Bretainiaren kolera gorria

  • 30.000 langile, nagusi, laborari txiki eta handi, arrantzale, artisau zein funtzionariok hartu zituzten Kemper-eko karrikak iazko azaroan. Analistak argiki mintzatu ziren: bat-bateko leherketa inkoherente hark ez zuen segidarik izanen. Bi asteren buruan 40.000 lagun elkartu ziren Karaez-en.

Ekotasak, teorian, trenbidea erraztu beharko luke; baina SNCF-k ez du lanik aurreikusten eta Bretainia zokoratuago geratuko litzateke, inork baino gehiago pagatu ondoren. Zentzugabekeria horrek piztu du bretainiarren haserrealdia.
Ekotasak, teorian, trenbidea erraztu beharko luke; baina SNCF-k ez du lanik aurreikusten eta Bretainia zokoratuago geratuko litzateke, inork baino gehiago pagatu ondoren. Zentzugabekeria horrek piztu du bretainiarren haserrealdia.Bruno Pélican

Burgosko auzo baten borrokaren aldeko elkarretaratzeak antolatu ditugu ez aspaldi gurean. Bretainiako masa-fenomeno berri honetaz zer dakigu ordea? Zerk du Breizheko jendartea plazak hartzera bultzatu? Zertara datoz txano gorri horiek buruan? Eta batez ere, zer dira eskatzen ari manifestariak?

Egin dezagun atzerako jauzia, afera argitze aldera: 2009ko otsailean, 1.000 enpresaburu txiki bildu ziren ekotasaren kontra protesta egiteko. Le Mondek salbu, komunikabide frantses guztiek aipatu gabe utzi zuten berria.
Ekotasak, teorian, trenbide-garraioa erraztu beharko luke, karburoa eta errepideak zerga berriaz zamatuz. SNCF-ek (Frantziako trenbide konpainia) alta, ez du bere hedapenaren bideratzeko lanik aurreikusirik, eta honenbestez Bretainia zokoratuagorik geldituko litzateke, hori bai, inork baino gehiago pagatuz. Zentzugabekeria horren aitzinean, 2013ko ekainean 18 enpresarik luzatu zituzten honako eskakizun hauek: Bretainiako ekonomia lehenestea –lurpeko ekonomia %25ekoa da, Frantziako batez besteko %15aren aldean–; zinezko deszentralizazioa, eskualdeak ekonomia goberna dezan; eta esperimentatzeko eskubidea.

Bonedoù Ruz buruan,
frantses zergari sua

Agorrilean laborari, garraiolari, ofiziale eta langileak elkartu ziren Penn-ar-Bed-en, eta ekotasa biltzeko eraikia zen lehenbiziko ataria eraitsi zuten. Hor ziren agertu txano gorriak lehen aldiz... hamazazpigarren mendeaz geroztik.

1675ean herritarrak matxinatu egin ziren Louis XIV.aren aurka, zerga berriak inposatu nahi izan baitzizkien, Bretainiako Parlamentuaren adosmenik gabe. Bonedoù Ruz-en matxinada deitu zioten bretainieraz, matxinoek txano gorria baitzuten ezaugarri. Azken buruan Frantziako Gobernuari atzera eginarazi zioten.

Iazko uda eta udazken guztian zehar beste atari batzuk erori dira lurrera, elkarretaratze ikusgarrietan; ehunka kamioi eta traktore, eta haien erremolkeak jaurtigaiez beterik: azalore, belar-pilota eta arrautza. Urriaren 26an poliziaren eta manifestarien arteko gatazka bortitzen ondorioz, 80 zibil zauriturik suertatu ziren, batzuk larriki. Gertaerek lastertasun handia hartu zuten geroztik. Txano gorriak ugaritzen hasi ziren orotan gaindi, eta matxinada moderno horren antolaketak sendotzera egin zuen. Horren aitzinean, gobernuak ohiko dituen kriminalizatze saioak abiatu zituen. Kemperren manifestazioa adibidez, lasaia izan zen, marinel eta laborariek hala eskaturik. Gazte guti batzuek CRS poliziak zirikatu zituzten, edo zuzenago erran behar da antidisturbioak hor zirela probokatzeko; dena bale baita txano gorriak bortizkeriarekin lotzeko. Prentsan erreportaje apokaliptikoak eman zituzten: txano gorri maskaratuak, bandera zuri-beltzak airean eta hiriko gerrilla. Barraskilo operazioak ere izan dira hala ere, auto, kamioi eta traktore ilara luzeak emeki-emeki gidatuak. Usu, autobideetako sarreretan bukatzen dute, eta bertan ekotasa-atariari su emana da. Deialdiak ostrikultoreek, edo zerri-hazleek, edo kontserbetako langileek dituzte egiten, bakoitzak bere aldian.

