Akuilu soziala Bidasoan

  • Irun, Hondarribia, Hendaia, Biriatu eta Pausu auzoa (Urruña) hartzen ditu Antxeta Irratiak. Mugak ezabatzen hamar urteko zubi lana egin du, banantzen gaituena baino, elkartzen gaituena gehiago dela erakutsiz. Hedabideaz gain, elkarte eta eragile sozial
    indartsua ere bada eskualdean.
Mikel Garcia
Irrati elkartea da Antxeta, komunikazioa eta arlo soziala oinarri. Inguruko elkarteen erreferente izan nahi du, eta elkarlana bultzatzen du eskualdeko gizarte eragile eta mugimenduekin. Batetik, talde horien parte-hartzea handia da antenan: Bilgune Feminista, Askapena, AHTren aurkako elkartea, eskualdeko barazki-kooperatiba, Irun eta Hondarribiko etorkinekin lan egiten duen Adiskidetuak, gay eta lesbianen elkartea, Lakaxita Irungo gaztetxea, Hondarribiko Psilocybe musika elkartea… aritzen dira kolaboratzaile. “Guk beti diogu hau ez dela gure txiringitoa, ni naiz orain koordinatzailea, baina irratia ez da nirea eta erabakiak ez ditut nik hartzen, denek dugu hemen lekua, komunikatzeko eskubide demokratikoa azpimarratu nahi dugu”, nabarmendu du Aitziber Zapirain irratiko koordinatzaileak.

Bestetik, eragile izatea dagokio Antxetari eta hainbat ekintza bideratzen dituzte langabetuekin, etorkinekin edota gizarte zentroekin. Irrati tailerrak eman berri dituzte Lapurdiko hamaika ikastetxetan, Txingudi Korrika antolatzen dute urtero martxo hasieran, Bidasoa Euskaraz ekimenaz arduratzen dira Pausun, eta bertso-afariak egiten hasiko dira Euskararen Egunean.

Hendaian du egoitza Antxetak, 2001eko otsailean sortu zenetik. Entzun Ikus Elkarteak eta Pausumedia komunikazio elkarteak sostengatuta jaio zen, eta berehala Euskal Irratien Federazioan sartu (Gure Irratia, Xiberoko Botza eta Irulegiko Irratiarekin batera). Ipar Euskal Herriko lau irratiek hainbat ordu partekatzen dituzte, eta eskualdekako deskonexioekin osatzen da gainerakoa. Antxetak, zehazki, bi frekuentzia ditu: 90.5 FM Entzun Ikus elkartearekin, eta 89.7 FM Pausumediarekin.

Bi etapa nagusi bizi izan ditu irratiak, inflexio puntua izan baitzen 2006an estudioek pairatutako uholdea: “Antxeta sortu zenean, eskualdeko herri eragileen artean oso ondo txertatu zen, beraiek ere ziurrenik komunikatzeko esparru baten falta sumatzen zutelako eta hemen txoko hori aurkitu zuten bete-betean. 2006ko uholdea ordea, ez zen soilik fisikoa izan, kondizio kaskarrek gure funtzionamendua baldintzatu zuten, kolaboratzaileekin lan egitea zail bihurtu zen eta 2007 bukaeran egoera normalera itzuli ostean, laguntzaileak lortzeari ekin diogu berriz”, azaldu du Zapirainek. Eta ongi doakie, 70 kolaboratzailetik gorako sarea eratu baitute. Adibidez, Psilocybe musika elkarteak on-line irratia sortu du orain dela gutxi, eta Antxetarekin duten elkarlanari esker, azken honek bere programazioan integratu ditu Psilocybek euskaraz egiten dituen emankizunak.

Halaber, Euskal Irratietako emisioan duen parte-hartzea nabarmen handitu du azken urteetan Antxetak, batik bat Kantaire kultur saioaren eta eskualdeko nahiz Hego Euskal Herriko informazioaren eskutik. Tokiko programazioa ere sendotu egin da, egunerokoaren jarraipena egiten duten Bazkalaurrekoa eta Iparorratza saioen bidez. Hain zuzen, Iparorratza da irratiaren programa izarra, Koldo Nausia esatariaren berezko estiloari esker. Eta noski, gai sozialek uhin ordu ugari hartzen dituzte, inguruko elkarteen bilgune den Herri Hotsak saioan, edota Segi, gazte asanblada eta oro har gazteen bozgorailu den Antxetamina izenekoan. Entzuleek ez dute deitzeko ohiturarik, koordinatzaileak dioskunez, baina jarraitzaileak izan badituzte, eta geroz eta gehiago. Azken datuek diote 2007an Hondarribiko eta Irungo jendea bakarrik kontuan hartuz, 4.000 entzule zituztela herri horietan.

Eskualde berezia


“Izugarria da eskualde honek daukan aktualitatea. Herri eragileek ekintza pila bat egiten dituzte eta instituzioen aldetik Baionan adina prentsaurreko edo gehiago bete behar izaten ditugu, Hondarribiko, Hendaiako eta batez ere Irungo Udalak deituta”, adierazi du Zapirainek. Antxeta euskara hutsezko hedabidea izan arren, hiru hizkuntza menperatzea beharrezkoa da eskualdean lan egin ahal izateko, gaztelania eta frantsesaren menpe jarraitzen baitu askotan euskarak arlo instituzionalean, zer esanik ez Hendaiatik harago (Urruñan, esaterako).

Dena den, irratiak ez du maite “mugaz gaindiko” terminoa (“politikari zenbaiti joko handia ematen diena”) eta mugak ezabatzea dute helburu: “Egia da dinamikak eta ohiturak ezberdinak direla batean eta bestean, eta Hendaian bizi den Hegoaldeko jende askok ez duela Iparraldean benetako bizitzarik egiten, sentsazioa da eskualdeko jendea, erdalduna batik bat, ez dela nahasten, eta guk nolabait bi munduak batzeko ahalegina izan nahi dugu, bien arteko zubia, gehiago direlako batzen gaituzten ezaugarriak, bereizten gaituztenak baino”. Horregatik, pozgarria da Behe Bidasoan lan egitea, berriek elkartasun hori azpimarratzen dutenean: Iparraldeko eta Hegoaldeko elkarteen arteko hitzarmenak, jendea Korrikan eta Aberri Egunean Santiagoko Zubitik igarotzen…

Hain pozgarria ez dena, arlo ekonomikoa: Hondarribiak, Irunek eta Hendaiak osatzen duten Partzuergoak emandako diru-laguntza, 6.000 euro, eskas zaie, aurrekontuaren %5. Irabazi asmorik gabeko elkartea da Antxeta, baina azpiegitura eta soldatak ordaindu behar dituzte, eta kexu da koordinatzailea: “Komunikabide batek, pribatua ez den bitartean, zerbitzu soziala du xede, eskubide bat da, eta administrazioari dagokio ordaintzea; zergak denok ordaintzen ditugun bezala, jasotzea ere denoi dagokigu. Eta ez dezatela erabili euskaraz gutxiago irakurtzen den etiketa hori, gezur hutsa, geroz eta ugariagoa da Bidasoa Media, Behe Bidasoako Hitza edota Antxeta jarraitzen duen publikoa, ikastolak gainezka daude eskualdean… Ez dezatela saldu euskararen aldeko mezua, gero baztertu egingo badute”.
Auto-defentsa tailerrak hamar urteko jarduna ospatzeko
Otsailaren 14an hamar urte egingo ditu Antxeta Irratiak eta ekimen anitz jarri dituzte martxan, urteurrena ospatzeko. Entzun, esan, adierazi! lelopean, Antxetaren izaera zabaldu nahi dute: “Irratia entzun, guztiok entzun dezakegun arren, esateko, komunikatzeko, eta, bereziki, adierazteko aukera gutxi izaten dugu. Eta hori baino ez da, edo hori guztia da, Antxetak egiten duena”. Hamar urte hauetan jorraturiko ardatz nagusietan oinarrituko dira prestatutako ekimenak: euskara, kultur-aniztasuna eta sexu-berdintasuna. “Parekidetasuna beti daukagu presente, arazo sexista franko jazotzen delako gure eskualdean, eta hedabideak, morbo guztia gainetik kenduta, tresna baliagarria dira problemari aurre egiteko”, dio Aitziber Zapirainek. Azaroan, hortaz, auto-defentsa tailerrak egingo dituzte. Otsaila hasieran jardunaldi garrantzitsuak antolatu dituzte eskualdean, AMARC nazioarteko irrati elkarteen laguntzarekin: Irrati Elkarteen I. Topaketak, Frantziatik, Ingalaterratik, Irlandatik, Italiatik, Espainiatik eta Europako beste hainbat herrialdetik etorritako ordezkariekin.

Horrez gain, abian da urteurrenerako Logo Lehiaketa, “jendeak beti esan duelako inguru honetan artista pila dagoela, eta egia esan, oso emaitza onak ari gara jasotzen”. Irrati-nobela Lehiaketa aurrera ateratzea ere gustatuko litzaieke; Antxeta Gauek entzuleak bildu nahi dituzte Hendaiako Kanttu tabernan, musika oinarri; Euskararen Egunerako bertso-afaria prestatu dute Irunen; eta Irrati Maratoia egingo dute urtarrilaren 8an, Psilocyberekin batera, Herri Komunikabideen Aldeko Egunean. Azkenik, otsailaren 14ko astean, Zorion Bestak amaiera emango die ekitaldiei.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antxeta irratia
Maia Muruaga. Irratia FM-an
“Bi edo hiru administraziopean bizi bagara ere euskarak eta euskal kulturak lotzen gaitu”

Bada hogei urtez, ahots goxo eta irmoa entzuten ari den bidasoarrik. Antxeta Irratiaren hogeigarren urteurrenaren karietara, bertako kazetari beteranoenetariko bat ezagutzeko parada baliatu dugu: Maia Muruaga (Donibane Lohizune, 1977),  “Maia Antxeta”... [+]


"Zaretelako, gara": zaintzaz arduratzen diren emakumeen bizipenak

Batzuetan, "aukeratu gabe eta bat-batean etortzen da" menpeko pertsona zaindu beharra, aipatzen du proiektuan parte hartu duen emakume batek; amaz arduratzeko bere bizitza-proiektua alboratu du beste batek; zahar egoitzan amona penaz hiltzen uzten ari direla dio... [+]


2018-09-11 | ARGIA
Hondarribiko Alardearen berri ematen ari ziren kazetarien aurkako erasoak salatu ditu Hekimenek

Euskal hedabideen elkarteak “elkartasun eta babes osoa” adierazi die joan den larunbatean Hondarribian lanean ari zirela erasoak jasan zituzten kazetariei.


2018-05-15 | Antxeta Irratia
4.600 haur, 18 herri eta 30 egitura ezberdinek, "Pantailarik gabeko desafioa" batuko dute

Urruñako San Frantzisko Xabier ikastetxeak iaz  egindako “Pantailarik gabeko 10 egunen desafioaren” ondotik, aurten 4.600 haur, 18 herri eta 30 egitura ezberdin batuko dituen “Pantailarik gabeko desafioa” aurkeztu zuten joan den astean... [+]


Antxeta Irratiak Donostialdean emititu ahalko du, Espainiako Auzitegi Gorenak baimena berretsi ostean

Hego Euskal Herrian legalki arituko den euskarazko lehen irrati komunitarioa da. Lau urteren ostean, behin betiko erabakia hartu du epaileak.


Eguneraketa berriak daude