Elefanteak epaile eta borrero

XVIII. mendearen erdialdeko irarlana, elefante bidezko exekuzioa irudikatzen duena.
XVIII. mendearen erdialdeko irarlana, elefante bidezko exekuzioa irudikatzen duena.Bellin print

Ninive (egungo Irak), XII. mendea. Petachiach Ratisbonako errabinoa Mesopotamia iparraldean bidaiatzen ari zela, exekuzio berezi baten lekuko izan zen: “Niniven bada elefante bat. Handia da eta otordu bakoitzean bi gurdi lasto jaten ditu gutxi gorabehera. Sultanak norbait heriotzara kondenatzen duenean, elefanteari esaten dio: ‘Pertsona hori erruduna da’, eta elefanteak ezpainaz (sic) akusatua jaso eta hil egiten du”.

Duela 4.000 urte inguru bururatu omen zitzaien gizakiei elefantea arma hilgarritzat erabiltzea. Erromatarrek, kartagoarrek eta mazedoniarrek noizbehinka erabili zuten metodo hori. Baina elefante asiarra afrikarra baino errazagoa da etxekotzen eta, horregatik, nagusiki Asian findu eta hedatu zen teknika.

Exekuzio horiek agintarien boterearen sinbolo ziren; erregea piztiarik handiena bere menpe atxikitzeko gai bazen, bizitza eta heriotza nahieran administratzeko gai ere izango zen.

Kontinentearen mendebaldean exekuzioa nagusiki elefanteak kondenatua tronpaz zanpatzean zetzan, errabino bidaiariak azaldu bezala. Baina Asiako hego-mendebaldean agintariek irudimen handiagoa zuten: krimena larria ez bazen, elefanteak kondenatuaren burua edo sabelaldea zanpatzen zuen hankaz, eta heriotza berehalakoa zen; baina laidoa larritzat joz gero, hil aurretik kondenatuari oinazea eragiteko bide bihurriagoak erabiltzen zituzten.
Esaterako, elefanteari marrazak jartzen zizkioten letaginetan, eta horretarako bereziki trebatutako ugaztun handiak kondenatua pixkanaka ebakitzen zuen. Marrazarik erabiltzen ez zenean, ikuskizuna ez zen hain odoltsua, baina zigortuari tronpaz eusten zion bitartean hankez haren hezurrak txikitzeko gai zen elefantea. Metodo horrekin pakidermoak kondenatuaren gorputz atalak erauzi eta ikusleen odol gosea  ase zezakeen. Indian beste teknika bat zuten gogoko: kriminala elefantearen atzeko hanketara lotzen zuten, eta animaliak herrestan eramaten zuen. Kondenatuak nahikoa sufritu zuela erabaki ondoren, elefanteari atzerantz ibiltzeko agintzen zioten, eta kito.

Baina elefanteak ez ziren beti borrero hutsak, eta ordalia gisa ere erabili izan ziren: akusatua frogatu ezin zitekeen krimen baten erruduntzat bazuten, elefantearen aurka borrokatzera eramaten zuten. Akusatua bizirik ateraz gero, hau da, unibertsoko astro guztiak haren alde lerrokatzen baziren eta hiltzeko bereziki trebatutako elefantea nagiak erabat jota bazegoen, errugabetzat jotzen zuten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Erdi Aroan erditzea

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste... [+]


Islandiak izoztu zuen Konstantinopla

Teofanes Aitorlea kronikalariak jaso zuenez,  763-764ko negua inoizko hotzenetakoa izan zen Konstantinoplan. Elurrak eta izotza hartu omen zuten bizantziar hiriburua eta Bosforon iceberg bat ere ikusi omen zuten.

Orain arte klima hoztea, besteak beste, jarduera... [+]


Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


1936ko biktimak eta kolpistak berdintzeko UPNren saiakera atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskarako Batzordeak atzera bota du UPNk aurkeztutako mozioa, 1936ko Gerran Errepublikaren kontrolpean zeuden lurraldeetan izandako biktimak Oroibidea memoriaren datu-basean sartzea eskatzen zuena. Mozioak PP eta Voxen babesa jaso du,... [+]


Eguneraketa berriak daude