Nire ‘Smartphone’ak poeta txinatar prekarioa darama zirkuituetan

  • Blackberry, iPad, iPhone edo Kindle deitu, Apple, Microsoft, Sony, Amazon nahiz Samsungi erosirik errutinazko bilakatu zaigun tresneria elektroniko berri gehienak Txinako lan ia esklaboz eginik daude. Orain, gainera, robot berriek sortutako konkurrentzia berriarekin mehatxatzen dituzte obrero txinatarrak, fabriketako lan baldintza zanpatzaileak gatazkarik gabe onartu ditzaten.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko otsailaren 28a
Xu Lizhi. Bere poema batek dio: “Irentsi dut burdinazko ilargi bat haiek torloju deitzen dutena (...) irentsi dut bizia herdoilez josia. Ezin dut gehiago irentsi”. Eta Zhou Qizao lankideari buruz: “Askatu da torloju bat gehiago, beste anaia langile etorkin batek bere burua bota du eraikinetik”.

Xu Lizhik 24 urterekin bere buruaz beste egin zuen Txinako Shenzhen hirian, 2014ko irailaren 30ean. 2010etik Foxconn konpainian suizidatu diren dozena eta erditik Lizhi da ezagunena munduan, bere ezin bizia poematan idatzirik utzi zuelako.

Zutik lokartu naiz titulua daraman poeman dio: “Begi aurrean lausotu zait papera. / Altzairuzko lumaz zizelkatu dut beltz irregular bat / laneko hitzez betea. / Atelierra, muntatzeko katea, makina, fitxatzeko txartela, ordu estrak, soldata... / Otzan izateko prestatu naute. / Ez dakit nola egin oihu edo matxinatu, / kexatu edo salatu. / Leher egin arte isilik sufritzen baizik ez dakit. / Hona lehenbizikoz iristean / hamargarren eguneko nomina grisa baino ez nuen desio. / Horregatik kateatu naiz txoko eta hitzotara, / Uko egin faltatzeari, uko gaixotzeari, uko nire arazo pertsonalei. / Uko berandu iristeari, uko goiz alde egiteari. / Muntaketa katearen mesederako altzairua bezain tinko eusten diot eta nire eskuek hegan egiten dute. / Zenbat gautan lokartu ote naiz zutik?”.

Landa eremutik iritsia zen Xu Lizhi munduko tresneria elektroniko hipermoderno gehiena ekoizten den Shenzhenera. Liburuei lotutako zerbaitekin nahi zuen jardun, baina Foxconn konpainiatik kanpo ez zuen are miseria larriagoa baizik aurkitu. Astean zehar bizileku zuen konpainiaren logela kolektiboko leihotik bota zuen bere burua.

“La machine est ton seigneur et ton maitre (Makina da zure jaun eta jabe) liburuan bildu berriak dituzte Foxconneko hiru langileren esperientziak. Xu Lizhiren poema sortaren ondoan, bigarren lekukotasuna Yang izeneko ikasle langile prekario bilakatuarena da.

Hirugarrenik, Jenny Chan soziologo eta militanteak bildu du Lizhi bezala baserri eremutik Foxconnera lanera joandako Tian Yu emakume gaztearen esperientzia latza; suizidio ahalegin batetik bizirik baina paralitiko atera da. Chanek azaldu ditu horrelako dramak ahalbideratu dituzten baldintzak: Foxconn erraldoiaren kudeaketa sistemak, Txinako estatuaren konplizitatea ugazabekiko eta sindikatuen ezintasuna.

Xu Lizhi, Tian Yu edo Yangen kontakizunek agerian uzten dute gure bizimodua aldatu duten teknologia berrien mundu ludiko eta kolorezkoaren ifrentzua: urruneko fabrika erraldoiak non leherrarazten baitituzte milioika obrero Appel, Microsoft, Sony, Amazon, Samsung eta sektoreko beste konpainia handien azpi-kontratatzaileek.

Liburuaren epilogoan, teknologia berrien apologeten alde eskizofreniko hori azpimarratu du Celia Izoard itzultzaile eta kazetari frantsesak La classe créative des campus et le zoo des manufactures, erkatuz ekonomia digitalaren meka den Kaliforniako ametsak eta Txinako langileek bizi duten infernua.

1974an sortua, Foxconnek –Hon Hai Precision Industry– milioi bat langile baino gehiago dauzka, munduko hirugarren handiena da langile kopurutan, eta planetako elektronikaren erdia berak ekoizten du. Marka handi guztiak ditu bezero Foxconnek. Shenzhenen, Longhua hirian bakarrik 300.000 obrero dauzka beharrean hiru kilometro karratuko eremuan, hileroko 500 euro arteko soldatekin.

15 fabrika, logela kolektibozko 18 eraikin, suhiltzaile eta telebista kate propioak, merkatal gunea... Astearen 6 egunetan egunean 12 orduz egiten da lana hemen, eta logelen leihoak burdinazko sarez babestuta daude, langileen suizidioen hotsak munduan zabaldu zirenetik.

Giza esklaboa baino hobe robota    

Kalifornian, Googlek egoitza daukan Mountain View campusean brainstormingak plastikozko pilotaz betetako piszinan egiten omen dituzte. Gimnasioak zabalik gau eta egun. 30 jatetxe, denak doakoak... bestela ere urtean 100.000 euro irabazten dituzten eliteko enplegatuentzako.

Konposta egiten da hemen hondakin organikoekin, elikagaiak bio dira, haztegietan gizendutako arrainik ez... izan Appleren edo Silicon Valleyko beste korporazioen langile pribilegiatuen istorioetan laudatzen da hippy-ohi hackerren inguruan sortu den lan kultura berria,  mundu berri bat erditzen ari omen den teknologia askatzailea.

Elektronika ekoizten Txina 1980tik ari den arren, hango langileen bizimoduak ez du mundua asko kezkatu 2006a arte. Nolaz 30 urteko axolagabekeria hori? Celia Izoarden ustean, Mendebaldean campusak eta Ikerketa+Garapeneko laborategiak ugaritu ahala, herrialde aberatsen oinarriak ezagutzaren ekoizpenean eta informazioen trukaketan ezartzen zihoazen heinean, horrek muinean zeraman maila handiko teknologia desmaterializatu egin zen operazio ideologiko-magiko batez.

“Gizarte materialista baten ondorio materialen ikusezintasuna” deitzen dio Izoardek: “Fabrika eta kateko lana ez da sekula gaur bezain urrun egon klase ertain globalizatuen imaginariotik, nahiz eta aldi berean munduan inoiz baino fabrika gehiago egon eta katean lanean sekula baino obrero gehiago ari”.

Teknologiarekin daukagun harreman oker hori dela eta, ez gara ohartzen mundu mailan dauzkan eraginez. “Ingeniari, enpresaburu eta komunikatzaileek irudimen handiz azaltzen dituzte halako edo bestelako teknologiaren abantailak. (...)  Baina ez dute batere irudimenik erakusten iragartzen dituzten onura sozialak alderatzerakoan objektu elektroniko berrien koste humano eta ekologikoekin”.

Foxconneko lehendakari Terry Tai-ming Gou oligarkak –munduko jende aberatsenen zerrendan 84.a– 2012an Taipeiko zooko zuzendaria gonbidatu zuen korporazioko koadro nagusiei hitzaldia ematera animaliak tratatzeko moduez. Lehendakariak esan zuenez, “milioi bat animaliaren buruzagi izateaz asperturik” zegoelako. Ez da anekdota hutsala, Gouk iragarria duelako ahal duen neurrian gainetik kendu nahi dituela giza langileak, robotez ordezkatuta.

Izoardek kontatzen du 1949an zibernetikaren sortzaile Norbert Wienerrek AEBko sindikatu nagusiko buruzagiak ohartarazi zituela automatizazio prozesuen arriskuez: “Edozein esku langile, jarriz gero konkurrentzian esklabo batekin, izan gizaki edo makina, esklaboaren lan baldintzak jasatera kondenatuta dago”. Hipsterren urrezko garaiotan ez da horrelako abisu askorik entzuten.

Langileen greba eta liskarrak ikusten dira Txinan, dudarik gabe, baina egoerari aurre egiteko ahalmena Izoardek ikusten die klase ertain globalizatuei. Irudimen ahalegin bat eskatzen digu: “Eta hasiko bagina berriro gure lurraldetan berkokatzen darabiltzagun ordenagailu, telebista, iPad, foto makina eta telebista guztiak ekoizteko behar diren azpiegitura guztiak?”

Kanal hauetan artxibatua: Prekarietatea  |  Mugikorrak  |  Txina  |  Esklabotza

Prekarietatea kanaletik interesatuko zaizu...
2018-04-24 | Topatu.eus
Gazteria, lana eta prekarietatea oinarri dituen txostena aurkeztu dute LABek eta Ernaik

Euskal Herriko gazteen prekarietate egoera aztertzea da txosten honen helburua, lan merkatuaren egoera aztertu eta honek gazteengan duen eraginean zentratuz. Langile kontraboterea oinarri, borrokarako tresna izateko nahia ere badute LAB eta Ernaiko kideek.


2018-04-20 | Uriola.eus
"Glovo enpresan autoesklabo bihurtzen duzu zeure burua"

Glovo enpresako langile ohi bat elkarrizketatu du Bilboko gazte prekarioen asanbladak. Langileak, beraien egoeraz gain, Glovo bezalako enpresek nola aritzen diren azaldu du: "Autonomo faltsuak gara eta azkenean gure lanaren esklabo bihurtzen gara".


2018-04-01 | Igor Agirre
Pentsio duina: denon lanak, denon eskubidea

Euskal Herriko pentsionistak kalera irten dira pentsio duinak aldarrikatzera. Bosgarren urtez jarraian, Hego Euskal Herriko erretirodun eta alargunek %0,25eko igoera jasoko dute beren ordainsarietan. Gutxieneko pentsioa 1.080 euroan jartzearen beharra azpimarratu dute, pentsiodun askok –nagusiki 65 urtetik gorako emakumeek– bizi duten pobrezia egoera salatuz.


2018-03-27 | ARGIA
Guggenheim Bilbao Fundazioa zigortu dute grebarako eskubidea urratzeagatik

2016an greba egin zuen eta ondoren kaleratua izan zen langile bati 6.251 euroko kalteordaina ematera eta hura berriz ere kontratatzera zigortu dute Guggenheim Bilbao Fundazioa, grebarako eskubidea urratu duelako.


2018-03-22 | Ahotsa.info
Azken bi lan heriotzak salatu dituzte auto karabana baten bidez

ELA, LAB, CGT, Steilas, ESK, Hiru eta EHNE sindikatuek autoen bi karabana burutu dituzte gaur, azken bi lan istripu hilgarriak salatzeko. Autoen karabanak Lakuntzatik eta Untzuetik abiatu dira (istripu hauek geratu diren lekuak, hain justu) gaur goizez, eta aldi berean bukatu egin dira Nafarroako Gobernuaren Lan Sailaren aurrean, Iruñean. Bertan elkarretaratu dira dozenaka langile.


2018-03-21 | ARGIA
2.400 euroko isuna jarri diete LABeko lau kideri Mozal Legea erabiliz, Urkulluren ekitaldi bat eteteagatik

Mozal Legea aplikatu die Eusko Jaurlaritzak LAB sindikatuko lau kideri, iazko irailean Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren ekitaldi bat eteteagatik. 2.400 euroko zigorra ezarri diete guztira.


2018-03-16 | ARGIA
Gipuzkoako eraikuntzako mahai negoziatzailea osatu gabe, patronalen arteko ika-mikagatik

Eraikuntza eta obra publikoetako Gipuzkoako hitzarmena negoziatzeko mahaia osatu ezinik geratu da oraingoz, ostegunean Lan Harremanen Kontseiluan egindako bileran sektoreko enpresa-elkarteak –Ascongi, Garen eta Eraiki– ez direlako ados jarri euren artean izan beharreko ordezkaritzaren inguruan. Martxoaren 23an beste bilera bat izango da.


2018-03-12 | Jon Torner Zabala
Donostiako komiki azokako langileak, soldatarik kobratu gabe

Lehenbizikoz egin zen iaz Comik-D Donostiako komiki eta manga azoka. Antolaketa-lanetan aritu ziren 30 lagunek salatu dute agindu zieten kontratua ukatu zietela, eta ondorioz ez dutela soldatarik kobratu. Azokaren araberako soldata agindu zieten antolatzaileek.


2018-03-07 | Lander Arbelaitz
Zarako langileek protestak abiatu dituzte Gipuzkoan lan baldintza prekarioak salatzeko

"Zarako langileok borrokan!" oihuek hartu dute Donostiako San Martin plaza asteazken goizean. ELA sindikatuak deituta, protesta abiatu dute lan baldintza prekarioen aurka bertako langile ugarik. Inditex enpresak ez dituela lan baldintzak hobetu nahi salatu dute. Jabea Amancio Ortega da, munduko seigarren pertsonarik aberatsena Forbes zerrendaren arabera.


2018-03-06 | ARGIA
Mobilizazioak Zara Gipuzkoan prekarietateari aurre egiteko

"2018ko otsailaren 28an, Zara Gipuzkoako ELAko komiteko kideek enpresari eginiko proposamenak, oporrak, lanaldia, ordutegia, larunbat libreak, norbere gauzetarako eguna eta antzinatasunaren hobekuntzak jartzen zituen mahai gainean. Eskakizun hauen aurrean, enpresaren erantzuna ez borobil bat izan zen, aurkeztutako proposamen guztiei".


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude