"Hiztunek erdarara jotzeko arrazoi garrantzitsuena euskararen getizazioa da"

  • Valentziatik hiru egunerako bidaia azkar eta trinkoa. Iruñerriko Antsoain herrian asteburuko TELP tailerra eman ondoren eta hurrengo egunean Bakaikun “Es ke erdaraz ezagutu genuen elkar” bikoteentzako ikastarotxoa eskaini aurretik, Gemma Sanginés psikologoarekin hitzordua ezarri genuen euskaraz eroso sentitzeko teknika eta baliabideei buruz galdetzeko. Presarik gabe, hitz eta pitz aritu zitzaigun gogotsu.

Gemma Sanginés. (Argazkia: Dani Blanco)

Kirolaren psikologiaren mundutik nola heldu zinen hizkuntzen arlora?

Ferran Suay, nire bikotekidea, valentziarra da eta ni hara bizitzera joan nintzenean konturatu ginen fenomeno nahiko paranormalak gertatzen zirela hizkuntzen erabileraren inguruan. Adibidez, bere betiko lagunek berarekin erdaraz egiten zuten bitartean, nirekin, katalanberri naizen honekin, katalanez aritzen ziren. Hori oso ohikoa da. Hizkuntza batean elkar ezagutu dutenek jarraitzen dute hizkuntza horretan mintzatzen, baina, aldi berean, ez zaie ongi iruditzen katalanez ikasten saiatzen ari den pertsona batekin katalanez ez egitea. Beste batzuetan gertatu izan zait hamabost minutu pertsona batekin katalanez aritu ondoren, nongoa naizen galdetzea eta Bilbokoa naizela erantzutean pertsona hori automatikoki erdarara pasatzea. Azken detonantea izan zen katalanaren aldeko manifestazio batean Estudiants per la Llengua taldeko gazte batzuk kafetegi batera sartu eta erdaraz eskatzen aditzea. Orduan ohartu ginen hizkuntza mantendu nahi duten eta haren aldeko jarrera duten hiztun batzuek gero ez dutela oso modu koherentean jokatzen. Horrek eraman gintuen pentsatzera agian ez dela kontzientzia kontu hutsa eta praktikan nola jokatu behar den ere ikasi behar dela. Horrela bururatu zitzaigun agian guk, psikologo bezala, hiztunei tresna batzuk eskaintzen ahal genizkiela hori lortzeko. Hainbat alorretatik, kirolaren arlotik besteak beste, baliabide desberdinak hartu genituen hizkuntza asertibitatea lortzeko eta jendea eroso sentitzeko bere hizkuntzan mintzatuz.

Zer tresna dira horiek?

Kirol psikologiatik, adibidez, antsietatea kontrolatzeko arnasa hartzeko teknikak erabiltzea, gertaerak imajinatzea gertatu baino lehen, lortzen ari garena berriz ikustea progresibitateaz ohartzeko edo epe labur, ertain eta luzerako helburuak finkatzea, besteak beste.

Euskararekiko zure harremana nolakoa da?

Historia berezia da. Bilbon jaioa naiz, baina nire familiak ez zekien euskaraz eta ikasketak ere erdaraz egin nituen. Euskaraz aritzeko gogo asko baina gaitasun gutxi nuen. Mendizalea naiz eta mendira joateko hiritik irteten ginenean beti saiatzen ginen herrietan praktikan jartzen genekien apurra. Konplexu handiak zituzten hiztunekin maiz egiten genuen topo. Unibertsitate garaian euskaltegian hiru urtez aritu nintzen Salamancara joan arte. Valentziara bizitzera joan eta alabak jaio zirenean pentsatu nuen haiekin euskaraz nahi nuela hitz egin. Orain hizkuntza oporrak egiten ditugu eta urteoro Euskal Herrira etortzen gara uda garaian. Garai hartan ere hasi ginen TELP tailerrekin hona etortzen eta ikusten nuen horiek euskaraz eman behar zirela. Derrigorrezkoa zen niretzat, kontraesanetan erori nahi ez banuen.
Konplexuak dituen euskal hiztun asko dago?
Bai eta ikuspuntu askotatik: euskaldunberria izateagatik, euskaldunzaharra izateagatik, euskalki batean hitz egiteagatik, ez dakit noren aurrean aritzeagatik… Autoestimu falta handia dago hizkuntz gutxituen hiztunen artean eta hori buruan sartu diguten zerbait da. Hizkuntza gutxituen hiztunak askotan urpekariak bezalakoak gara: ur-azalaren azpian geratzen gara eta soilik eremu ziurretan ateratzen gara azalera. Modu berean erantzungo digutela ziur gaudenean baino ez dugu hitz egiten katalanez edo euskaraz.

Zergatik gertatzen da hori?

Konplexu hauen oinarrian badira arrazoi historiko eta mezu subliminal asko. Oraindik esaten da: izan zaitez kosmopolita eta ez kosmopaleto edo euskara bakarrik etxean erabiltzeko da, arraroa da, ez du ezertarako balio… Euskaldunen irudia baserritarra, zaharra eta ikasketarik gabekoa da, estatistikek kontrakoa dioten bitartean: egungo euskaldunaren profila gaztea da, hiritarra eta ikasketa maila handikoa, baina mito zahar horiek indar handia dute. Aurreiritzi guztien artean nagusiena da euskaraz aritzea heziketa txarrekoa dela. Kortesia kontu horrek min handia egin du. Hiztun elebidunari maiz esaten diote erdaraz aritzeko, bi hizkuntzak ezagutzen dituenez berari berdin zaiolako. Baina badakigu pertsona desberdinak garela hizkuntza batean edo bestean. Zuk euskaraz pentsatzen eta sentitzen baduzu zure barne mundua askoz hobeki adieraziko duzu euskaraz eta hori errespetatu egin behar da. Esaten dizutenean zuri bost axola edo ez zaizula ezer kostatzen, eskatzen dizute ahalegin gehigarri bat egiteko eta ikasi behar dugu hori argi adierazten eta aldarrikatzen. Kortesiak bi norabidetakoa izan behar du eta ez beti norabide berekoa.

Baina berehala argudiatzen dute oso zaila dela, edonori ezin zaiola halakorik eskatu…

Oso merkea da hori esatea eta oso erraz lortzen dute mundu guztia erdaraz aritzea. Argi ikusi behar dugu horrekin esaten ari direla hizkuntza hori ez dela beharrezkoa, eta beraz, zertarako ahalegindu?

Guk, beraz, toki guztietan euskaraz?

Saiatu, behintzat, lehenbiziko hitza euskaraz egiten. Horregatik ez zaizu ezer gertatuko, aurrean duzuna euskarafobikoa ez bada behintzat.

Hemen Nafarroan askotxo dago.

Toki guztietan badira kasu klinikoak baina horrek ez du esan nahi hori zure arazoa denik. Begiradek ez dute inor hiltzen. Probatu behintzat. Norbaitek erantzun zakarra ematen badigu bere arazoa da. Bere gaitasun faltagatik edo auskalo zergatik egongo den haserre. Behin eta berriz jo behar baduzu halako pertsona batengana, lehen aldian sufrituko duzu, baina hurrengoetan badakizu zer aurkituko duzun. Gainera argi eduki ez jakitea ez dela trastorno mental bat edo egiturazko arazo bat. Ez jakitea aldagai bat da, alda daitekeen zerbait. Gu irakasle izan gaitezke haientzat, neurri batean, eta nahi izanez gero.
Merkatuko kontsumitzaile gisa nola egin dezakegu euskararen alde?
Bezeroak gara eta merkatuaren hierarkian goian gaude. Horrekin jolastu behar dugu eta bozgorailuak jarri: “Etorri naiz dirua gastatzera eta han egingo dut eta ez hemen, han euskaraz artatzen nautelako”. Jakin behar dute haien jarrerak kostu bat daukala, ez dela dohainik. Kontsumitzaile gisa horrela jokatzea erabakitzen baduzu haiei adieraztea merezi du, hizkuntzaren beharra sortzen ari zarelako.  

Jendea zeren bila etortzen da TELP tailerretara?

Tresnen bila. Asertiboak izateko eta mintzatzen eroso sentitzeko teknikak eman nahi dizkiegu.

Asertibitatea, funtsean, pentsatzen duzuna modu onean baina argi esatea da?

Horixe. Isiltzeak galerak ekartzen badizkizu, gauza batzuk esan egin behar dira. Ez soilik hizkuntzaren alorrean, noski. Gizartean bizi gara eta gure eskubide asertiboak ditugu, inork gutxik ezagutzen dituenak. Ezetz esatea, kritikak egitea, iritzia ematea, kritikarik ez jasotzea, kasurik ez egitea, hitz ederrak jasotzea edota beste bati esatea… Gure eskubide hauek zeintzuk diren ikasi behar dugu.

Asko hitz egiten da euskararen getizazioaz.

Getizazioa oso kaltegarria da. Hizkuntza bat bakarrik independentistek eta ezkerrekoek hitz egiten dutenean hizkuntza horrek eta bere irudiak arazo bat daukate. Hiztun arruntarentzat oso nekagarria eta zigor handia izaten da, inork ez duelako kalean etiketekin ibili nahi. Hiztunek erdarara jotzeko arrazoi garrantzitsuena euskararen getizazioa da gaur egun.  

Honetan zer egin dezakegu?

Nik adibidez, batzuetan esaten diot jendeari lelokeria bat izan daitekeen zerbait egiteko: beren irudia, arropa, ilea… aldatzeko, adibidez dotore jantzi eta hizkuntzaren inguruan modu asertiboan jokatu. Horrela molde eta aurreiritziak apurtuko ditugu. Diru asko eta denbora asko gastatu dute euskara estigmatizatzen eta biolentziarekin lotzen eta berdin jarraitzen dute. Adibide bat: Espainiako telebistan euskaraz zerbait aditu izan denean ETAren aurkako polizia operazio baten inguruan izan da ia beti. Hori ez da kasualitatea, helburu zehatza duen estrategia baizik.

Kaleko hiztunoi askotan esaten digute ETAzaleak garela edo ergelak, helburu poilitiko baterako erabiltzen gaituztelako. Zer egin dezakegu?

Gure esparruan, gure inguruan eragin eta mugitu, ahal dugun heinean. Guk ez daukagu tresnarik goitik antolatutako gerra horretan parte hartzeko. Egoera hori ez sartu gure barruan, hori ez delako gure errua. Erruaren kontzeptua oso barneratua dugu gure kultura judu-kristauan, eta honek askotan immobilismora eramaten gaitu. Aldiz, arduratsua sentitzen bazara, zure inguruan behintzat gauzak egiten ahal dituzu.

Eta haurrek euskaraz gehiago egin dezaten zer egin daiteke?

Umeek imitazioz funtzionatzen dute eta helduak haien artean erdaraz aritzen badira haiek berdin egingo dute.  

Baina eredu ona ematen zaienean ere erdarara lerratzen dira maiz.

Faktore asko hartu behar dira kontuan, adibidez telebistaren eragin itzela. Telebista euskaraz edo katalanez ikusterik ez badute, errazago joko dute erdarara. Nik hori argi ikusi dut Bakaikuko gure lagun batzuekin: haurrek telebista euskaraz ikusi ezin dutenetik, Nafarroan ETB3 ez delako ikusten, guraso kontzientziaduna duten haur euskaldun peto-petoek ere erdarara jotzen dute lehen baino %50 gehiago. Saioak ez ezik, iragarkiak ere hartu behar dira kontuan eta horiek askotan ETBn eta TV3en ez dituzte itzultzen. Horren ondorioz haurrek ikasten dutena da jostailuek erdaraz egiten dutela. Telebistan hizkuntza bati murrizketa eta oztopoak ezartzen dizkiotenean badakite oso ongi zer egiten ari diren eta zertarako. Dena den, haurren garapenean telebistaren eraginarengatik urte txar batzuk izango dira, baina helduek euskaraz edo katalanez egiten badiete gero normalean haiek ere horrela egingo dute.

Katalana, oro har, nola dago Valentzian?

Hizkuntzaren ezagutza oso altua da. Erabilera lekuaren araberakoa da. Argi dago  hizkuntza paisaia erabat aldatzen dela gure jarreraren arabera. Zuk katalanez hitz egiten baduzu aurkitzen duzu jende gehienak ulertzen dizula eta askok ere katalanez egiten dizutela. Batzuek esaten dute nekez aurkitzen dituztela katalan hiztunak Valentzia hirian, baina aitortzen dute, era berean, beti erdaraz hasten direla mintzatzen.

Eta hezkuntzaren alorrean?

Hango gizartearen beharra ez da betetzen ari. Valentzian badira 25.000 ume katalanez ikasi ezin dutenak, gobernuak esaten duelako plazarik ez dagoela. Horretarako dirurik ez dagoela diote, baina beste gauza askotarako bai, jakina denez. Oso errealitate gogorra da.

Ekimen pribatuko murgiltze ereduko ikastetxerik ez dago?

Oso gutxi. Kooperatiba moduan antolatuta hemengo ikastolak bezala, oso gutxi. Esku bakarreko hatzekin zenbatzeko adina.

Eta TIL edo antzekorik ez dute abian jarri?

Hasi ziren esaten proiektu eleanitza ezarri nahi zutela, Mallorcan bezala. Valentzian jendea oso bero dago horrekin eta beste gauza askorekin ere bai. Eta egoera behartzen segitzen badute jendea kalera aterako da, Mallorcan bezala.

Orain arte Valentziako agintariek bazuten dirurik jendea erosteko eta haien errealitatea sortzeko komunikabideetan, baina gero eta zailagoa dute ezkutatzea egin dituzten lapurreta eta gehiegikeriak.

Katalana Katalunian, Ipar Katalunian, Balearretan, Principat-en, Valentzian, Andorran eta Aragoiko ekialdean ere mintzatzen da.

Bai. Azken horri “la franja de ponent” deitzen zaio eta hori da, hain zuzen ere, katalana bizien dagoen eskualdea. Erabilera %90ekoa da. Aragoiko Gobernua horren aurka saiatzen ari da etengabe eta maiatzean onartu zuten hizkuntzen lege berriaren testuan desagertu dira aragoiera eta katalana izendapenak. Haien ordez  agertzen dira Pirinioak eta Aurre Pirinioetako Eskualdeetako Hizkuntza Aragoitarra LAPAPYP eta Ekialdeko Eskualdeko Hizkuntza Aragoitarra LAPAO.

Izenak izana dakar.

Bai, hala da. Katalana desagerrarazi nahi dute Aragoitik.

Estres linguistikoa

“Euskara ez bada entzuten kalean, euskarara jotzeko momentuan zerbait arraroa, anormala egiten ari zara eta horrek estresa ekartzen dizu eta estres horrek euskaraz gutxiagotan aritzera eramango zaitu, sorgin-gurpil bat sortuz”.

Egungo ogia, biharko gosea

“Gauza askotarako ez dugu hizkuntza aldatu beharrik, baina arazoak eta zailtasunak ekiditeko egiten dugu. Jokamolde horrek epe motzean nahi duzuna lortzeko balio dizu, baina epe luzean oso ondorio txarrak ditu, euskara ez dela beharrezkoa erakusten ari zarelako”.

Aurreiritziak

“Oso ezaguna da aspaldian Mallorcako kantari beltz bati gertatu zitzaion pasadizoa. Taberna batera joan eta kafea katalanez eskatutakoan tabernariak erantzun zion:  ‘Katalanez hitz egin didazulako, bestela pentsatuko nukeen beltza zinela’. Askotan ebidentziek baino ozenago hitz egiten dute gure aurreiritziek”.

 

 

Nortasun agiria

Gemma Sanginés Saiz, Bilbon sortua 1970eko uztailaren 6an. Donostian eta Salamancan psikologia ikasi zuen, portaeren terapian eta kirol psikologian espezializatuz.  2003tik Valentzian bizi da. Terapia lanak egiten ditu, bereziki goi mailako kirolariekin, klinika pribatu batean, eta duela gutxira arte baita Valentziako Unibertsitatean ere, “hori duela bi urte amaitu zen murrizketengatik”. Hizkuntzaren alorrean orain dela hamar urte TELP tailerrak (Taller d’Espai Lingüístic Personal) sortu zituen  Valentziako Unibertsitateko psikologia irakaslea eta bere bikotekidea den Ferran Suayrekin. Geroztik hamaika tailer eta ikastaro eskaini dituzte Herrialde Katalanetan, Euskal Herrian eta Galizian. Ferran Suayrekin batera zortzi liburu kaleratu ditu: bost hizkuntzen inguruan eta hiru kirolaren alorrekoak.

Off the record
Han ere txakurrak ortozik

Valentziara, etxera itzulitakoan, sorpresa bat aurkitu zuen Gemma Sanginések elkarrizketa honen biharamunean: Ferran Suayk eta berak 2000. urtean idatzitako Sortir de l'Armari lingüístic liburuak berriz polemika sortu duela Mallorcan. Hango institutu batean batxilergoko bigarren mailako ikasleei irakurtzera eman zieten eta Així no plataformak salaketa jarri zuen Conselleria de Educación-en, “zama ideologiko handiko liburua” dela esanez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude