Eta 2015eko abuztuan 2008ko krisitzarra berpiztu zen

  • 2015eko abuztu hura gertatu zitekeen AEBetako presidenteak Iranekin bake nuklearra sinatu eta Kubako komunistekin harreman diplomatikoak ezarri zitueneko oporraldi itxaropentsua, Obama-Kennedy berri baten ospakizuna. Zoriona mikazteko, ordea, lau milioi etorkin Mediterraneoan, Txinako burtsak lehertzeko zorian...    

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2015eko irailaren 06a

Aktualitatea gaur den zirkoak kasik lanbropean galduta utzi ditu 2015eko udak ekarritako bi opari diplomatiko, biak ere Barack Obama lehendakari estatu batuarrari zor zaizkionak. Irango agintariekin arma nuklearren aferan lortutako itunak daukan garrantzia historiaren orrietan idatzirik geratuko da. Eta Raul Castrorekin Kubarekiko harreman diplomatikoak berpiztuz sinatutako bakeak aspaldiko keinu sinboliko sendoenaren arrastoa lagako du. Baina abuztu honek ez zuen gogorik inor albiste onekin aspertzeko.

Mendebaldeak gerrak esportatu bazizkion Ekialde Hurbil osoari,  honek gerraren zipriztinak itzuli dizkio. Lehengaien –petrolioaren– kontrola segurtatuz inguru osoa katastrofe eremu bilakatzeko hautu estrategikoa, shock dotrina bortitza, ez zaio Europari dohainik aterako. Abuztuak oroitarazi digu, metropolian bertan sortutako jihadisten ekintza armatuekin baino are gehiago milaka etorkinen iritsierarekin.

Mikel Garcia Idiakezek Argia honetan aurrerago azaltzen duen moduan, etorkinen iriste masiboenarekin egin du topo aurrez aurre Europak. Abisatuta geunden, lau milioi baino gehiago daudela itsasoa zeharkatzea deliberaturik Turkian, Libanon, Jordanian eta beste hainbatetan. Udan ikusi zaio neurria uholdeari.

Uda aurretik Calaisko tuneleko anekdotekin agintari frantses eta ingelesak arituak ziren herritarrak despistatzen. Calaisekoa ez da arazoa, horretaz ere abisatuta geunden. Zientoka gutxi batzuk kamioiren baten bila Erresuma Batura iristeko, eguna joan eta eguna etorri... talde txiki hori batere ez da Mediterraneoan egosi den milioika gizon, emakume eta haurren exodoaren erdian.

Azkenean ikusi da kazetariok Calaisekoaren erreportajeetan denbora galtzen ari ginen bitartean, urte erdian hirurehun mila iritsiak zirela Europako kostetara, Italiakora asko, baina askoz gehiago –kasik berrehun mila– Greziako uharteetara.

Greziatik sartu den uholdeari begiratu: ez da itsasoan bat edo batzuk itotzearen konturik kasik aditzen, Turkiatik Greziaren uharte txikiren batera iristea kilometro gutxiko itsasaldiz egiten da, jendea etorri eta etorri...     Hortik Mazedoniara. Hemendik Serbiara, edo Hungariara ahal balute.

Azken helmuga, Arrasateko unibertsitatean ingenieritza ikasi duten gure gazte askorena bezala... Alemania aberatsa. Eta hasi dira urduritzen eskuindar alemanak, 800.000 etorkin doazkiela. Iritsiko dira batzuk Euskal Herriraino ere. Ez ziren izango gure makina erreminta, tren eta autobusen salmentak globalizazioak ekarri behar zizkigun opari bakarrak.
         
Matxura munduko fabrika handian

Txinako burtsen eztanda izan da aktualitatearen abuztuko bigarren oparia, mundu globalizatuko indar errealak gehiago urduriarazi dituena Mediterraneoko iheslarien eromenak baino.

2008tik ikusi gabeko muturrekoak ikusi ziren San Bartolome egunez –abuztuak 24– mundu osoko burtsetan. Aurreko hilabeteetan, XXI. mende hasierako krisitzarra gainditua zelako itxurak egiten ari ziren hedabideak eta agintariak.  Bat batean, egia gordina: 2008ko krisiak segitzen du lurrikara handien gisa errepikak eragiten.

Txinakoa jo daiteke 2008koaren 3.0 bertsiotzat. Estreinako lurrikarak AEBak astindu zituen. Haren lehen oihartzuna Europan sentitzen ari gara oraindik, Grezia amildegiraino hondoratuta eta Italia, Portugal edo Espainia bezalakoak, baita Frantzia bera ere, hondamendi totalaren ertzeraino eramanez.

Orain Txinatik errepika, aspaldiko galerarik handienak mundu osoko burtsetan... posible ote da horrelako kataklismoa Pekineko agintariek beren moneta hiru kolpe azkarretan %4an debaluatu izanagatik? Agian bai, mundu osoan jarduera ekonomikoa nahi baino ahulago dabilela ikusten ari diren indar handiak (inbertsio funtsak, finantza erakunde erraldoiak, fortuna itzelak…) kezkatzen hasi direlako Txinako produkzioa orain arte aitortu dena baino makalago ote dabilen. “Txinako agintariek ez dakite zer egin” irakurri zaie aditu bat baino gehiagori.

Baina arrautzaren aurretik oiloa ere bazen. Uda honetan AEBetako agintariek iragarri dute udazkenean hasiko direla indargabetzen 2008tik ekonomiari arnasa emateko erabili dituzten pizgarriak. Larry Elliottek The Guardianen azaldu duenez, Mendebaldeko agintariek pizgarri bereziak erabili dituzte urteotan finantzak osasuntsu edukitzeko nahiz eta ekonomia erreala, produkzio eta salmenta, izugarri ahul egon. Dopaturik eduki dute gure ekonomia, narkotizaturik, txute pean, akro. Badakigu horrelakoetan gaixoak arindu lehen bera hartzeko gero eta dosi bortitzagoa eskatzen duela.

Hain izan da eraginkorra finantza pizgarriek ekonomia kapitalistetan eragin “goraldia”, ezen eta burtsetan burbuila berria antolatu den. Orain pizgarriak kendutakoan, dirua –dirutza handien jabeak, esan nahi da– hasi da non inbertitu bila eta horrelakoetan balio seguruena… herrialde gotor mendebaldarrren zorra izan ohi da, AEBena nagusiki. “Igo ditzagun pittin bat interes tasak eta dirua berriro bere paradisu naturalera bihurtuko da”.

2008tik hona Txinaren zorpetze maila lau halakotu omen da. Londresko burtsaren indizea bikoiztu. Munduak ez du ikasi, antza, 2008ko kataklismotik, edo beste esplikazioa izan daiteke ortodoxia neoliberalari jarraituz labarrean behera doan bizikletaren pedalei eragitea beste aukerarik ez dagoela.

Goazen, beraz, 2008ko krisiaren 3.0 bertsio honetan aurrera eta udazkeneko bozketa, kanpaina eta propaganden ostean, mundua XXI. mende hasierako krisitzarretik atera behar zuten BRIC herrialdeak –ai Brasil, Errusia, Txina eta enparauen ekonomia geldiezin haiek!– nor bere krisian murgiltzearekin batera Mendebalde aberatseko jende arruntak aurkituko dira behi argalezko zazpi urteotan ondo ikasi duten formularen hurrengo atalarekin: murrizketak a-tuti-plen.

Horixe iragartzen du Greziaren agoniak. Mikis Theodorakis musikaria buru dutela hainbat pertsonalitate greziarrek zabaldu dute erresistentziarako deia, Troikaren planak kaltegarriagoak omen direla  naziek gerran egindako txikizioak berak baino. Aldiz, Europako ezkerraren itxaropena piztu zuen Alexis Tsiprasek ez du ikusten ezarri zaion ituna sinatzea beste biderik, herritarrentzako hondamendi handiagoa saihestearren. Paradoxikoki, etorkinen uholdean aurkitu dezake Tsiprasek Europarekin hobeto negoziatzeko karta.

Times of News gunetik hartutako irudian, inbertitzaile txinatar bat jasandako galerengatik lantuan Shangaiko burtsan 2015eko Astelehen Beltzean, abuztuaren 24an. Inbertitzaile txikiek mugitzen omen dute Txinako burtsako diruaren %80. Zenbait adituren kontuetan, 80 milioi herritarrek jokatzen zuten urte hasieran burtsan Txinan, nahiz eta uda honetan akzioak beheraka hasi zirenean askok merkatutik irtetea erabaki.  Udako bi hilabete eta erdian akzioek balioaren %40 galdu dute Txinan. Bere Barne Produktu Gordinaren %280ko zorpetze maila dauka, McKinsey aholkularitzak dioenez. Jarduera ekonomikoa arras moteldu da. 2008ko krisiaz geroztik munduko ekonomia aurreratuek bizi duten makalaldia goxatzen zen emergenteen indarrarekin, Txinaz gain Brasil, India, Hegoafrika eta eta abarrek egiten zuten makroekonomiaren motor lana. Orain hazkunde eredu hori krisian ageri da.

