Lehen urteetan pizgarri

  • 0-6 urte artean garatzen da burmuinaren %90a. Funtsezko adin tartea da eta horregatik, ugaritu egin dira garapen horretan laguntzeko arreta eta estimulazio teknikak. Bi esperientzia jaso ditugu hemen: Juana de Arco haurreskolarena eta Itsuentzako Baliabideen Zentrokoa.

Juana de Arco haurreskola.
Juana de Arco haurreskola.Dani Blanco

Urtebete inguru dute eta txintxo eta lasai eserita daude ikasgelan, bi ilaratan. Marrazkiz eta argazkiz beteta dituzte paretak eta jostailuak barreiatuta daude han-hemen. Miróren txokoan, margolari katalanaren lanak ikus daitezke. Ispiluak “ispilua” idatzia daraman txartela du itsatsita, hormak “horma” txartela, mahaian “mahaia” jartzen du… Gaur argazkilaria eta biok gara umeen entretenimendua, baina haien arreta bereganatzen saiatu dira bi irakasleak. “Naroa” jartzen duen txartela erakutsi die irakasleetako batek. “Zer jartzen du hemen? Naroa; eta zein da Naroa?...”, eskua altxatu du Naroak, eta ikasle guztien izenak zerrendatzen jarraitu du irakasleak. Irudiekin berdin egin dute gero: marrazkiak erakutsi (batzuetan idatzitako txartelak) eta horien esanahia ozen errepikatu, kategoriatan banatuta (garraiobideak, meteorologia, etxeko tresnak, arropa, janaria, sukaldeko gauzak, ekintzak, animaliak…). Matematika saioa ere izan dute, irakasleak zenbaki batzuk esan ditu, eta kopuru hori adina puntu dituzten kartelak erakutsi dizkie haurrei. Amaitzeko, Beethovenen musika entzun dute kasetean.

2 urteko umeak aldiz, ikastetxeko gimnasioan topatu ditugu. Oztopodun hainbat zirkuitu prestatu dizkiete, hodi moduko baten barrutik ibili daitezen, bankuen azpitik arrastaka igaro edo egurrezko barra alderik alde zeharkatu, besteak beste. Horma-barretan zintzilik eta ohe elastikoan saltoka ere ikusi ditugu. 3 urtekoek korrika egin dute zirkuitua, lurrean jarritako uztaiak gaindituz, eta koltxonetan itzulipurdika aritu dira.

Juana de Arcon, euskaraz jarduten duen haurreskolan, ikusi dugu hori guztia; 20 urte daramatzate ahalmenen garapen goiztiarra lantzen eta egun 0-3 urte arteko 100 ume baino gehiago dituzte Donostiako ikastetxean. Estimulazio goiztiarraren bidez, haurra munduan dauden ezagutzak barneratzen joatea da asmoa eta hiru arlotan jartzen dute indarra: intelektuala (irakurketa, matematikak, musika, ingelesa…), fisikoa (mugikortasuna, brakiazioa eta oreka), eta giza-arloa (portaera, harremanak eta gisakoak). Eremu horiek garatzeko lagungarri diren ariketak egiten dituztela azaldu digu haurreskolako kide Marina Garciak. Dioenez, umeek ohiturak hartzeko eta zein jarduerarako zaletasuna eta erraztasuna duten antzemateko ere baliogarria da, eta gaineratu du umeak arazo neurologikoren bat izanez gero, patologiaren bat edo behar bezala funtzionatzen ez duen zerbait, halakoak hautemateko aproposa dela garapen goiztiarra.

Azken finean, oinarrizkoak dira lehenengo urteak, gure garuna orduan dagoelako malguen, ingurura egokitzen ari da eta gaitasun handia du ikasteko eta jasotakoa barneratzeko, xurgatzeko. Hargatik, metodologia eta ariketa ugari dago umearen hizkuntza, komunikazioa, koordinazioa, mugimendua, zentzumenak, autonomia, afektibitatea, harremanak, adierazkortasuna… garatzen laguntzeko.

Kritikarik ere egiten zaie, ordea, ariketa goiztiarrei: haurrari estimuluak beti kanpotik iristen bazaizkio, ez du ikasiko bere kabuz ekiten, hartzaile baino ez da izango, eta horregatik hainbatek dio umeari utzi behar zaiola estimulu propioak bila ditzan. Hutsune hori orekatzeko, bestelako jarduerak dituztela adierazi du Garciak: haurren sormena bultzatzeko, adibidez, Proiektua delakoa dute, urtero gai ezberdin bati lotua, eta tailerrak, marrazkiak, ipuinak, praktikak… lantzen dituzte horren inguruan. Aurten, ura da gaia, eta arrainen irudiz betetako paretak ikusi ditugu geletan, akuarioak bailiran. Izan ere, ahalmenen garapen goiztiarrari denbora jakin bat eskaintzen zaio –adinaren araberakoa–, baina osagarria da; jolasteko, psikomotrizitaterako, lo egiteko eta bestelako jardueretarako astia ere hartzen dute haurreskolan, horiek ere garrantzitsuak dira-eta.

Itsuak ingurura egokitzeko

Hego Euskal Herriko hiriburuetan dauden Itsuentzako Baliabideen Zentroetan ere arreta goiztiarra lantzen dute 0-6 urteko haurrekin, umea itsu jaio bada edo ikusmen arazoak garapen ebolutiboari eragin badiezaioke –irudiak interpretatzeko arazoak dituenean, esaterako; ez ordea betaurrekoak jantzita ondo ikusten badu–. Gipuzkoako zentroko kide Mertxe Andresek arreta goiztiar esatea du gustuko, ez estimulazio goiztiar, “ez behintzat ulertzen badugu etengabe estimuluak bidali behar zaizkiola umeari, dituen beharretan arreta jartzea baita gure asmoa, zailtasunei aurre nola egin erakustea eta baliabideak ematea, duen gabezia agerikoa egiten zaionerako mundura egokitzen laguntzeko”.

Horretarako zer egiten duten? Itsuekin, orientazio espaziala lantzen dute jaiotzen direnetik. Esaterako, txintxirrina jartzen diete eskuinean eta ezkerrean, goian eta behean, jakin dezaten soinuak adierazten duela zerbait dagoela eskuinean, ezkerrean, goian edo behean, hartu eta ukitu dezaketela, baina soinurik egiten ez duenean ere, hor zerbait egon daitekeela ulertu behar dute. Guztiz itsu ez direnekin, duten ikusmen gaitasuna antzematen saiatzen dira batetik: zer ikusten duten eta zer ez, zein distantziatara, nola mugitzen diren eta ikusten al duten zapaltzen dutena, nola interpretatzen duten ikusitakoa… Bestetik, bakoitzaren beharren araberako ariketak prestatzen dizkiete, jolasa oinarri hartuta. Umeak begi bakarretik ikusten badu eta horregatik burua alde horretara bideratzen badu, beste aldea ere existitzen dela jakinarazteko jolasak, esaterako. Ordenagailua ere sarri erabiltzen dute: senideen argazkiak jartzen dizkiete pantailan, tamaina ezberdinetan, begiratzen eta begirada puntu jakin batean pausatzen ikasteko; edo ordenagailuko pantailan alde batetik bestera mugitzen den pilota ukitu behar dute, begiekin gauzen jarraipena egiteko eta begirada kontrolatzeko.

Dena den, Mertxe Andresek azaldu du integrala dela umearen garapena eta horregatik, ikusmenarekin batera beste hainbat arlo ere lantzen dituztela: mugikortasuna, arlo kognitiboa eta soziala. Eta batez ere, nabarmendu du funtsezkoa dela gurasoen parte-hartzea lehenengo urteetan, kasik lan gehiago egin behar izaten dutela aita eta amarekin: “Adibidez, ama batek esan zidan lehengoan bere semeak beste norabait begiratzen zuela berarekin jolasten zuenean, baina ez, umeak indartsuen duen zentzumena zuzentzen du amarengana: belarria. ‘Ai nire haur gaixoa’ esanez datozkizu batzuetan eta esan behar diegu ezetz, seme-alaba ondo moldatzen dela, bestela sentimendu hori igortzen diotelako, ezgauza dela; eta alderantziz, umeak gabeziarik ez balu bezala etortzen zaizkizu beste hainbat eta horiei erakutsi behar diegu arlo batzuetan lagundu egin behar dutela seme-alaba”.

Arreta goiztiarra eraginkorra al den galdetu diogu Mertxe Andresi eta itsuekin ezinbestekoa dela erantzun du; “gainerakoekin, nik neuk pentsatu izan dut, ez banu ezer landu ume honekin, nora iritsiko zatekeen? Agian leku berera, agian ez, baina nik uste ariketa lagungarriak direla, zailtasunei errazago aurre egiteko, eta horri esker gai ikusten dute beraien burua. Azken finean, lehenengo hilabeteak hain dira garrantzitsuak, munduarekin harremanetan zaude eta egokitzeko garaian segurtasuna ematen die umeei, eta gurasoei zer esanik ez”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-09-18 | Sustatu
Ikusgela 2024-25 ikasturtean: euskal kultura, historia, eta buletin berria

Ikusgela proiektuak, hezkuntzarako ikus-entzunezko materiala lantzeko wikiekimenak, hirugarren ikasturteari ekin dio gaur. Orain arte 92 bideo argitaratu baditu ere, ikasturte honetan maiztasuna handituko du, astearte eta ostegunero bideo bat aterako du eta irailetik maiatzera... [+]


Ikasteko teknika desegokiak erabiltzen dituzte gazteek

Lezioa buruz ikastea, norbere eskemak eta laburpenak egitea, azpimarratzea, beste norbaiti lezioa azaltzea… Ikasteko teknika ugari dago, baina DBHko ikasleek ez dituzte egokienak erabiltzen, ikerketa baten arabera, eta azterketa sistemak badu zerikusirik horretan. Ikasle... [+]


Ikasgelan harreman sanoak elikatzeko programan parte hartzen dute Nafarroako 67 ikastetxek

Bullying kasuetara ez iristeko onena elkarren arteko tratu onak sustatzea dela sinetsita, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 67 ikastetxek parte hartzen dute Nafarroako Laguntza programan. Ikasleekin enpatia, bizikidetza, komunikazio asertiboa… lantzeko prestatzen... [+]


2024-09-11 | Tere Maldonado
Hezkuntza sailburuari gutun irekia (eta II)

Andere agurgarria:

Zer moduz uda? Ondo espero dut. Oraingo honetan, harira joango naiz, zure baimenarekin.

Dakizunez, merkatu ultra-liberalenen berezko lehia-logikan sartuta, ikastetxeek era guztietako "proiektuak" abiarazi behar dituzte. Jakin behar duzu... [+]


Instituturako jauziak ere egokitzapena behar du

Ume txikienen eskola-egokitzapenaz asko hitz egiten da, baina instituturako saltoa ere ez da xamurra: hormonak dantzan eta norbere beldur eta mamuak airean, Lehen Hezkuntzan babestuago egotetik ikasteredu zurrunagora igarotzen dira gazteak. Bide horretan laguntzea inportantea... [+]


2024-09-09 | Ahotsa.info
Hezkuntzako sindikatuek irailaren 26rako greba deialdia aurkeztu dute Nafarroan

Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza publikoko sindikatuek (STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT) 2024ko irailaren 26ko ostegunerako greba deialdia aurkeztu dute Hezkuntza Departamentuko erregistroan.


Harrera bizkorreko gelak etorri berrientzat

Eroriko askoren artean badira lorpenak ere. 35 urte inguruko ama gazte batek galdetzen zidan aurreko batean nola arraio lortzen zuten beraien eskolan etxean euskara jaso ez zuten ikaskideek etxetik euskaldunak ziren neska-mutikoek bezain ongi ikastea eta hitz egitea euskaraz... [+]


Mugikortasun arazoak dituzten haurrekin baso-eskolara: beldurrak eta mugak gainditzen

Mugitzeko eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 5 urteko bi ikasleri asteroko baso-eskola saioa egokitu zaie Irungo ikastetxean: muga eta beldur artean hasitako erronkak onura, garapen eta ikasketa handiak izan ditu. "Oso babestuta dauden ikasleak dira eta basoan aske uzteak... [+]


Gurasoek nola eta zenbat erabiltzen dituzten pantailak zuzenean dago lotuta seme-alabek pantailekiko duten harremanarekin

Nerabe batek mugikor, tablet eta pantailei ematen dien erabileran eragin handienetakoa gurasoak direla frogatu du ikerketa batek. Alegia, nahiz eta adin horretan gurasoenganako distantzia bilatu ohi den, pantailekiko garatuko duen harremanean gurasoak oraindik ere eredu direla... [+]


Ikasgeletan mugikorra erabiltzeari buruzko eztabaida prozesua iragarri du Jaurlaritzak

Eskolan adimen artifiziala erabiltzera animatu ditu irakasleak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eraldaketa digitalaren beldur ez izateko esan die. Ikasgelan mugikorra erabiltzeari buruzko gogoeta prozesu bat ere iragarri du: “Ez dago erabilera horrek duen... [+]


2024-09-03 | Euskal Irratiak
Iparraldeko eskola publikoen %60 elebiduna izanen da ikasturte honetan

Ikasturte honetan, lehen mailako ehun eskola elebidunetan 5.700 ikaslek ikasiko dute. Bigarren mailan hamasei kolegio eta lau lizeotan 1.600 dira. Zailtasun nagusia aurten ere kolegioan euskararen eta frantsesaren arteko oren parekotasuna erdiestea da.


Askatasunaren tresna

Denok dakigu askatasuna kontzeptu zaila dela, ertz askotarikoa, hitzez definitzen zaila. Maiz mugagabetasunarekin definitu ohi dugu, baldintzamendurik gabe erabaki ahal izatearekin, ondoriorik ez edukitzearekin, edota ekintzen ardurarik hartu behar ez izatearekin. Baina ez denez... [+]


Eguneraketa berriak daude