Kobanê, izan zitekeen mundua

  • Azken asteotan asko idatzi da Kobanêri buruz. Beharbada sarraskiari buruzko informazio gehiena kontatua dago. Ez ote da beranduegi jaio Kobanê mundura, baina. Munduak Rojavako itxaropenaren irla ttipi hau beranduegi “deskubritu” duela dirudi. Baina zer gertatu da han, Estatu Islamiarreko fundamentalisten setioa hasi aurretik?

YPJko kideak, emakumeez osatutako miliziak. Askapen sozial, genero eta nazio ikuspegikoa gertatu da Rojavan, Mendebaldeko Kurdistanen.
YPJko kideak, emakumeez osatutako miliziak. Askapen sozial, genero eta nazio ikuspegikoa gertatu da Rojavan, Mendebaldeko Kurdistanen.

2011n Siriako Bashar Al-Asaden gobernu autoritarioaren aurkako altxamendua hastearekin (Siriako Udaberria) Siriako kurduak oposizioarekin elkarlanean aritu ziren hasiera batean. Berehala argitu zen ordea, oposiziokoek ere ez zutela kurduen identitate nazionala onartuko. Horrela, kurduek Siriako gerra zibilaren erdian, euren bidea hartzea erabaki, eta gobernagarritasun gabezia haren aurrean, lurralde kurduaren autonomia aldarrikatu zuten. Halaxe jaio zen Rojava (kurdueraz mendebaldea esan nahi du, lehen Siriako gobernupean zen lurralde kurdua Kurdistan osoaren Mendebaldea delako) eta 2012ko uztailaren 19ko eguna aldarrikatzen dute bertan jazotako iraultza sozialaren hasiera.

Uztailaren 19 hartatik aurrera, YPG (Herri Babeserako miliziak) eta YPJ (emakumeez soilik osatuak) milizietako kideek defendatzen dute zonaldea. Bestalde, PYDko (Batasun Demokratikoko Alderdia) kideek hartu dute bere gain lurraldearen antolakuntza, eta kurduen buruzagi Abdullah Öcalanek proposatutako Konfederalismo Demokratikoaren printzipioei jarraiki, demokrazia zuzenean oinarritutako prozesu eraikitzailea jarri dute martxan. Horrela, gradualki gertatu den arren, Rojavako eremuan prozesu iraultzailea jazo da: botere zuzena herri eta auzoetako asanbladetaraino jaitsi, ekonomia komunitarioan oinarritutako sistema abiatu, kooperatibak eraiki, kurdueraz eta balore askatzaileetan oinarritutako hezkuntza sistema martxan jarri, emakumeen ahalduntzea bultzatu duten talde feministak hedatu, kurduez gain lurraldeko gutxiengo erlijioso eta etnia ororen elkarbizitza ahalbidetu, eta abar.

Rojavako Biltzar Eratzailea (ordezkari emakumezkoa Asya Abdullah eta gizonezkoa Salih Müslim) da iraultzaren ordezkari eta bozeramaile ofiziala, baina finean, herriak bere auto-antolakuntza lortu du, erabateko burujabetza. Zalantza barik, askapen sozial, genero, eta nazio ikuspegikoa gertatu da Rojavan. Eszeptikoren batek, “ez da posible, gutxiagorako izango da,  gutxi entzun baitugu hartaz!” pentsatuko du. Bada bai, mendebaldekoon begiak beste norabait begira zeudela, iraultza egin dute Kurdistango zatitxo horretan.

Estatu Islamiarraren (EI) setioa

2012ko uztailaren 19az geroztik, Estatu Islamiarrak (EI) etengabe egin dio eraso Rojavari. Kurduak aspaldi hasi ziren Mendebaldeari ardura eta laguntza eskatzen, baina isiltasuna soilik itzuli zaie bueltan. Irailaren 15az geroztik, EIk Kobanêko hiria erabat setiatu du. Lerrook idazterako, EIko kideek hirian sartzea lortu dute, bidean 662tik gora hildako, 200.000 errefuxiatutik gora, ehunka emakume bortxatu, eta finean gizadiaren aurkako sarraskia eraginez, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren datuen arabera. YPG eta YPJko milizianoek borroka egitea erabaki dute. Baina esan beharra dago, miliziok ez daudela “gerrillari prestatuez” soilik osatuak. Hasiera batean, Qandileko mendietatik jaitsitako gerrillariek osatzen bazituzten ere, erasoa hastearekin herritarrek hartu dituzte armak. Oraindik bularrak eta bizarrak justu-justu hazi zaizkien gaztetxoetatik, hirurogei urte luze paseak dituzten agureetaraino. Adin guztietakoak daude lehen lerroan, baina batik bat emakumeen parte-hartzea da azpimarragarriena.

Konfederalismo Demokratikoa feminismoaren printzipioetan oinarritua dago eta Kurdistango emakumeen mugimenduak jada, bide luzea ibilia du. Horretxegatik, nahiz eta Mendebaldearen begietan asteotan iritsi zaizkigun emakume gerrillari hauen argazkiak berrikuntza iruditu – ia fetitxe bilakatzeraino –, emakume kurduek hamarkadak daramatzate euren herriagatik, eta genero askapenagatik borrokan. Rojavako iraultza feminista da zeharo, eta hau azpimarratzekoa da, izan ere, iraultza gehiegi egin da historian emakumeak gutxiegi askatuz. Hara non eta, herrialde arabiar batean gertatu den; hurrengoan beloari buruz hitz egiterakoan, bi aldiz pentsatuko ote dugu?

Mendebaldearen ardura(gabezia)

Urrun dago Kurdistan baina ordezkatzen ei gaituzten politikariek bederen, zuzeneko esku-hartzea izan dute hango gatazkan. Noam Chomskyk berak dio Estatu Islamiarra AEBek sortu dutela, zuzenean edota Qatar eta Arabia Saudiren bitartez, ekonomikoki eta armez hornituz. Jakina da EIren sorreran Mendebaldeko potentziek izan duten eragina, baina behin arazoaren erantzule izanagatik, apenas esku hartu dute ondorengo kaosa geldiarazteko. Turkiako presidente Recep T. Erdoganek berriki PKK eta ISIS berdin-berdin terroristak direla aipatu du. Baina, berdinak direla esanagatik, Turkiako gobernuak EI aktiboki eta kontzienteki laguntzen dihardu: tunel batzuk eraiki ditu EIko kide zaurituak erietxe turkiarretan sendatzeko eta armez hornitu dituztela frogatuta geratu da. Herritar kurduei? Muga itxi diete, errefuxiatuak Turkiara sartzen ez uzteko, eta bide batez, Kobanêra borrokara igaro nahi duten kurduei bidea eragozteko. Horrez gain, aste honetan Europa osora zabaldu dira elkartasun ekimenak, eta Kurdistanen eta Turkian egindako mobilizazioetan 40tik gora lagun kurdu hil dituzte indar armatu turkiarrek. Turkia kurduak hiltzen ikustea ez da kontu berria, baina gogora dezagun, PKK-rekin hitzartutako bake prozesuaren parte dela 2013tik, eta bestalde, Turkia NATOko kide dela. Firatnews-en arabera, Turkiako 92 presondegitan sakabanatuta dauden 4.000 preso politiko inguruk gose grebari ekin zioten joan den astean, gobernu turkiarraren eta EIren arteko elkarlana salatu asmoz.

Rojavako kasuan ez bezala, abuztuan Sinjar mendian (Irakeko Kurdistan), Estatu Islamiarraren ofentsibaren aurrean, AEBek eta NATOko beste zenbait herrialdeek esku hartu zuten eta bertako pexmergak (Irakeko gobernu kurduaren indar armatuak) armaz hornitu zituzten. Irakeko kurduei laguntza zuzena eman dio Mendebaldeak, “horiek bakearen alde” ari zirela argudiatuz. Aldiz, Siriako kurduak PKK-rekin lotura ideologikoa dutenak, terroristak dira Mendebaldearen begietan. Bi-biek, arerio bera, EIren fundamentalismoa akabatzea dute helburu, baina Mendebaldeak, beste behin, interes ekonomikoak pertsonen bizitzen gainetik jarri ditu; Irakeko kurdu neoliberalak lagundu, eta aldiz, burujabetza praktikatzen duten Siriako kurduak hiltzen utzi ditu. Genozidioaz eta sarraski humanitarioaz gain, proiektu politiko bat ere erailtzen ari dira Kobanên. Fanatismoak lurperatu nahi du hiria, eta DNAn “espantsionismorako joera” tatuatua daramaten Mendebaldeko herrialde kapitalistei, bide batez, ondo datorkie Rojavako iraultza desager dadin.

Analista politiko zein agintariek Kobanê astebete baino gutxiagoan eroriko zela aurreikusten zuten. Hilabetea igaro da eta erresistentziak borrokan dirau. Azken egunotan gainera, EI atzera eginarazi dute milizia kurduek, euren kemenari eta koalizio internazionalak jaurtitako bonbei esker. Logika eta aurreikuspen guztiak hausten ari dira kurduak, eta azken egunotan koalizio internazionala jarrera aldatzera doala ematen duenez, haizea lagun izan dezakete.  Duintasunak aterperik badu, emakume eta gizon gerrillari horien begietan bizi da. Edota, agian, gerra garaian ideia guztiak xumetzen dira, eta EIk inposatu nahi duen infernuaren aurrean, kurduek heriotzari aurre egin eta erresistentzian bizitzea beste aukerarik ez dute. Kobanê beste mundu baten itxaropena izan zitekeen, baina tamalez mundu hau izatera kondenatzen ari dira.


ASTEKARIA
2014ko urriaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kobaneren erresistentzia
2020-06-26 | Axier Lopez
Kobaneko alkate ohia eta mugimendu feministako beste bi kide hil ditu Turkiako Gobernuak

Ekainaren 23an Turkiako drone batek Kobaneko eskualdean bonbardaketa egin eta hiru emakume kurdu hil zituen: Hebun Mele Xelil, Zehra Berkel eta Emine Veysi. Kobane Herriarekin elkartasuna lantzen duen Durangoko Suargi elkarteak atsekabea adierazi du. Izan ere, hildakoetako bat,... [+]


2020-03-01 | Karlos Zurutuza
Kurdistan, Rojava
Amesgaiztotik ezin esnatu

Ehunka hildako eta ehunka milaka iheslari utzi ditu Turkiaren azken erasoaldiak Rojavan. Giza krisia handitu heinean, galderak ere pilatzen hasiak dira Siriako kurduen etorkizunaz.


2019-11-27 | Dabi Piedra
Kurduen kemenaren oihartzuna

Kurdistango Rojava eskualdean Turkiak hasi duen eraso militarrak kulturari ere eragin dio. Daesh beren lurretatik bidali eta gero kurduek martxan jarritako gizarte demokrata, berdinzale eta anitzaren zutabe nagusietako bat da kulturaren sustapena. Militar turkiarren mehatxuak... [+]


2017-11-16 | ARGIA
Milaka lagunek Ocalan askatzeko eskatu dute Kobanen

Turkiako Gobernuari eskatu diote berehala argitu dezala Abdullah Ocalanen osasun egoera. Ocalan Imrali uhartean dago espetxeratuta 1999tik.


Eguneraketa berriak daude