Kanal hauetan artxibatua: Burtsa  |  Finantza eta ekonomia krisia  |  AEB  |  Europar Batasuna  |  Txina

Burtsa kanaletik interesatuko zaizu...
Dow Jones goranzko errekorrak hausten: Trumpen politikek badute Wall Streeten babesa

Dow Jones indizea 20.000 puntuetara iritsi da lehen aldiz urtarrilaren 25ean. Igoera Donald Trump AEBetako presidente izendatu eta egun gutxitara iritsi da. Trumpek estatuko negozioak sustatuko dituela agindu du, horien gaineko zergetan murrizketak eginez.


Burtsek hiru bilioi dolarreko kapitalizazioa galdu dute Brexit osteko bi egunetan

Historiako muturrekorik handienetako bat –bi eguneko jaitsierarik gogorrena– hartu dute munduko burtsek Britainia Handiko erreferendumaren ostean: hiru bilioi ("b" hizkiz idatzirik, bai) galdu dute konpainia handienek beren kapitalizazioetan. Kezka handiagoa sortu du planetako aberatsen artean Erresuma Batuari eragiten dioten libra esterlinaren jaitsierak edo zor publikoak A hirukoitzaren maila galtzeak, zer esanik ez eraso arrazistak ugaritzeak baino.


2016-06-24 | ARGIA
Europar Batasunetik ateratzea erabaki du Erresuma Batuak

Europar Batasunetik ateratzea erabaki du Erresuma Batuak ostegunean egin zuen erreferendumean. Boto emaileen %51,9k ateratzearen alde egin du eta EBn %48,1ek geratzearen alde. Brexit-aren aldekoek 1,2 milioi boto gehiago atera dituzte.  Partehartzea %72,2koa izan da.

Eskozia eta Ipar Irlandako herritarren EBn geratzearen alde egin dute eta SNP alderdiak iragarri du jada Eskoziaren independentziaren aldeko beste erreferendum bat deituko dutela.

Aukera hor zegoen, baina oro har, baietzak... [+]


Munduko ekonomia alarma gorrian: aste honetako bost lerro-buru nagusiak

Davoseko Munduko Ekonomia Foroan turbulentzia ekonomikoak dira protagonista. Krisi globala ate joka dugula dioten lerro-buru kezkagarriak irakurri ditugu aste honetan.


Hiru euskal enpresa aberastu dira gehien Ibex-35ean, baina nola?

Gamesa, Azkoyen eta Faes Farma euskal enpresak dira 2015ean Espainiako Estatuko burtsan euren balioa gehien handitu dutenak. Egoera ekonomiko positiboa, ostera, ez da langileen egoerarekin bat joan. Gamesa eta Azkoyen enpresetan lanuzteak eta protestak izan dira azken urteetan.


Txinak burtsaren jarduera bigarrenez eten du, balorearen %7 galtzeagatik

Astelehenean estreina eta ostegunean bigarrenez, burtsaren jarduera lau egunetan bi aldiz etenez ekin dio urte berriari Txinak. Akzioen indize nagusiak %7 jaitsiz gero prebentzio gisa hala egitea erabakita dauka Pekingo Gobernuak. Mundu osoan zabaldu da krisiaren larriagotze baten beldurra.


2008ko krisitzarraren 3.0 bertsioa: orain lurrikara Txinako burtsetatik datorrela

Uda honetan XXI. mende hasierako krisitzarra gainditua omen genuen itxurak egiten ari ziren hedabideak eta agintariak hasi dira kezkatzen.


2015-07-08 | ARGIA
Euskaltelen kapitalean sartu dira JP Morgan, Goldman Sachs, Morgan Stanley eta Black Rock

Euskaltel burtsaratu ondoren, asteartean jakin da nazioarteko inbertsore handiak hasi direla enpresaren kapitalean sartzen.


2012-07-23
Espainiako ekonomiak hondoratzen jarraitzen du eta arrisku saria 640 puntutik gora dabil

Arrisku saria gora doa eta Espainia eta Italia egoera delikatuan sartu dira. Arrisku sariak ostiralean 600 puntuko langa gainditu zuen lehen aldiz, eta astea oinarrizko 30 puntutan igoz hasi du. Maximo historikoetan dago: 640tik gora. Espainiako burtsa gogor erori da eta euroa bere egoerarik ahulenean dago dolarrarekiko 2010eko urriaz geroztik.


2012-07-11
Epaileak tramitera onartu du M15 plataformak Bankiako gestoreen aurka aurkeztutako kereila

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Andreuk atzo tramitera onartu zuen 15MpaRato mugimenduak Rodrigo Rato Bankiako buru ohiaren eta burtsara atera zenean entitate horrek zuen administrazio kontseiluaren aurka aurkeztutako kereila.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude