Ikasgelan harreman sanoak elikatzeko programan parte hartzen dute Nafarroako 67 ikastetxek

  • Bullying kasuetara ez iristeko onena elkarren arteko tratu onak sustatzea dela sinetsita, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 67 ikastetxek parte hartzen dute Nafarroako Laguntza programan. Ikasleekin enpatia, bizikidetza, komunikazio asertiboa… lantzeko prestatzen dituzte irakasleak.

Indarrak bideratzen dituzte tratu onak eta heziketa emozionala sustatzera, jarrera biolentoetara iritsi ez daitezen. Argazkia: Freepik

2024ko irailaren 17an - 10:14
Azken eguneraketa: 12:04
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Hamabost ikastetxe batu dira ikasturte honetan programara (%80 publikoak, %20 itunpekoak). Irakasleek gutxienez bi urteko formakuntza espezializatua jasotzen dute, eta hezkuntza komunitate osoari zuzendutako tailerrak ere izaten dituzte. Helburua, gatazkak eztanda egin eta gestioa zaildu aurretik, jazarpen kasuak agertu aurretik, ikastetxean harreman sanoak elikatzea, edo beste era batera esanda, indarrak bideratzea ez hainbeste jazarpena eta ziberjazarpena prebenitzera, baizik eta tratu onak eta heziketa emozionala sustatzera, jarrera biolentoetara iritsi ez daitezen.

Ikastetxeko bizikidetzaren diagnostikoa egiteko tresnak, gatazkak konpontzeko berdinen arteko laguntza, enpatia, diziplina positiboa, komunikazio asertiboa, gizartearen aldeko jokabidea, erresilientzia, lotura eta atxikimendua… jorratzen dira, Laguntza programaren barruan.

Ildo berean, Eusko Jaurlaritzak ere Bizikasi ekimena du martxan EAEko eskoletan, bizikidetza positiborako curriculuma helburu.

Botere erlazioak eta harreman desorekatuak iraultzea helburu, elkarren arteko hartu-emanen eraginaz kontzientzia hartzea da Haziak proiektuaren abiapuntua

Lidergoa, haserrea, bakardadea, kuadrilla...

Eta aspaldi kontatu zuen ARGIAk Oiartzungo ikastolako Haziak proiektua: botere erlazioak eta harreman desorekatuak iraultzea helburu, elkarren arteko hartu-emanen eraginaz kontzientzia hartu eta harreman osasuntsuak sustatzea du oinarri egitasmoak. Horretarako, norbere sentimenduen gestioaz, lidergoaz, haserreaz, gatazkez, ezberdin izateaz, bakardadeaz, kuadrillaz, laguntasunaz… hitz egiten dute ikasgelan, gaiak jorratzeko hainbat material tarteko.

Oiartzungo ikastolatik adierazi moduan, “askotan landuagatik, beti agertzen dira zirrikitu txikiak, kontrolatzen ez ditugunak. Hurbil eta sentsibilizatuta egon arren, egoera itsusiak ematen dira, oso adi egon behar dugu, eta teknologiak eta sare sozialak ere autobide ezezaguna dira gutako askorentzat. Horregatik dira hain garrantzitsuak horrelako egitasmoak”.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Bullyingaren amesgaiztoa kanalean gehiago
2024ko maiatzaren 2
Teknologia
Nora begiratu?

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.