara geocache batetik oso gertu. Adibide modura: Hitz hauek idazteko erabili den ordenagailuaren inguruan 729 ezkutaleku daude. Bi milioi eta erdi cache daude munduan, 180 herrialdetan, eta dagoeneko hamar milioi pertsona daude izena emanda geocaching.com-en.
    

2000. urtean hasi zen guztia, AEBetako Gobernuaren erabaki bati esker. Ordura arte, GPS teknologiaren erabilera mugatuta zegoen, Eskuragarritasun Selektibo esaten zitzaionaren bitartez. Funtsean, GPS sistemaren seinalea nahita degradatzean zetzan Eskuragarritasun Selektiboa, erabiltzaile zibilek jasotzen zituzten koordenatuen zehaztasuna gutxitze aldera. AEBen segurtasunaren izenean hartutako neurria zen noski: militarrek ez zieten balizko terroristei lana erraztu nahi. Ejem.
    

Washingtonek iragarrita zuen beranduenez 2006an Eskuragarritasun Selektiboa ezabatuko zuela; azkenik, 2000ko maiatzaren 2an egin zuen. Albisteak poz handia eragin zuen GPS erabiltzeko zaletasuna dutenen taldeetan –bai, hori ere existitu egiten da–, eta haietako batek, Dave Ulmerrek, sistemaren zehaztasuna neurtu nahi izan zuen. Maiatzaren 3an kubo bat gorde zuen etxe inguruko basoan, barruan hainbat objektu zituela, eta koordenatuak idatzi zituen GPS-zale webgune batean, “altxorra” aurkitzeko erronka zabaltzeaz batera.
  

Handik hiru egunera, bi pertsona iritsita zeuden Ulmerren kubora. Hilabete geroago, maiatz amaieran, geocaching hitza asmatuta zegoen, eta urte bereko irailean ireki zuten webgunea. Mundu osoko cache-en kokapena ez ezik, eskuko telefonoetan erabiltzeko app bat eskainiko dute –ez duzu arduratu behar GPS seinalea jasotzeko gailua erosteaz–, eta bide batez forma eta tamaina askotako edukiontziak dituzte salgai. Batzuk erraz aurkitzekoak dira, beste batzuek aldiz kamuflajea dute helburu, perretxiko baten forma dutenetatik barraskiloaren oskola diruditenetaraino. Politena, dena den, nork berea lantzea da.   
    

Ezkutatzaie zein bilatzaile, esan gabe doa bietan aritu zaitezkeela. Ezkutatutako edukiontzi bat aurkitutakoan, gogoratu webgunean berri emateaz. Bertan aurkituko duzun kaieran sinatzea ere ez ahaztu. batzuek objektu sinpleak dituzte barruan. Nahi baduzu bat eraman dezakezu, baina hala egitekotan beste bat utzi ordainetan, arren. Gainerako argibideak, www.geocaching.com-en.


ASTEKARIA
2016ko ekainaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aisialdia
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da

Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]


Eskolaz kanpoko jarduerak doan, Portugalgo gakoa desorekari aurre egiteko

6-10 urte bitarteko haurrek doan dituzte eskolaz kanpoko jarduerak Portugalen. Ekintza hauetan parte-hartze unibertsala bermatzea onuragarria izan da Portugalgo ikasleen arteko desoreka sozioekonomiko eta ondorioz akademikoei aurre egiteko eta eskola porrota txikitzeko, besteak... [+]


2023-08-03 | Estitxu Eizagirre
Nola ibili mundua desorekatu gabe?

Klima larrialdiarekin eta energia krisiarekin gure bizi ohiturei buruzko galderak sortu zaizkigu: Zenbat bidaiatu eta nola? Josu Iztueta bidaiari ezagunak kontraesanen ispiluaren aurrean jartzera gonbidatu gaitu, tonu goxoan eta irribarre xamur batekin: “Ikusi beharra dago... [+]


Barruan daramagun ipuin-kontalaria

Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]


Eguneraketa berriak daude