The Jinx: errealitateak fikzioa gainditzen duenean

Robert Dursten kasuan oinarritzen da The Jinx dokumental-sail paregabea.

Tituluetatik hasita, musika bitarte, azken ataleko azken segundorainoko erakustaldi hipnotiko eta makabroa. Tentsioa eta erritmoa, jolas-parke batean egongo bagina bezala, gora eta behera sentitzen ditugun bitartean Hollywoodeko edozein gidoik nahiko lituzkeen biraketa harrigarriak. Horiez jositako telesail-dokumental paregabea. Beste hainbat dokumentaletan ikusi ohi dugun bezala –adibidez, Paradise Lost: The Child Murders at Robin Hood Hills, Dear Zachary: a letter to a son about his father eta The Imposter; bide batez, ikusi ez badituzue, ez galdu hiru harribitxi izugarri hauek–, errealitateak fikzioa gainditzen duenaren froga garbia.

2010 urtean, Andrew Jarecki zuzendariak All Good Things filma estreinatu zuenean, gutxik espero zuten Robert Dursten bizitzan oinarrituriko pelikula horrek izango zuen eragina, hizketa-gai dugun dokumental hau errodatzeko garaian. Momentu horretan jarri baitzen kontaktuan benetako protagonista zuzendariarekin, orain arte inoiz egin ez zuen elkarrizketa edukitzeko prest zegoela esanez.

Eta nor zen zehazki tipo hau? New Yorkeko familia ospetsu eta dirudun batetik datorren pertsonaia bitxi eta misteriotsua dugu Robert Durst. Gizon bat hil eta zatikatzeaz gain, bere emaztea eta lagun bat desagertzearen erantzule zuzena izatea leporatu zioten. HBO telebista kateak ekoiztutako eta sei zatitan banaturiko lan metodiko honetan, bere bizitzaren errepaso zehatzean murgiltzeko aukera izango dugu. Polizia, epaile, abokatu, testigu eta familiakoen froga eta elkarrizketak tartekatzen diren bitartean, polemikoak diren momentu jakin horien berregiteak ikusteko aukera izango dugu.

Hori da hain zuzen dokumentalari osotasun paregabea ematen dion gakoetako bat, estetika guztiz zinematografikoz zipriztinduta dagoela. Telebistan ikusten ohituta gauden krimenen berregite kaskar horiek ez bezala, sorkuntza lan izugarria dago, tentuz zaindurikoa eta lanari sinesgarritasun paregabea ematen diona. Ikuslea zulotxo batetik begira egongo balitz bezala, gertatutako guztiaren zuzeneko lekuko sentiaraziz. Baina bestetik, askok kritikatu duten alderdi manipulatzailea azaltzen da: hau da, dokumental honen egileek lortu duten material guztia kontuan izanda, ekoizpenaren alde bakarrik egin dutela. Ikus-entzunezko produktu ikusgarri bat egiteko helburuarekin, bidean lorturiko froga eta testigantza guztiak dosi txikietan erabili dituzte, telesailak ikusgarritasun edo morbo puntua gal ez dezan. Argi dago ikuskizuna beste edozeren kontura lortzea ez dela zilegi, baina kritika horiekin ez nago guztiz ados, kasu honetan, egia administratu besterik ez baitute egin. Beraiek erabaki dute noiz azaldu eta noiz ez, zeren, ez dezagun ahaztu lagunok, hau telebista da, eta didaktikoa eta pedagogikoa izateaz gain, entretenigarria izatea garrantzitsua da. Honen guztiaren zergati zehatz hori, azken ataleko azken segundoetan ulertuko duzue, eta batez ere, lan hau aireratu eta hurrengo egunean sortu zen zurrunbiloarekin.

Telesail-dokumental harrigarria azken finean, hoztasun kirurgikoz deskribatzen baitu Robert Dursten izaera, ibilbidea eta batez ere, etengabe inguratzen duen kasu ilun eta sinestezina. Ikuslea behin eta berriz zalantzan jarriz eta gutxitan ikusitako ikerketa psikologiko bikaina eginez; pertsonaia gaitzesgarri eta liluragarri honen garunean zer ote dagoen erakusten saiatuz; hain bereizgarriak diren bere begi beltz eta sarkor horien anbiguotasunaren bitartez, gure barnean bi galdera sortzen: hiltzaile hotz eta krudela ala zorte txarraren ondorioz egon behar ez zuen une eta tokietan egoteagatik, besterik gabe, bizirik dirauen tipo xelebre baten historia? Biktima ala borreroa? Nola amaitzen den jakiteko badakizue zer egin. Hori bai, prestatu begi zuloen kontrako krema, amaitu arte ezingo duzuelako historia harrigarri eta beldurgarri honen atzaparretatik ihes egin. Eta oso garrantzitsua, dokumentala ikusi baino lehen, saiatu hari buruzko ahalik eta informazio gutxiena irakurtzen, hainbat hedabidetan zabaldutako datu eta irudiek bertan behera uzten baitute etengabe bizi ditzakegun “sorpresak”. Ezinbestekoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude