Ignacio Ramonet

"Kooperatibagintzak demokrazia ekonomikoa proposatzen du"

  • Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak gonbidatuta, Kooperatibagintzaren II. Topaketetan izan da Ignacio Ramonet (Pontevedra,  Galizia, 1943) pentsalari altermundialista eta Le Monde Diplomatique-ko zuzendaria. Geopolitika eta geoekonomiaren mapa marraztu ondoren, finantza globalizazioaren aurrean kooperatibek duten paper garrantzitsua azpimarratu du. Azken horretaz esandakoak ekarri ditugu gurera oso-osorik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2014ko uztailaren 06a
Ramonet Arrasateko Garaia Berrikuntza gunean ekainaren 20an emandako hitzaldian. Kazetariaren ustez kooperatibetan badago askatasunik Latinamerikako sunac causai (ondo bizitzea) kontzeptua eta horren atzean dauden balioak garatzeko.
Ramonet Arrasateko Garaia Berrikuntza gunean ekainaren 20an emandako hitzaldian. Kazetariaren ustez kooperatibetan badago askatasunik Latinamerikako sunac causai (ondo bizitzea) kontzeptua eta horren atzean dauden balioak garatzeko. TuLankide

Zein neurritan izan daiteke kooperatibagintza irtenbide bat? Egiaz, kooperatibagintza –partizipatismoa– irtenbidea da finantza globalizazioaren gizartean nagusi diren baloreen ordez beste balore batzuk transmititzen dituelako. Filosofia ezberdina proposatzen du, esklusiboki inbertitzaileen interesak asetzera bideraturiko ekonomiaren aurrean. Kooperatibagintzak egiazko demokrazia ekonomikoa proposatzen du, langile-bazkideen parte-hartzearekin, langileak produktoreak eta aldi berean enpresaren jabeak direlako.

Sekulako aldea dago. Kooperatiba aktore bat da kapitalismoan, merkatuan dihardu, baina ez da enpresa kapitalista bat. Marxek nola definitzen du kapitalismoa? Gizonak gizona esplotatzen duenean. Definizioz, kooperatiba batean ez dago halako esplotaziorik. Kooperatiba bat da euren borondatez proiektu ekonomiko baten inguruan bildu diren autonomoen elkarte bat, elkarrekin lan egitea erabaki duten langileena.

Kooperatibagintzak hainbat balore ditu: elkar laguntzea, erantzukizuna, demokrazia, berdintasuna… Globalizazioaren aroan finantza kapitalak duen funtzionamendu egoista eta esplotatzailearen guztiz kontrakoa. Noski, suposatzen da kooperatiba bateko bazkideek lan egiten dutela espiritu zintzoarekin, gardentasunez, erantzukizunez… Enpresa kapitalista tradizionalak ez du beti hori permititzen.

Kooperatibak printzipio batzuk ditu, eta horiek ez dira existitzen errentagarritasunean baino pentsatzen ez duten enpresetan, akzionisten exijentziak asetzea helburu duten enpresetan ez daude printzipio horiek. Kooperatiba baten kide libreki egin zaitezke, gestio demokratiko eta kolektiboa du, langileak ekonomian eta etekinetan parte hartu dezake, kooperatibak autonomia gehiago dauka, independentzia gehiago, kooperatiben artean kooperazioak elkar laguntza bultzatzen du. Azken batean, kooperatibak bere komunitatean arreta jartzen du.

Honek ez du esan nahi idealistak garenik edo pentsatzen dugunik kooperatibetan lan egiten duten guztiak aingeruak direla. Badakigu kooperatiba askok enpresa kapitalista tradizionalen ibilbide bera egin izan dutela, bazkideek etekinetan gehiago parte hartzeko desio nahiko egoista dutela. Baina kooperatibagintzaren sakoneko filosofia kontra-eredu bat da, eta inoiz baino beharrezkoagoa mundu globalizatu honetan.

Ekuadorren eta Bolivian ondo bizitzea

Ideologia kooperatibista, parte hartzaile eta solidario hau Latinamerikan agertzen ari den proiektuarekin konparatzen dut. Ekuadortarrek eta boliviarrek sumac causai deitzen diote. Zer esan nahi du hitz horrek? Ondo bizitzea. Ondo bizitzearen filosofia da. Ekuadorreko eta Boliviako konstituzioetan ideia hori barneratu da: ondo bizitzearen printzipioak gehitu dituzte. Estatuak obligazioa dauka biztanleriaren oinarrizko beharrak asetzeko. Proiektu hau jartzen dute estatu neoliberalaren proiektuaren aurrez aurre.

Gobernu progresistak dauden Latinamerikako herrialde asko estatu neoliberalak egindako suntsiketaren ondorio dira; jendarteari bere ondarea kendu zitzaion. Pobreek ez dutenean ezer, oraindik badute ondare bat: sektore publikoa. Ezer ez duen pobre batek, badu eskola bere seme-alabentzat; ezer ez duen pobreak ospitalea dohain dauka bera eta bere familiarentzat; ezer ez duen pobreak badauzka estatuak subentzionaturiko garraio publiko merkeak eta etxebizitza bat ere izan dezake. Eskola pribatizatzen denean, klinika eta osasuna pribatizatzen denean, etxebizitza edo garraioa, pobreari lapurtzen ari zaio zeukan apur hori, hau da, estatuak jendartearekin konpartitzen zuen ondarea. Ez da pentsatu behar estatu neoliberalak ezer jarri dezakeenik pribatizatzen denean, hainbeste sektoretan egiten ari diren moduan. Egiaz, nazio horren kolektibitateari eskubide bat lapurtzen ari zaio, ondasun bat, patrimonio bat.

Ekuadorreko eta Boliviako estatuek nola erantzun dute? Ondo bizitzaren printzipioa konstituzioan sartuta eta betikotuta. Pertsonei hainbat gauza bermatu nahi dizkiete: oinarrizko beharrak asetzea; bizi kalitatea; heriotza duina; maitatzea eta maitatua izatea –hau guztia Ekuadorreko konstituzioan dago–; denok naturarekin armonian eta osasunez loratzea; kultura eta hizkuntza gutxituen iraunkortasuna; kontenplaziorako denbora librea; emantzipazioa… Kooperatiba batean badago askatasunik hori egiteko, kooperatibistak kontzienteki parte hartzen baitu hain enpresa singularrean. Kapitalismoan existitu dezaketen enpresa esplotatzaile eta egoistekiko, eta errentagarritasun hutsa bilatzen duten horiekiko oso ezberdina da kooperatiba; horrek ahalbidetzen du beste filosofia bat sortzea.

Jakina, kooperatiba askotan arazoa da nola nabarmendu parte-hartzea, nola antolatu demokrazia parte-hartzailea kooperatibaren jardunean. Horrek esan nahi du demokrazia parte hartzailea mantendu egin behar dela, estimulatu eta etengabe proposatu.

Kooperatibagintza “inprobisatua” Argentinan

Berrikitan Argentinan izan naiz, bisita egiten langileek okupaturiko enpresetatik sorturiko hainbat kooperatibetara. Argentinan 2001eko krisia izan zenean, sektore anitzetako jabe-enpresariek –zapata fabrikak izan edo hotelak izan– langileei hainbeste soldata eta interes zor zieten, gauetik goizera enpresa itxi eta atzerrira joatea erabaki zutela. Baina langile askok fabrika horiek okupatu zituzten eta kooperatibatan antolatu ziren produzitu eta errentagarri izaten segitzeko.

Kooperatibagintza inprobisatu horrekin hamar urteotan hartutako esperientzia handia izan da. Beraiek esaten dute garrantzitsua dela bazkideei beti gogoratzea kooperatiba baten parte direla, ez direla enpresa baten soldatapekoak, eta parte hartzea estimulatu behar dela. Elkartasuna, elkarrizketa, eta bazkide eta gerentziaren arteko harremana etengabe artikulatu behar dira. Kooperatibaren antolaketa-egituran berrikuntzak imajinatu eta egitea ere oso garrantzitsua da eurentzat, ez da utzi behar kooperatibaren egitura betikotzen, forma berriak aurkitu behar dira, trenak daraman erritmo errepikakor horretatik ateratzeko. Izan zituzten milaka eztabaidetatik, ondorioztatu dute bazkideak derrigorrez bere gain hartu behar duela erantzukizun ekonomiko eta sozial bat kooperatibaren barruan.

Entzuleak galdezka

Protekzionismoa: Frantziako Gobernuak esan zuen ez zuela utziko Fagor Brandt hondoratzen. Fagorren kasuan, lehendakariak esan zuen ezin zuela ezer egin, bestela zigortu egingo zutela.

Finantza globalizazioaren egiturak erabakigarriak dira eta politikarien maniobratzeko tartea oso mugatua.. Fagorren kasuan euskal agintariek esan zuten ezin zutela ezer egin, Europako araudiengatik. Frantziako Montebourg ministroak ere ezin izan du saihestu hamarnaka lantegi ixtea. Estatuak ezin du industria bat lagundu, lehian dagoen beste industria batek salatu dezakeelako. Hori da eraiki dugun Europa, genetikoki neoliberala.

Protekzionismo solidarioaren gaia mahairatu behar da. Protekzionismoa gaur egun hitz lizuna da, baina zeinek praktikatzen du merkatu librea? Ha-Joon Chang korearrak Kicking Away the Ladder (Eskailera kendu) liburuan dio hasieran AEBak protekzionista sutsuak zirela, baina merkatua menperatzea lortu zutenean “eskailera kendu” eta inork protekzionismoa egitea eragotzi dutela.

Mapa geoekonomikoan, zer ekarpen egin dezake ekonomia sozialak?

Hedatzen ari den mugimendua da. Krisiak ekarritako hondamendi ekonomikoaren ondorioz kooperatibak biderkatu dira, jende askok ondorioztatu du auto-antolatu behar duela bestelako ekonomia batekin. Frantzian S.Coop-ak oso sektore garrantzitsua dira; Latinamerikan proiektu kooperatiboak sustatzen ari dira… Etika ekonomikoaren eskaerari erantzuten dio ekonomia sozial eta solidarioak.


