Gaztearen faltan, librea

  • Gazteak norabidea aldatu eta irrati formula komertzialen bidea hautatu zuenetik, ez dago euskal eszena bere aniztasunean erakutsiko duen irrati kate publikorik. Saio bakan batzuetan salbu, easy-listeningetik aldentzen diren taldeek toki gutxi dute uhinetan. Irrati libreak edo herri ekimenetik sortuak dira, askotan, gisa horretako taldeen bozgorailu bakar.
    Zein irizpideri erreparatzen diote irrati horiek musika ildoa hautatzerakoan?


2015eko irailaren 23an

Izen laburdura hutsa baino zerbait gehiago gertatu zen 2006an, Euskadi Gaztea zena Gaztea huts bilakatzean. Entzule datuak jaitsi antzean sumatuta –50.000 lagun inguruk entzuten zuten orduan–, eredua errotik aldatzea erabaki zuten, audientzia erdigunean jarrita. Ordutik, ohiko irrati formula komertzial batera gerturatu da pixkanaka, eta, egun, bi hatz aski dira 40 Principales bezalako kate batekin dituen desberdinasunak kontatzeko: euskarazko kantuei diskriminazio positiboa egiten dietela –bostetik bat da, gutxi gorabehera, kantu euskalduna–, eta esatariak euskaraz aritzen direla. Baina nolako euskara erabiltzen duten ere auzitan da aspaldidanik. Gazteen arteko hizkera ez-formala sortzeko laborategi interesgarria izan zitekeelakoan, Kike Amonarrizekin eta Joserra Garziarekin elkarlanean hasi ziren 2004an. Izena laburtzearekin bat eten zen elkarlan hura, ordea. Geroztik, entzule erdaldunengana ere iritsi nahia nabarmendu izan dute behin baino gehiagotan katearen zuzendaritzako kideek.

Ez dago euskal eszenaren argazki osatu bat erakusten duen irratirik, horretarako tresna eraginkorrena izan zitekeenak helburuz aldatu zuenez gero. Easy-listeningetik kanpoko doinuek ez dute tokirik Gaztean, ez bada B aldea saioan –esanguratsua izena; gainontzekoa A aldea den seinale–. Mikel Makalak aldarrikatu modura euskarazko Radio 3 gisakorik plazaratzen ez bada behintzat, oraingoz, belarrira lehen kolpean sartzen ez den euskal musikak toki txikia izango du uhinetan. Irrati publikoko saio bakan batzuk salbu –uztailean desagertu zen Musikatea, Portobello, B aldea eta La Jungla Sonora aipatu dituzte elkarrizketatuek–, irrati libreak edota herri ekimenetik sortuak soilik geratzen zaizkie formula komertzialetatik urruntzen diren musikariei. Baina nola bizi dute musika gisa horretako irratietan? Zilegi al da irrati publikoen gabeziak osa ditzaten eskatzea? Zein irizpideri erreparatzen diote kantuen ildoa hautatzerakoan? Antxeta, Hala Bedi eta Info7ko kasuei buruz mintzatu dira Aitziber Zapirain, Jon Aranburu, Ion Etxebarria eta Maite Bidarte, bakoitza beretik.

Publikoak baino iristerrazagoak

Bidartek uste du herri ekimenetik sortutako irratiek ezin dituztela irrati publikoen hutsuneak bete, ez arlo informatiboan, ez eta musikaren esparruan ere. “Ez da soilik faktore ekonomikoa, kapital humanoak ere garrantzi handia du. 24 orduz musika taxuz programatzeak esan nahi du gutxienez pertsona batek horretan aritu behar duela, eta, tamalez, Info7ren kasuan behinik behin, ezinezkoa da hori”. Aranbururi iruditzen zaio irrati publiko eta komertzialek kontrakultura izatera bultzatzen dituztela, baina, Hala Bedin behintzat, gustura daudela underground izaera horrekin. Zapirainen ustean, bestalde, musikatik harago, herri ekimenetik sortutako irratiek zerbitzu publiko bat eskaintzen dute, kate publikoek berena bete ala ez.

“Iristerrazak gara”, dio Bidartek. “Irrati publikoan ez bezala, musikari hasiberriek ateak zabal-zabalik dituzte gurean, harremana zuzenean egin dezakete”. Gogoratu duenez, ikasturte honetan zuzeneko musikaren aldeko apustua egin dute Kalegorrian magazinean. Ostiraletan, berriz, Sortzaileen Txokoan, hamaika musikari gonbidatu dituzte, tartean Gose, Joseba Irazoki, Ruper Ordorika, Andoni Tolosa Morau… baina baita talde hasiberri ugari ere. Horrez gain, irratia sortu zenetik martxan dute Euskal Kantu Berria izeneko formatu bat: edozein talderi aukera ematen diote disko berriko kantu baten aurkezpen laburra egiteko, azalduz zein den entzungo den kantua eta zergatik den berezia. Kantua programatzen duten aldiro –bizpahiru astez behin–, taldekideen aurkezpena emititzen da aurretik. Bidartek nabarmendu du, musika taldeak babesteaz gain, herrigintza eta eredu alternatiboak bultzatzen dituzten beste ekimenekin bat egiten duela Info7 irratiak, Euskal Herria Zuzenean musika jaialdiarekin, kasurako. “Hitzarmena dugu beraiekin, urtero joaten gara bertara saio berezi bat egitera. Aurten, Arrosa Sareko Zebrabidea saiokoak izan dira bertan, eta guk kuña bereziak egin ditugu, festibalean parte hartu duten taldeak eta beren kantuak aurkeztuz”.

Demagun EITBko irratien musika irizpideak aldatzen dituztela eta musika aniztasuna modu egokian erakusten dutela. Hala eta guztiz ere, ez lukete Hala Bediko parrillaren antz handirik edukiko Etxebarriaren ustean: “Talde hasiberri edo underground askoren erakusleiho izaten jarraituko genuke, iruditzen baitzaigu, herri ekimenetik sortuak garenez, talde askorentzat errazagoa dela guregana etortzea. Hori da gure funtzioetako bat, talde berrien tranpolin izatea”. Eta horretan dihardute: taldeek lehen lana eramaten dietenean, Hala Bedin jarriko dutela ziurtatzen diete –gainontzeko guztiei ziurtatzen dieten modu berean, bestalde–. “Horrek indartu egiten ditu”.

Entzulea ez da pitoa

Euskal Irratien erronka nagusia zein den gogoratu du Zapirainek: herria elkartzea, euskara sustatzea –euskalkiak barne– eta, horretarako, informazio orokorreko irrati euskaldun bat eskaintzea. Esparru guztiak helburu horietara bideratuta daudenez, musika eskaintza ere bai. “Horrek ez du esan nahi beste hizkuntzetan eginiko kanturik hedatzen ez dugunik. Bai, noski, baina tamainan, eta gureari lehentasuna emanez”. Ahalegintzen dira eskualdeko musika taldeei tarte berezia eskaintzen, eta, haren ustez, oraindik ere, askorentzat beren burua ezagutarazteko tresna oso garrantzitsua da Euskal Irratiak sarea –Antxeta Irratiak, Gure Irratiak, Xiberoko Botzak eta Irulegiko Irratiak osatua–. “Gu bezalako irratien beharra dute musikariek, baina, are gehiago, guk geuk ere, irrati komunitario garen heinean, haien behar handia dugu”. Askotan errepikatzen dute esaldi bat: entzulea ez da pitoa. “Esaldi egina dirudi, baina zinez kalitateari heltzen diogu kantitateari baino”. Euskal musikari ematen diote lehentasuna, Euskal Herri osoko kantuak ipiniz. Audientziari, berriz, ez diote askorik erreparatzen, horretarako tresnarik ez daukate eta. “Hala ere, esango nuke gure lana zein den badakigulako ez diogula asko begiratzen”.

Hala Bedira iristen diren lan guztiak jartzen dituzte antenan, izan musika soilik entzuten den uneetan, izan irratsaio edo magazinetan. Ez dute estilo bereizketarik egiten eta entzun errazak ez diren doinuak ere jartzen dituzte, maiztasun txikiagoz bada ere. Bi irrati dituzte, eta irizpideak ez dira berberak bietan: Hala Bedi Bat irratian, musika hutseko tarteetan, euskarazko disko iritsi berrietatik sei kantu jartzen dituzte, eta euskarazkoak ez badira, hiru. Hala Bedi Bin, ostera, euskarazko musika da jartzen dutenaren erdia gutxienez. Esatariak, saioaren arabera, euskaraz zein gaztelaniaz aritzen dira –euskarazko adibide ezagunena, seguru asko, 3 Kortxea izango da–. Audientzia neurketarik ez dute egiten, eta hortaz, entzuleek kalean esandakoak dituzte neurgailu bakar.

Info7n ere euskal musikaren aldeko apustu garbia egiten dutela dio Bidartek, nahiz eta hortik kanpoko taldeei ere tokia egin. Bertako musikaren eta kalitatezko musikaren alde egiten dute. Zer den kalitatezko eta zer ez, zer den komertzial eta zer ez, irizpide hori zalantzazkoa dela aitortzen du. “Kontua ez da soilik irratian zer entzuten den, zer ez den entzuten ere bai. Info7n ez dituzu entzungo Shakira, Mikel Erentxun edo La Oreja de Van Gogh, baina entzungo dituzu Bob Marley, U2, Snow Patrol edo Calle 13”. Non hobetu badagoela iruditzen zaio: ez daukatenez inor lanaldi osoz musika programazioa txukuntzen, emisioa modu aleatorioan erabakitzen du programa batek. Makinari irizpide batzuk ematen dizkiote –esaterako, goizean musika lasaiagoa jartzea, eta gauean gogorragoa–.

Era horretara funtzionatzeak arazoak ekar ditzakeela uste du, ordea: “Makinak ez duenez kontuan hartzen kantua noizkoa den, ez da harritzekoa izaten tartean 90eko hamarkadako trikitixa kantu berbenero bat aditzea”. Ez dute kantu bat behin eta berriz jartzeko ohiturarik, hura modako bihur dadin, eta abestiak beti osorik jartzen dituzte. Programazio parrilla bete ahala musikari toki gutxiago egin diotela onartu du, nahiz eta iluntzeetako tartea musika saio berezituentzat gordetzen duten oraindik: musika klasikoa, reggaea, rock&rolla, heavya… Datorren ikasturtean jazz saio bat martxan jartzekoak dira. “Saioak boluntarioki egiten direnez, konpromiso handia da astero edo hamabostean behin saio bat egitea”. Hala ere, bertaratzeko gonbita luzatzen die musika saio bat egin nahi dutenei, emakumeei bereziki. Ateak irekita dituzte.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gure pianista unibertsala

Columbus Fundazioak antolatutako kontzertua, ‘RenHacer’ Musikaldiaren barruan.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa.

Zuzendaria: Ramón Tebar.
Bakarlaria: Joaquín Achúcarro.
Egitaraua: Guridi, Grieg eta Brahmsen lanak.
Lekua: Bilboko Euskalduna... [+]


“Bizi gara zuzentasun politikoaren garaian, ‘beef’-aren kultura ez da ulertzen”

2021ean sortu zen Lizarran Raimundo el Canastero taldea, eta iaz ikusi zuen argia haien lehenengo diskoak –N.T.E.R.–. Kaxoia, gitarra, ordenagailua eta hiru lagun langabezian: Julen Arbizu (Lizarra, 1995), Imanol Viñarás (Lizarra, 1995) eta Mikel Beltza... [+]


1980-90 hamarkadak
Emakumeak rockaren eztandaren sugarrean

Garai oparoa izan zen 1980ko hamarkada Euskal Herriko rock musikarentzat. Talde ugari sortu ziren: tartean, Belladona, Matraka eta La Viuda Negra. Hiru horiek soilik emakumez osaturiko musika talde nafarrak izan ziren. Iosebe Garaialde (Iruñea, 1961) lehen bi talde... [+]


2024-09-24 | ARGIA
Musika munduko emakumeen erantzuna Alex Sarduiri: “Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago”

Musikan inoiz ez dela diskriminaziorik egon adierazi du Alex Sardui abeslariak, eta haserre erantzun diote Euskal Herriko musikagintzako emakumeek*, 150 lagunek sinaturiko komunikatuan: “Denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta”. Barkamena eskatu du... [+]


2024-09-20 | Iker Barandiaran
Eguzki izpi gabekoak hunkitzen

Errautsetatik loratzen
Añube
Autoekoizpena, 2024

-------------------------------------------------

Aspaldian sarri pentsatzen dut Debagoienan gazteek ia soilik musika urbanoa edo oi! musika, bata edo bestea, entzuten dutela; hortik kanpo apenas dagoela jende... [+]


Chill Mafia taldeak jotzeari utziko diola iragarri du

Taldeak bere azken lana izango den Agur eta ohore x allá va la despedida lana kaleratu berri du. Oholtzak utzi eta agur bira egingo dutela iragarri du Chill Mafiak hiru urteren ostean. Iruñean abenduaren 25ean egingo dute azken kontzertuetako bat.


Makrofestibalak: ezin neurria hartu eukaliptoari

Boga Boga festibala antolatu dute Donostian, eta jaialdiaren bezperatan, EHUko Uda Ikastaroen barnean, bi eguneko jardunaldiak egin dituzte Dabadaba aretoan, Egia auzoan. Hainbat musikari ez ezik, zenbait makrofestibalen antolatzaileak bertaratu dira hizlari gisa, baita... [+]


2024-09-12 | Xalba Ramirez
Erreskatatu-ka-tu-tu-ka

Tuka esaten da
Tu-K
Autoekoizpena, 2024

----------------------------------------------

Musika elektronikoa Euskal Herrira iritsi da!” irakur daiteke, azken urteotan, hango eta hemengo titularretan. Kazetariek entrega datak dituzte pentsatzeko ordua iritsi aurretik,... [+]


Musika Hamabostaldia: gogoeta batzuk

Edizio asko dira orain arte; Espainiako Estatuko musika klasikoko jaialdirik zaharrena da. Behin amaituta, une egokia izan daiteke aurtengo edizioaren balantzea egiteko, baina baita jaialdiaren bizitza luzearen balantzea egiteko ere. Jaialdi bikaina da, oso. Baina hausnartu egin... [+]


Eguneraketa berriak daude