Ekintzen arrakastak dardara eragin du paristar botere-guneetan, eta ez gobernuarenean soilik: frantziar sindikatuek ez dute bretainiarren arteko elkartasuna ulertzen. Haien bazkideei eskatu zieten patronalarekin junta ez zitezela... arrakasta txikiz. 15.000 txano gorri bildu ziren egun berean, 1.500 bat lagun eskas elkartu ziren kontra-manifestazioan, sindikatuek deiturik. Alta, badira langile eta sindikalista franko Bretainian, bai eta gero eta langabetu gehiago ere, Parisek edo multinazionalek harturiko erabakien ondorioz izan baita kaleratze franko eskualdean: Marine Harvest, Alcatel, PSA... Ordea, balirudike sindikatuak ez direla horren jakinean egon orain artean.
Mugimendua, berriz, bere eskakizunak artikulatzen zihoan. Azaroaren 15ean Bretainian bizi, erabaki eta lan egin kolektiboak bere xedeak deklaratu zituen: Bretainiako bideak doan, eta ekotasaren behin betiko ezeztatzea; Dumping sozialaren bukaera, bai eta ekonomia bretainiarraren esparru osoak kaltetzen dituzten konkurrentzien distortsioen deuseztatzea ere, milaka langabetu eragiten baitituzte; eta indar sortzaileei bide ematea, hurbileko tresna gehiago emanez eta traba administratiboak txikituz.
Ohar soziolinguistikoa: komunikazio guztiak elebitan egin izan dira.

Iraultza hobe baten menturan

Txano gorriarena ez da keinu historiko bakarra: Arranguretako kaierak ere zabaldu dira, frantses inkontzientean suposa dezakeen guztiarekin.

Iraultza garaian horrelako kaierak zabaldu ziren, erregimen berriaren atarian. Bertan, herritarrek sistema zahar pipiatuaren kontrako kexak ezarri zituzten, erregetza kentzeko ere balio izan zutenak. Oraingoan, Bretainia guztiko txano gorrien 40 komitek bilduko dituzte herritarren iradokizunak herrialdez herrialde, iraultza berriaren prologo gisa.

Halaber, martxoaren 8rako Estatu Orokorretara ere deituak dira hiritarrak Karaezen, munta handiko deialdia, antolatzaileen arabera.
1789an bezala, inposatzeko ordez entzutea eskatzen zaio botereari orain. Tokian tokiko aberastasuna sortzen laguntzen dutenekin bat lanean aritzea gomendatzen dute, eskualdeari Pariseko teknokratek aitzinetik pentsatu eta diktaturikoak behartzeko partez. Mezuak argiak dira: “Utz gaitzazue gure aferez arduratzen”, “Herria azkar dezagun”.

Frantziak, bere menpean diren herriak atzartzearen beldur baita beti, fitxa ekonomikoa mugitu du azkenean: Jean-Marc Ayrault Lehen ministroak Etorkizuneko Ituna 2014-2020 izenpetu zuen Rohazhon-en iazko azaroan.

Sei astez zirrimarratua, eta txano gorriekin batere kontsultatu gabe. Itunaren bidez 2.000 milioi euroko laguntza hitz eman du: diruztatze berriak eta lehenagotik aginduak ziren kredituak barne hartuz. Tokiko ekonomiaren gako diren hiru alorretako berregiturei eragingo lieke, agro-elikadura, telekomunikazioak eta autogintza. Azken bi sektoreak estatuaren erabakien menpe daude.
Bestalde, François Hollandek eskualdeen murriztea aipatu du, Bretainiarendako onuragarri izan daitekeen neurria bateratze bidean: Departamendu historiko guztiak bat eginik eskualde bakarrean. Baina Lehen Ministroak errotik errefusatu zuen berehala aukera hori.

Aurten zer?

Bretainiarrek Frantziaren menpekotasun luzea jasan dute. Independentista edo autonomista gutxiengo bat kendurik, naturala zaie frantses izatea. Parisek ederki jokatzen du beti “etnizismoaren” eta “kolaborazionismoaren” mamua, edozein sentimendu edo eskakizun legitimoren aitzi. Bego geldirik h(il)erria.

Joko-arau iruzurti horren gainetik, txano gorriek berritasun bat ekarri dute, eta jokalekua zabaldu Bretainian bizi, erabaki eta lan egin leloaren bidez.

Erabakitzea boterearen parte baten galdatzea da, zuzenean dagozkien erabakien hartzeko. Horretan eskoziar eredua dute hurbil, eta nazioarteak aisa konpreni lezakeen bidea dute urratu, eztabaida historiko amaigabeetan erori gabe.

Frantzia jakobinoak onar lezake? Ez ote da jendearen borondatea erosten saiatuko? Bidea ireki da dagoeneko Etorkizuneko Itunarekin.
Zein izanen da bretainiar jendartearen erantzuna estatu manipulatzaile horren menpean? Arranguretako kaieren itxaropenak iraunen ote du? Frantsesek segur aski, txita arrautza barnean garbitu nahiko dute.

Seinale argiak piztu dira joan den udazkenean Bretainian, nola Korsikan hala Euskal Herrian. Katalunia aipatu gabe. Herriek nahi baitute beren burua administratu. Kolektiboki, alderdikerien eta beste zatiketen gainetik. Une interesgarriak Frantziaren ahultasunaz balia gaitezen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bretainia
2023-08-16 | Euskal Irratiak
Bretainiako herritarren %8a besterik ez da mintzo bretoieraz

220.000 biztanlek erregularki erabiltzen dute bretaindar hizkuntza. Emaitza aski arranguragarria, jakinez Bretaina historikoan 4 milioi biztanle badirela. Hori da bretaindarraren egoera gaur egun.


Aktibistak kriminalizatzea da justiziaren jolas berria Europan, galdetu Vincenzo Vecchiri

Inork oraindik Vincenzo Vecchi zein den ez badaki, has dadila bere izena ikasten. Ez da mende hasierako anti-globalizazio manifestazioetan ibilitako aktibista soila. Hamabi urtetik hona Bretainian aterpetua, italiar justiziak estraditatu egin nahi du Mussoliniren garaiko lege... [+]


2022-05-19 | Leire Artola Arin
Gaur hasiko da Bretainiako Korrika Ar Redadeg

Maiatzaren 20an hasita, 2.022 kilometro egingo dituzte Bretainian, Gwitreg herritik Gwened herriraino. Oarsoaldeako AEK-k antolatuta, ordezkaritza bat joango da hara atxikimendua ematera.


Nantes Revoltée hedabide independentea desegin nahi du Frantziako Gobernuak

Hamar urte daramatza Nantes Revoltéek informatzen, baina urtarrilean hedabidearen disoluzio prozedura abiatu du Frantziako Gobernuak. Nantes Revoltéek salatu du beren aurkako prozedurak hedabide independente oro eta informazio eskubidea mehatxatzen dituela.


Iberdrolaren ontzi batek 16 kilometroko hidrokarburo isuria eragin du Bretainiako kostan

Aeolus ontziak astelehenean eman zuen isuriaren abisua. Konpondu artean, gertaturikoa ikertzen ari da fiskaltza.


Eguneraketa berriak daude