Hazkunde famatuaren gaian, zein dira marra gorriak?

Azken aldiz 2002an etorri nintzen eta orduan “erraldoitasunaren” gaia zen kezka. Zehazki, Maroko eta Poloniako langileen estatutuek ez zituztela bertakoaren baldintza berak, eta horrek etika arazoa sortzen zuen. Esplotaziora igarotzen ari zineten. Noraino hazi liteke kontrola galdu gabe? Zer neurritan biderkatu beharko lirateke giza tamainako kooperatibak, autonomoak, eta ez multinazional baten antza duen zuhaitza sortu? Galdera horri erantzun beharko zaio. Mondragon erreferentzia da mundu osoarentzat, denak begira dituzue, denek nahi dute Mondragonetik ikasi.

Kanal honetan artxibatua: Kooperatibagintza

Kooperatibagintza kanaletik interesatuko zaizu...
2017-08-28 | Hiru Damatxo
Nola esplikatu izebari zer den Ekonomia Sozial Eraldatzailea?
MULTIMEDIA - erreportajea

KoopFabrikako ikasleek badakite nola. Hori eta gauza interesgarri gehiago kontatzen dituzte bideo honetan.


2017-08-24 | Hiru Damatxo
Sants, kooperatiben auzoa
MULTIMEDIA - erreportajea

Bartzelonako Sants auzoan sortzen ari den mugimendu kooperatiboa gertutik ezagutzeko, protagonista batzuen hitzak bildu dituzte.


Autoantolaketa

Gehien interesatzen zaizkidan pertsona eta antolakundeak behekoen, langile klaseen, pertsona esplotatuen autoantolakuntzaz ari dira hitz egiten. Eta ados nago.


2017-07-03 | OlatuKoop sarea
Oparotasuna denontzat

Uztailaren 1ean, kooperatiben nazioarteko eguna den honetan, Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzen dugun Olatukoop sareko kideok, kooperatibek duten eraldaketarako indarra aldarrikatu eta denekin ospatu nahi dugu. Kooperatibismo eraldatzailea osatzen dugun guztiokin, baina baita kooperatibak existitzea posible egiten duten komunitate eta jendartearekin.


Kooperatibak lurraldearen defentsarako lanabes

“Maseual identitatea bizitzeko modu bat da, sentitzeko modu bat, jokatzeko modu bat, nire bizitza da”. Horrela definitu du Maria Luisa Albórezek Tosepan Titataniske kooperatiben elkartea. 40 urteko ibilbidea duen mugimendua da Tosepan, kooperatibismoa, maseual identitatea eta lurraren defentsa oinarri dituena.


2017-05-08 | Topatu.eus
Txantreako gazte kooperatiba
MULTIMEDIA - erreportajea

Gakoa gazteen kooperatiba sortu dute Iruñeko Txantrea auzoan. Gazteei lana eskaini eta bestelako lan eredu bat garatu nahi dute.


2017-05-03 | Zebrabidea
"Ekonomia sozial eraldatzailea geroz eta garrantzitsuagoa da gizarte erronkei erantzuteko"

Lanki ikertegiak eta Mondragon Taldeko Otalorak elkarlanean abian jarritako Kooperatibagintzan Aditu Tituluari buruzkoak ekarri ditugu gaurko ekonomia eta gizarte gaien tartera.


2017-03-06 | ARGIA
Ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko, Olatukoopeko kide egin da ARGIA

Ekonomia sozial eraldatzailea deitzen diogu langileen parte hartzean oinarritutako ekonomiari. Irabazi ekonomikoak beharrean, erdigunean pertsonak kokatzen dituen eredua da, langileen jabetzan oinarrituta.


2016-12-04 | Jabi Zabala
"Indartsuagoak dira patriarkatuaren 500 urte iraultzaren 50 urte baino"

Habanako Unibertsitatean Latinoamerikako filosofia soziala aztertzen duen GALFISA taldeko kidea da Maura Febles. Teoriatik gizarte aldaketako prozesuei behatzen diete; Feblesek Kubako ekonomian gertatzen ari den desestatalizazio prozesuari erreparatu dio. Begirada feminista batekin aztertu du prozesua, eta horren aukerez eta arriskuez jardun du Bilbon, Gizarte mugimenduak eta burujabetze agendak ikastaroan.


2016-09-11 | Juan Mari Arregi
Goizukoop, eredu kooperatiboa

Euskal Herrian badira urte asko kooperatibagintzaren aldeko apustua egiten dela. Akats larri batzuk izan badira ere, kiebra jo zuen Fagor Etxetresna Elektrikoak kasu, Mondragon Taldea da kooperatiba eredu handiena. Hainbat arlotan dituen milaka langile eta enpresek horrelaxe adierazten dute. Baina eskala txikiagoan badira beste ehunka kooperatiba Euskal Herrian.

Irailetik aurrera martxan egon daitekeen beste proiektu kooperatibo bat iragarri digute orain: Goizukoop. Nafarroako Goizueta... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude